Euskadiko kontsumorako eta ereiteko patataren sektore-plana
Helburuak
Euskadiko kontsumorako eta ereiteko patataren sektore-planak lurraldean labore estrategiko hori indartzeko ibilbide-orria ezartzen du, Araban bereziki errotuta dagoena.
Ekoizpen-testuinguruaren eta merkatuaren azterketatik abiatuta, planak euskal patataren lehiakortasuna, iraunkortasuna eta posizionamendua elikadura-katean indartzera bideratutako estrategia bat planteatzen du.
Arabako patataren balio-katea maila globalean indartzea da haren helburu nagusia, bai hazitarako patataren kasuan, bai kontsumorako patataren kasuan. Horretarako, planak hiru helburu nagusi planteatzen ditu: landutako azalera handitzea, laborearen kalitatea eta errendimendua hobetzea eta ekoizpena merkatuaren eskaera berrietara egokitzea.
Hori lortzeko, esku hartzeko bost ardatz nagusiren inguruan egituratzen da plana:
Ezagutza. Ezagutzaren sorrera eta transferentzia bultzatzea, HAZIren Behatokiaren bidez sektore-informazioa garatuz, nekazariei eta teknikariei zuzendutako prestakuntza-programak garatuz, ikerketa aplikatua indartuz eta landa-arloko proiektu pilotu eta erakusleak abiaraziz, bai eta I+G+bn aliantza estrategikoak ezarriz ere.
Iraunkortasuna. Sektorearen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-bideragarritasuna bermatuko duen ekoizpen-eredu bat sustatzea, hainbat ekintzaren bidez, hala nola kalitatezko minituberkuluak ziurtatuz, nekazaritza-ingurumeneko laguntzak mantenduz, uraren erabilera optimizatuz, nekazaritza-asegurua sustatuz eta belaunaldien arteko erreleboa eta sektoreko eskulanaren eskuragarritasuna bultzatuz.
Azpiegiturak eta ekipamendua. Ustiategien modernizazioari eta lehiakortasunari laguntzea, ureztatze efizienteko makinetan eta sistemetan inbertitzeko laguntza-lerroen bidez, teknologia berritzaileak hartzea bultzatuz, ekipamenduen erabilera partekatua sustatuz eta produktua kontserbatzeko, manipulatzeko eta balioztatzeko azpiegiturak garatuz.
Posizionamendua. Arabako patataren balioa handitzea kalitatezko produktu gisa, Arabako Patataren JDBa bultzatuz, kontsumorako patata sustatuz, hainbat publikori zuzendutako sustapen-ekintzak garatuz eta kontsumo-joerekin lotutako produktu-ildo berriak bultzatuz, hala nola IV. eta V. gamako produktuak.
Gobernantza. Administrazioen eta sektoreko eragileen arteko koordinazioa indartzea, administrazioa sinplifikatuz, sektore-egituraketa indartuz, patataren elkarrizketa-foroa dinamizatuz eta idazkaritza tekniko bat eta aginte-taula bat sortuz, planaren jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko.
Legegintzaldia
XIII. Legegintzaldia
Azken aldaketako data: