Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura eta zahartze aktiboa

Onura kognitiboak, emozionalak, adierazkorrak eta sozialak sortzeko kulturak berez duen gaitasunak lagun dezake zahartze aktiboko politikak nabarmen aberasten, eta, hala, adinekoen bizi-baldintzak hobetzen.

Azterlan honek gogoeta eskaini nahi du zahartze aktiboari buruz, eta kulturak zer ekarpen egin diezaiokeen azpimarratu.  Kultura-praktika maila globalean bultzatutako estrategietan esplizituki jasoa ez badago ere, onura kognitiboak, emozionalak, adierazkorrak eta sozialak sortzeko berez duen gaitasunak lagun dezake zahartze aktiboko politikak nabarmen aberasten, eta, hala, adinekoen bizi-baldintzak hobetzen.

Hiru atal handitan egituratua dago txosten hau, eta azken gogoeta batzuekin amaitu dugu:

  • Lehenengo atalean testuingurua aztertu dugu, zahartzearen kontzeptua azalduta. Datuak aurkeztu ditugu, gizartean duen eraginaz jabetzeko joerak adierazi ditugu, eta bizi-etapa horren ezaugarri nagusiak zehaztu ditugu.
  • Bigarren atalean zahartzearen inguruko estrategia nagusiak laburbildu ditugu, bai maila autonomikoan, bai Europan, bai maila globalean.
  • Hirugarren atalean kulturak zahartze aktiboari egiten dion ekarpenean sakondu dugu. Hasteko, kulturak prozesu horretan duen posizio estrategikoa eta horrek eskaintzen dituen aukerak azaldu ditugu. Atal hau amaitzeko, gogoeta egin dugu bizitzaren prozesu horretan kulturan parte hartzeak dakartzan onurei buruz, bai eta adinekoen kolektiboarekin lan egiteak kultura-politiketarako dakarren birplanteamenduari buruz ere.
  • Txostena amaitzeko, azken gogoeta batzuk egin ditugu kultura zahartze aktiboko estrategietan txertatzeari buruz, betiere azpimarratuz ekarpen positiboa egiten duela bizitzaren azken ziklo horretan ongizatea handitzeko.