Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

COVID-19aren inpaktua EAEko kultura-sektorean. Itxiera-txostena

Kulturaren Euskal Behatokiak Krisiaren Behatokiaren itxiera-txostena aurkezten du. Krisiaren Behatoki hori COVID-19ak kultura-arlo eta -sektoreetan izan duen inpaktuaren jarraipena eta azterketa egiteko baliabidea da. Pandemiari eusteko aldarrikatutako neurriak luzatu egin zirenez (2022ko otsailaren 11ko Dekretuaren bitartez, osasun-larrialdiko egoera amaitu arte), orain arte ezin izan da itxiera-txostena egin.

Kulturaren Euskal Behatokiak Krisiaren Behatokiaren itxiera-txostena aurkezten du. Krisiaren Behatoki hori COVID-19ak kultura-arlo eta -sektoreetan izan duen inpaktuaren jarraipena eta azterketa egiteko baliabidea da. Ad hoc baliabide horren esparruan, inpaktuari eta orientazio estrategikoari buruzko hainbat txosten egin ziren. Horietako bi argitaratu ziren: hasierako txostena, mugarri izan zena azkar egin zelako eta pandemiaren hasierako inpaktua kuantifikatzeko kalkuluak eta analisiak egin zituelako (2020ko maiatza); eta bigarren txostena, pandemiaren bilakaeraren jarraipena egitea zuena helburu (2020ko abuztua). Pandemiari eusteko aldarrikatutako neurriak luzatu egin zirenez (2022ko otsailaren 11ko Dekretuaren bitartez, osasun-larrialdiko egoera amaitu arte), orain arte ezin izan da itxiera-txostena egin.

Zoritxarrez, pandemia espero zena baino gehiago luzatu zen, bi urtez zehazki. Prozesu luzea eta gogorra izan zen, irekiera partzialez eta euste-neurriez betetakoa. Prozesu horren ondorioz, jardueren itxierek zuzenean gehien eragin dioten sektoreetako baten susperraldia oztopatu da.

Enpresei, enpleguei edo gastu publikoari dagokienez inpaktua kuantifikatzeko datuak falta baditugu ere (laster ezagutaraziko dira), txostenak 2022ko lehen hiruhilekoan eskuragarri dauden emaitzak aurkezten ditu. Sektorearen egoera testatzeko erabilitako formula hau izan da: agenteak hartzen ari ziren neurriekin lotutako galderak sartzea Behatokiaren ohiko inkestetan. Informazioa biltzeko bide horren alde egiteko bi arrazoi daude: baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, batetik, eta testuinguru ziurgabe eta ezegonkor batean pandemiari buruzko galdetegiak betetzeaz nekatuta zegoen sektore batekiko kontsiderazioa, bestetik.