Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Profesionalen gaikuntza, ohiko galderak

1. Zer da ezohiko gaikuntza?

Mendekotasunaren arretarako zerbitzuren batean lanean ari diren pertsonei zuzendutako ezohiko prozesu bat da; ez dute beharrezko prestakuntzarik, baina bai esperientzia jakin bat (3 urte, azken 12 urteetan gutxienez 2000 ordu lan eginda), edo eskatutako gutxieneko esperientziarik izan gabe ere, aritu dira lanean eta gutxienez egiaztatu nahi diren konpetentzia profesionalekin erlazionatutako 300 orduko prestakuntza jaso dute azken 12 urteetan.

2. Zertarako balio du ezohiko gaikuntzak?

Ezohiko gaikuntzak behin betiko gaikuntzak dituen ondorio berberak ditu, eta, horrenbestez, Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren zerbitzuetan lanean jarraitzeko gaikuntza ematen du, langilearen lan-bizitzaren amaiera bitarte.

Gaikuntza hau ez da titulu akademiko baten pareko, ez eta profesionaltasun-ziurtagiri baten pareko ere; ematen da egiaztatutako zerbitzuek langile gaituak izateko duten betebeharra bete dezaten.

Ezohiko gaikuntzak Espainiako Estatu osorako balio du.

3.  Zer da behin-behineko gaikuntza?

Mendekotasunaren arretarako zerbitzuren batean lanean ari diren pertsonei zuzendutako ezohiko prozesu bat da; ez dute eskatzen zaien beharrezko prestakuntzarik, baina bai esperientzia jakin bat (gutxienez egun 1 eta 3 urte baino gutxiago, azken 12 urteetan).

4.  Zertarako balio du behin-behineko gaikuntzak?

Behin-behineko gaikuntzak aldi baterako egiaztagiriak dituen ondorio berberak ditu eta, horrenbestez, Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren zerbitzuetan lanean jarraitzeko gaikuntza ematen du, 2022ko abenduaren 31ra arte, edo 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasi diren prestakuntza profesionaleko tituluei edo profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza edo lan-esperientzia ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuak amaitu arte.

Behin-behineko gaikuntzak Espainiako Estatu osorako balio du.

5. Zer agiri aurkeztu behar ditut?  

A. Ezohiko gaikuntza eskatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:

  • Eskabide-eredua. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren web-ataritik deskargatu daiteke: Ezohiko gaikuntzaren eskabidea
  • NAN/AIZren kopia konpultsatua, hura egiaztatzeko baimena eman ez bada eskabide-ereduan.
  • Lan-bizitzari buruzko txostena
  • Enpresa-ziurtagiria. Hor agertu behar da gaitu nahi den kategoria profesionalarekin erlazionatutako zer funtzio egin diren. Bestela, lan-kontratuen kopiak aurkeztu beharko dira, eskatzen den lan-esperientzia egiazta dadin.
  • Konpetentzia profesionalekin erlazionatutako prestakuntzaren ziurtagiria; gutxienez, 300 orduko prestakuntza jaso dela egiaztatu beharko da. Ziurtagiri hori 3 urteko esperientzia edo gehiagokoa egiaztatu ezin denean bakarrik aurkeztu beharko da, baldin eta azken 12 urteetan gutxienez 2000 ordu lan egin badira, dagokion kategoria profesionalean.
     

B. Behin-behineko gaikuntza eskatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

  • Eskabide-eredua. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren web-ataritik deskargatu daiteke: Behin-behineko gaikuntzaren eskabidea
  • NAN/AIZren kopia konpultsatua, hura egiaztatzeko baimena eman ez bada eskabide-ereduan.
  • Lan-bizitzari buruzko txostena
  • Erantzukizunpeko adierazpena (DOCX, 56 KB)
  • Enpresa-ziurtagiria. Hor agertu behar da gaitu nahi den kategoria profesionalarekin erlazionatutako zer funtzio egin diren. Bestela, lan-kontratuen kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eskatzen den lan-esperientzia egiazta dadin. 
  • Eskabidea sinatu egin behar da.

6. Eska dezaket gaikuntza gaur egun lanean ari ez banaiz ere?

Bai; 2022ko abuztuaren 11n ezohiko gaikuntza edo behin-behineko gaikuntza eskatzeko baldintzak betetzen dituen edonork eska dezake gaikuntza, gaur egunean lanean ez ibiliagatik edo beste kategoria profesional batean egonagatik ere.

7. Zer epe dut gaikuntzetako bat eskatzeko?

Eskaera edozein unetan egin daiteke, eta ezohiko gaikuntza eskatzeko baldintzak 2022ko abuztuaren 11 baino lehen bete beharko dira, eta behin-behineko gaikuntza 2022ko abenduaren 31ra arte baino ezingo da eskatu.

8. 3 urteko esperientzia 2022ko urriaren 27an betetzen badut, eska dezaket ezohiko gaikuntza?

Ez; 3 urteko esperientzia (2.000 ordu) gehienez ere 2022ko abuztuaren 11rako eduki behar da. Kasu horretan, behin-behineko gaikuntza eska dezakezu; horretarako, adierazitako prozedurari jarraitu behar diozu (prestakuntza jaso); beranduenera 2022ko abenduaren 31rako eskuratuko zenuke egiaztapena.

9. Eska dezaket ezohiko gaikuntza eta jarraitu parte hartzen abian jartzen diren egiaztapen-prozesuetan edo dagoeneko deituta daudenetan?

Bai; ezohiko gaikuntzak ez du zerikusirik konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarekin, eta biak eskuratzeko aukera dago.

10. Konpetentzia profesionalak aitortzeko ebaluazio- eta egiaztapen-prozeduran izena eman dut. Ezohiko edo behin-behineko gaikuntza eskatu behar dut lanean jarraitu ahal izateko?

Bai, baldin eta lan egin nahi baduzu lan-esperientzia ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura era egokian amaitu baino lehen. Gaikuntzek ez dute zerikusirik konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarekin, eta biak eskuratzeko aukera dago.

11. Gaur, 2022ko urriaren 3a da; garbiketa-kontratua amaitzen zait eta etxez etxeko laguntzaile gisa lan egiteko urtebeteko kontratua eskaini didate, baina ez dut eremu horretarako esperientziarik. Has naiteke lanean eta behin-behineko gaikuntza eskatu, egiaztapena lortzen dudan bitartean?

Bai. Behin-behineko gaikuntza eskatu ahal izango dute lanbide-esperientziaren bat duten profesionalek, baldin eta konpromisoa hartzen badute, erantzukizunpeko adierazpen bidez, lan-esperientzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuetan parte hartzeko, Estatuan edo autonomia-erkidegoan egiten badira eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasten badira, edo 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasitako profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide-hezitako tituluei lotutako prestakuntza egiteko (data hori atzeraezina da).

Behin-behineko gaikuntzak  esperientzia ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuak amaitu arte edo behar den prestakuntza egin arte baino ez du balioko.

12. Zer tituluk edo ziurtagiriak egiaztatzen dute prestatua nagoela gerokultore, zaintzaile, etxez etxeko laguntzaile edo laguntzaile pertsonal izateko?

Orain gizarte-erakunde edo -zentroetan lan egiten duten zaintzaile eta gerokultoreak lehen mailako arreta zuzeneko langiletzat eta mendetasun-egoeran dauden pertsonei babes zuzena emateko langiletzat jotzen dira, lan hori ezinbestekoa baita pertsona horien eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak garatzen, parte hartzen eta beren autonomia sustatzen laguntzeko. Beren kualifikazioa egiaztatzeko, honako titulu eta ziurtagiri hauek hartuko dira kontuan:

  • Erizaintzako zainketa osagarrietako teknikariaren titulua (LOGSE)
  • Klinikako teknikari laguntzailearen titulua (LH-I)
  • Psikiatriako teknikari laguntzailearen titulua (LH-I)
  • Erizaintzako teknikari laguntzailearen titulua (LH-I)
  • Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta egiteko teknikaria (LOE)
  • Arreta soziosanitarioko teknikariaren titulua (LOGSE)
  • Gizarte-erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria.
  • Pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun-ziurtagiria.
  • Etxez etxeko laguntzailearen profesionaltasun-ziurtagiria.
  • Ezohiko gaikuntza bat dutenak aurretik aipatutako titulu edo ziurtagiri bat balute bezala geratzen dira egiaztatuta lan-ondorioetarako. 

13. Gizarte-integratzailea naiz, nire tituluarekin egiaztatuta al nago lan egiteko?

Gizarte-integrazioko goi-mailako teknikariaren titulua daukaten eta Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritzaren 2017ko abenduaren 11ko Ebazpena (zeinaren bidez argitaratzen baita Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluaren eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren arteko akordioa, partzialki aldatzen duena 2008ko azaroaren 27ko akordioa, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko zentroen eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiaztapen-irizpide komunei buruzkoa) BOEn argitaratzen den datan laguntzaile pertsonalaren, etxez etxeko laguntzailearen, gerokultorearen edo zaintzailearen kategoria profesionalean lanean ari diren pertsonak egiaztatuta egongo dira, gainerako titulu eta ziurtagiriekin egongo liratekeen bezala, profesionalki garatzeko aurretik deskribatutako kategorietan dituzten lanpostuak.

 Erabakia BOEn argitaratzen denean lanean ari ez badira, aurreko puntuan jasotako lanbide-titulu edo -ziurtagiriak eskuratuta egiaztatu beharko dute beren burua, edo, bestela, ezohiko edo behin-behineko gaikuntza eskatuta; dagokiona. 

14. Nola egiaztatu esperientzia?

Lan-bizitzaren bidez egiaztatu ahalko da esperientzia, enpresaren ziurtagiriekin edo/eta lan-kontratuen kopiekin osatuta. 

15. Nire kontratuak etxekoak izan badira, aipatu direnetatik edozein gaikuntza eska dezaket?

Bai. Ohikoa izaten da enplegatzaileek etxeko langilearen kontratua egitea, baina, benetan, laguntzaile pertsonalaren edo etxez etxeko laguntzailearen lanak egitea. Kasu horietan enplegatzaileak ziurtatu behar du etxez etxeko laguntzailearen edo laguntzaile pertsonalaren zereginak egin direla.

Aurkezten den kontratuan zer funtzio edo zeregin egin diren aipatzen ez bada, kontratuaz gain beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

Enpresaren edo enplegatzailearen ziurtagiria, zeinetan berariaz agertu behar den zer funtzio edo zeregin izan diren eta zer alditan lan egin den.
Enplegatzailea hil bada haren familiako batek egin dezake, behar bezala egiaztatuta. Agiri horiek eskuratu ezin badira soilik onartuko da eskatzailearen zinpeko deklarazioa. 

16. Lanaldi partzialean aritu naiz. Zer egingo dut?

Ezohiko gaikuntza eskatzeko garrantzitsuena da azken 12 urteetan gutxienez 3 urte kontratatuta egon zarela egiaztatu ahal izatea, eta kontratu horien bidez lanean aritutako denbora gutxienez 2.000 ordu izatea. Lanaldi partzialean lan egiteak ez dio axola. 

17. Etxez etxeko laguntzaile izateko gaikuntzak balio du zaintzaile edo gerokultore gisa lan egiteko?

Ez; etxez etxeko laguntzaile izateko gaikuntzak kategoria profesional horretarako bakarrik balio du.

18. Zaintzaile/gerokultore izateko gaikuntzak balio du etxez etxeko laguntzaile gisa lan egiteko?

Ez; zaintzaile/gerokultore izateko gaikuntzak kategoria profesional horretarako bakarrik balio du.

19. Nola lortu lan-bizitza?

Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan online eskatu dezakezu, https://goo.gl/oqyzC9 helbidean, edo aurrez aurre Gizarte Segurantzaren bulegoetan

Azken aldaketako data: