Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

EAEko sektore publikoko datuen eta adimen artifizialeko sistemen gobernantzarako manifestu etikoa

Datuen eta AAeko sistemen etikarako jardunbide egokiak

EAEko sektore publikoak datuen gobernantza-estrategia ezarri eta hedatuko du. Eta, horrez gain, oinarrizko jardunbide egoki hauek betetzen direla zainduko du:

  • Erabakiak hartzeko prozesuetan manifestu honetako printzipio etikoak txertatzea datuen eta AAko sistemen bizi-ziklo osoan.
  • Datuen gobernu-eredua betetzen dela bermatzea.
  • Datuen balioa aktibo estrategiko gisa definitzea eta horien erabileraren inpaktua neurtzea.
  • Datuak aplikatzea plangintzan, diseinuan, gauzatzean eta entregan, jarraipenean, ebaluazioan eta jardunaren, politiken eta zerbitzu publikoen kontu-ematean.
  • Datuen erabilera sustatzea, pertsonei zerbitzu proaktiboak eta pertsonalizatuak ematearren.
  • Administrazio-jarduketen hobekuntza sustatzea, datuak kudeatzeko eta tratatzeko teknologia aurreratuen erabileran oinarrituta.
  • Datuei buruzko arauak, prozesuak eta prozedurak ezartzea eta berrikustea, datuen gobernantza-estrategiarekin, haren gobernu-ereduarekin eta protokolo eta estandarrekin bat etorriz.
  • Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodearen printzipioei jarraitzea eta horietako bakoitzerako jardunbide eta estandar onenen adierazleak aplikatzea.
  • Datuen azpiegitura eta arkitektura korporatibo komuna erabiltzea, eta datuak siloetan kudeatzea saihestea.
  • Datuak dokumentatzea: baliozkotzat jotako datuak metadatu bilduma baten bidez dokumentatuko dira datu-hiztegian. Metadatuek aktiboei buruzko informazioa emango dute, bai eta haien kalitate-mailari, babes-betekizunei, negozio-glosarioari eta beharrezkotzat jotzen diren beste alderdi batzuei buruzkoa ere.
  • Datu fidagarrietarako sarbidea, eta datuon trukea eta erabilera sustatzea, EAEko administrazio-organoen, sailen eta sektore publikoko entitateen artean beharrezkoak diren mugak ipinita.
  • Datuen erabileraren helburuari dagokionez zehatzak izatea, batez ere oro har babestutako datuen kasuan eta, bereziki, datu pertsonalen kasuan.
  • Beharrezkoak diren datu babestuak bakarrik biltzea, helburu zehatz, esplizitu eta legitimoekin, eta tratamenduaren helburuetarako behar den denboran soilik.
  • Datu irekiak eta iturburu-kodea argitaratzea, eta datu horien berrerabilera sustatzea.
  • Modu aktiboan argitaratzea datuen eta AAko sistemen helburua eta horiei ematen zaizkien erabilerak, auditoretzen eta ebaluazioen emaitzak eta prozesu automatikoen emaitza (algoritmoak).
  • Datuetarako sarbideak gainbegiratzea eta horien gaineko kontrola mantentzea, bereziki adimen artifizialeko sistemen garapenerako eta trebakuntzarako erabiltzen direnak. Horrez gain, erabakiak automatizatzeko, arriskuan oinarritutako ikuspegia hartzea.
  • Pertsonei eta kolektiboei beraien datuen eta erabilitako adimen artifizialeko sistemen gaineko kontrola bermatzea: Administrazioak beraien zer datu dituen, datu horiek nola erabiltzen dituen eta zein tratamendu egiten duen ezagutzea. Datu pertsonalen arloko eskubideak baliatzeko aukera bultzatuko da mota horretako datuak tratatzen direnean. EAEko sektore publikoko algoritmoen eta adimen artifizialeko sistemen Erregistro bat argitaratuko da, aukera emango duena AA arloan kontuak emateko, lankidetzarako eta ikaskuntza partekaturako.
  • Arriskuen kudeaketan arduratsuak eta proaktiboak izatea.
  • Pribatutasunerako, ekitaterako eta segurtasunerako izan daitezkeen arriskuak aldez aurretik ebaluatzea, datuen bilketan, erabileran eta adimen artifizialeko algoritmo eta tresnetan kontrako efektuak agertzeko probabilitatea minimizatzearren; bereziki, edozein diskriminazio mota eragin dezaketen joera bidegabeen arriskua ebaluatzea.
  • Datuei buruzko ezagutzako ingurunea sustatzea eta datuaren kultura bultzatzea, langileek datuak erabiltzeko behar dituzten gaitasunak eta tresnak eskura ditzaten.