BERRIKUNTZAREN ITSASARGIAK
Euskadiko zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politika helburu eta programa operatiboei beste
bultzada bat eman beharrean dago, tokiko, Europako eta mundu osoko erronka estrategikoei erantzuteko,
eta abangoardiako zientziatik eragin soziala edo ekonomikoa duen berrikuntzaranzko
trantsizioa bizkortzeko.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak «Berrikuntzaren Itsasargiak» programa taxutu du, berrikuntzaren
arloko ahalegin publikoak modu koherente eta koordinatuan bideratzeko, eta horrela,
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (aurrerantzean, ZTBES) eragile guztien
gidari izateko, ezagutza aurreratua sortu eta ezagutza hori gizartean eragin handia izango duten
irtenbide bihurtzeko bidean.
«Berrikuntzaren Itsasargiak» hiru trantsizioei –digitala eta teknologikoa, energetikoa eta ingurumenekoa,
eta soziodemografikoa eta sanitarioa– lotutako erronken inguruan ardaztuta daude, eta
baliabideak eta gaitasunak Euskadiren indargune zientifiko, teknologiko eta industrialetan ipintzen
ditu batik bat, aldi berean, Europak trantsizio berdearen, lehiakortasunaren eta erresilientziaren
arloan dituen lehentasunetara gehiago hurbilduta.
Testuinguru horretan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egitura organikoa eta
funtzionala ezartzen duen abenduaren 23ko 494/2024 Dekretuak, besteak beste, Euskadi 2030
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Plana (aurrerantzean, Euskadi 2030 ZTBP) bultzatu
eta koordinatzeko eginkizunak esleitzen dizkio sailari, bai eta berrikuntza-funtsa kudeatzekoa ere.
Horrekin bat etorriz, Berrikuntza Zuzendaritzari dagokio ZTBP Euskadi 2030 planaren helburuak
lortzen lagunduko duten programak, jarduketak eta ekimenak sustatzea eta koordinatzea, bai eta
funts horretako partiden erabilera kudeatzea ere.
- AGINDUA, 2026ko urriaren 6koa , Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Berrikuntzaren Itsasargiak programako Erronkak eta Plataformak modalitateetako dirulaguntzetarako oinarri arautzaileak eta 2026-2028 ikasturterako deialdia egiten baita.
