Behaketaren xedea ezartzea da, hain zuzen ere, Kulturaren Euskal Behatokiaren lehenengo erronka. Horretarako, funtsezko hiru galderari erantzun behar die: zer, nola eta noiz behatu.
Esparru estatistikoa lantzea da, ildo horretan, haren lehenengo egitekoa. Behatokiak honako helburu hauek lortu nahi ditu horrekin:
Estatistika- eta kultura-ikuspegitik zer neur eta azter daitekeen finkatzeko ‘kontzeptu-eredu’ bat edukitzea, informazioa biltzea bideratzeko definizioak eta kontzeptuak ere barne izango dituena.
Eta, eredu horrekin bat etorriz, kultura-esparru bakoitzaren gako-adierazleak, haien euskarri izango diren ikerketa edo eragiketa estatistikoak —zeinen ondorio izango baita ‘Kulturaren informazio-sistema’— eta haiek kudeatzeko eta zabaltzeko plataforma teknologikoak identifikatzea.
Lehentasuna du, beraz, kultura-esparru estatistiko sendo eta adostu bat izateak, datozen urteetako jarduera-ildoak egituratzeko eta finkatzeko. Esparru estatistikoa eraikitzeko, sektorearen ezagutzaren eta ezagutza estatistikoaren trukatze-lana egin behar da batetik, eta sektorearen eta erakundeen interesen, lehentasunen eta baliabide beti mugatuen optimizazioaren arteko oreka lortu behar da bestetik.
Hortik abiatuta, esparru estatistikoa lantzeko erabilitako metodologia irekia eta parte hartzekoa da, eta hiru fase bereizi ditu:
Lehenengoan –bulegoko lana— Laneko Koadernoak sortu dira esparru edo sektore bakoitzarentzat. Laneko Koaderno horietan hasierako hipotesiak daude, alegia, adierazleak eta informazio-iturriak. Lanabes hau abiapuntu bat da, eztabaidatzeko, proposamenak egiteko, doitzeko... erabiliko dena. Hamabost laneko koaderno espezifiko egin dira, kultura-azterketaren esparruetarako: museoak, artxiboak, liburutegiak, ondare-ondasunak, antzerkia, musika, dantza, ahozko tradizioa, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoen industria, argitaletxeak eta fonografikoak, artisautza-industriak, irratia eta telebista, prentsa eta aldizkako argitalpenak.
Bigarren fasean —parte-hartze mugatua—, sektoreko adituekin egiaztatu eta doitu nahi da esparru estatistikoa. Fase honetan, zenbait esparrutako 31 informatzaile gako edo adituri aurkeztuko zaie oinarrizko produktua, eta produktu hori doitzea, iradokizunak sartzea eta ontzat ematea izango da haien lana; emaitza egokia bermatzeko aukera handiagoa izango da horrela. Alor bakoitzeko esparru-proposamen bat izango dugu fase hau amaitzean.
Hirugarren fasean, erakundeen eta sektoreen parte-hartze irekia bideratuko da kultura-esparru bakoitzean, proposamena gizarteratzeko eta behin betiko onartzeko. Fase honen amaieran izango dugu Esparru Estatistikoa.
Lortutako proposamen estatistikoak sektorez sektore edo esparruz esparru integratuta, emaitza bikoitza izango dugu: Kulturaren esparru estatistikoa eta haren garapen-plana, Kultura-estatistiken programaren bidez.Programak hainbat urteko iraupena izango du, eta landu beharreko eragiketa estatistikoen urteko xehetasunak identifikatuko ditu. Horretarako, kontuan hartuko da sektoreetako informazioaren, aurrekontu-baliabideen eta beste lurralde-esparruetako antzeko iturburuekin erritmoak eta antolamenduak doitzearen arteko oreka, elkarrentzat sinergiak eta onurak sortzeko.