Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

87/2026 DEKRETUA, ekainaren 2koa, seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 2963
  • Xedapen-zk.: 87
  • Xedapen-data: 2026/06/02
  • Argitaratze-data: 2026/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak zuzeneko laguntza ekonomiko batzuk ezartzen ditu seme-alabaren bat duten familientzat. Hala, II. tituluko I. kapituluan, familiei babesa, arreta eta laguntza emateko neurriei buruzkoan, ardurapean seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dira. Horien helburua da seme-alabak mantentzeko eta zaintzeko eginkizunean sortzen diren premia ekonomikoei erantzuten laguntzea.

Arau-esparru horren barruan, 2023an, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretua onartu zen, eta dekretu horrek arautu du, orain arte, seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen sistema.

Dekretu horrek aldaketa batzuk egin zituen aurreko araudian 30/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituena (gerora, 121/2018 Dekretuak, uztailaren 30ekoak, aldatu egin zuen seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituen dekretua), eta hauek izan ziren aldaketa nagusiak: alde batetik, utzi egin zitzaion seme-alabengatiko dirulaguntzak errenta-mailaren arabera zehazteari, eta, bestetik, hilero jasotzen hasi ziren laguntza horiek.

Otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuak, halaber, bi laguntza-modalitate arautu zituen alaba eta seme-alaba bakoitzeko. Alde batetik, hazi eta mantentzeko laguntza batzuk ezarri zituen haurra jaiotzen denetik hiru urte bete arte, eta, bestetik, laguntza gehigarri batzuk ezarri zituen hirugarren alaba edo semea eta hurrengoak hazi eta mantentzeko, haurrak hiru urte betetzen dituenetik zazpi urte bete arte. Eta, gainera, erditze anizkoitzagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko aparteko dirulaguntzak eta nazioarteko adopzioagatiko aparteko dirulaguntzak ere arautu zituen.

Azken urteotan, Euskal Estatistika Erakundearen datuek joera demografiko oso kezkagarria erakusten dute: Euskadiko jaiotza-tasak Europako batez bestekoaren oso azpitik daude.

Egoera horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak tresna hauek onartu ditu: Familia eta haurtzaroaren aldeko euskal ituna, Familiei laguntzeko erakunde arteko IV. planean (2018-2022) gauzatu zena; Erronka demografikorako 2030 euskal estrategia, Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 21ean onartua, eta Familiei, haurrei eta nerabeei laguntzeko erakunde arteko Euskadiko V. plana (2025-2030).

Era berean, XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programan (2024-2028), erronka demografikoa da hogeita hamabi jarduketa-arloetako bat, eta hainbat konpromiso sartzen dira arlo horretan. Horien artean, berrogeita hamalaugarren konpromisoa gauzatu nahi du dekretu berri honek, hau da, familiari laguntzea eta jaiotza-tasa sustatzea helburu duena. Eta, gainerakoan, egungo laguntzen kudeaketan izandako esperientzia kontuan hartuta, aldaketa batzuk egin behar dira aurreko 27/2023 Dekretuan, Administrazio Publikoak nahitaez bete behar dituen efizientzia- eta efikazia-helburuak lortzeko.

Horrela, azaldutako egoera oinarri hartuta, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak handitu eta hobetu egiten du seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen esparrua, laguntza ekonomiko iraunkor eta jasangarriak emateko, eta, horrela, hazkuntzaren aldeko ekosistema bat sortzeko.

Dekretuaren egiturari dagokionez, I. kapituluak, Xedapen Orokorrak izenekoak, araudiaren xedea eta helburua eta kontzeptuak ezartzen ditu.

  1. kapitulua alaba edo seme bakoitzeko ematen diren dirulaguntzei buruzkoa da, eta bi jarduera-modalitate hauek arautzen ditu: batetik, hilean 200 euroko laguntza, haurrak lau urte bete arte, eta bestetik, guraso bakarreko familien kasuan eta tutoretza edo zaintzaren delegazioa (harreran edo adopzio-helburuekin) denean, eta hirugarren alaba edo semearen eta hurrengoen kasuan, hilean 100 euroko laguntza gehigarri bat, haurrak lau urte betetzen dituenetik zazpi urte bete arte.

    Aurreko araudian ezarrita zegoen bezala, laguntza sortzen duen alaba edo semeak mendekotasun-egoera edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna badu aitortuta 39/2006 Legearen arabera (39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa), bikoiztu egingo dira aurreko puntuan aurreikusitako zenbatekoak desgaitasuna aitortuta duen alaba edo semeari dagokionez.

  2. kapituluan, erditze anizkoitzengatik, adopzio nazional anizkoitzengatik eta nazioarteko adopzioengatik ematen diren aparteko laguntzak daude araututa. Ordainketa bakarreko laguntzak izaten jarraitzen dute eta, kasu honetan, familia-errenta estandarizatuaren eta erditze anizkoitzetako eta adopzio anizkoitzetako haurren kopuruaren araberakoak dira laguntzen zenbatekoak.

  3. kapitulua laguntzak kudeatzeko xedapen komunei buruzkoa da, eta prozedura bat ezartzen jarraitzen du. Prozedura horri jarraikiz, familiek eskabide bakarra aurkezten dute seme edo alaba bakoitzeko laguntza kobratzeko, lau urte bete arte, eta, laguntza gehigarrien kasuan, beste eskabide bat aurkezten dute zazpi urte bete arte. Ebazpenak dagozkion urteroko guztien laguntzak aitortzen ditu, eta laguntza aitortuta dagoen aldi osoan mantendu behar dira hura eskuratzeko betekizunak. Horregatik, gerora sortutako ez-betetzeak aurreikusten jarraitzen dira laguntzen kudeaketan, baita kautelazko eteteen beharra ere, ez-betetze zantzuak badaude. Hala ere, puntu honetan berrikuntzak daude aurreko araudiarekin alderatuta; izan ere, aukera ematen da onuraduna laguntza eragin duen semearekin edo alabarekin batera erroldatuta ez egoteko 30 egun naturaleko aldian, edo 60 eguneko aldian genero-indarkeriaren biktima bada. Gainera, berariazko prozedura bat aplikatuko da onuraduna hiltzen bada, edo ebazpen judizialaren edo administrazio-ebazpenaren bidez aldatzen bada adingabearen zaintza eta jagoletza edo zaintza, laguntzak jasotzen jarraituko dela bermatzeko, hileko ordainketarik galdu ez dadin.

    Ondoren, lau xedapen iragankor daude, indargabetzen den dekretuaren 27/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena eta dekretu berriaren arteko trantsizioa arautzeko.

    Dekretuaren amaieran, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen daude (erregelamendu bidezko garapenari eta indarrean sartzeari buruzkoak).

    Dekretu honetan araututa dauden seme-alabaren bat duten familientzako laguntzek erabat betetzen dituzte Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen printzipioak, eta, halaber, bat datoz bai Europar Batasunak, bai Nazio Batuek nazioarteko esparruan ezarritako helburuekin; hain zuzen ere, honako hauekin egiten dute bat: Gizarte Eskubideen Europako Zutabea, Haurren Eskubideei buruzko Europaren Estrategia eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda.

    Azken finean, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.12 eta 10.39 artikuluek gizarte-laguntzaren, erkidego-garapenaren, emakumearen, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen politikan Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkioten eskumenen babesean eman da dekretua, eta Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak emandako eskumenen arabera lege horren 27.2.a) artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio beren ardurapean seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak (II. tituluko I. kapituluan zehaztuak) arautu eta kudeatzea.

    Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretuaren xedea da Eusko Jaurlaritzak, familia-politikaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, seme-alabaren bat duten familiei ematen dizkien laguntzak arautzea, jarduera-modalitate hauen bitartez:

  1. Dirulaguntzak alaba edo seme bakoitzeko.

    Seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzak.

    Hirugarren alaba edo semea eta hurrengoak eta guraso bakarreko familietako seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntza gehigarriak.

  2. Aparteko dirulaguntzak erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik.

    Familia-unitate batek laguntza bana jaso dezake ezarritako adin- eta hurrenkera-betekizunak betetzen dituen alaba eta seme bakoitzeko.

Dekretuan araututako laguntzak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren eta diruz laguntzeko modukoak diren egoeren eskabideei aplikatuko zaizkie, baldin eta arau honetan laguntzak emateko ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen badituzte, kontuan hartuta dekretu honen xedapen iragankorretan ezarritakoa.

Dekretuaren ondorioetarako:

  1. Ama, aita edo gurasoei buruzko aipamenetan, barruan sartzen dira adingabeen zaintzaren delegazioa (harreran edo adopzio-helburuekin) duten pertsonak eta tutoreak ere.

  2. Alaba edo semeari buruzko aipamenetan, tutoretzan edo zaintzaren delegazioan (harreran edo adopzio-helburuekin) dauden hemezortzi urtetik beherako pertsonak ere sartzen dira.

  3. Familia-unitatetzat jotzen da 154/2012 Dekretuaren 4.1 artikuluan zehaztutako kideek osatzen dutena, arau horrek esleitutako irismenarekin (154/2012 Dekretua, uztailaren 24koa, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzkoa).

  4. Laguntza eragin duen alabak edo semeak familian duen hurrenkera zehaztuko duen familia-unitateko seme-alaben kopurua zenbatzeko:

    1. Alaba edo semetzat hartzen da familia-etxean bizi den eta ekonomikoki aitaren edo amaren mende dagoen hogeita sei urtetik beherako pertsona oro.

    2. Alaba edo semetzat hartzen da adingabea izan zenean tutoretzan edo zaintzaren delegazioan (harreran edo adopzio-helburuekin) egon zen pertsona oro, baldin eta tutoretzan edo harreran jaso zuen familia-etxean bizitzen jarraitzen badu eta ekonomikoki familia horren mende badago, hogeita sei urte bete arte.

    3. Mendekotasun ekonomikoa dagoela ulertzen da alabak edo semeak ez badu urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baino urteko errenta altuagorik (salbuetsitakoak sartu gabe).

  5. Guraso bakarreko familietako seme-alabak dira Eusko Jaurlaritzak egindako guraso bakarreko familiaren ziurtagiri ofizialean jasota dauden familietako eta Guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen abenduaren 2ko 232/2025 Dekretuaren 3.1 artikuluan zerrendatutako guraso bakarreko familietako seme-alabak direnak.

  6. Erditze anizkoitza dela ulertzen da haurdunaldi batetik haur bi edo gehiago jaiotzen direnean.

  7. Tutoretza anizkoitza da aldi berean eta prozedura bakarrean adingabe biri edo gehiagori eragiten diena.

  8. Zaintza anizkoitzaren delegaziotzat hartzen da prozedurak aldi berean adingabe biri edo gehiagori eragiten diena.

  9. Adopzio nazional anizkoitza dela jotzen da prozedura berean adingabe bi edo gehiago adoptatzen direnean Estatuan, ebazpen judiziala edo hori eratzen duen dokumentua dagoenean.

  10. Nazioarteko adopziotzat hartzen da adoptatzeko modukotzat jo eta atzerrian bizi den adingabe baten eta adoptatzailearen edo adoptatzaileen arteko adopziozko filiazio-lotura oro, betiere Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legearen xedapenen babesean. Nolanahi ere, filiazio-loturak dagokion erregistro zibilean inskribatuta egon behar du.

  11. Dekretuaren 13.2 artikuluan aurreikusitako salbuespenaren ondorioetarako, genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatu behar da, bide hauetakoren bat erabiliz:

    1. Babes-agindua edo ebazpen judiziala, salbuespen-aldiaren hasieran indarrean dagoena.

    2. Genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia, biktimaren aldeko babes-neurriak ezartzen dituena, salbuespen-aldiaren hasieran indarrean dagoena.

    3. Babes-agindurik edo kondena-epairik ezean, eta ematen den arte, eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela iradokitzen duten zantzuak daudela azaltzen duen Fiskaltzaren txostena hartuko da genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko agiritzat.

    4. Egiaztagiri judizialik ez badago indarrean, Berdintasuneko Sektore Biltzarrean onartutako eredu komunaren araberako administrazio-egiaztagiriek ere balioko dute. Eredu hori genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa izango da, eta Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluak xedatutakoaren arabera emango da.

    5. Biktima adingabeen kasuan, Fiskaltzara edo organo judizialera bidalitako osasun-dokumentu ofizialen bidez ere egiazta daiteke egoera hori.

Alaba eta seme guztiak hazi eta mantentzeko dirulaguntza ematen da, hilean 200 eurokoa, baldintza hauetan:

  1. Jaiotzaren kasuan, alabak edo semeak lau urte bete arte.

  2. Adopzioa, tutoretza edo zaintzaren delegazioa (harreran edo adopzio-helburuekin) denean, betiere alaba edo semea adingabea bada, lau urteko aldia amaitu arte, adopzioa edo tutoretza erregistro zibilean inskribatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo zaintzaren delegazioa eratzen duen administrazio-ebazpena eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  1. Hirugarren alaba edo semea eta hurrengoak eta guraso bakarreko familietako seme-alabak hazi eta mantentzeko dirulaguntza ematen da, hilean 100 eurokoa, hiru urtez.

    1. Jaiotzaren kasuan, 4.a) artikuluan aurreikusitako aldia amaitu ondoren hasten da laguntza hori.

    2. Adopzioa, tutoretza edo zaintzaren delegazioa (harreran edo adopzio-helburuekin) denean, 4.b) artikuluan aurreikusitako aldia amaitu ondoren hasten da laguntza, betiere alaba edo semea adingabea bada.

  2. Alabak edo semeak familia-unitatean duen hurrenkera zehazteko, elkarrekin bizi diren seme-alabak jaiotza-dataren arabera ordenatu eta multzo horretan duen lekua hartzen da kontuan.

  1. Dirulaguntza sortzen duen alaba edo semeari mendekotasun-egoera edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortzen bazaio 39/2006 Legearen arabera (39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa) eta lege hori garatzeko araudiaren arabera, bikoiztu egiten dira 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako zenbatekoak, baina desgaitasuna edo mendekotasuna aitortuta duen alaba edo semearentzat bakarrik.

  2. Baldin eta laguntzaren onuradunak laguntza sortzen duen alabaren edo semearen desgaitasuna edo mendekotasun-egoera dela-eta dituen laguntzak bikoiztea eskatzen badu bost urteko epean, umea jaio eta hurrengo egunetik edo, hala badagokio, adopzioa edo tutoretza erregistro zibilean inskribatzen denetik edo zaintzaren delegazioa eratzen duen administrazio-ebazpena ematen denetik aurrera, emandako zenbatekoak bikoiztea onartzen da, betiere desgaitasuna edo mendekotasuna egiaztatzen badu eta, bikoizteko eskabidea aurkeztean, laguntza eskuratzeko betekizunak betetzen baditu. Bost urte horiek igaro ondoren aurkezten bada eskabidea, aurkeztu den hilabetetik aurrera bikoizten da dirulaguntza, hala badagokio.

    Desgaitasuna edo mendekotasuna berrikusi behar denean, laguntzak bikoiztu egiten dira desgaitasuna edo mendekotasuna berrikusi aurreko hilabetera arte, salbu eta onuradunak geroagoko berrikuspen-data duen beste ziurtagiri bat aurkezten badu desgaitasuna edo mendekotasuna egiaztatzeko. Era berean, behin desgaitasun- edo mendekotasun-egoera berriro aitortu ondoren, berrikusi den hilabetetik bertatik jarraitu ahal izateko laguntza jasotzen, onuradunak berriro eskatu behar du, edo laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi berriro aitortu diotela desgaitasuna edo mendekotasuna.

  1. Erditze anizkoitzak eta adopzio nazional anizkoitzak diruz laguntzeko, ordainketa bakarreko laguntza ematen da.

  2. Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzei dagokienez, erditze anizkoitzaren eta adopzio nazional anizkoitzaren parekotzat hartzen da aldi berean eta prozedura bakarrean adingabe biri edo gehiagori eragiten dien zaintzaren delegazioa edo tutoretza.

  3. Laguntzaren zenbatekoa aparteko dirulaguntza sortzen duten alaba edo semeen kopuruaren araberakoa da, bai eta familia-errenta estandarizatuaren araberakoa ere, dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta.

    Hain zuzen ere, eragiketa hau egiten da dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko: 2.000 (jaso daitekeen gutxieneko kopurua, eurotan) bider aparteko dirulaguntza sortzen duten seme edo alaben kopurua, ken bat, bider familia-errenta estandarizatuari dagokion haztapen-faktorea. Horretarako, familia-errenta estandarizatuaren atalase hauek eta bakoitzari dagokion haztapen-faktorea ezarri dira:

    1. Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurokoa edo txikiagoa duten familientzat, 2 da haztapen-faktorea.

    2. Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurokoa edo txikiagoa duten familientzat, 1,5 da haztapen-faktorea.

    3. Familia-errenta estandarizatua 30.000 eurotik gorakoa duten familientzat, 1 da haztapen-faktorea.

  1. Adingabeen nazioarteko adopzioak diruz laguntzeko, alaba edo seme bakarra nahiz bi edo gehiago izan, ordainketa bakarreko laguntza ematen da.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoa adopzio-prozesu berean adoptatutako alaba edo semeen kopuruaren araberakoa da, bai eta familia-errenta estandarizatuaren araberakoa ere, dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta.

  3. Nazioarteko adopzioa seme edo alaba bakarrarena bada, eragiketa hau egiten da laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko: 2.000 (jaso daitekeen gutxieneko kopurua, eurotan) bider familia-errenta estandarizatuari dagokion haztapen-faktorea. Horretarako, familia-errenta estandarizatuaren atalase hauek eta bakoitzari dagokion haztapen-faktorea ezarri dira:

    1. Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurokoa edo txikiagoa duten familientzat, 2 da haztapen-faktorea.

    2. Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurokoa edo txikiagoa duten familientzat, 1,5 da haztapen-faktorea.

    3. Familia-errenta estandarizatua 30.000 eurotik gorakoa duten familientzat, 1 da haztapen-faktorea.

  4. Nazioarteko adopzioa anizkoitza bada, eragiketa hau egiten da laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko: lehenengo semeari edo alabari dagozkion 2.000 euroak gehi 1.500 euro nazioarteko adopzio anizkoitzeko gainerako seme edo alaba bakoitzeko, bider familia-errenta estandarizatuari dagokion haztapen-faktorea, aurreko paragrafoan zehaztutakoari jarraituz.

  1. Dirulaguntzaren zenbatekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera zehazten da. Hori kalkulatzeko, kontuan hartzen dira familia-unitatearen osaera, familia-errentaren maila eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat.

  2. Familia-errentaren maila zehazteko, batu egiten dira zerga-oinarri orokorra eta familia-unitatea osatzen duten gurasoei dagokien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZa) aurrezpenaren zerga-oinarria, dirulaguntzaren gertaera eragilearen unean likidatutako azken zergaldiari dagozkionak.

    Banantze, dibortzio, ezkontza-deuseztasun edo izatezko bikotearen bizikidetza kasuetan, kontzeptu hauen batuketa egiten da: zerga-oinarri orokorra eta seme-alaben zaintza eta jagoletza duen aita edo ama eskatzailearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZa) aurrezpenaren zerga-oinarria (epai judizial bidez berretsitako hitzarmen arautzailearen arabera) gehi haren egungo ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen diru-sarrerak, halakorik badago.

  3. Aurreko zenbakian xedatutakoaren arabera zehaztutako familia-errentaren maila familia-unitatearen baliokidetasun-koefizienteaz zatitzen da. Koefiziente hori kalkulatzeko, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraitzen zaio.

  4. Errenta-maila zehazteko beharrezko informazioa zerga-administrazioetatik lortzen du zuzenean laguntzak kudeatzen dituen organoak, ezarrita dauden elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu. Kasu horretan, dokumentazioa aurkeztu behar du.

Kasu hauetan aitortzen da laguntzaren gutxieneko zenbatekoa, betiere laguntza emateko betekizunak egiaztatu badira:

  1. Eskatzaileak eskabidean gutxieneko zenbatekoa eskatzen duenean.

  2. Familia-unitateko kide den amak edo aitak aurka egiten ez badu eta ez bada posible laguntzak kudeatzen dituen organoak dagokion zerga-administraziotik errenta-mailari buruzko informazioa lortzea, baldin eta laguntzak kudeatzen dituen organoak errekerimendua egin ondoren dokumentazioa aurkezten ez bada.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, behar beste baliabide ekonomiko gordetzen da urtero dekretuan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko.

  2. Publikotasun-printzipioa betetzearren, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan ematen du dekretuan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkiduraren berri, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoaren berri.

  1. Alabaren edo semearen zaintza eta jagoletza duen familia-unitateko kide den ama edo aita izan daiteke onuraduna.

    Zaintzaren delegazioaren eta tutoretzaren kasuetan, zaintza izan behar du eskatzaileak, administrazio-ebazpenaren bidez aitortua.

    Onuradunak laguntza kobratzen dabilen aldi osoan izan behar du alabaren edo semearen zaintza eta jagoletza.

  2. Ebazpen judizialaren bidez zaintza eta jagoletza partekatua ezarrita duten kasuetan, bai laguntza eragiten duten alaba edo semearentzat, bai laguntza eragin ez baina familia-unitateko seme-alaben kopurua zehazteko zenbatzen direnentzat, berariazko akordio bat aurkeztu behar dute gurasoek, zehazteko bietatik nork eskatzen duen laguntza; izan ere, pertsona bakarra izango da onuraduna, eta familia-unitate bakar batean zenbatu daiteke seme eta alaba bakoitza.

  1. Onuradunak benetan bizi behar du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean, eta bertako erroldan egon, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

    Era berean, dirulaguntza hauek eskatu eta jaso ditzake eskabidea aurkeztu duen egunean Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizi eta erroldatuta dagoen orok, nahiz eta aurreko hamabi hilabeteetan bertan etengabe bizi ez izan eta bertan erroldatuta ez egon, baldin eta egiaztatzen badu azken hamar urteetan bost urte segidan eman dituela Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzen eta erroldatuta.

  2. Laguntza eragiten duen alabarekin edo semearekin batera erroldatuta egon behar du onuradunak, bai eta familia-unitatearen osaera zehazteko kontuan hartzen diren seme-alaba guztiekin ere, bai eskabidea aurkezteko unean, bai laguntza jasotzen duen aldi osoan. Salbuespen gisa, elkarrekin erroldatuta egoteko betekizuna behin baino ezin da hautsi, gehienez 30 egun naturaleko aldian, emandako laguntza indarrean dagoen aldi osoan. Hala ere, onuraduna genero-indarkeriaren biktima bada, 60 egunera arte luzatzen da salbuespen-aldi hori.

    Adingabeen kasuan, zenbaki honen lehenengo paragrafoan xedatutakotik salbuetsita daude ebazpen judizialaren edo administrazio-ebazpenaren bidez ezarrita dauden zaintza eta jagoletza edo jagoletza partekatuko egoerak. Kasu horietan, seme-alabek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute erroldatuta zaintza eta jagoletza edo jagoletza partekatua esleituta duten pertsonetako edozeinekin, bai eta, hala badagokio, familia-unitatearen osaera zehazteko kontuan hartzen diren gainerako seme-alaba guztiekin ere.

  3. Hirugarren alaba edo semea eta hurrengoak hazi eta mantentzeko laguntza gehigarrien kasuan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi behar du familia-etxean bizi diren hemezortzi urtetik gorako eta hogeita sei urtetik beherako seme-alabek ez dutela lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagorik.

  4. Dekretuan aurreikusitako laguntzen onuradunak salbuetsita daude indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzetik, bai laguntzak eskuratzeko, bai horiek kobratzeko.

  5. Onuradunak egunean ordainduta izan behar ditu dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13.1.g) artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabidea aurkezten den unean bertan bete behar ditu eskatzaileak dirulaguntzak eskuratu ahal izateko betekizunak, eta horretarako ezarritako epeetan egiaztatu behar dira.

    Gainera, ebazpena ematen den arte eta aitortutako aldi osoan mantendu behar dira betekizun guztiak.

  1. Dirulaguntzen eskabideak elektronikoki aurkez daitezke https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0045804 helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan Zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoren batean.

    Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  2. Eskabideak aurkezteko inprimakia eta administrazio-izapideak formalizatzeko gainerako eredu normalizatu guztiak elektronikoak dira, eta prozeduraren fitxan daude eskuragarri, egoitza elektronikoan, helbide honetan: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0045804). Inprimaki eta eredu horiek herritarrentzako arreta eta zerbitzuen eskumena duen organoaren jarraibideen arabera egin dira.

  3. Prozeduraren fitxa eta sarbidea EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude argitaratuta, helbide honetan: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0045804). Bertan, argibide hauek daude eskuragarri:

    Prozedura izapidetzeko jarraibideak.

    Eskabidea ebazteko epeari eta administrazio-isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.

    Eskabidea betetzeko jarraibideak.

    Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa.

    Laguntzak eskuratzeko betekizunen eta horiek egiaztatzeko moduaren inguruko informazio eguneratua, administrazio publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzeko aukera eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.

    Prozeduran egin daitezkeen izapide guztiak, eskatzaileak aldaketak jakinaraztea barne.

    Prozeduraren eredu eta inprimaki normalizatu guztiak (eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak...), EAEko Administrazioaren izapidetze elektronikorako plataforma komuneko formularioen toolkitean oinarrituta.

  1. Laguntzak eskuratzeko betekizunak dokumentu hauen bidez egiaztatu behar dira:

    1. Eskatzailearen nortasuna (haren administrazio-egoera egiaztatzen duen nortasun-agiriarekin identifikatu behar da, eta, halakorik ezean soilik, pasaportea aurkeztu behar da):

      Nazionalek: nortasun-agiri nazionala.

      Europar Batasuneko estatu kide bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan dagoen estaturen beteko nazionalitatea dutenek: atzerritarraren identifikazio-zenbakia, titularraren nazionalitatea jasotzen duen jatorrizko herrialdeko nortasun-agiri ofizialarekin batera; edo, halakorik ezean, pasaportea.

      Gainerako herrialdeetako nazionalitatea dutenek: atzerritarren identifikazio-txartela (AITa); halakorik ezean, atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZa), titularraren pasaportearekin batera; edo, halakorik ezean, pasaportea.

      Laguntza jaso bitartean identifikazio-bitartekoa eguneratuz gero, onuradunak nahitaez jakinarazi behar du, bai eta dokumentu bidez egiaztatu ere.

    2. Filiazio biologikoa: jaiotza-ziurtagiria, erregistro zibileko jaiotza-inskripzioa edo familia-liburua.

    3. Adopzioa: gertaeraren inskripzioari buruzko erregistro zibileko ziurtagiria edo familia-liburua.

    4. Zaintzaren delegazioa (harreran edo adopzio-helburuekin): hura eratzen duen administrazio-ebazpena, bai laguntza eragiten duten alaba edo semearentzat, bai laguntza eragin ez baina familia-unitateko seme-alaben kopurua zehazteko zenbatzen direnentzat.

    5. Tutoretza: tutoretza eratzeko ebazpen judiziala edo erregistro zibileko inskripzio-ziurtagiria.

    6. Errolda eta benetako bizilekua: eskatzailearen errolda-ziurtagiria, familia-etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen duena eta eskatzailea udalerrian noiztik dagoen erroldatuta adierazten duena.

      Eskatutako erroldatze-aldian eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean baino gehiagotan bizi izan bada, eskabidean zehaztu behar ditu udalerri horiek.

      Errolda-ziurtagiriek, gehienez ere, hiru hilabeteko antzinatasuna izan behar dute eskabidea aurkezten den egunetik.

      Laguntza izapidetu edo kudeatzean arrazoizko zalantzak ondorioztatzen badira benetako bizilekuari buruz, errolda-agiria ez da, berez, benetako bizilekuaren froga, eta, beraz, zuzenbidean onargarri den beste edozein bitartekoren bidez egiaztatzeko eskatzen da.

    7. Zaintza eta jagoletza: ebazpen judiziala, bai laguntza eragiten duten alaba edo semearentzat, bai laguntza eragin ez baina familia-unitateko seme-alaben kopurua zehazteko zenbatzen direnentzat.

      Ebazpen judizialaren edo administrazio-ebazpenaren bidez zaintza eta jagoletza edo jagoletza partekatua ezarrita duten kasuetan, gainera, berariazko akordio bat aurkeztu behar da, eta hor ezarriko da gurasoetako zein den laguntzaren eskatzailea, laguntza sortzen duen semea edo alaba familia-unitate bakar batean zenbatzen baita. Era berean, laguntza eskatzen ez duen amaren edo aitaren baimena aurkeztu behar da, laguntza eragiten duen alaba edo semearekin eta laguntza eragin ez baina familia-unitateko seme-alaben kopurua zehazteko zenbatzen diren gainerako seme-alabekin batera erroldatuta dagoenean, errolda-datuak kontsultatzeko.

    8. Guraso bakarreko familia: guraso bakarreko familiaren ziurtagiri ofiziala, Eusko Jaurlaritzak emana.

    9. Desgaitasuna edo mendekotasuna: familia-unitatea osatzen duten eta desgaitasun edo mendekotasunen bat aitortuta duten pertsona guztien administrazio-ziurtagiria.

    10. Genero-indarkeriaren biktima: dekretuaren 3.11 artikuluan ezarritako edozein bitarteko.

    11. Laguntza kobratzeko adierazten den banku-kontuak IBAN kodea izan behar du, eta entitatea ez bada Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, BBVA, Banco Santander, Sabadell, Caja Rural de Navarra edo Bankoa/Abanca, banku-agiri bat aurkeztu behar da kontuaren titulartasuna egiaztatzeko (laguntza eskatu baino hilabete lehenago emana gehienez), datu hauek zehaztuta: entitatearen izena, banku-kontuaren zenbakia, banku-kontuaren titularraren izena eta nortasun-agiri nazionalaren zenbakia, atzerritarraren identifikazio-zenbakia edo, pasaportearekin identifikatu bada, pasaportearen zenbakia. Hala ere, eskatzaileak pasaportea baino ez badu aurkezten eskabidean identifikatzeko, beti aurkeztu behar du banku-kontuaren titulartasunari buruzko dokumentu hori.

      Eskabide-orrian adierazitako banku-kontuaren titularra nahitaez izan behar da laguntzaren eskatzailea.

      III. kapituluan aurreikusitako laguntzek laguntzaren zenbatekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera zehaztea aurreikusten dute. Familia-unitatearen diru-sarrera fiskalak informazio honen bidez egiaztatzen dira:

    1. Familia-unitatea osatzen duten gurasoen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren likidazioa edo, banantze, dibortzio, ezkontza-deuseztasun edo izatezko bikotearen bizikidetza kasuetan, seme-alaben zaintza eta jagoletza duen aita edo ama eskatzailearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren likidazioa (epai judizial bidez berretsitako hitzarmen arautzailearen arabera) gehi haren egungo ezkontidearena edo izatezko bikotekidearena, halakorik badago (baterako aitorpena edo bakoitzaren aitorpen indibiduala), gertaera eragilearen unean likidatutako azken zergaldiari dagozkionak, dekretuaren 9.2 artikuluan ezarritako baldintzetan.

    2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez bada, dagokion administrazioak emandako ziurtagiria, gertaera eragilearen unean likidatutako azken zergaldiari dagozkion errenta guztiak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari egotz dakizkiokeen etekin guztiak adierazten dituena, dekretuaren 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

      1. Eskatzaileak eskubidea du ez aurkezteko jadanik administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste administrazio orok egindakoak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, ezarrita dauden elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez, dekretuaren 13. artikuluan jasotako betekizunak egiaztatzen dituzten dokumentuak kontsultatu edo eskuratu ditzake, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu.

        Aurka egiten bada edo, kontsulta egin ondoren, behar den informazioa lortu ezin bada, arrazoia edozein dela ere, eskatzaileak dagokion dokumentazioa aurkeztu behar du, laguntzak kudeatzen dituen organoak aldez aurretik eskatuta.

        Halaber, eskatzaileak laguntza kobratzeko adierazi duen banku-kontua Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, BBVA, Banco Santander, Sabadell, Caja Rural de Navarra edo Bankoa/Abanca entitatekoa bada, elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez egiaztatzen da adierazitako banku-titulartasuneko datuak egiazkoak direla. Elkarreragingarritasuna ez da posible eskatzailea pasaportearekin identifikatzen denean.

        Dekretua indarrean sartu denean, aipatutako entitateek hitzarmen bat dute sinatuta Eusko Jaurlaritzarekin, bezeroei beren banku-datuak baliozkotzeko aukera emateko. Etorkizunean beste finantza-entitate batzuk atxikitzen bazaizkio hitzarmen horri, laguntzen informazio-fitxan zehaztuko dira.

  1. Dekretuaren 4. artikuluan jasota dagoen seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzaren eskabideak aurkezteko epea gertakari hauen hurrengo egunean hasten da:

    1. Haurra jaiotzea.

    2. Adopzioa (nazionala edo nazioartekoa) eratu izana inskribatzea dagokion erregistro zibilean (kontsuletxeetakoak barne).

    3. Tutoretza inskribatzea dagokion erregistro zibilean (kontsuletxeetakoak barne).

    4. Zaintzaren delegazioa (harreran edo adopzio-helburuekin) eratzen duen administrazio-ebazpena laguntzaren eskatzaileari jakinaraztea.

      Laguntza-eskabidea aurkezteko epea alabak edo semeak lau urte bete aurreko hilabetearen azken egunean amaitzen da. Adopzioaren, tutoretza eratzearen eta zaintzaren delegazioaren kasuetan, aldiz, adopzioa edo tutoretza dagokion erregistro zibilean (kontsuletxeetakoak barne) inskribatzen denetik edo zaintzaren delegazioa eratzen duen administrazio-ebazpena laguntzaren eskatzaileari jakinarazten zaionetik lau urte bete aurreko hilabetearen azken egunean amaitzen da.

  2. Arau honen 5. artikuluan aurreikusita dauden hazi eta mantentzeko laguntza gehigarriak eskatzeko epearen hasierari dagokionez, adingabeak lau urte bete eta hurrengo egunetik aurrera hasten da, edo, adopzioa, tutoretza edo zaintzaren delegazioa eratzen den kasuetan, inskripzioa erregistro zibilean egiten denetik edo administrazio-ebazpena jakinarazten denetik lau urte bete eta hurrengo egunetik aurrera.

    Laguntza-eskabidea aurkezteko epea alabak edo semeak zazpi urte bete aurreko hilabetearen azken egunean amaitzen da. Adopzioaren, tutoretza eratzearen eta zaintzaren delegazioaren kasuetan, aldiz, erregistro zibilean (kontsuletxeetakoak barne) inskribatzen denetik edo administrazio-ebazpena jakinarazten denetik zazpi urte bete aurreko hilabetearen azken egunean amaitzen da, betiere laguntza eragiten duen alaba edo semea hemezortzi urtetik beherakoa bada.

  3. Aparteko dirulaguntzen eskabideak hiru hilabeteko epean aurkeztu behar dira, haurra jaio, adopzioaren kasuan (nazionala zein nazioartekoa) inskripzioa dagokion erregistro zibilean egin (kontsuletxeetakoak barne) edo zaintzaren delegazioaren kasuetan administrazio-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

    20.2.a) artikuluari dagokionez, laguntza eragin duen alaba edo semeetako bat ospitaleratuta egon bada 10 egun naturalez edo gehiagoz, luzatu egiten da eskabideak egiteko epe hori, ospitaleratuta egon den egun kopurua gehituz.

Familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendaria da dekretuan araututako laguntzak kudeatzen dituen organoa. Laguntzak kudeatzen dituen organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egiten ditu, gero datu horietan oinarrituz onetsiko baitu behin betiko ebazpen-proposamena, familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordeari helarazteko.

  1. Laguntzaren onuraduna hiltzen bada, edo ebazpen judizialaren edo administrazio-ebazpenaren bidez ebazten bada onuradunak ez daukala laguntza eragiten duen alaba edo semearen zaintza eta jagoletza edo zaintza, emandako laguntza azkentzeko ebazpena ematen da, onuraduna hil eta hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik edo ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena eman eta hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera.

  2. Onuradun izan daitekeen pertsonak eskabidea egin beharko du, eta 20.4 artikuluan aurreikusitako epean ebatziko da.

    Edozein unetan aurkez daiteke eskabidea. Eredu normalizatuaren arabera formulatzen da, eta gertaera eragilearen eta eskatzailearen egiaztagiriak aurkeztu behar dira.

  3. Heriotza gertatu edo ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena jakinarazi eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkezten bada eskabidea, jarraitutasunez aitortzen da laguntza, hileko ordainketarik galdu gabe gertaera eragiletik aurrera.

    Aipatutako epe hori igaro ondoren aurkezten bada eskabidea, aurkezten den egunetik aurrera soilik aitortzen da laguntza.

  4. Laguntza eman ahal izateko, eskabidea aurkezten den unean bertan eta diruz lagundutako aldi osoan bete behar dira betekizun eta baldintzak. Betekizun horiek ez direnean betetzen diruz lagun daitekeen aldiaren hasieratik, baina bai eskabidea aurkezten den egunean, interesdunak betekizunak betetzen dituen hilabetearen lehenengo egunetik aurrera aitortuko da laguntza.

  5. Laguntzaren onuraduna hiltzen bada, ebazpen judizialaren bidez zaintza eta jagoletza galtzen bada edo administrazio-ebazpenaren bidez zaintzaren delegazioa galtzen bada, desgaitasuna edo mendekotasun dela-eta laguntza bikoiztuta jaso ahal izateko, laguntza bikoizteko eskabidea aurkeztu behar da, eta eskatzaileak egiaztatu behar du betekizunak betetzen dituela, bai eskabidea aurkezteko unean, bai laguntza jasotzen duen aldi osoan.

  1. Laguntzak ondoz ondo eta deialdi irekiaren bidez izapidetzen eta ematen zaizkie dekretuan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei, eta eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera ebazten dira, espedientea osatzen den unearen arabera.

  2. Eskabidea zuzentzeko edo osatzeko eskatzen bada, aldaketa zein egun eta ordutan egin den hartzen da erreferentziatzat, dagokion dokumentazioa aurkezteko hurrenkera kontuan hartuta.

  1. Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordearen banakako ebazpenaren bidez ematen edo ukatzen dira eskatutako laguntzak.

  2. Seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzen ebazpenak (dekretuaren 4. artikuluan jasota dauden laguntzak) dagokion aldi osorako laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen du, honela:

    1. Baldin eta laguntza-eskabideak 16.1 artikuluan zehaztutako epearen lehenengo hiru hilabeteetan aurkezten badira, gertaera eragilea jazo zen hilabetetik aurrera aitortzen da laguntza jasotzeko eskubidea.

    2. Baldin eta laguntza-eskabideak aipatutako hiru hilabeteak igaro ondoren aurkezten badira, eskabidea aurkeztu den hilabetetik aurrera aitortzen da laguntza jasotzeko eskubidea.

  3. Hazi eta mantentzeko laguntza gehigarrien ebazpenak (dekretuaren 5. artikuluan jasota dauden laguntza gehigarriak) dagokion aldi osorako laguntza aitortzen du, honela:

    1. Baldin eta laguntza-eskabideak 16.2 artikuluan zehaztutako epearen lehenengo hiru hilabeteetan aurkeztu badira, adingabeak lau urte bete zituenetik edo gertaera eragilea jazo eta lau urte igarotzen direnetik aurrera aitortzen da laguntza jasotzeko eskubidea.

    2. Baldin eta laguntza-eskabideak aipatutako hiru hilabeteak igaro ondoren aurkezten badira, eskabidea aurkeztu den hilabetetik aurrera aitortzen da laguntza jasotzeko eskubidea.

  4. Ebazteko eta ebatzitakoa interesdunari jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabidea erregistratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ezetsitzat jotzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, eskabidea zuzentzeko edo osatzeko epe bat irekitzen bada, epea etenda geratzen da jakinarazpena jasotzen denetik eskatutako dokumentazio guztia aurkezten den arte.

  5. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  6. Osagarri gisa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea aplikatuko da.

1. II. kapituluan ezarritako dirulaguntzak hilero ordaintzen dira, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren. Honela egiten da:

  1. Seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzak:

    Jaiotzaren kasuan, jaiotza gertatu den hilabeteari dagokion zenbatekoa ordaintzen da. Adopzioaren, zaintzaren delegazioaren (harreran edo adopzio-helburuekin) edo tutoretza eratzearen kasuetan, gertaera eragilearen hilabeteari dagokion zenbatekoa ordaintzen da, edo, hala badagokio, dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen den hilabeteari dagokiona; eta ez da ordaintzen alabak edo semeak lau urte betetzen dituen edo gertaera eragilearen ondoren lau urte betetzen diren hilabeteari dagokion zenbatekoa.

  2. Seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntza gehigarriak:

    Alabak edo semeak lau urte betetzen dituen hilabeteari dagokion zenbatekoa ordaintzen da, eta ez da ordaintzen alabak edo semeak zazpi urte betetzen dituen hilabeteari dagokion zenbatekoa. Adopzioaren, tutoretza eratzearen edo zaintzaren delegazioaren kasuetan, 5.1 artikuluan aurreikusitako hiru urteetako lehenengo hilabeteari dagokion zenbatekoa ordaintzen da, eta ez da ordaintzen urte horietako azken hilabeteari dagokion zenbatekoa.

    III. kapituluan ezarritako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordaintzen dira, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren.

    II. eta III. kapituluetako laguntza ekonomikoak, nolanahi ere, onuradunak eskabidean adierazi duen kontu-zenbakian ordaintzen dira; banku-kontu horrek IBAN kodea izan behar du, eta eskatzailearena izan behar du. Ordainketa egin ahal izateko, banku-kontu hori onuradunak irekita egon behar du laguntza-eskabidean nortasuna egiaztatzeko aurkeztutako identifikazio-agiri berarekin.

    Laguntza ezin bada adierazitako banku-kontuan ordaindu, arrazoia edozein dela ere, laguntza banku-kontuan sartu ahal izateko ezinbestekoak diren egintzak egiteko eskatuko dio laguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunari. Hiru hilabeteko epea igaro eta onuradunak eskatu zaion izapidea egin ez badu, azkentzeko arrazoia izango da. Orduan, laguntzak ematen dituen organoak, kontraesan- eta berdintasun-printzipioak errespetatuz dagokion espedientea instruitu ondoren, ebazpena emango du, errekerimendua jakinarazi eta hiru hilabete igaro ondoren, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziz, laguntza banku-kontuan sartzea ezinezkoa den hilabetetik aurrera.

  1. Dekretuaren II. kapituluan eta III. kapituluan arautu diren dirulaguntzak bateragarriak dira elkarren artean.

  2. Familia-unitate batek laguntza bana jaso dezake ezarritako adin- eta hurrenkera-betekizunak betetzen dituen alaba eta seme bakoitzeko.

  3. Dekretuaren II. kapituluan eta III. kapituluan aurreikusitako laguntza bat eragin duen alaba edo seme batek ezin du dirulaguntza berririk eragin diruz lagun daitezkeen egoera berberengatik, familia-unitate berria aurreko familia-unitatearen parte zen guraso batek osatzen badu.

  4. Seme edo alaba batek hazi eta mantentzeko laguntza gehigarri bakarra eragin dezake, nahiz eta dekretuaren 5. artikuluan adierazitako zenbait kasu bete.

  5. Adopzio-helburuekin egindako zaintzaren delegazioaren ondorengo adopzioen kasuan, amak edo aitak erabakitzen du zertarako eskatu laguntza: adopzio-helburuekin egindako zaintzaren delegazioa formalizatzeko ala, ondoren, adopzioa eratzeko. Nolanahi ere, bi arrazoi horietako batengatik bakarrik eska daiteke laguntza.

    Eskabide bat baino gehiago aurkezten badira arrazoi ezberdinak argudiatuta, behar bezala beteta dagoen erregistratutako lehenengo eskabidea bakarrik hartzen da kontuan.

    Eskabide berean bi arrazoiak adierazten badira, eta dagokion dokumentazioa aurkezten bada, laguntza adopzio-helburuekin egindako zaintzaren delegazioa formalizatzeko eskatzen dela ulertzen da.

  6. Zaintza eta jagoletza edo jagoletza partekatuaren kasuan, seme edo alaba bera ezin da zenbatu familia-unitate desberdinetako kide diren hainbat onuradunen eskabideetan.

  7. Halaber, dekretuan aurreikusitako laguntzak diru-sarrera gisa zenbatzen dira eskatzailearen ahalmen ekonomikoa zehazteko, eta kalkulatzeko zenbateko laguntza eman behar den baliabide nahikorik ez duten pertsonen pobrezia edo gizarte-bazterketako arrisku-egoerak arintzeko, bat etorrita horrelakoei buruzko arauetan aurreikusitakoarekin.

  8. Dekretuan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira administrazio publikoek antzeko xedeetarako eman edo ezar ditzaketen bestelako laguntzekin.

  9. Dekretuan araututako laguntzak bateraezinak dira seme edo alaba bera dela-eta beste edozein herrialdetan edo atzerriko edozein administraziotan emandako zuzeneko beste edozein laguntzarekin, hartzailea edozein dela ere, baldin eta laguntza horien helburua edo izaera dekretuan aurreikusitakoen bera bada. Ondorio horietarako, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen batean azaldu behar du, laguntza hau indarrean dagoen bitartean, seme edo alaba berak ez duela laguntzarik eragiten eta ez duela eragingo beste herrialde batean edo atzerriko beste administrazio batean, laguntza jasotzen duen pertsona edozein dela ere, eta eskatzen zaion egiaztagiriak aurkeztu behar ditu.

  1. Laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotzen diren betebehar orokorrak bete behar dituzte, eta, zehazki, hauek:

    1. Dirulaguntzak ematen dituen organoari jakinaraztea diruz lagundutako egoera aldatzen duen edo laguntzak onartzeko kontuan hartu ziren betekizunak ez betetzea dakarren edozein gorabehera.

    2. Familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia ematea.

    3. Emandako laguntzari dagokionez, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea.

  2. Zehapen-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan eta Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean aurreikusitakoa da.

Familia-politikaren arloan eskumena duen sailak ikuskapen- eta kontrol-lanak egiten ditu dekretuaren helburuak betetzen direla bermatzeko.

Halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, interesgarria izan daitekeen informazio guztia eska diezaiokete onuradunari, eta laguntzen kudeaketa gauzatzeko dagozkien egiaztapen-jarduketak egin ditzakete.

  1. Bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan eta 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautzen da (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

  2. Baldin eta laguntzaren onuradunak ez badu betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharren bat, laguntzak ematen dituen organoak, dagokion prozedura bideratu eta onuradunari entzun ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratzen du.

  3. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan, jasotako zenbateko guztiak itzuli behar dira.

  4. Laguntzak ematen dituen organoak, laguntza eman ondoren eta laguntza osorik ordaindu arte, zantzu arrazoituak baditu ondorioztatzeko ez direla betetzen onuradun izateko edo onuradun izaten jarraitzeko dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako betekizunak, ordainketak kautelaz eteteko ebazpena ematen du, arrazoiak azalduz eta 15 egun balioduneko alegazio-epea emanez, ebazpen hori jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betekizunak benetan betetzen direla egiaztatzeko.

    Informazio guztia bildu ondoren, laguntzak ematen dituen organoak ebazpena ematen du, hau adierazteko:

    1. Ez bada egiaztatu laguntza jasotzeko eta jasotzen jarraitzeko betekizunak betetzen direla, laguntza jasotzeko eskubidea galtzen da ez-betetzea gertatu zen hilabetearen lehenengo egunetik, edo, ez-betetzearen data jasota ez badago, kautelaz eteteko ebazpena eman den hilabetearen lehenengo egunetik.

    2. Laguntza jasotzeko eta jasotzen jarraitzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzen bada, berriz ekiten zaio laguntza ordaintzeari, eta ordainketa eten zenetik ordaindu gabe dauden hilabeteei dagozkienak ere ordaintzen dira.

      II. kapituluan aurreikusitako laguntzen kasuan, laguntza jasotzeko eta jasotzen jarraitzeko betekizunak ez betetzeak laguntza jasotzeko eskubidea galtzea dakar ez-betetzea gertatu zen hilabetearen lehenengo egunetik aurrera.

      Baldin eta onuradunak, laguntza eman ondoren eta guztiz ordaindu aurretik, laguntza emateko eta baliatzeko betekizunak betetzeari uzten badio, berehala jakinarazi behar dio laguntzak kudeatzen dituen organoari, ez-betetzea gertatu zen hilabetearen lehenengo egunetik laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela adierazten duen ebazpena eman dezan.

      III. kapituluan aurreikusitako laguntzen kasuan, laguntza guztiz galtzea ekarriko du laguntza jasotzeko betekizunak ez betetzeak.

      1. Laguntza eragiten duen edo laguntza jaso ahal izateko zenbatzen den alaba edo semeren bat hiltzen bada, semea edo alaba hil den hilabeteari dagokion zenbatekoa kobratzen du eskatzaileak.

        Heriotza erditu ostean izan bada, nortasuna eskuratu ondoren, egiaztatu egin behar da inguruabar hori, baina ez da bizikidetza-ziurtagiria aurkeztu behar jaiotzaren hilabeteari dagokion laguntza kobratu ahal izateko.

      2. Laguntzak ematen dituen organoak, ikuskapen- eta kontrol-ahalmenak baliatuz, dekretuan araututako laguntzak jasotzeko eta jasotzen jarraitzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzeko egintzak gauzatzeko edo ezinbesteko dokumentuak aurkezteko eskatzen badio onuradunari, eta hiru hilabeteko epea igaro eta onuradunak eskatu zaion izapidea egin ez badu, azkentzeko arrazoia izango da. Ondorioz, laguntzak ematen dituen organoak ebazpena emango du, egindako azken ordainketaren hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziz.

Emandako dirulaguntzen zerrenda, euren zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta onuraduna adierazita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratzen da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren babesean aurkeztutako eskabideak.

  1. Dekretu hau indarrean jarri aurretik aurkeztu ziren eta ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideak 27/2023 Dekretuaren arabera izapidetu eta ebazten dira (27/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena).

  2. Ezarrita dago laguntzaren eskatzaileak erroldatuta egon behar duela laguntza eragiten duen alabarekin edo semearekin batera eta familia-unitatearen osaera zehazteko kontuan hartzen diren seme-alaba guztiekin batera, baina gai horren inguruko salbuespen bat dago jasota dekretu honen 13.2 artikuluan. Bada, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren babespean emandako laguntzei ere aplikatuko zaie salbuespen hori, dekretu hau indarrean jarri zenetik izandako ez-betetzeei dagokienez.

  3. Era berean, dekretu honen 21. artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitako prozedura eta ondorioak (laguntza-eskabidean adierazitako banku-kontuan ordaintzeko ezintasunari dagokionez) Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren babesean emandako laguntzei ere aplikatzen zaizkie.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren babesean ebatzitako laguntzak zabaltzea (seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzak eta hirugarren alaba edo semea eta hurrengoak hazi eta mantentzeko laguntza gehigarriak).

  1. Dekretu hau indarrean jartzen denean pertsonaren bati amaitu egin bazaio diruz laguntzeko moduko egoera edo haren egoera ez bazen diruz laguntzeko modukoa izan Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren arabera, eta dekretu honen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako laguntzak zabaltzeko eskubidea badu, dekretua indarrean jartzen denetik 2026ko abenduaren 31ra arte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango du eskabidea; horrelakoetan, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aitortuko zaio laguntza, edo dagokion unetik aurrera. Eskabidea 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten badu, eskabidea aurkeztu zen hilabetetik aurrera aitortuko da laguntza jasotzeko eskubidea. Eskabidea aurkezten den unean eta ebazpenean aitortuko den diruz laguntzeko moduko aldi osoan bete behar dira betekizun eta baldintzak.

  2. Dekretu hau indarrean jartzen denean laguntzaren bat jasotzen ari direnak 27/2023 Dekretuaren arabera (27/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena), baldin eta eskubidea badute dekretu honen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako laguntzak zabaltzeko, aipatutako 27/2023 Dekretuaren arabera aitortutako hilabeteko laguntzak amaitu eta hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dute eskabidea, ondorio hauekin:

    Baldin eta aurreko laguntza amaitu eta sei hilabeteko epean aurkezten badute eskabidea, aitortutako azken hilabetetik aurrera emango da dekretu honetako laguntza, betiere betekizun eta baldintzak bete badira eskabidea aurkezteko unean eta ebazpenean aitortuko den diruz laguntzeko moduko aldi osoan.

    Baldin eta eskabidea sei hilabeteko epe hori igaro ondoren aurkezten bada, eskabidea aurkeztu den hilabetetik aurrera ematen da laguntza.

  3. Hirugarren alaba edo semearen eta hurrengoen jaiotza, adopzio, tutoretza edo adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioen kasuan, baldin eta 27/2023 Dekretuaren 6. artikuluko laguntza gehigarria aitortu bazaie (27/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena) eta dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitako laguntza zabaltzea badagokie, beste 100 euro emango zaizkie laguntza jasotzeko eskubidea duten hileko ordainketetan. Semeak edo alabak desgaitasuna aitortuta badu, bikoiztu egingo zaio laguntza.

    HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren (Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituena) eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren (Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena) babesean emandako laguntzak zabaltzea desgaitasun eta mendekotasun kasuetan.

    Bikoiztu egiten dira martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren (Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituena) eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren (Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena) bitartez aitortutako zenbatekoak, dekretu honen 6. artikuluko baldintza eta betekizunekin, betiere eskatzaileak, bikoizteko eskatzen den egunean, laguntza emateko betekizun eta baldintzak betetzen baditu.

    LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Laguntzak erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik.

    Erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik 27/2023 Dekretuaren III. kapituluari jarraikiz eman ziren aparteko dirulaguntzak (27/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena) bateraezinak dira dekretu honen III. kapituluan araututa dauden laguntzekin alaba edo seme berari dagokionez edo, erditze edo adopzio anizkoitzen kasuan, seme-alaba berberei dagokienez.

Arau hauek indargabetuta geratzen dira: batetik, 27/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzena; bestetik, 2023ko uztailaren 26ko Agindua, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak, eta, azkenik, dekretu honen aurka egiten duen maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Erregelamendu bidezko garapena.

Familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta egikaritzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Araua indarrean jartzea eta haren eragina.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 2an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.