Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Emakumeek kulturan duten parte-hartzeari buruzko azterketa laburra

Kulturaren Euskal Behatokiaren eta informazio-iturri osagarrien datuen zeharkako irakurketari esker, Emakumeek Euskal Herriko kulturan duten presentziaren inguruko zertzelada batzuk eskaintzeko aukera dugu. Gaia konplexua bada ere, emakumeek kulturan duten parte-hartzearen inguruko hainbat adierazle erabiliz, errealitate hori ez ezik EAEn kultura ekoiztu eta programatzen duten erakundeek sortutako enpleguan emakumeek duten presentzia ere laburki azaltzea da helburua.

Emakumeen kultura-ohiturak eta -jardunbideak

Behatokiaren Kultura Ohiturei, Praktikei eta Kontsumoari buruzko ikerketa n, emakumeek gizonek baino interes-maila handiago adierazten dute kultura-jarduerekiko. Egunkariak irakurtzea izan ezik, horixe baita gizonezkoen artean jarduera bereizgarriena, emakumeek kultura-jardueretan parte-hartzeko joera handiagoa erakusten dute. Aldeak areagotu egiten dira arte eszenikoen eta liburuak irakurtzearen kasuan.

Hala eta guztiz ere, interes-mailak kultura-kontsumoarekiko lotura handia duen arren, kultura-praktikak zehazki aztertzen direnean, kasu gehienetan gizonen kontsumo-maila altuagoa izaten da.

Kultura kontsumitzen duen emakumearen profilak honako ezaugarri hauek ditu:

  • Emakumeek gustukoen dituzten kultura-jarduerak irakurtzea (emakumeen % 48,5 ohiko irakurleak da, eta gizonen % 42,7) eta liburutegietara joatea (% 18,3 da ohiko erabiltzailea, eta gizonen kasuan % 16,6).
  • Arte eszenikoetara joatea (% 19,9k antzerkira joateko ohitura du, eta gizonezkoen % 7,3k) eta dantzarako eta lirikarako zaletasuna ere nabarmenak dira emakumeen kasuan (% 4,5 ohiko ikuslea da, eta gizonen artean, % 2,5).
  • Musika entzuteko ohitura dute (% 73,8) baina gizonek baino gutxiago (% 76,2); musika gutxiago ere erosten dute (% 32,9 gizonen kasuan eta % 28,6 emakumeen kasuan), eta gutxiagotan joaten dira kontzertuetara (gizonen % 18,9 eta emakumeen % 16,0).

Behatokiak EKErekin eta Eusko Ikaskuntzarekin batera sustatutako inkestaren datuei aldaera anitzeko azterketa-teknikak ezarri ondoren, Sergio Mosteirok [1] Euskal Herriko parte-hartze kulturalaren inguruan eskaintzen duen ikuspegia azpimarratu daiteke. Kultura-kontsumitzaileen artean bost profil bereizten ditu berak. “Kultura orojaleak” deitzen dien taldean, hau da, kultura-kontsumo maila altua duen taldean (biztanleen % 12,1), nabarmena da gizon eta emakumeen artean dagoen portzentajezko aldea, ia 9 puntu gehiago emakumeen alde. Ikasketa-maila altua dute –% 48,9k unibertsitate-mailako ikasketak ditu–, lanean ari dira eta hiriguneetan bizi dira.

Azkenik, deigarria da 10 emakumetatik 6k gehiagotan joan nahi lukeela zinemara eta arte eszenikoen ikuskizunetara, eta 10etik 8k, musika-kontzertuetara. Nahi adina bider zergatik joaten ez diren aztertuz gero, oztopo nagusia arrazoi ekonomikoak dira, eskaintzaren eta denbora-ezaren aurretik.

Kultura eta Informazioaren Gizartea

Gaur egun, Informazio- eta Komunikazio-teknologiak gizarte-kohesioan aurrera egiteko eta, aldi berean, lurraldeen arteko desberdintasunak eta pertsonen arteko eta gizarte-, kultura- eta ekonomia-haustura saihesteko aukera bikaina bihurtu dira.

Informazioaren Gizartean emakumeek eta gizonek duten parte-hartzea eta presentzia aztertuta, EAEko datuek errealitate anitza erakusten dute. Gizon eta emakume erabiltzaileen artean bereizketa egiten duten bi aldagai nagusiak batik bat adinari eta ikasketa-mailari lotuta daude; gazteen artean eta prestakuntza-maila altuena duten pertsonen artean gehiago erabiltzen da Internet.

Sexuen artean alde apala dago Interneten erabilerari dagokionez: 2010eko Informazioaren Gizarteari buruzko azken estatistikak (Eustat) erakusten duenez, 15 urtetik gorako emakumeen % 48,9k erabiltzen du Internet, eta gizonen artean, berriz, % 56,6k erabiltzen du.

Nolanahi ere, kulturari lotuta web 2.0ren erabilera aztertuz gero, alde horiek areagotu egiten dira. Hasteko, Kultura Ohiturak, Praktikak eta Kontsumoa Euskal Herrian azterketak adierazten duenez, emakume gehienek ez dute erabiltzen Internet kultura kontsumitzeko. Zehazki, azterketan parte hartu duten emakumeen % 63,8k ez du erabiltzen Internet xede horretarako (gizonen kasuan % 53,1k).

Aldiz, emakume internautek, gainerako % 36,2ak, batez ere nabigatzeko eta kultura alorreko web-orrietan kontsultak egiteko (emakume-erabiltzaileen % 64,2k eta gizonen % 57,4k) eta kultura-jardueretarako sarrerak erosteko (% 33,3k, gizonek baino gehiago, % 30,9 baitira azken horiek) erabiltzen dute weba.

Interneten musika entzutea eta egunkariak on-line irakurtzea ere (% 35,6) kultura-jarduera garrantzitsuak dira emakume internauten artean, nahiz eta gizonen artean baino gutxiago izan. Hala, gizon internauten % 48,1k irakurtzen du egunkaria Interneten, eta % 40,2k entzuten du musika.

Joerek adierazten dute emakumeek geroz eta parte-hartze handiagoa izango dutela kultura 2.0n eta, besteak beste, beste aisialdi-era batzuetan ere gehiago arituko direla, adibidez bideojokoetan.

Bideojokoak asko garatu diren herrialde batzuetan, hala nola Estatu Batuetan, joerak eta egoerak aditzera ematen dutenez, erabiltzaile gazteen artean (25-34 urte) emakume erabiltzaile gehiago dira, gehiago jokatzen dute on-line jokoetan eta gehiago jokatzen dute mugikorraren bidez. Joera horiek aztertzen jarraitu beharko da profil horien ezaugarrietan sakontzeko, edukiak eta kontsulta-ohiturak ezagutzeko, etab.

Emakumeen enplegua kulturaren ekoizpenean eta programazioan

EAEn, arte eszenikoen, ikus-entzunezko industriaren eta diskogintzaren alorretan, kultura ekoiztu eta programatzen duten erakundeek sortutako enpleguaren [2] % 45 inguru hartzen dute emakumeek.

Arte eszenikoa programatzen duten erakundeen kasuan, emakumeek presentzia nabarmenagoa dute antzoki txikietan (% 64,5), non enpleguaren % 9,7 biltzen den.

Langileen banaketa, arte eszenikoen programatzailearen tipologiaren eta sexuaren arabera. 2007

Programatzailearen tipologia % Gizonak % Emakumeak Guztira
Antzoki handiak 61,9 38,1 100
Antzoki ertainak 56,4 43,6 100
Antzoki txikiak 35,5 64,5 100
Festibalak 49,1 50,9 100
Guztira 54,8 45,2 100

Ikus artea ekoiztu eta erakusten duten zentroei lotutako enplegua emakumeek betetzen dute nagusiki (% 55), batik bat ekoizpen-zentroen kasuan, bertan 10 lanpostuetatik 7 emakumeek hartzen baitituzte. Ikus arteen esparruan enpleguaren % 16,2 sortzen dute zentro horiek.

Langileen banaketa, ikus artea ekoiztu eta erakusten duten zentroen tipologiaren arabera eta sexuaren arabera. 2007

Langileen banaketa, ikus artea ekoiztu eta erakusten duten zentroen tipologiaren arabera eta sexuaren arabera % Gizonak % Emakumeak Guztira
Erakusketa-areto publikoak 45,1 54,9 100
Erakusketa-areto pribatuak 53,2 46,8 100
Erakusketa-aretoak guztira 46,2 53,8 100
Arte Galeriak 54,0 46,0 100
Ekoizpen-zentroak 24,6 75,4 100
Guztira 45,0 55,0 100

Ikus-entzunezkoen industriak guztira 916 langile hartzen ditu, egun osoko jardunaldiaren parekoa betetzen. Langile horien erdia baino gehiago telebista-ekoizleetako langileak dira, eta batez beste 31,6 langile dituzte enpresa bakoitzean. Ekoizle horietan ematen da behin-behinekotasun handiena enpleguan (% 56,6). Datu hori azpimarragarria da, lanpostuen erdia baino gehiago biltzen baitute eta, gainera, emakume gehien hartzen dituen tipologia baita (% 56,8).

Langileen banaketa, ekoizlearen tipologiaren eta sexuaren arabera. 2007

Ekoizlearen tipologia % Gizonak % Emakumeak Guztira
Zinema 62,1 37,9 100
Dokumentalak 80,1 19,9 100
Publizitatea 58,2 41,8 100
TB 43,2 56,8 100
Ekoizle mistoa 75,3 24,7 100
Guztira 54,0 46,0 100

Azkenik, esan behar dugu Kulturaren Euskal Behatokiak jarraitu egingo duela emakumeak Euskal Herriko kulturan duen eginkizuna aztertzen, hainbat ikuspegitatik: lan-merkatua eta enplegua, parte-hartzea eta amateurismoa, sareko ohiturak eta jardunbideak, gizarte-sareak, etab. horri esker, emakumeak sektore horretan gaur egun duen eta etorkizunean izango duen errealitatearen ikuspegi zabala osatzen joateko.

Informazio-iturriak:

  • Eustat: Informazioaren Gizartea. www.eustat.es
  • Kulturaren Euskal Behatokia:
    • Kultura Ohiturak, Praktikak eta Kontsumoa
    • Arte Eszenikoen Programatzaileen Estatistikak
    • Arte Eszenikoen Ekoizleen Estatistikak
    • Ikus-entzunezko Kultura Industrien Estatistikak

[1] Kataluniako Generalitateko Kultura eta Hedabideen Saileko estatistika-teknikaria, Kulturaren Euskal Behatokiak parte hartzen duen nazioarteko Behatokien Sareko kidea.

[2] Kalkulu hori egiteko, egun osoko enplegu egonkorraren batez bestekoa eta plantillako langileak baino ez dira hartu kontuan; azpikontratatutako langileak ez dira zenbatu.

Azken eguneratzea: 2010/12/02