Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Renfe eta Plena inclusión tren-bidaietan irisgarritasun kognitiboa errazteko lanean ari dira

Argitalpen-data: 

Plena Inclusión

Hezkuntza-dokumentu irisgarriak egiteko giden azala

Renfek eta Plena inclusión España-k 2020tik izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren eranskina sinatu dute, Espainiako trenen irisgarritasun kognitiboa handitzeko eta herritarrak adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideen inguruan sentsibilizatzeko. Irisgarritasun kognitiboak zerbitzu, produktu eta prozesu ulerterrazagoak sustatu nahi ditu pertsona guztientzat, baina, bereziki, ulertzeko zailtasunak dituztenentzat, gizartean baldintza berdinetan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko.

Plena inclusión España-k, Renferekin lankidetzan, irakurketa errazeko gidak egingo ditu, treneko bidaiak errazago ulertzeko aholkuekin. Horretarako, probako bidaia batzuk egiten hasi dira jada, eta irisgarritasun kognitiboan adituak diren pertsonek parte hartzen dute, adimen-urritasuna dutenek eta ez dutenek. Bidaien helburua zailtasunak identifikatzea eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei egokitutako hainbat aholku pentsatzea da.

Bestalde, Burdinbidearen Museoaren irakurketa errazeko gida bat ere egingo da, Museoko bisitari guztien eskura egongo dena.

Egokitzapen eta gida horiek Renfek duela 4 urte hasi eta azaroan egingo duen Irisgarritasunaren IV. astean aurkeztuko dira.

Plena inclusión erakundea Renferen Bidaiari-taldearekin ere bildu da prestakuntza-ekintza batean, irisgarritasun kognitiboa sakonago ezagutarazteko eta eguneroko lanean txertatzeko.

Gainera, hitzarmenari esker, Renfek bere trenetako pantailetan emango ditu Plena inclusión erakundearen zabalkunde-kanpainak. Zehazki, honako kanpaina hauek izango dira: "Oztopo gutxiago, auzotartasun gehiago" eta "Ezinezkoa dena egingo da". Azken honek adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonei buruzko aurreiritziak haustea du helburu, eta Plena Inclusión erakundearen 60. urteurrena dela-eta egiten da.

Plena inclusión adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien eskubideen alde borrokatzen duen Espainiako elkarte-mugimendua da. 17 autonomia-federazio, 3 estatu-erakunde eta Ceuta eta Melillako 2 erakunde batzen ditu. Guztien artean, Espainia osoko 950 erakunde biltzen dituzte, adimen- eta garapen-desgaitasuna duten 150.000 pertsonari baino gehiagori eta haien familiei laguntza ematen dietenak.

Renfe eta Plena Inclusión tren-bidaietan irisgarritasun kognitiboa errazteko lanean ari dira (leiho berri batean irekitzen da)