Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila

Ekonomiaz aldizkariari jatorrizko testuak aurkezteko arauak

1. - GAIA ETA JATORRIZKOAK IZATEA

Lanak hurrengo zenbakietarako (“Hurrengo Zenbakiak” atala) aukeratutako gaiekin lotura eduko behar dute , edo, bestela, ekonomia errealean eta ikerketa akademikoan interesgarriak diren gaiei buruz eskatu ez diren eta bereziki Euskadin aplikatzen diren lanekin ("Beste kolaborazioak" atala). Ekonomiaz aldizkariak argitaratzen dituen testuak jatorrizkoak izan behar dute ezinbestean eta, hori dela eta, helarazten zaizkigun artikuluen edukia ezin da egon argitaratuta ez eta argitaratzear edo argitaratzeko bidean den beste lan batean bilduta, bai Estatuko aldizkari batean zein atzerriko batean (antzeko bertsio itzuli batean), argitalpen arruntean nahiz elektronikoan. Hala, argitarapen errepikatutzat joko da ez bakarrik artikulu baten kopia zehatza argitaratu izana, baita funtsean informazio eta analisi bera behin baino gehiagotan argitaratu izana ere, eta egile edo talde beraren liburu baten osagaia izatea ere bai.

Gainera, adierazpen hau egin behar dute egileek jatorrizko artikuluak aurkezteko gutunean: eskuizkribua Ekonomiaz-era bakarrik bidali dutela eta, horrenbestez, ez dutela aldi berean beste inora bidali.

Lana talde batek egindakoa bada, eta ez badago berariazko adierazpenik egile bakoitzak egin duen ekarpena zehazteko, lana sortzen eta diseinatzen, datuak biltzen, datuak analizatzen eta interpretatzen, zirriborroa idazten, artikulua berrikusten eta artikulua behin betiko onartzen guztiek berdin-berdin parte hartu dutela joko dugu.

2. - ZEHAZTASUNA ETA KALITATEA

Helarazten zaizkigun jatorrizko lanek, argitaratzeko kalitate-maila jakin bat izan behar dute; funtsean, hurrengo faktore hauetan oinarritzen da kalitate-maila hori eta, ondorioz, Ekonomiaz-eko erredakzio-kontseiluak lan hauek onartzeko edo ezesteko erabakia:

  • Gaurkotasuna, berritasun zientifikoa eta egileek lortzen dituzten emaitzek eta egiaztatzen dituzten hipotesien originaltasuna, hainbat mailatan.
  • Garrantzi sozial eta epistemologikoa: baliagarri edo erabilgarriak izan behar dute, eta jakintzarako esanguratsuak izan behar dute, edo jakintzarako aurrerapena ekarri.
  • Lanak fidagarriak eta baliodunak izan behar dute zientziaren ikuspegitik; hau da, metodologiaren kalitateak egiaztatuta egon behar du.
  • Lanak bikaintasunean eta era ez-sexistan idatzita egon behar dute, egitura eta koherentzia logikoa izan behar dute, eta aurkezpen materiala ona izan behar du.

Halaber, Ekonomiaz-ek gomendatu eta baloratu egiten du ahal den neurrian datuen banaketa sexuaren arabera eta egindako azterketetan genero-ikuspegia barneratzea. EAEko ekonomiarentzat garrantzi eta interes berekoak badira, genero-ikuspegia txertatzen duten azterlanak hautatzea izango da argitaratzeko lehentasuna irizpidea.

3. - ESTILOA

Idazterakoan, estiloa eta argitasuna zaindu behar dute egileek, zehatz-mehatz errespetatu behar dituzte gramatika-arauak eta hizkuntzan aditu direnek emandako gomendioak eta, ahal izanez gero, ez dituzte erabili behar adierazpide erredundanteak eta alferrekoak. Hizkuntzaren erabilera sexista saihestu behar da. Sorburu-hizkuntza ez bada ingelesa, ez da komeni anglizismo teknikoak erabiltzea, egoera hauetan izan ezik: ez dagoenean hitzik haiek euskaraz edo gaztelaniaz emateko edo modurik euskarara edo gaztelaniara egokitzeko; halaber, ez da komeni ingelesezko sintaxia eta joskera erabiltzea. Garrantzi berezia dute nazioarteko ISO arauek, eta kontuan izan behar ditugu zientzia-gaien argitalpenetan.

Aldizkariko erredakzioak aldaketa txikiak egin ditzake idazkeran: gramatika- eta tipografia-akatsak ezabatu, esapide desegokiak, herri-mailako esamoldeak eta esamolde korapilatsuak, esaldi anbiguoak eta baieztapen zalantzagarriak. Helburua da gramatika zuzena izan dadila ziurtatzea, eta idazkera-estilo zientifikora egokitzea eta zehatz-mehatz errespetatzea autoritate gehien duten iturrien arau teknikoak eta estilo-arauak. Hain zuzen ere, hauek errespetatu behar dituzte egileek: IVAPeko (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko) estilo-liburua, Gaztelaniaren Real Akademiaren hiztegiak eta Euskaltzaindia.

Jakina, artikuluen funtsezko edukian ez dugu inolako aldaketarik egingo autoreei jakinarazi gabe eta haien onespena izan gabe. Ekonomiaz-en argitaratu bitartean, egileena da lanen edukiaren erantzukizuna eta jabetza; hortaz, jatorrizko lanen azterketa kritikoa eta estiloaren azterketa egitean edukian zer aldaketa egiten dituen jakinaraziko die aldizkariak egileei lanak argitaratu aurretik, eta baimena eskatuko zaie edukia aldatzeko eta argitalpenaren estilora egokitzeko. Autoreek onartu egin beharko dituzte Ekonomiaz-ek proposatzen dituen estilo-zuzenketak, edo arrazoitu egin beharko dute ez onartzea.

4. ESKUIZKRIBUEN AURKEZPEN FORMALARI BURUZKO ARAUAK

Ekonomiaz aldizkarian argitaratu nahi duten autore guztiek Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila (Ekonomiaz-en Erredakziora) bidali beharko dituzte beraien artikuluak: ekonomiaz@euskadi.eus posta-elektroniko helbidera.

1. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egon daitezke jatorrizko testuak, MICROSOFT WORD® formatuan edo harekin bateragarria den formatu batean bidali behar dira.

2. Jatorrizko lanak hartu izanaren adierazpena egingo du Ekonomiaz-eko erredakzioak, eta bidalketaren gorabeherak zein ebaluaketa-prozesuan egoera ere jakinaraziko dizkie egileei, adierazten duten helbide elektronikoan. Argitarapen-prozesuari buruzko informaziorik nahi izanez gero erredakzioarekin harremanetan jar daitezke autoreak helbide honetan: ekonomiaz@euskadi.eus.

3. Jatorrizko lanak idazteko, zuriune eta erdi utzi behar da, 12 tamainako letra erabili behar da eta 2,5 zentimetroko marjinak utzi behar dira gutxienez. Gehienez ere, lanak 40 orrialdekoak izan daitezke, eranskinak, taulak eta grafikoak barne (gehienez 8.000 hitz). Lehen orrian, egilearen edo egileen izenak agertu behar dira, zer erakundetakoak diren, baita haiekin harremanetan jartzeko helbide bat ere, eta helbidea osatu behar dute posta bidaltzeko datuek, telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak; helbide hori erabiliko dute aldizkariaren editoreek autoreekin harremanetan jartzeko.

4. Jatorrizko lanekin batera, lanen laburpen bat aurkeztu behar da, non metodologia, emaitza nagusiak eta ondorioak azaltzen diren. Gainera edukiaren aurkibidea, hitz nagusien zerrenda eta Journal of Economic Literatureren sailkapenari dagozkion erreferentziak; laburpena gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu behar da eta 125 hitzekoa izan daiteke gehienez ere eta hitz nagusien zerrendak, berriz, bi hitzekoa izan behar du gutxienez, eta bostekoa gehienez ere.

5. Lanen edukiari dagokion testuak beste orrialde batean hasi behar du, eta, artikuluak egituratzeko atalak zenbakitzeko, arabiar zenbakiak eta ordena korrelatiboa erabili behar dira; sarrerak 1. saila izan behar du. Letra xehe eta lodiz idatzi behar dira izenburuak eta, ondoz ondo, bi digituz zenbakitu behar dira azpiatalak (adibidez: 2.1, 2.2, 2.3).

6. Kategoria bakoitzaren barnean, ondoz ondo zenbakitu behar dira taulak, estatistika-grafikoak eta, oro har, material grafikoa, eta arabiar zenbakiak erabili behar dira. Jatorrizko lanetan, dokumentuaren amaieran egon behar dute betiere, erreferentzien eta eranskinen ondoren, eta argi eta garbi adierazi behar da, testuan bertan, zehatz-mehatz zer lekutan agertu behar duten inprimatutako lanean. Betiere, neurrian erabili behar dira, eta ez da eman behar beharrezkoa ez den edo garrantzirik ez duen informaziorik.

7. Artikuluek adierazpen grafikoak ere baldin badituzte, haiek egiteko oinarri gisa erabilitako zenbakizko datuak erantsi behar dira.

8. Ordena korrelatiboari jarraiki zenbakitu behar dira ekuazioak eta beste edozein adierazpen matematiko, eta eskuineko marjinan lerrokatuta egon behar dute.

9. Egileek mugatu egin behar dituzte testuan tartekatzen dituzten oharrak, eta horiek erabiltzeko irizpidea egokia izan behar da, lanaren garapenaren arabera. Tauletan edo koadroetan egiten dituzten oharren erreferentziak emateko, letra xeheak (a, b, c) erabili behar dituzte, eta dena delako koadroaren edo grafikoaren oinean eman behar dute edukia. Eskerrak eta beste edozein informazio emateko, berriz, izartxoa jarriz egin behar dira erreferentziak, artikuluaren tituluaren edo autoreen izenaren ondoan, kasuan-kasuan.

10. Artikuluen azken atalaren ondoren agertu behar dira lanek aipatzen duten literatura zientifikoari buruzko erreferentziak, Erreferentzia bibliografikoak izenburuaren azpian. Autoreen izenaren ordena alfabetikoari jarraiki eman behar dira, zenbakitu gabe; autoreen ardura da zuzen ematea. Aipamenak egiteko, "autorea-data" formatua erabili behar da, eta, autore berak urte berean lan bat baino gehiago badu, ondoz ondoko letra xeheak erabiliz bereizi behar dira haren lanak. Autore baten edo biren lanen erreferentziak osoak izan behar dira, baina, erreferentziak bi autoreren baino gehiagoren lanei buruzkoak izanez gero, et al. esapidea erabili behar da.

Testuan agertzen diren aipamen guztiak erreferentzia bibliografikoen atalean sartu beharko dira, eta, era berean, erreferentzia bibliografikoen atalean sartzen diren aipamen guztiak testuan zehar agertu beharko dira.

11. Egileak APA araua jarraitu beharko du aipamenak Erreferentzia Bibliografikoak atalean sartzeko, egitura adibide horri jarraituz:

Cuesta, H. Á. (2024). Experiencias convencionales de regulación del impacto laboral de la inteligencia artificial y su uso con fines de control. Trabajo y derecho: nueva revista de actualidad y relaciones laborales19.

Esteban, J. (2025). Condenados al paro ‘extre­mo’: máximo histórico de mayores de 50 años que cobran un subsidio. El Economista, 6 de agosto de 2025.

Rodriguez Contreras, R., & Molina, O. (2022). Moving with the times: Emerging practices and provisions in collective bargaining. Eurofound.

Ruiz, I. B. D. H. (2023). Inteligencia Artificial y Neuroderechos: la protección del yo inconsciente de la persona. Navarra (España). Aranzadi.

 

Ahal den neurrian, aipamen bibliografikoan bertan aipu bakoitza berreskuratu den dokumenturako esteka eta/edo DOI erreferentzia ere adierazi beharko dira.

12. Erredakzio Kontseiluak beretzat gordeko du jasotako artikuluak publikatzeko eskubidea, aurretiaz bikote akademikoek egindako ebaluazio anonimo bikoitzaren (itsu bikoitza) bidez ebaluatu eta gero.

13. Aldizkariak jatorrizko lanak argitaratzea onartzen badu, autoreek konpromisoa hartzen dute ebaluazio-txostenen gomendioak eta aginduak betetzeko eta aldaera hobetua aurkezteko. Halaber, moldiztegiko probak aztertu behar dituzte, hartu eta lau egunean gehienez ere.

14. Artikulua argitaratzeak ez du esan nahi Erredakzioa artikuluaren edukiarekin ados dagoenik. Hori, autorearen erantzukizuna izango da.

Aldizkarietan argitaratzen ditugun jatorrizko lanen bi ale jazoko dituzte autoreek.