Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea onartu du (Gobernu Bilera 2024-12-17)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Ekimena Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren lehen ekintza estrategikoetako bat izango da, Etxebizitzaren aldeko 2022-2036 Itun Sozialaren konpromisoekin bat etorriz
  • Bere lehen ekimen gisa, Euskadin etxebizitza babestuetarako lurzoruen kudeaketa arintzeko eta dinamizatzeko neurriak eztabaidatuko ditu Foroak
  • Foroak osoko inaugurazio-bilkura izango du, lehen aldiz, datorren asteazkenean, urtarrilak 22. Bilkura horretan lehentasunezko hiru lan-ildo proposatuko dira: 2006ko Lurzoruaren Euskal Legea betetzearen ebaluazioa; industrializazioa eraikuntzaren sektorea modernizatzeko bektore gisa; eta berrikuntza lankidetza eta finantzaketa publiko-pribatuko ereduetan

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartu du Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea. Kontsultarako eta parte hartzeko gune bat da, eta eragile publiko, pribatu eta sozialak bilduko ditu etxebizitza-politikak diseinatu eta inplementatzeko. Foroak 2023aren amaiera aldean sinatutako Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean hartutako funtsezko konpromisoetako bat gauzatuko du, eta Etxebizitzaren 3/2015 Legearen eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen printzipio gidariak indartuko ditu. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi duenez, “Foroaren sorrerak gobernantza aurreratuagoa eta erlazionalagoa sustatuko du, politika publikoek etxebizitzaren sektorearen benetako beharrak islatzen dituztela ziurtatuta. Gune hau funtsezkoa izango da inplikatutako eragileen ekintzak koordinatzeko, eta elkarlaneko dinamikak sustatuko ditu, soluzio eraginkorretan aurrera egitea ahalbidetuko duten dinamikak. Gainera, guztiontzako etxebizitza duin, eskuragarri eta jasangarriarekiko dugun konpromisoa indartuko dugu”.

Foroaren eginkizunak eta osaera 

Onartutako dekretuaren arabera, Foroak 54 kide izango ditu, Eusko Jaurlaritzako, udaletako, sektore pribatuko, elkarteetako eta herritarren kolektiboetako ordezkariak barne. Organo honen buru Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua izango da, eta bere lana osoko bilkuretan eta lantalde sektorialetan antolatuko da, gai teknikoei eta estrategikoei malgutasunez eta eraginkortasunez heldu ahal izateko. Foroaren eginkizun nagusiak izango dira etxebizitza-politikei buruzko proposamenak, txostenak eta irizpenak prestatzea eta etxebizitza-plan autonomiko eta munizipalen jarraipena egitea. Genero-ordezkaritza orekatua lehenetsiko da, eta sektore garrantzitsu guztien parte-hartzea bermatuko da.

Lehen bilera eta lan-ildoak

Foroak osoko inaugurazio-bilkura izango du, lehen aldiz, datorren asteazkenean, urtarrilak 22. Bilkura horretan, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean sartutako eragileei lehentasunezko hiru lan-ildo antolatzea proposatuko zaie. Sektoreak Euskadin dituen erronkei aurre egiten lagunduko dute lan-ildo horiek. Lantaldeek gai hauek jorratuko dituzte:

  1. 2006ko Lurzoruaren Euskal Legea betetzearen ebaluazioa, diziplina anitzeko ikuspegi batetik (soziala, ekonomikoa, urbanistikoa eta juridikoa), haren eraginkortasuna eta litezkeen hobekuntzak zehazteko.
  2. Industrializazioa eraikuntzaren sektorea modernizatzeko bektore gisa: aurrerapenak sustatuko dira etxebizitzak eraikitzeko efizientzian, jasangarritasunean eta epeen arintzean.
  3. Berrikuntza lankidetza eta finantzaketa publiko-pribatuko ereduetan: baliabideak optimizatzeko eta inbertsio publikoen inpaktua maximizatzeko formula berriak esploratuko dira eta inbertsio pribatua palankatuko da, etxebizitza babestuaren arloan inbertitzeko ahalmena areagotu ahal izateko.

Lan-ildo horien ondorioz, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak espero du Foroak bultzatzen duen lehen neurrietako bat izango dela lurzoruen kudeaketa bizkortzeko eta dinamizatzeko ekimenak bilatzea ikuspegi tekniko eta praktiko batetik. Itxasoren hitzetan, “Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen gaur egungo eraginkortasunari buruzko azterketan oraingo esparru arauemailea berrikustea planteatuko da, eta eztabaidatu egingo dira prozedura malguago eta arinagoen bidez etxebizitza babestua sustatzen eta garatzen lagunduko duten proposamenak”.

Era berean, Foroak proposatuko du tenkatutako etxebizitza-merkatuko eremuetan lurzorua lagatzeko hainbat ekimen aztertzea, baita etxebizitza babestuetarako sailkatutako lurzoru publiko eta pribatuen mapaketa zehatza egitea ere, Euskal Autonomia Erkidegoan lursail horiek zer egoeratan dauden eta zer ezaugarri zehatza dituzten identifikatuta. “Etxebizitza duina bermatzeko erronkak ezinbestean uztartu behar du eskaintza aktibatzea eta eskura dauden baliabideak (hala nola lurzorua) hobeto kudeatzea. Foro honek aukera emango digu adostutako eta Euskadiren beharretara egokitutako soluzioetan aurrera egiteko”, adierazi du Itxaso sailburuak. Aldi berean, sustatu egingo da etxebizitza-politika publiko arrakastatsuak prestatzen edo inplementatzen parte hartu duten enpresa publikoetako aditu eta kudeatzaileen parte-hartzea. Haien esperientziak bidea emango du ereduak kontrastatzeko eta lantaldeen proposamenak aberasteko.

Gobernantza-eredu inklusibo baterako tresna estrategikoa

Foro hau urrats erabakigarria izango da inplikatuta dauden sektore guztien ikuspegiak bilduko dituen gobernantza-sistema egituratzeko, eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan dituen tresna estrategikoen katalogoarekin bat egiteko. Tresna horiek —hala nola Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala, Etxebizitzaren Euskal Behatokia, Etxebizitzaren Euskal Legea eta sozietate publikoak— aitzindariak dira; etxebizitza berrien sustapena eta etxebizitza-parke publikoaren alokairua kudeatzen dute, eta funtsezkoak izan dira arlo honetan aurrera egiteko. Horiei guztiei, orain, Hirigintza eta Etxebizitza Foroa gehitzen zaie, politika publikoak indartzeko azterketarako, kontrasterako eta eztabaidarako gune gisa. Lantaldeen ondorioak osoko bilkuran eztabaidatuko dira, eta organo eskudunei helaraziko zaizkie, inplementa ditzaten. Azkenik, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gune digital bat jarriko du herritarren eskura. Bertan, Foroaren aktak, memoriak eta gomendioak argitaratuko dira, gardentasuna eta guztien parte-hartzea sustatzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)