Kulturaren Ekonomia
Europako Batzordearen Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko azterlana, kultura- eta sorkuntza-sektorearen zuzeneko eta zeharkako eraginari eta ekarpenari buruzkoa.
Egilea/Erakundea: Kea European Affairs
Hizkuntza: ingelesa
Orri-kopurua: 218 (eranskinetan beste 137)
Argitalpen-data: 2006ko urria
Kontsultatzeko: European Commission Culture
Interes berezia du azterlanak kulturaren Europako ekonomia ebaluatu aurretik aurkezten duen kultura- eta sorkuntza-sektorearen definizioak. Egileek adierazten duten moduan, ez da lan erraza, aztertutako herrialde desberdinen hurbilketetako eta nazioarteko desadostasunak kontuan izanda. Kultura- eta sorkuntza-sektorea kokatzeko ondoko sailkapena ezartzen dute (nukleo nagusi bat eta 3 zirkulu):
- Nukleo nagusia: ikusizko artea, arte eszenikoak eta ondarea biltzen ditu.
- Kultura-industriak: zinea eta bideoa, telebista eta irratia, bideo-jokoak, musika eta argitalpena.
- Sorkuntza-industria eta -jarduerak: diseinua, arkitektura eta publizitatea.
- Industria osagarriak: ordenagailu-fabrikatzaileak, MP3-erreproduzigailuak, telefonia mugikorra...
Lehen hiru esparruak kultura-sektorean sartuko lirateke; azken biak, sorkuntza-sektorean.
Azterlanaren beste gai nagusietariko batek kulturaren ekonomiaren ebaluazioan lortutako emaitzei beste jarduera ekonomiko batzuenekin alderatuta egiten die erreferentzia. Laburbilduz, emaitza horiek taula honetan adierazten dira:
KULTURA ETA SORKUNTZA SEKTOREKO ERAGIN SOZIO-EKONOMIKOA (EB-30)
| FAKTURAZIOA | Sektoreak 654.000 milioi euro fakturatu zituen 2003an. Automobilen industriaren negozio-zifra1 271.000 milioi eurokoa izan zen 2001ean. Bere aldetik, informazio eta komunikazioko teknologien arloan jarduten diren enpresek sortutako zifra 541.000 milioi eurokoa izan zen 2003an (EB-15erako zifrak)2 |
|---|---|
| BATASUNAREN BPGd-RI ERANTSITAKO BALIOA | Sektoreak BPGd-ri egindako ekarpena % 2,6koa izan zen 2003an. Beste sektore batzuek urte horretan Batasunaren BPGd-ri egindako ekarpena hau izan zen:
|
| HAZKUNDEARI EGINDAKO EKARPENA | Balio erantsiaren guztizko hazkundea % 19,7koa izan zen 1999-2003 aldian. Sektorearen hazkundea 1999-2003 aldian gainerako ekonomiarena baino % 12,3 handiagoa zen. |
| LANA | 2004an sektorean, gutxienez, 5,8 milioi pertsonak egin zuen lan, Europako biztanleria landunaren guztizkoaren % 3,1en baliokidea. EB-25ean 2000-2004 aldian guztizko enpleguak behera egin du; aldiz, kultura-sektorean, % 1,85eko gorakada izan du.
|
Azkenik, azterlanak kultura-sektorearen potentziala Lisboako Agendaren esparruan garatzeko gomendioak biltzen ditu:
- arduradun politikoen eskura jartzea kultura-sektoreari buruzko informazio kuantitatiboa (tresna estatistiko eta adierazle egokiak)
- Batasuneko babes-programei (7. programa markoa, Egitura-fondoak eta ETEak laguntzeko programak, bai eta i2010 ekimena ere) etekin handiagoa ateratzea sorkuntza-sektorearen garapenean
- sorkuntza-sektoreko pertsona, produktu eta zerbitzuen artean barne-merkatua indartzea
- hezkuntza-sisteman sorkuntza sustatzea, lehen hezkuntzatik lanbide-heziketara
- sortzaileen komunitatearen eta teknologia-komunitatearen arteko elkarrekintza garatzea
- kultura-dimentsioa EBren eta hirugarren herrialdeen arteko merkataritzako, elkartzeko eta lankidetzako akordioetan sartzea, trukea garatu eta kultura-aniztasuna sustatzeko
- Europako Erkidegoan kultura- eta sorkuntza-sektorean eragina izan dezaketen jarduera eta politiken koordinazioa indartzea
1“The European Motor Vehicle Industry, Key Figures 2005”, Informe de la ACEA (Association des Constructeurs Européens d’Automobiles), Brusela. 2006ko martxoa.
2““Restoring European economic and social progress: unleashing the potential of CTI”, Brussels Round Table-BRT por Indepen erakundeak egindako txostena. Brusela. 2006ko urtarrila.
3 Eurostat Structural Business Statistics.