Elkarrizketa dosdoce.com atariaren zuzendari Javier Celaya-rekin
1. Digitalizazioaren/kultura digitalaren gainean jardunbide egokiko zer kasu nabarmentzen dira eta bereziki berritzaileak diren zer elementu txertatzen dituzte horrelako proiektuek?
Kultura digitalaren alorrean ikus daitezkeen esperientzia berritzaileenen arteko gehienak nazioarteko ekimenak dira, estatuan ere jardunbide egokiko zenbait kasu aurki badaitezke ere. Nire ustez, honako hauek dira interesgarrienak:
“La visibilidad de los museos en la web 2.0”, Dosdoce.com-ek eta Abanlex Abogados-ek egindako azterlana. Duela gutxi, Espainiako estatu osoko 20 museok teknologia berriak erabiltzen dituzten moduak aztertzen dituen azterlan bat aurkeztu dugu: gizarte-sareak, podcast deritzenak, eta abar, hots, “web 2.0” definizioa duten teknologia guztiak. Horren ondorioak duela 3 urte egindako beste azterlan batekin alderatu dira, eta ikusi dugunez, oso aldaketa positiboa gertatu da hainbat erakunde handitan, hala nola, Guggenheim edo El Prado museoetan, beren jardueretan teknologia berriak txertatu baitituzte, bisita birtualen bitartez, edukiak podcast-en deskargatuz, eta abar. Dosdoce
“Mugikorretarako liburuak”. Telefono mugikorreko irakurketa sustatzeko lehen kanpaina dugu, gazteei zuzendua. Maiz esaten da kolektibo horrek gutxi irakurtzen duela edo ez duela ezer ere irakurtzen, eta hori azalduko lukeen faktoreetako bat zera da, paperezko formatu tradizionala beraiekin zerikusirik ez duela uste dutela, garai digitalean jaio direlako. Beraz, irakurtzeko ohitura har dezaten nahi badugu, gehien ezagutzen duten formatuan hurbildu beharko diegu irakurketa; kasu honetan, eta hainbat azterlanek erakusten duten bezala, telefono mugikorra da formatu hori. Kanpaina horren bitartez, telefono mugikorrean liburuak deskargatzeko aukera eskaintzen da. Mugikorretarako liburuak
Harper and Collins Argitaletxea. Espainiako Grupo Planeta argitaletxearen baliokidea litzateke, hedapenari dagokionez. Argitaletxearen liburuak digitalizatzeko hainbat proiektu pilotu abian jarri eta inbertsio ekonomiko handia egin ondoren (5 milioi euro), erronka teknologikoa hartu du bere gain, eduki digitaletara sartzeko plataforma bat sortuz; plataforma horrek liburuaren % 20raino ikuskatzeko (liburutegi batean egongo bagina bezala) eta produktua paperezko formatuan edota formatu digitalean erosteko aukera ematen du. Berrikuntza gisa, liburu digitala erabiltzaileak duen euskarriarekin bateragarri den teknologiaren arabera deskargatzeko aukera eskaintzen du: sony, philips, kindle, eta abar. Xehetasun hori oso interesgarria da, liburu tradizionala liburu digitalean eraldatzeko prozesuan baikaude, eta beraz, irakurtzeko euskarri edo reader ugari (askotariko teknologiekin) aldi berean existitzen baitira, eta horietako bakoitzak teknologia horren araberako liburu digitalizatuak irakurtzen uzten baitu soilik; hala eta guztiz ere, egunen batean estandar bat izango da, eta ondorioz, edozein gailuk edozein eduki digitalizatu irakurri ahal izango du. Horretaz gain, bezeroaren neurriko zerbitzu bat eskaintzen du, produktua pertsonalizatuz: erabiltzaileak nahi duenaren arabera, audioliburu bat, edota letra-neurri jakin bat, esate baterako. Harper and Collins Argitaletxea
New Yorkeko Museum of Modern Art (MOMA). Oso webgune aberatsa du, edukiz eta funtzionaltasunez betea; izan ere, lehen adierazi dugun azterlanean erreferentzia-puntu gisa maiz aipatzen da. Izugarri berritzailea da, artxibo digitalak museoaren webgunetik zuzenean deskargatzeko aukera ematen baitu podcast formatuan; izan ere, artxibo horien edukiak testuan nahiz ahoz digitalizatu dira, webgunea bisitatzean artxibo horiek audiogida gisa erabili ahal izateko. Moma
Victoria and Albert Museum, Londres. Museoaren webgunearen bitartez, museoaren katalogoa egiteko prozesuan parte har dezakete erabiltzaileek, esate baterako, bilaketak arintzen dituzten gako-hitzak proposatuz, beste hainbat plataformen antzera, adibidez, Wikipedia. Zentzuzkoa denez, ekarpen horiei guztiei iragazki bat aplikatzen die museoak, gerta litezkeen nahasteak saihesteko edota aukera hori gaizki erabiltzea galarazteko. Erabiltzailea museoaren jardueran sartzeko oso modu interesgarria dugu.Victoria and Albert museum
Helsinkiko Library 10. Digitalizazioaren aurreko garaian, zentzuzkoa zen hiri bereko liburutegi guztiek bibliografia-funts bera izatea, herritar guztiek liburu-eskaintza bera izan zezaten, hiriko tokia alde batera utzita. Alabaina, digitalizazioari esker, funts horiek zentraliza eta edozein tokitatik deskarga daitezke, ale-mugarik gabe, eta beraz, liburutegi guztiek ez dute zertan eduki berbera eskaini. Horrek zenbait gai planteatzera garamatza: funtsak digitalizatzen badira, zer bihurtuko dira liburutegiak? Liburu fisikoa desagertzen denean eta tokirik betetzen ez duen liburu digitalak ordezkatzen duenean, zer gertatuko da? Finlandian badute konponbidea: liburutegi publikoak musikan, antzerkian, arte ederretan eta abarretan espezializatutako zentro bilakatu dira. Lehengo liburu-aretoen ordez, orain entsegu-aretoak daude, lehengo irakurketa-aretoen ordez, orain kontzertu-aretoak daude. Liburutegi bakoitzak arlo espezifiko baten ardura du, eta horretarako, lotutako eduki guztiak digitalizatu dira eta liburuzaina gai horretako aditu bihurtu da; horretaz gain, eskuragarri dauden eduki guztiei (ingelesez, finlandieraz eta abarrez) buruzko aholkuak eskaintzen dizkie erabiltzaileei, eta digitalizatuta ez badago, Interneten non aurki dezaketen adierazten die. Library 10
Columbiako Unibertsitatea, New York. “Ikasgelen digitalizazioa" adibide berritzailea dugu hezkuntza-arloan, eta honako honetan datza: unibertsitate horretan ikastaroren bat egin nahi zuen baina haraino joan ezin zuen (eta beraz, matrikulatzen ez zen) jende asko zegoela ikusi zuten. Hori zela-eta, eduki horiek Internet bidez eskaintzea bururatu zitzaien, baina berritzailea zen modu batean: eskolak grabatu eta horien edukiak (hots, testu-liburuak) digitalizatu zituzten, baina irakasleak azpimarratutakoa eta egindako oharpenak erantsiz, eta baita eskoletara joaten ziren ikasleen apunteak eta oharrak ere, “post-it digital” antzeko batzuen bitartez. Columbiako Unibertsitatea
New Yorkeko Liburutegi Publikoa. Ekimen hori jardunbide egokiko kasu gisa bi arrazoirengatik hautatu dut: digitalizatutako funtsen bolumenagatik eta edukiak deskargatzeko eskaintzen duen prozesuagatik; prozesu horren bitartez, dokumentu beraren formatu digitaleko kopia kopuru mugagabea erabiltzaileen eskueran jartzen da, metodo tradizionalean ez bezala, haren bitartez pertsona batek liburu bat maileguan hartzen bazuen, gainerako erabiltzaileek ezin baitzuten liburu hori erabili. New Yorkeko Liburutegi Publikoa
2. Zeintzuk dira kultura digitalaren gaian abangoardian dauden kultura-sektore eta -arloak?
“Iraultza digitala” hainbat boladatan gertatu da, eta bolada horiek hiru kultura-sektoretan izan dute eragina batik bat. Lehen bolada 2001ean gertatu zen, eta musikan eta industria diskografikoan izan zuen eragina; industria diskografikoa ez zen digitalizazioak ekarri zuen gizarte-eraldaketa ulertzeko gai izan, eta ordura arteko negozio-ereduari eusten tematu zen, nahiz eta Internet informazioa lortzeko modua aldatzen aritzeaz gain, kultura-ohiturak ere aldatzen ari den. Horregatik, diskoetxeek CDak ohiko moduan eta ohiko kanalen bitartez saltzen jarraitzen zuten bitartean, erabiltzaileak zera uste zuen, soilik bi kanta interesatzen bazitzaizkion CD oso bat ez zuela zertan erosi. Egoera horrek pirateriaren fenomenoa, deskargak edota p2p sareak sortu zituen. Zorionez, sektore hori dagoeneko esnatu da, eta duela bi urtez geroztik hona negozio-eredu berriak garatu dira; Apple konpainia eta haren barruko “itunes” deritzon plataforma dira eredu horien buru munduan; iPod-ak eta iPhone-ak erreproduzitzeko, antolatzeko eta sinkronizatzeko eta musika erosteko ordenagailu-programa dugu “itunes” plataforma, hain zuzen ere. Europari dagokionez, Spotify aplikazioa dugu, Suediako enpresa batek sortua eta abestiak streaming bidez entzuteko erabilia; berezitasun gisa, nahi den musika guztia aukera daiteke, eta horregatiko kostu bakarra zera da, abestien artean sartzen den iragarki bat noizbehinka entzun behar dela. Teknologia aurrera doala, “hodeia” deritzon kontzeptu berri baterantz ari gara hurbiltzen, hots, sarearen eta erabiltzaileak sarera konektatzeko erabiltzen duen euskarriaren arteko mugen desegitea irudikatzen duen metafora baterantz. Planteamendu horren arabera, edukien –eduki musikalen, ikus-entzunezkoen edota argitalpenetakoen– deskargak aldez aurretik ordaindu beharreko sarbidearekin ordezkatzen dira. Interneti esker, gizartea inoiz baino musika gehiago ari da entzuten, industriak sortutakoa nahiz amateurra, entzuleak izan daitezkeenei bere burua ezagutzera emateko eta zuzeneko sarbidea eskaintzeko plataforma gisa erabiltzen baitu sarea azken horrek. Orobat, tokiko edukiak zabaltzeko aukera ere ematen du: tokiko, eskualdeko edo gutxiengoen kulturen folkloreari lotutako musika asko digitalizatzen ari dira; horrelakoak lehen ez zeuden ikusgai, eta Interneti esker, entzule kopuru handiagora heltzeko aukera dute.
Musikaren ondoren, digitalizazioak gehien eragindako sektorea ikus-entzunezko industria izan zen; hasiera batean, sektore horrek ere aurreko negozio-ereduari eutsi nahi izan zion, baina apurka-apurka, digitalizazioak sortutako aldaketetara egokitu da, edukietara sartzeko plataforma berriak sortuz.
Garai digitalean sartu den azken sektorea argitaratze-industria izan da, baina kasu horretan, eta sektore diskografikoak eta ikus-entzunezko sektoreak izandako esperientziari esker, planteamendua aldatu behar duela ulertu du sektore horrek, eta gauza interesgarriak egiten ari direla esan daiteke, esaterako, lehen aipatutako adibideak.
Oro har, digitalizazioaren fenomenoa kultura-sektore guztietan inpaktua izaten ari dela esan daiteke, eta hori dela-eta, kultura-sektore horiek beren eskemak sakonki aldatu beharko dituzte ezinbestean; esate baterako, liburu-dendek, gaur ezagutzen ditugun moduan, funtzionatzeari uztea eta beste forma bat hartzea, liburutegi birtual bilakatuz, eta egungo eremu fisikoak elkargune edota irakurketa-klub bihurtuz. Ildo horretatik, dagoeneko digitalizazioaren gaineko interpretazio tremendista eta negatiboak gainditzen ari dira, eta baita dakartzan abantailak balioesten hasi ere.
3. Zeintzuk dira proiektu berri horien gainean sortzen ari diren premia berriak (lanbide-profilei, etengabeko prestakuntzari, ekoizpen-errutinei, lanaren antolamenduari eta abarri dagokienez)?
Ikusi den premia nagusia kultura-kudeatzailearen edo kultura-alorreko profesionalaren figurari eta horien alor guztiei dagokie, derrigorrean prestatu beharko baitira, eta baita teknologia eta negozio-eredu berri horietan eguneratu ere: blog-etan, podcast-ean, wiki deritzonean, eta abarretan. Hala eta guztiz ere, gauzatzea gehien kostatuko den aldea horixe da, hain zuzen ere, gizakiak garelako eta ohiturak eta usadioak aldatzea asko kostatzen zaigulako. Profesional horien zorionerako, teknologia berri horiek oso erraz erabil daitezke, ez dute ezagutza tekniko korapilatsurik eskatzen, eta gainera, zentzuzko kostu baten truke arazorik gabe eskura daitezke.
4. Digitalizazioak zer abantaila eskaintzen dizkie erabiltzaileei?
Hona hemen digitalizazioak eskaintzen dituen abantaila nagusiak: beste edozein modutan eskuraezinak liratekeen eduki ugaritarako sarbidea (liburu deskatalogatuak, dagoeneko kendu diren erakusketak, eta abar) eta kontsumoa gure premietara (denbora, tokia, eta abar) egokitzeko aukera. Hau da, kulturarako sarbide handiagoa eta kontsumoaren pertsonalizazioa ahalbidetzeaz gain, herritarrei jantziagoak izaten laguntzen die beharbada, nahiz eta produktuak formatu digitalean egoteak ez duen bermatzen produktu horietako gehiago kontsumituko direnik; horretarako, zenbait belaunaldi gehiago beharko ditugu, heziketaren estandarizazioarekin gertatu zen bezalaxe, hasiera batean, heziketa elite jakin baterako baitzen soilik, eta geroago, derrigorrezkoa bilakatu baitzen herritar guztientzat.