Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Eusko Jaurlaritzak bost hilabetetan 620 etxebizitza berreskuratu ditu parke babesturako, azalera-eskubidea saltzearen bidez

Argitalpen-data: 

Viviendas_ajenas_a_la_convocatoria.jpg
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak arrakastaz amaitu du lurzoru publiko gaineko etxebizitzen deskalifikazioa lehengoratzeko planaren zazpigarren fasea. 10 milioi euro baino gehiago bilduko ditu eta zenbateko hori oso-osorik berrinbertituko du alokairu babestuko higiezin berrietan.

Eusko Jaurlaritzak asteazkenean, hilak 31, amaituko du hasiera batean babestuta zeuden eta denborarekin kalifikazio hori galdu zuten etxebizitzen jabeei lurzoruaren azalera-eskubidea saltzeko prozesua. Uztailean deialdia abian jarri zenetik bost hilabete besterik igaro ez direnean, hiru lurralde-ordezkaritzek 628 espediente kudeatu dituzte, eta horietako sei atzera bota dituzte. Hortaz, 620 etxebizitza berreskuratu dira Euskadiko parke babesturako. Arlo ekonomikoari erreparatuta, zazpigarren deialdi horretan Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro baino gehiago bilduko ditu, eta oso-osorik jarriko ditu alokairu babestuko higiezin berriak eraikitzeko.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ustez, emaitza hori “oso positiboa” da, eta nabarmendu du, parte-hartze handiari esker, Euskadik urrats handia egin duela aurrera lurzoru publiko gainean finkatutako etxebizitza babestuen galera historikoa lehengoratzeko bidean. Ildo horretan, Denis Itxaso sailburuak erdietsitako lorpenaren balioa azpimarratu du, eta aditzera eman du babes ofizialeko etxebizitzen sistemarako 620 etxebizitzak berreskuratzea “ez dela zifra hutsa, gure ondare babestua berehala eta modu ukigarrian indartzeko ahalegina dela, baita anomalia historiko bat zuzentzeko urrats sendoa eta etxebizitza eskuratzeko une kritiko batean bidezko neurria ere”.

Sailburuak herritarren funtsezko rolaren garrantzia ere nabarmendu du, eta adierazi duenez “jabeen erantzunak agerian uzten du gizarte-kontzientzia dagoela etxebizitza babestua zaintzearen garrantziaren inguruan”. Itxaso sailburuaren arabera, “lehendik datorkigun arazo bat aukera bihurtzea da Euskadik behar duen politika publiko mota”.

Lurraldeen arabera, Bizkaian egin dira eragiketa gehien, 270 (236 emakida —3.691.496,26 €—, 30 tramitazioan, 3 ukatuta eta 1 bertan behera geratua); gero Gipuzkoa dator 242 transakziorekin (162 emakida —2.928.978,18 €— eta 80 tramitazioan) eta, azkenik, Araba 116 eragiketarekin (103 emakida —1.597.367,59 €—, 11 tramitazioan eta 2 ukatuta).

Bestalde gogorarazi du, jarduketa-ildo hori egiturazkoa dela. “2010. urteaz geroztik, 4.591 etxebizitzatako lurzorua saltzea ahalbidetu duten deialdiak bultzatu ditugu; horietatik 2.940 (% 64) aldi baterako kalifikazioa zuten etxebizitzak ziren, edo jada deskalifikatutakoak, eta behin betiko kalifikazioa eman zitzaien lurzorua erostearen truke”. Gainerako 1.651 etxebizitzak (% 36), berriz, kalifikazio iraunkorra zuten, eta haien jabeei lurzorua saldu zitzaien aldi baterako jabetzatik jabetza osora pasatzeko. Horiei azken deialdi honetan berreskuratutako babes ofizialeko 620 etxebizitzak gehitu beharko zaizkie.

Itxasok zehaztu duenez, orain kudeatutako espedienteekin “diru publikoarekin eraikitako milaka etxebizitza babesik gabe utzi zituen prozesua konpontzen jarraitzen dugu”.

Eragiketa estrategikoa

Prozesu hori sartzen da 2003. urteko dekretua baino lehen lurzoru publiko gaineko azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzak erregularizatzeko 2010etik bultzatutako zazpigarren fasean. Izatez, dekretu horrek babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa betikotzat jotzen zuen. Aldez aurreko erabakien ondorioz, 9.226 etxebizitzak utzi zioten denborarekin babestu izateari (4.400 Bizkaian, 3.478 Gipuzkoan eta 1.348 Araban), nahiz eta 75 urtez lurzoru publikoan eraikita egon. Horien babesa berreskuratzea da egungo Jaurlaritzaren helburu estrategikoetako bat.

Prozesu bermatzailea, gardena eta birkalifikatzeko konpromisoa duena

Aurreko aldietan bezalaxe, prozedurak deialdian zehaztutako irizpideei jarraitu die:

  • Eraikin bakoitzari egotzitako balioaren tasazioa eta etxebizitzaren araberako banaketa proportzionala.
  • Azalera-eskubidearen prezioaren komunikazio indibidualizatua.
  • Parte hartzen duten etxebizitza guztiak behin betiko birkalifikatzeko nahitaezko konpromisoa.
  • Lurralde-ordezkaritzen ebazpenak eta besterengarritasun-adierazpena, sailburuaren agindu bidez.

620 espedienteen ebazpenarekin, etxebizitza horiek modu iraunkorrean berreskuratzen dute kalifikazio babestua, eta Euskadiko parke publikoan txertatuta geratzen dira. Gaur egun, Euskadin 65.924 etxebizitza babestu daude. Fase honetan berreskuratutako 620 etxebizitzek hazkunde nabarmena dakarte oso epe laburrean, eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuen parkea modu kuantitatiboan zein kualitatiboan indartzeko duen konpromisoa sendotzen dute.

Itxasok adierazi duenez, “gaur aurrerapauso erabakigarria egin dugu parke babestu sendoago, egonkorrago eta justuagoaren eraikuntzan. Eta bide horretan aurrera egiten jarraituko dugu”.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)