Emakumeen presentzia ikusizko arteetan eta ikus-entzunezkoetan azterlana egin eta hamar urtera (genero-berdintasunaren inguruan ikerketa-ildo bat ireki zuen hark kultura-sektore guztietan), sektoreak, ikus-entzunezko ekoizleen elkarteen (EPE-IBAIA eta APIKA) eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakumeen (H)emen elkartearen bidez, informazioa eguneratzeaproposatu zuen, egungo testuingurura egokitutako diagnostikoa izateko. Horixe da, beraz, ikerketa honen helburua.
Hamar urte igaro dira dagoeneko. Nahikoa denbora perspektiba izateko, bai eta ordutik aurrera maila guztietan ezarri diren ekintzen eragina baloratzeko ere. Horregatik, datuek horretarako aukera ematen dutenean, diagnostiko honek begirada ebolutiboa ematen du aurrerapenak neurtzeko (halakorik ikusten bada), joerak detektatzeko eta dinamikak ikuspegi diakronikotik aztertzeko.
Diagnostikoan sartu aurretik, guztion sentsazioa da tarteko denbora batean gaudela. 2016. urtearekin alderatuta, aldaketak nabari dira, hasierako egoera oso desberdina eta diskriminatzailea baitzen. Emakumeek presentzia handiagoa dute orain, programazioen parte dira, aretoetan edo plataformetan ikusten ditugun tituluen buru dira, sariak jasotzen ikusten dira. Garai batetik hona ahots gehiago dute. Hala ere, Los domingos filmagatik zuzendari onenaren Goya saria jaso zuenean, Alauda Ruiz de Azuak emakumeentzako aukera gehiago eskatu zituen. Aukerak, emakumeen eta gizonen artean benetan berdintasun eraginkorra bermatu nahi duten legeek jasotzen duten bezala. 40 urtean sari hori jaso duen laugarren emakumea da. Bestalde, Esther Garciak, Donostia Zinemaldiaren azken edizioan Donostia Saria jaso zuen lehen emakumezko ekoizleak, Ni un paso atrás, compañeras! esan zuen ozenki bere diskurtsoaren amaieran. Bi emakume arrakastatsu dira horiek, erreferente dira, eta berdintasunaren alde etenik gabe lanean jarraitzeko beharra erakusten dute haien hitzek.
Vernon Leek 1903ko testu batean zioenez emakumeok «prest egon behar dugu askotan berriro hasteko». Handik mende bat baino gehiagora ere errealitate izaten jarraitzen du. Gure izaerak berezkoa du. Prest gaude, beraz, lan egiteko eta erabakiak hartzeko, istorioak kontatzeko eta zuzentzeko. Horretarako, ekintzak eta konplizeak behar ditugu.
