Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

SARRERA

“Eskualdeko parkeak, hiri inguruko parkeak, azken batean parke handiak, historian zehar, zenbait hiri elkartu direnean sortu izan ohi dira hirien historian; izan ere, kasu horretan soilik agertzen dira lurzoru-aukerak, horrelako eragiketak egiteko adinako eskala eta izaera dutenak. Hiri bat hazi ahala, mota jakin bateko eremu-eskala bat sortzen da, eta neurri jakin bat izan dezaketen dohaintza errealak edo komentu zaharrak izaten dira, baina hiri-testuinguruan berezko neurri bat mantentzen dutenak. Parke handiak ulertu behar dira, hiri handietan daudenak bezala, ez egunero erabiltzeko parke, baizik eta beste maiztasun batekin erabiltzekoak: hala nola, astero, etab. Parke horiek agertzen diren unea, hiriburu handien historian zehar, hiriak eskualdea artikulatzeko bere egiten duen eskaintzaren unean eremu horiek agertzeko aukera sortzen den unea da.”(SOLA-MORALES RUBIO, Manuel, 1979, "Bases para la Planificación Urbanística Comarcal").

Luzetarako zubia

Hiri-inguruko parkeak Naturaren Kontserbaziorako Legerian zehaztuta dauden irudien arabera (parke naturalak edo antzekoak) babestu eta antolatzeko adinako interes naturalik ez dute, baina inguruko hiri-eremuen aisiarako gune izan nahi dute.

Udal-plangintzan aurreikusitako hiri-inguruko parke handien esperientziak erakusten duenez, gehienetan plangintzan aurreikusitakoa gainditzen ez duten zehaztapenak besterik ez dira, haiek kudeatu eta burutzeko administrazio-baliabideak falta direlako. Azpimarratzeko kasu bakarra Donostiako eskualdean dagoen Lau-Haizetako Parkearen esperientzia da, hainbat udalerriri dagokionez zenbait administrazioren esku-hartzearekin kudeatu dena.

Lurralde-antolamenduko dokumentuak sortu dira, udalerrien borondateak batu ditzaketen eta interesa duten administrazioen politika sektorialak molda ditzaketen erreminta gisa (lurralde-antolamendua eta hirigintza, ingurumena eta nekazaritza).

 

 

 

 

1. AIARAKO EREMU FUNTZIONALAREN LPP-A

Aiarako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak Nerbioiko Parke Linealaren eraketa funtsezko gisa zehazten du.

Aipatutako dokumentuak bide-sare, azpiegitura, ingurumen, aisialdi eta industriaren arloetako zehaztapenak ezartzen ditu. Funtsezko eragiketa estrategiko horietatik batzuk hauek dira:

  • Goi Nerbioiko Arroaren arazketa eta saneamendua: Urduñan, Amurrion (Markijana) eta Laudion (Besaurbe) ur zikinen hiru araztegi eta instalazio berri horiei dagozkien kolektore-sareak eraikitzea proposatzen da. Izan ere, gaur egun, Nerbioiko arroko guneek, Laudiotik ibaiaren sorbururaino, ez dute ur zikinak arazteko sistemarik. Eragiketa hau oinarrizko eta beharrezkotzat hartzen da, azpiegitura-lanek jasan duten atzerapenagatik, eta guztiz funtsezkoak direlako ibaiaren ingurumena berreskuratzeko. Gaur egun, proiektu fasean daude dagoeneko eragiketa horren zenbait zati.
  • Oinarrizko bide sarea: lurraldearen bide-ardatzak sendotzeko zenbait jarduketa proposatzen dira, eremu funtzionaleko barneko zein kanpoko loturak ziurtatzeko. Obra horietatik batzuk burututa daude, eta lurraldearen bi ardatz nagusiak (A-624 eta A-625) hobetu dituzte.
  • Nerbioiko Parke Lineala: Nerbioi ibaiaren ertzak eta ibilgua Delikatik Laudioraino egokitzea da helburua, atsedenerako espazio, ingurumen-intereseko eremu eta udalaz gaindiko konexio-elementu berde handi gisa erabiltzeko. Hori guztia Plan Berezi baten bidez garatzen da.
  • Ibilbideen eta atseden-eremuen sarea: espazioak eta ibilbideak egokitzea proposatzen da, aire zabaleko aisia-jarduerak egiteko eta oinezkoek eta txirrindulariek lurraldeaz gozatzeko. Lurzoru urbanizagarriaren kudeaketari atxikita ez dauden espazio libreak dira, lurzoru urbanizaezinean kokatuak; beraz, lurralde izaera duten guneak izango dira.

Ikusten denez, zehaztapen horietatik asko Nerbioi Bailararako dira, eta horrek adierazten digu unitate morfologiko horrek nolako garrantzia duen lurraldean. Horregatik, Nerbioiko Parke Lineala garatzen duen Plan Berezia oso tresna garrantzitsua da, bailaran agertzen diren nahi guztiak aztertu, antolatu eta diagnostikatzeko, beti ere, ibaia oinarrizko ardaztzat hartuz.

 Lurraldeko eredua proposamena

Lurralde Eredu Proposamena (pdf, 5,01 MB)

 

2. NERBIOIKO PARKE LINEALAREN PLAN BEREZIA

 Nerbioiko Parke Linealaren Plan Bereziak 2006ko urrian behin betiko onespena lortu zuen. Plan Bereziak Aiarako Lurralde Plan Partziala garatzen du.

Plan Bereziak honela dio:

 "Parkearen ardatz egituratzailea lurralde-azpiegiturei dagozkien hiru sistema hauen arteko loturak osatzen du:

  • Jabari Publiko Hidraulikoa.
  • Kolektore-sistema eta ur zikinen araztegia.
  • Parke osoan zeharreko pasealekua edo bidegorria, trenaren geltoki eta geralekuekin modu eraginkorrean lotua.

Aipatutako egituraren inguruan, hura gauzatu ondorengo faseetan, Nerbioiko Parke Linealari itxura zabalagoa eta amaituagoa emango dioten beste espazio batzuk egituratu daitezke. Izan ere, deskribatzen ari garen ardatzari, egonlekuak, espazio adierazgarri berriak, beste kirol-instalazio batzuk edo paseatzeko ibilbide berriak erantsiko zaizkio."

Nerbioiko Parke Linealaren Plan Bereziaren memorian aipatzen den bezala: "Ardatz egituratzailearen ideia eta hura azkar gauzatzearen garrantzia hobeto ulertzeko, pentsatu behar da ardatz horretatik igaroko den bidea lortzen badugu, egun Nerbioi ibaiak dituen balioak bilduta, Parkea dagoeneko gauzatuta egongo dela".

 Nerbioiko parke linealaren plan berezia

Hori dela eta, zehaztapen horietatik funtsezko bi ideia nagusi atera ditzakegu:

  • Eragiketaren zabaltasuna eta dibertsitatea, hainbat ikuspuntutatik: ingurumena oneratzea, azpiegiturak, garraiobideen sarea, ekipamenduak, etab. Denak era integratu batean, geografia-unitate lineal bakarrean.
  • Parke Lineala gauzatzeko, lehenengo momentutik bidegorriak duen garrantzia.

Hain zuzen ere, ingurunearen potentzialitateak (garraiobideen arteko lotura, paisaia, etab.) aprobetxatzen dituen eta horien balioa azaltzen duen bidea, parkea gauzatzearen lehen pausu oinarrizkotzat hartzen da.

Nerbioiko Parke Lineala

Azken eguneratzea: 2013/05/14