Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitza Sailak Euskadiko etxebizitza babestuen prezioak eguneratu ditu parke babestuaren eraikuntza sustatzeko

Argitalpen-data: 

  • Babes Ofizialeko Etxebizitzen alokairua eta zuzkidura-bizitokien kanonak bere horretan mantendu dira
  • Babes Ofizialeko Etxebizitza tasatuen prezioak gehienez % 0,33 eta % 10,61 artean jaitsi dira, eta erregimen orokorrekoen prezioak % 11,90 eta % 13,95 artean igo dira
  • Etxebiden 18.473 pertsonak eskatzen dute erosteko etxebizitza bat. Horietatik % 42k 25.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzte

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ostegunean argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) babes publikoko etxebizitzen gehieneko salmenta eta errenta prezioak ezartzen dituen agindu berria. Arauak 2010etik indarrean dauden zenbatekoak eguneratzen ditu, eta salmentarako BOEn eta tasatuen prezioak aldatzen ditu kostu errealetara egokitzeko, eta alokairuko BOEn eta zuzkidura-bizitokien kasuan ordaindu beharreko gehieneko kanonak eta errentak mantentzen ditu.

Etxebizitzari buruzko Euskadiko legean aurreikusita dauden eguneratzeek azken hamarkadako erosahalmenari eta prezioen bilakaerari erantzuten diote –merkatuko aldaketetara eta sustatzaileek BOEk sustatzeko kostu errealetara egokitzeko–. Azken helburua da sustatzaile pribatuek salmentarako etxebizitza babestuak eraiki ditzaten bultzatzea; izan ere, 2020tik, eta Etxebizitzari buruzko legean ezarritakoari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak (eta gainerako administrazio publikoek) errentan emateko etxebizitzak bakarrik eraiki ditzake.

Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak azaldu duenez, “aginduak baldintza objektibo onuragarri batzuk ezartzen ditu Euskadin BOEren merkatua dinamizatzeko eta, modu horretan, gure lurraldean dagoen eskaerari erantzuteko”.

“Euskadin BOEren eskaintza handitzea –erantsi du– lehentasunezko helburua da gure Sailarentzat, besteak beste, hemen eraikitzen diren etxebizitza babestu guztiak betiko direlako horrela, ez dute kalifikazioa galtzen. Eta, ondorioz, gure legeak izendatzen dien funtzio sozial hori betetzen dute, biztanleria-sektore zabalek etxea eskuratzeko moduko prezioan izan dezaten”.

Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun 69.000 BOE publiko eta pribatu inguru daude, eta horietako 55.500k kalifikazio iraunkorra dute.  

Aginduan ezartzen diren prezioak aldatu egiten dira etxebizitzen azaleraren, kokapen geografikoaren eta edukitze-erregimenaren arabera, eta, besteak beste, bere antzinatasunaren arabera.  Gainera, doikuntza txiki bat egin da etxebizitza gehiago eta txikiagoak (gela batekoak edo bikoak), Euskadiko familien egungo tamainetara egokitutakoak, eraikitzea sustatzeko.

Araudi berriak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera prezioak KPIren arabera automatikoki eguneratzeko aukera ematen du. Salbuespen moduan, 2023an Lehiakortasuna Bermatzeko Indizea ezarriko da, eta horren eraginez prezioek % 0 eta 2 inguruko aldakuntza izango dute.

Salmentarako erregimen orokorreko BOE eta BOE tasatuak
Salmentarako erregimen orokorreko BOEren prezioen kasuan, % 11,90 eta % 13,95 arteko gehikuntzak ezartzen dira, udalerri bakoitzeko merkatuaren gorabeheren, eraikuntza-kostuetan izandako igoeren eta Etxebiden izena emanda dauden eskatzaileen erosahalmenaren arabera. Dena den, igoerak 2010etik metatutako inflazioaren azpitik mantentzen dira, ia % 17koa baita.

BOE tasatuen kasuan, aginduak % 0,33 eta % 10,61 artean murrizten ditu gehienezko prezioak. Aldaketaren arrazoia da era horretako etxebizitzak etxebizitza libreen prezioaren azpitik mantentzea udalerri berean.

Etxebiden 18.473 pertsonak eskatzen dute erosteko etxebizitza bat. Horietatik % 42k 25.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzte.

Alokairuko BOEk eta zuzkidura-bizitokiak
Aginduak alokairuko BOEn eta zuzkidura-bizitokien errentak ere arautzen ditu. Kasu honetan, prezio maximoek ez dute igoerarik izan, eta bere horretan mantendu dira; izan ere, alokairu-erregimena eskatzen dutenen batez besteko diru-sarrerak, Etxebiden erregistratutako datuen arabera, ez dira hobetu azken urteotan. Euskadik, era horretara, pertsona zaurgarrientzako etxebizitza sozialetan alokairu merkeenak dituen autonomia-erkidegoetako bat izaten jarraituko du.

Sektore pribatuak sustatutako era horretako etxebizitzen eraikuntza-kostuen igoerari 2021eko abenduko aginduaren bidez erantzuten zaio, alokairu babestuko etxebizitzak eraikitzeko eta sustatzeko laguntzak aurreikusten baititu, alokairua sustatzeko jarduketekin.

90 m2-ko etxebizitzen gehieneko prezioen adibidea:

Etxebizitza babestu mota

Udalerriak

Prezioa

2010-2012 araudia

Prezioa

2022 araudia

Aldea

Azalera-eskubideko saltzeko BOE

Eranskina I1

Eranskina I2

Gainerakoak

158.957

153.697

138.842

181.017

171.982

155..360

+% 13,95

+% 11,90

+% 11,90

Jabetza osoko BOE

Eranskina I1

Eranskina I2

Gainerakoak

174.743

169.068

152.727

199.190

189.182

170.896

+% 13,95

+% 11,9

+% 11,9

Azalera-eskubideko BOE tasatua

Eranskina I1

Eranskina I2

Gainerakoak

255.873

247.564

223.470

255.021

221.303

199.765

-% 0,33

-% 10,6

-% 10,6

Jabetza osoko BOE tasatua

Eranskina I1

Eranskina I2

Gainerakoak

281.460

272.321

245.817

280.523

243.434

219.741

-% 0,33

-% 10,6

-% 10,6