Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

46. Kripaneko herrigunea (KRIPAN)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Kripan, herrixkatik hiribildu berantiarrera

Kripan Toloño mendilerroaren babesean dago, hegoaldeko isurialdean, eta Arabako Errioxako herri garaienetakoa da (696 m-ko altitudea). Inguru horietan historiaurreko ebidentzia ugari aurkitu dira, gizakiaren presentzia goiztiarra izan zela adierazten dutenak eta gizaki horiek Neolitotik Brontze Arora bitartean nola bizi ziren erakusten dutenak; adibidez: Peña Larga eta Los Husos bizitoki-harpeak (Bilar/Elvillar) eta Los Llanos-eko trikuharria. Geroagoko garai batekoa da herritik hurbil dagoen eta agian erromatar jatorria duen galtzada zahar bat (hondarrak kontserbatzen dira); Toloño mendilerroa zeharkatuta Iruñea eta Briviesca lotzen zituen ziur asko.

Historiaurrean eta Antzinaroan gizakia bertan kokatu zela adierazten dute lekukotasun horiek, baina gaur egungo herriaren lehen aztarna Erdi Arokoa da. Kripan XII. mendean sartu zen historian, 1195. urte inguruan egindako Donemiliagako Kartularioan aipatu baitzen. Dokumentu horretan Justo eta Pastor santuei eskainitako monasterioa aipatzen da, 1088. urteaz gero bertan kokatua zegoena eta ondasun batzuen jabe zena. Herriaren izenaren jatorria ezezaguna da eta lehen aipamen dokumentaletan Quirpan edo Quiripan izenez agertzen da. Erdi Aroan zehar, batez ere nekazaritza eta abeltzaintzaz bizi zen herrixka txiki bat izan zen, 1366. urtean 18 etxebizitza zituena. Laguardia hiribilduaren menpe egon zen XVII. mendera arte; 1669an hiribildu kategoria-juridikoa lortu zuen Karlos II.a erregearen eskutik eta banandu egin zen.

Herrigunea

Kripango herriguneak ez du hiri-antolamendu zehatzik. Erdian, Barbacana plaza nabarmentzen da, herriko eraikin nabarmenenak batzen dituena, eta bertan Santa Maria eliza zaharraren arku erromanikoa eta dorrea ikus daitezke, XII. mendearen amaieran eraiki eta XVIII. mendera arte herrixkako parrokia izan zen eraikinaren azken aztarnak. Portadako arkua nahiko berantiarra da: arku zorrotza eta arkibolta lauak ditu, bi zutabetan bermatuta, alde bakoitzean bana, eta kapitelak landare-motiboekin apainduta ageri dira. Dorrea geroagokoa da, XVI. mendean atxiki baitzitzaion elizari. Harlanduzkoa da, oinplano karratua du eta bi gorputzetan antolatzen da: lehenengoa platabanda batez zatituta ageri da eta itxura itxia du, ia ez baitu baorik; bigarrenak, berriz, kanpandorrea koroatzen du, erlaitz baten gainean kokatzen da eta elementu apaingarri errenazentistak ditu. Errematearen lau ertzetan borla bana du.

Elementu hauen atzean, San Joan Bataiatzailearen eliza altxatzen da. 1788. urtean eraiki zen nukleoaren jatorrizko tenpluaren ondoko lurretan. Elizak harlanduzko fabrika du eta hiru nabe. Aipagarriak dira erretaula nagusi barrokoa eta estilo manieristako San Frantziskoren beste erretaula bat. Sarrera nagusia estilo klasikokoa da: erdi-puntuko arku bat du, eta alde bakoitzean pilastrak, lore motiboz apaindutako metopadun friso bati eusten diotenak; errematean frontoia du. Plazan bertan, Lehoien Iturria dago, eta garai batean garbitoki bat zegoen. Udaletxea inguruko beste plaza batean kokaturik dago.

Hegoalderago Erdi Aroko San Martin ermita dago. Barruan Martin Garcia elizgizonaren hilobia ageri da. Herriguneko arkitektura zibilaren baitan Erdi Aroko etxeren bat kontserbatzen da: arkuaren etxea, esaterako, garai horretako egitura duena.

Partekatu

Azken aldaketako data: