Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

9. Intsausti jauregia (AZKOITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Azkoitiko Zalduntxoen sorlekua

Xabier Maria Munibe Idiakez (Azkoitia, 1729 – Bergara, 1785), Peñafloridako X. kondea, Ilustrazioaren ordezkari nagusia izan zen Euskal Herrian. Insausti jauregiaren eraikuntza bultzatu zuen XVIII. mendearen erdialdean eta bertan antolatzen zituen solasaldietara beste euskal aristokrata ospetsu batzuk joaten ziren, hala nola Jose Maria Egia, Narroseko III. markesa, eta Manuel Ignazio Altuna Portu, Jean-Jacques Rousseau filosofo ilustratu frantsesaren adiskidea. Laster Azkoitiko Zalduntxoak izenez ezagunak egin ziren. Ikerketa zientifikoa eta irakaskuntza bultzatuz aurrerapen ekonomikoa eta erreforma sozialak lortzeaz arduratuta, bilera horietan jarduera ekonomikoak eta zientziak sustatzeko eta aplikatzeko elkarte ekonomiko edo akademia bat eratzeko ideia sortu zen. Ekimen horien ondorioz, 1764an Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten, Espainiako Monarkian sortutako lehen elkarte ilustratua. Euskadiko hiru probintzietako (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) bazkideak ez ezik, Nafarroakoak, Errioxakoak, Madrilgoak, Cadizekoak, Sevillakoak, Frantziakoak, Amerikakoak eta Filipinetakoak ere biltzen zituen, eta Espainiako inperioan zehar gobernu-posizioetan kokatutako euskaldunen arteko harremanak, kultura- eta zientzia-arlokoak zein botere-arlokoak, sustatu zituen nazioarte mailan.

Elkarteak hainbat saiakera eta ekimen ekonomiko bultzatu zituen, eta horien artean aipatzekoa da Getariako Real Compañía Sardinera, sardinak harrapatu eta kontserbatzeko enpresa pribilegiatua. Hala ere, bere ekarpenik handiena 1776an Bergarako Errege Seminario Patriotikoa sortzea izan zen, ikerketa eta irakaskuntzan ziharduen erakunde akademikoa, Euskal Herrian aitzindaria. Bere helburua etorkizuneko elite ekonomiko eta soziala eratzea zen, herrialdearen zuzendaritza ekonomiko eta politikoa bere gain hartuko zuena. 1778tik aurrera kimika laborategia abian jarri zuten, non 1783an Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaia eta irakasleek metal berri bat isolatzea lortu zuten, wolframioa. Kimika eta Metalurgiako katedretan nazioarteko izen handiko zientzialariak aritu ziren bertan lanean, hala nola: François Chavaneau fisikaria, 1783an platinoa garbitzeko eta bereizteko prozedura aurkitu eta patentatu zuena, Louis Proust kimikaria, kimika modernoaren sortzaileetako bat, Proportzio definituen legearen aita, eta Anders Nicolaus Thunborg minerologoa.

Jauregi ilustratu bat

Jauregi ederra da, lorategiz inguratua, bere garaian Azkoitiko hirigunea inguratzen zuen landa-ingurunean landetxe gisa eraikia. Erdiko atalak oinplano angeluzuzena du, eta fatxada nagusiaren alboetan oinplano karratuko bi dorre ditu, baita plataforma zabal bat ere, atzealdeko fatxada osoa hartzen duena, terraza-formakoa, eta aurrez aurre kokaturiko bi eskalinataren bidez lorategiarekin komunikatua. Beheko solairuaz gain beste hiru solairu ditu, eta baoen banaketa simetriko eta harmoniatsua da. Beheko solairuan, hiru fatxadatan ate bana eta leiho handiak daude, eta atzeko terrazaren azpian bost ate. Lehenengo solairuan, terrazara edo gainerako hiru fatxadetako balkoietara sartzeko ateak eta leihoak ditu. Bigarren solairuan leihoak ageri dira, eta hirugarrengoan leihotxoak, fatxada bakoitzaren erdian dauden lau txapituletan irekitzen diren leihoez gain. Oso apaingarri gutxi ditu, eta ate nagusiaren gaineko armarria eta alde banatan jarritako bi okuluak nabarmentzen dira.

Partekatu

Azken aldaketako data: