Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

5. Loiolako Santutegia (AZPEITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Gipuzkoaren botere eta eraginaren adierazle gorena

Loiolako dorretxea Oñatz-Loiolatarren Ahaide Nagusien leinuko gotorleku nagusia izan zen. Loiolatarren leinua Oñatiko bandoaren buruetako bat izan zen, Ganboatarren aurka borrokatu zena ehun urte iraun eta 1456tik aurrera amaitu zen Leinu Gerran. Urte horretan errege-armada Probintziako Batzar Nagusiei laguntzera joan zen, eta Gipuzkoako leinu-dorre nagusiak eraitsi zituen, horien artean Loiolakoa. Hortaz, lehen solairuraino moztuta, gainerako altuerak adreiluz berreraiki ziren, harrizko dorreak berriro eraikitzeko errege-debekuaren ondorioz. Dorre moztu horretan Eneko Lopez Oñatz eta Loiolakoa jaio zen 1491n, eta bertan, gerrako zauri larri baten eriondo, zaldun bizimodua eta loriak baztertu eta Jainkoari eskainitako bizitzara bihurtu zen. Geroago, 1540an, Jesusen Lagundiaren ordena (Jesuitak) sortu zuen, eta 1556an Erroman hil zen. Ordena erlijiosoak hedapen azkarra izan zuen, eta kristautasuneko boteretsuena izatera iritsi zen.

XVI. mendearen amaieratik Gipuzkoako Probintziak San Ignazioren kanonizazioa sustatu zuen eta 1609an beatifikatua izatea lortu zen. Probintziak eta Jesusen Lagundiak beren helburua lortzeko lanean jarraitu zuten; 1620an Gipuzkoako patroi izendatu eta bi urte geroago kanonizazioa lortu zen. Ondoren, Probintziak Jesuiten Jeneralari eskatu zion San Ignazio zaindari izendatzearen Aita Santuaren berrespena lor zezala, eta horrez gain, santuaren erlikia bat bidal zezala Loiolako “ganbera santuan” jartzeko, bai eta Etxe Santuaren jabetza Jesusen Lagundiaren esku utz zezala, santutegi bihur zedin. Azken desio hori ez zen lortuko harik eta 1682an haren jabeek, Alcañicesko markesek, etxea Austriako Mariana erreginari utzi, eta hark Jesusen Lagundiari eman zion arte. Jesuitak Loiolan finkatu ondoren, Carlo Maria Fontana arkitekto italiarrak santutegiaren eraikin bikaina diseinatu, eta 1689an eraikitzen hasi ziren. Eliza 1738an inauguratu zen, baina eraikinaren gainerako eraikuntza 1888ra arte ez zen amaitu. Gipuzkoaren botere eta eraginaren erakusle nagusiak santua eta santutegia ziren. Jesuitek egin zuten bezala, gipuzkoarrak ere mundura ireki ziren: itsas eta merkataritza-jarduerak mundu osora hedatu zituzten, eta goi-karguak izan zitutzten Espainiako Monarkiaren eta haren inperio kolonial handiaren zuzendaritzan. Loiolaren esanahi garrantzitsuaren adibide gisa, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak basilikako aldare nagusiko San Ignazioren irudi bikaina zilarrez egiteko agindu zuen 1758an.

Kustodia bikaina Etxe Santuarentzat

Santutegi barrokoa kustodia edo erlikia-ontzia balitz bezala, haren baitan Loiolatarren dorretxea (Etxe Santua) kokaturik dago. Ia 12.000 m2-ko azalera duen eraikin erraldoia da eta arrano itxurako oinplanoa du (Habsburgo errege-etxearen irudia): gorputza, elizak hartzen du; burua eta mokoa, portadak; hegalak, apaizgaitegiak eta Etxe Santuak; eta isatsa, jangela eta beste gela batzuek. Hiru patio angeluzuzen ditu eta hegaletakoek eskailera inperialak dituzte, hau da, handiak dira eta hainbat eskailera-atalez osatuak. Elizaren oinplano zirkularra 65 m-ko kupula ikusgarri batek koroatzen du, non Bertuteen eta Habsburgotarren eta Borboien errege-armarrien irudiak dauden. Tenpluan sartzeko harmaila handietatik igo behar da hiru arku dituen portada erdizirkularreraino. Aldare nagusia (1757) Ignacio Iberok churrigueresko estiloan diseinatua da, eta marmolez egina dago titakadura teknika erabiliz (koloretako marmolen inkrustazioak).

Partekatu

Azken aldaketako data: