Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 aldirako

Itunak, beste helburu batzuen artean, alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzea ezartzen du 50.000 etxebizitzako parkera iritsi arte, eta guztira 350.000 etxebizitza birgaitzea 15 urtean

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta erakunde-, gizarte- eta enpresa-erakundeek 2022-2036 aldirako Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala sinatu dute 2022ko azaroaren 30ean.

Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala lortutako adostasun-maila handia nabarmentzen duen lan-prozesu baten amaiera da. Izan ere, Euskadin etxebizitzarekin zerikusia duten eragile nagusiek konpromisoa hartzen dute etxebizitza-eskubidearen eraginkortasuna bizkortzeko, eta epe luzerako helburu eta lan-ildo batzuk ezartzen dituzte gure gizarte-ereduaren zutabe handienetako bat garatzeko.

Itunak 2036ra arte pixkanaka lortu beharreko 4 helburu kuantitatibo eta helburu horiek lortzeko lehentasunezko 6 jarduketa-ildo finkatzen ditu.

Helburu kuantitatiboei dagokienez, helburua da alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzea 50.000 etxebizitzako parkera iritsi arte, eta egungo birgaitze-mailak bikoiztea, EAEko etxebizitzek erosotasun-, irisgarritasun- eta energia-efizientziako baldintza egokiak izan ditzaten, Ituna indarrean egongo den 15 urteetan 350.000 etxebizitza birgaitu ahal izateko (EAEko bizitegi-parkeko 3 etxebizitzatik bat, gutxi gorabehera).

Honako hauek dira lehentasunezko jarduketa-ildoak, Itunak horien garapena gidatu beharko duten oinarrizko gidalerro edo orientabide batzuk ezartzen baititu:

  • Inbertsio handiagoa etxebizitzan, fiskalitate sustatzailean oinarrituta. Etxebizitza-gastu publikoa pixkanaka handitzea, harik eta gastu hori BPGaren % 1,5 inguruan kokatu arte, eta birgaitzeko inbertsio pribatua BPGaren % 5 inguruan kokatu arte, Europako herrialde aurreratuenen ildo beretik.
  • Etxebizitza-politikaren dimentsio sozialean sakontzen jarraitzea. Zehazki, etxebizitza-politika gainerako gizarte-politikekin (gizarte-zerbitzuak, gazteria, adinekoak, desgaitasuna, berdintasuna, enplegua) hobeto integratzearen aldeko apustua egiten da, etxegabetasuna, familia ugariak eta gazteek etxebizitza eskuratzea bezalako errealitateei erantzun integralagoak emango dizkieten zerbitzuak eta programak abian jarriz.
  • Etxebizitza udal-agenda estrategikoan sartzea orokortzea, tokiko etxebizitza-planak egiteko laguntza-ildo bat abian jarriz.
  • Eraikuntza-sektore erakargarria, lehiakorra eta berritzailea eratzea, sektoreko eta haren berrikuntza-proiektuetako talentuaren gaikuntza eta garapena bultzatuz, eta emakume gehiagok sektore horretan sarbidea izan dezaten lagunduz.
  • Datuen inteligentzia eta ebaluazio aurreratua, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren zeregina indartuz eta instituzionalizatuz.
  • Inplikazio eta lankidetza publiko-pribatu-soziala, Etxebizitzaren Foro bat abian jarriz eta dinamizatuz, Itunaren bidez konprometitutako eragileen arteko partaidetza- eta lankidetza-espazio egonkor gisa eta herritarren partaidetza-prozesuak bultzatuz.


Itunak bere helburuak lortzeko inplikazio eta lankidetza publiko, pribatu eta soziala indartzeko beharrezkoak diren mekanismoak biltzen ditu, eta, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez, izaera publikoko urteko jarraipen-txosten bat egingo du, aurrerapenak gardentasunez monitorizatzea ahalbidetuko duena.

Azken aldaketako data: