Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Artxiboen Estatistika txostena (2019)

Atala

Estatistika hau egiteko abiapuntua izan da estatistika honen parte izango diren artxiboen datu-basea egitea. Hasierako unibertsoa aurreko estatistikan parte hartu zuten artxiboek osatzen dute, 2019an zuten egoerara egokituta.

Ildo horretan, bada aurreko Artxiboen Estatistikarekiko (2009) elementu nabarmen bereizgarri bat: Bizkaiko Foru Artxibo Historikoan udal- edo toki-titulartasuneko artxibo askoren funts historikoak biltzeko edo integratzeko prozesua. Hala, Bizkaiko udal-artxibo horiek, zeinak egun dokumentazio administratiboa baino ez duten jasotzen, ez dira estatistika honetan sartu. Faktore horrek nabarmen eragiten dio bi estatistiken arteko konparazioari.

Biltze-prozesu honek ez du intentsitate-maila bera EAE osoan, eta hainbat kasuistikaren bidez irudiztatzen eta azaltzen da. Horien artetik, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Artxibo familiarrak edo pribatuak. Zaintza-prozesuak optimizatu eta herritarrei gehiago zabaldu eta sarbidea eman nahi diote.
  • Hainbat elizbarrutitako Elizaren artxiboak, lurralde historikoetako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan apurka-apurka txertatzen ari direnak.
  • Hainbat ordezkaritzatako artxiboak erakunde- edo enpresa-egitura zentraletan atxikitzea.

Azpimarratu behar da egungo estatistikan sartu direla 2009an aintzat hartu ez ziren 66 artxibo (horietako batzuk sortu berriak —hala nola Donostiako Tabakalerako artxiboa— edo Bilboko Arte Ederretako Museokoa eta Donostiako Itsas Museokoa). Artxibo horiek gehituta, lehen aipatu ez diren horietako batzuen egoera ere ezagutu nahi izan da; izan ere, administraziokoak edo Elizakoak ez diren beste kultura-arlo batzuk ordezkatzen dituzte, hala nola, museoetako artxiboak, musikarekin lotutakoak, (besteak beste EOS – Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren artxiboa) edo komunikabideekin zerikusia duten artxiboak, hala nola EITB.

Hala ere, informazioa biltzeko prozesuan zehar, 66 artxibo berri horietako batzuek ezin izan dute estatistikan parte hartu, hala birmoldaketa-prozesuan zeudelako (adibidez, Euskal Ikasketetarako Fundazio Popularraren Artxiboa), nola dokumentazio-zentroa izatearen edo artxiboa izatearen arteko bereizketa ez dagoelako argi mugatuta. Hala, Hegoa dokumentazio-zentrotzat hartu da, daukan dokumentazio motagatik; Bilboko Emakumeen Dokumentazio Zentroa, berriz, nahiz eta egun katalogazio-prozesuan egon, egungo estatistikaren barruan sartu da, artxibotzat jotzen den dokumentu-bilduma bat duelako.

Alderdi hori, artxiboaren eta dokumentazio-zentroaren artean bereizteko lerro lauso hori, are lausoagoa izango da datozen urteetan; beraz, berriro aztertu beharko da gai hori inkestaren hurrengo edizioan.

Abiapuntu izan den datu-basea eraikitzeko jarraitutako prozesua deskribatu ostean, duela hamar urteko 309 artxiboetatik 255 sartu dira guztira.

Artxiboen Estatistika txostena (2021) [pdf, 1,31 MB]