Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

EAEko sektore publikoko datuen eta adimen artifizialeko sistemen gobernantzarako manifestu etikoa

Azalpena

Datuetan oinarritutako politika publikoak lagungarri izango dira ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko, arriskuak eta ziurgabetasunak murrizteko, gardentasunerako eta kontuak emateko, eta herritarrek parte hartzeko eta konprometitzeko (public engagement).

Bestalde, datuetan oinarritutako gobernurantz bideratutako eraldaketa digitaleko politikan, datuak aktibo estrategikoa dira, eta haien antolamendua eta ustiapena beharrezkoa da zerbitzu publikoak hobetzeko, alegia, zerbitzu pertsonalizatuak modu proaktiboan eskaintzeko, haien beharrak hobeto asetzeari begira.

Gainera, datuek balio ekonomikoa dute, gizartearentzat negozio-aukera berriak eskaintzen baitituzte eta adimen artifizialeko algoritmoak eta sistemak garatzeko lehengaia baitira. Sistema horien eraginkortasuna elikatzen diren datuen kalitatearen, osotasunaren eta fidagarritasunaren araberakoa da.

Horregatik guztiagatik, EAEko sektore publikoak datu-ekosistema integratu eta homogeneo bat behar du, datuak modu efizientean trukatzea ahalbidetuko duena, herritarrei zuzendutako administrazio-kudeaketa erraztuko duena eta balio publikoa sortuko duena.

Beste erakunde batzuetan bezala, administrazio publikoetan ere datuen bolumenak hazkunde esponentziala du. Herritarrentzako berme guztiekin datuak adimenez hornitu ahal izateko horiek tratatzeak eta kudeaketa modu berriak garatzeak erronka berriak dakartza.

Baina teknologia ez da neutrala berez, eta gerta daitekeen diseinu eta garapen beraren erabilera okerra alde batera utzi gabe, produktuak, prozesuak eta prozedurak eraldatzeaz gain, ohiturak edo harremanak ere eraldatzen ditu. Teknologia disruptiboek sistemak eraldatzen dituzte (instituzionalak, sozialak, ekonomikoak, baita naturalak ere), eta gatazka etikoak sor ditzakete garapenaren fase askotan; izan ere, normalean, aukera eta posibilitate berriak sortzen dituzte, eta horiek ondorio kaltegarriak izan ditzakete (horiek kontrolatzea beharrezkoa da) eta herritarrengan inpaktu handia izan dezakete.

Konfiantza publikoa faktore erabakitzailea da herritarren ongizatean, eta administrazio publikoak haien datuak ondo erabiltzea funtsezkoa da konfiantza hori lortzeko. Datuak eta informazioa kontu handiz kudeatu behar dira, beste edozein aktibo bezala, barneko eta kanpoko erregulazioak betetzen direla ziurtatuz.

Baina, legezkotasuna betetzeaz gain, datuen gobernantzarako ezinbesteko elementua etika da. Datuak babesteko araudiaz gain, kasu jakin batzuetan, arrazoi etikoak daude datuak eta horietatik sortutako zerbitzuak babesteko eta behar ez bezala erabiltzen ez direla bermatzeko. Modu etikoan kudeatzea beharrezkoa da edozein erakundek epe luzera arrakasta izan dezan. Datuen etika gizarte-erantzukizuneko kontua da enpresa pribatuan, eta berezko betebeharra administrazio publikoan.

Datu masiboen tratamendua eta adimen artifiziala erabiltzeak dakartzan eraldaketetarako prestatzeko, gobernu onaren balioen araberako esparru etiko bat ezarri behar da.

Modu sinplean definituta, etika portaera-printzipioak dira; zer den zuzena eta zer okerra, zer onargarria eta zer onartezina, datuen erabilerari dagokionez. Datuen tratamenduaren etikak zerikusia du datuak lortzen, biltegiratzen, administratzen, erabiltzen eta edukitzen ditugun moduarekin, printzipio horiekin bat. Datuak babesteko agindu etikoa datuen bizi-ziklo osora hedatzen da, sortzen direnetik biltegiratu eta suntsitu arte; beraz, beharrezkoa da datuak hornitzeko, erabiltzeko eta partekatzeko printzipio batzuk ezartzea. Bat etorri beharko dute 2015-2030 aldirako garapen jasangarriaren helburuekin.

EAEko inguruneko eta nazioarteko hainbat ekimeni jarraituz, dokumentu honek printzipio gidari komunak ezartzen ditu. Eta printzipio horiek izango dira EAEko sektore publikoko datuen gobernantza-estrategiaren hedapena gidatuko duten arau nagusiak, haren zutabe eta elementu guztiei dagokienez eta datuen bizi-ziklo osoan zehar (datuak sortu edo atzeman eta ezeztatu, bai eta datu horietatik abiatuta produktuak eta zerbitzuak sortu ere), herritarrei zerbitzu hobea emateko balioko duen adimen artifizialeko sistemak barne hartuta.

Dokumentu hau EAEko Administrazio Publikoak dituen autoantolaketako ahalmenen esparruan garatu da, eta helburua informazioa gehiago eta hobeto kudeatzea da, besteak beste, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 eta 53.1.d artikuluetan ezarritako betebeharrei erantzuteko. Artikulu horietan, herritarrek Administrazioaren eskura dauden datuak ez aurkezteko eskubidea dutela aitortzen da, eta horrek zuzenbidearen araberako sistema bat edukitzeko betebeharra sortzen du. Era berean, urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak, Administrazio Elektronikoaren eremuan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duenak, 8.1 artikuluan ezartzen du administrazio publikoek datu eta dokumentuak formatu elektronikoan eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak ezarri eta argitaratu behar dituztela eta gainerako administrazioen eskura jarri behar direla. Hori guztia tratamenduak argitaratzearen edo babestearen arteko dualtasuna ahaztu gabe, datu pertsonalen gardentasunari, berrerabilerari edo babesari buruzko araudiaren ondoriozko betebeharren arabera, sektore bakoitzeko xedapenak ahaztu gabe.

Betebehar horiek asetzea oinarri nahikoa da EAEko sektore publikoko datuen eta adimen artifizialeko sistemen gobernantzan printzipio batzuk arautzeko; izan ere, behar bezala antolatzeko, printzipio gidari batzuk behar dira, betebeharrak errealitate bihurtuko dituen sistema efikaz, homogeneo eta komun bat sortze aldera.

Dokumentuak, besteak beste, FAIR printzipioak barne hartzen ditu, eta EAEko sektore publikoko datuen gobernantza-estrategiaren elementuetako bat da. Haren helburua ez da datuei buruzko gainerako araudia ordezkatzea, baizik eta datuen erabilera gidatuko duten parametro komun eta homogeneoak eskaintzea. Xedapen orokorrez gain, sektore publikoko datuen eta adimen artifizialeko sistemen etikarako printzipio komunak eta jardunbide egokiak biltzen ditu.

Horrela, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategikoaren (2021-2024 aldirako IKTPE) 3.1.1 proiektuaren (Euskal Sektore Publikoaren Datuaren Estrategia bultzatzea) funtsezko elementuetako bat gauzatzen da: estrategiaren printzipioak ezartzea.