Departamento de Industria, Transición Energética y Sostenibilidad

IBI edo IBB duten instalazioetako ohiko kasuak

IBI edo IBB duten instalazioek beren prozedura espezifikoak erabili behar dituzte, baimen horiek ez dituzten instalazioetarako prozedura orokorraren ordez.

Sozietatearen izena aldatu dugu. Zer egin behar dugu?

Enpresak nortasun juridiko eta IFZ bera izaten jarraitzen badu ere, ingurumen-baimenean indarrean dagoen sozietate-izena agertu behar da. Enpresa titularraren datuak eguneratzeko eskatu eta aldaketa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar duzu.

Lotutako izapideak:

  • IBI duen instalazio baterako: ingurumen-baimen integratuaren titulartasun-aldaketa.
  • IBB duen instalazio baterako: ingurumen-baimen bakarraren titulartasun-aldaketa.

Gure enpresak beste enpresa bat xurgatu du edo harekin bat egin du. Zer egin behar dugu?

Egiaztatu zer erakunde juridiko geratzen den ustiapenaren arduradun bat-egitearen edo xurgapenaren ondoren. Baimenean titular gisa agertzen den enpresaz bestelakoa bada, titulartasun-aldaketa eskatu eta sozietate-eragiketa nahiz instalazioari lotutako eskubide eta betebeharren ondorengotza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko duzu.

Lotutako izapideak:

  • IBI duen instalazio baterako: ingurumen-baimen integratuaren titulartasun-aldaketa.
  • IBB duen instalazio baterako: ingurumen-baimen bakarraren titulartasun-aldaketa.

Beste enpresa batek instalazioa erosi du. Zer egin behar dugu?

Enpresa erosleak ustiapena bere gain hartuko badu, titulartasun-aldaketa izapidetu beharko da, baimenean arduradun berria behar bezala identifikatzeko eta hark dagozkion ingurumen-betebeharrak bere gain hartzeko.

Lotutako izapideak:

  • IBI duen instalazio baterako: ingurumen-baimen integratuaren titulartasun-aldaketa.
  • IBB duen instalazio baterako: ingurumen-baimen bakarraren titulartasun-aldaketa.

Taldeko beste enpresa batek ustiatuko du instalazioa. Zer egin behar dugu?

Bi enpresak talde berekoak izan arren, pertsona juridiko desberdinak badira, baimenaren titulartasuna eguneratu behar da enpresa berriak ustiapena bere gain hartu aurretik.

Lotutako izapideak:

  • IBI duen instalazio baterako: ingurumen-baimen integratuaren titulartasun-aldaketa.
  • IBB duen instalazio baterako: ingurumen-baimen bakarraren titulartasun-aldaketa.

Instalazio bat eskuratu dugu konkurtso-prozedura baten bidez. Zer egin behar dugu?

Enpresa eskuratzaileak instalazioa ustiatzen jarraituko badu, titulartasun-aldaketa eskatu beharko du. Instalazioa eskuratzeak ez ditu indargabetzen baimenaren baldintzak edo instalazioari lotutako ingurumen-betebeharrak.

Lotutako izapideak:

  • IBI duen instalazio baterako: ingurumen-baimen integratuaren titulartasun-aldaketa.
  • IBB duen instalazio baterako: ingurumen-baimen bakarraren titulartasun-aldaketa.

Ekoizpena handitu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Aztertu zer aldaketa egin behar diren ekoizpen-maila berria lortzeko, eta nola eragingo dieten gaitasunari, prozesuei, ekipamenduei, kontsumoei, emisioei, isurketei eta hondakinei. Handitzea ezarri aurretik, hautatu aldaketa funtsezkoaren edo ez-funtsezkoaren izapidea eta aurkeztu dagokion justifikazioa.

Lerro berriak behar dituen, gaitasun-atalase berriak lortzen dituen edo ingurumen-eraginak nabarmen handitzen dituen gehikuntza funtsezkoa izan daiteke. Dauden ekipamenduekin eta ingurumen-eraginak nabarmen handitu gabe gauza daitekeen gehikuntza mugatua ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.
  • IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Beste produktu bat fabrikatu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Deskribatu produktu berria eta prozesuetan, lehengaietan, ekipamenduetan eta funtzionamendu-baldintzetan eskatzen dituen aldaketak. Adierazi, halaber, emisioetan, isurketetan, hondakinetan, kontsumoetan eta arriskuetan izan ditzakeen ondorioak.

Beste prozesu bat edo ingurumen-eragin berriak dituzten substantziak behar dituen produktua sartzea aldaketa funtsezkoa izan daiteke. Prozesu berarekin eta ingurumen-aldaketa adierazgarririk gabe aldaera bat fabrikatzea aldaketa ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Ekoizpen-lerro berri bat instalatu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Instalatu aurretik, deskribatu haren gaitasuna, zer prozesu eta ekipamendu izango dituen eta zer ingurumen-eragin sortuko dituen.

Gaitasuna nabarmen handitzen duen edo emisio, isurketa edo arrisku berriak sortzen dituen lerroa aldaketa funtsezkoa izan daiteke. Irismen mugatuko eta ingurumen-eragin adierazgarririk gabeko lerro osagarria aldaketa ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Lehengai, erregai edo produktu osagarri berri bat erabili nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Konparatu substantzia berria baimendutakoarekin, eta identifikatu konposizioan, arriskugarritasunean, biltegiratzean, kontsumoetan, emisioetan, isurketetan, hondakinetan eta arriskuetan gertatuko diren aldaketak.

Kutsatzaile edo arrisku garrantzitsuak dakartzan substantzia bat sartzea aldaketa funtsezkoa izan daiteke. Antzeko ezaugarriak eta ingurumen-portaera dituen beste substantzia batekin ordeztea aldaketa ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Emisio-foku edo isurketa-puntu berri bat gehitu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Eraiki edo martxan jarri aurretik, deskribatu haren jatorria, kokapena, emaria, kutsatzaileak, tratamendu-sistema eta aurreikusitako kontrolak. Justifikatu, halaber, nola eragingo dien instalazioaren emisio edo isurketa guztiei.

Kutsatzaile garrantzitsuak sortzen baditu edo emisioak edo isurketak nabarmen handitzen baditu, aldaketa funtsezkoa izan daiteke. Eragina mugatua bada eta gehikuntza adierazgarririk eragiten ez badu, aldaketa ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Hondakin mota berri bat sortzen hasi nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Identifikatu hondakina, haren kodea, sortzen duen prozesua, arriskugarritasuna, aurreikusitako urteko kantitatea, biltegiratze-baldintzak eta kudeaketa-bidea. Azaldu, halaber, jardueraren edo instalazioaren aldaketa baten ondorioz sortuko den.

Hondakina jardueraren ondorioz ohikotasunez sortuko bada, baimenaren aldaketan sartu behar da. IBBren aldaketa ez-funtsezkoari buruzko informazio publikoak kasu hori eta obra, ezohiko garbiketa, desmuntatze edo aparteko mantentze-lanen ondoriozko hondakin puntualak bereizten ditu.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa, hondakina ingurumen-eragin adierazgarriak dituen aldaketa baten ondorioz sortuko bada.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa, ingurumen-eragin adierazgarririk ez badakar.
  • Hondakin puntuala denean eta aplikagarria bada: P05 prozedura, hondakinen edukitzailea.

Baimenean jasotako hondakinetako bat sortzeari utzi diogu. Zer egin behar dugu?

Hondakina behin betiko sortzeari utzi bazaio, adierazi zer prozesuk edo aldaketak eragin duen desagertzea, eta eskatu instalazioaren hondakinen zerrenda eguneratzeko. Baimena eguneratu arte, ezin dira alde bakarrez ezabatutzat jo baimenak hondakin horri buruz ezarritako betebeharrak.

Lotutako izapidea: IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa, salbu eta hondakina ezabatzea aldaketa zabalago baten parte bada eta aldaketa funtsezko gisa izapidetu behar bada.

Galdara, labe edo beste ekipamendu nagusi bat ordeztuko dugu. Zer egin behar dugu?

Konparatu ekipamendu berria baimendutakoarekin, potentzia edo gaitasuna, erregaia, emisioak, kontsumoak, hondakinak, zarata eta kontrol-sistemak kontuan hartuta.

Gaitasun handiagoko edo ingurumen-eragin nabarmen desberdinak dituen ekipamendu batekin ordeztea aldaketa funtsezkoa izan daiteke. Ekipamendu baliokide edo eraginkorrago batekin ordeztea, ingurumen-eraginak nabarmen handitu gabe, aldaketa ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Instalazioak handitu nahi ditugu. Zer egin behar dugu?

Deskribatu handitzea eta haren helburua. Adierazi handitze fisikoa soilik den edo prozesu, ekipamendu, biltegiratze, foku, isurketa edo ekoizpen-gaitasun berriak ere sartzen dituen.

Jarduera berriak barne hartzen dituen edo gaitasuna eta ingurumen-eraginak nabarmen handitzen dituen handitzea funtsezkoa izan daiteke. Irismen mugatuko eta ingurumen-eragin adierazgarririk gabeko eraberritze edo instalazio osagarria ez-funtsezkoa izan daiteke.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Hainbat jarduketa aurreikusi ditugu eta ez dakigu batera edo bereizita izapidetu behar ditugun. Zer egin behar dugu?

Sartu eskaera berean proiektu beraren parte diren, teknikoki edo funtzionalki lotuta dauden edo modu koordinatuan gauzatuko diren jarduketak. Aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa dela justifikatzeko, aldaketen baterako eta metatutako eragina hartu behar da kontuan.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.

Baimenean ezarritako emisio-muga bat aldatu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Identifikatu muga, baimenaren baldintza zehatza eta proposatutako balio berria. Aurkeztu arau- eta teknika-justifikazioa, baita proposamena aztertzeko behar den informazioa ere.

Lotutako izapideak:

  • IBI baterako: ingurumen-baimen integratuaren baldintzak aldatzea.
  • IBB baterako: ingurumen-baimen bakarraren baldintzak aldatzea.

Kontrolen edo ingurumen-txostenak aurkezteko maiztasuna aldatu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Identifikatu eragindako kontrolak edo txostenak, indarrean dagoen maiztasuna eta proposatutako aldizkakotasun berria. Justifikatu zergatik ahalbidetuko duen maiztasun berriak baimena behar bezala betetzen dela egiaztatzen jarraitzea.

Aldaketa onartu arte, baimenean indarrean dagoen maiztasuna bete beharko duzu.

Lotutako izapideak:

  • IBI baterako: ingurumen-baimen integratuaren baldintzak aldatzea.
  • IBB baterako: ingurumen-baimen bakarraren baldintzak aldatzea.

Neurri zuzentzaile baten ordez beste irtenbide tekniko bat erabili nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Deskribatu baimenean ezarritako neurria, ordezko irtenbidea eta horren bidez lortuko diren ingurumen-emaitzak. Aurkeztu proposamena justifikatzen duen dokumentazio teknikoa eta eskatu aldaketa baimendutako neurria ordeztu aurretik.

Irtenbide berriak ekipamenduak, prozesuak edo instalazioak ere aldatzea eskatzen badu, dagokion aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa ere izapidetu beharko duzu.

Lotutako izapideak:

  • IBIren edo IBBren baldintzak aldatzea.
  • Hala badagokio, instalazioaren aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa.

Baimenean ezarritako epe bat luzatu behar dugu. Zer egin behar dugu?

Eskatu aldaketa indarrean dagoen epea amaitu aurretik. Identifikatu eragindako jarduketa, azaldu zergatik ezin den epearen barruan egin eta proposatu data berria, plangintza justifikatuarekin batera.

Lotutako izapideak:

  • IBI baterako: ingurumen-baimen integratuaren baldintzak aldatzea.
  • IBB baterako: ingurumen-baimen bakarraren baldintzak aldatzea.

Ingurumena zaintzeko edo jarraitzeko programa aldatu nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Adierazi zer kontrol, parametro, laginketa-puntu, metodo edo maiztasun aldatu nahi dituzun. Aurkeztu programa berriaren proposamen osoa, eta justifikatu baimena betetzen dela egiaztatzea eta ingurumen-ondorio posibleak behar bezala hautematea ahalbidetuko duela.

Lotutako izapideak:

  • IBI baterako: ingurumen-baimen integratuaren baldintzak aldatzea.
  • IBB baterako: ingurumen-baimen bakarraren baldintzak aldatzea.

Baimenean jasotako jardueretako bat egiteari utzi diogu. Zer egin behar dugu?

Jarduera behin betiko utzi bada, identifikatu eragindako jarduera eta aplikagarri izateari utzi dioten baldintzak. Adierazi, halaber, zer gertatuko den jarduera horri lotutako ekipamenduekin, fokuekin, isurketekin, hondakinekin, biltegiratzeekin eta kontrolekin.

Jarduera uzteak instalazioak desmuntatzea edo aldaketa materialak egitea eskatzen badu, dagokion aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa ere izapidetu beharko duzu.

Lotutako izapideak:

  • IBIren edo IBBren baldintzak aldatzea.
  • Hala badagokio, instalazioaren aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa.

Baimenaren baldintzak ez datoz bat instalazioaren egungo egoerarekin. Zer egin behar dugu?

Identifikatu eguneratu gabe daudela uste duzun baldintzak, deskribatu egungo egoera eta adierazi zer aldaketa proposatzen duzun.

Aldea prozesuak, ekipamenduak, gaitasuna, fokuak, isurketak edo hondakinak aldatu direlako sortu bada, aldaketa funtsezkoaren edo ez-funtsezkoaren izapidea erabili beharko duzu. Instalazioa aldatu ez bada eta ebazpenaren betebehar edo baldintza bat berrikusi nahi bada, baimenaren baldintzak aldatzeko eskatu beharko duzu.

Lotutako izapideak:

  • IBIren edo IBBren baldintzak aldatzea.
  • Instalazioa aldatu bada, aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa.

Urteak geldirik daramatzan instalazio bat berriz martxan jarri nahi dugu. Zer egin behar dugu?

Jarduera berriz hasi aurretik, berrikusi ebazpena eta geldialdian egindako komunikazioak. Egiaztatu baimenak indarrean jarraitzen duela, instalazioa baimendutakoarekin bat datorrela eta jarduera berriz hasteko aplikatu beharreko baldintzak betetzen direla.

Geldialdian ekipamenduak, prozesuak, gaitasuna, lehengaiak, fokuak, isurketak edo hondakinak aldatu badira, dagokion aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa izapidetu beharko duzu aldez aurretik. Ebazpenaren betebeharren bat aldatu behar baduzu, baimenaren baldintzak aldatzeko eskatu beharko duzu.

IBIren eta IBBren ebazpenek ondorioak aurreikus ditzakete jarduerarik egin gabe denbora luzea igarotzen denean eta titularrak arrazoiak behar bezala azaltzen dituen komunikaziorik aurkezten ez duenean.

Lotutako izapideak:

  • IBI edo IBB duen instalazioaren jarduera berriz hasteko edo martxan jartzeko komunikazioa, hala dagokionean.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa.
  • IBI edo IBB duen instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa.
  • IBIren edo IBBren baldintzak aldatzea.

Azken aldaketako data: