Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila

Eusko Jaurlaritzak bi hitzarmen baimendu ditu Elkargirekin, 2024an hartutako arriskua estaltzeko (Gobernu Bilera 2024-12-17)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Elkargirekin oinarrizko hitzarmena eta hitzarmen osagarria formalizatzeko, elkarren bermerako sozietate horrek 2024an bere gain hartutako arriskua estaltze aldera (birfidantzamendua). Horri esker, enpresa txiki eta ertainek eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten tamaina handiagoko beste enpresa batzuek eskatzen dituzten bermeei behar bezala erantzun ahal izango zaie.

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen finantzaketa errazteko garatu duen politika aktiboaren barruan, eta duela hamarkada bat baino gehiagotik, hitzarmenak sinatu dira zenbait finantza-erakunderekin, eta horien artean elkarren bermerako sozietateak daude.

Azken hirurtekoan finantzaketa-iturrien eskuragarritasunean hobera egin dela jakin arren, behar-beharrezkotzat jotzen da euskal enpresen finantzaketari laguntzeko programei jarraipena ematea.

Oinarrizko Hitzarmenaren xedea da, funtsean, Elkargi SGRk emandako bermeak birfidantzatzea eta, hala, Compañía Española de Reafianzamiento (CERSA) konpainiak 2024an emandako arriskuaren estaldura osatzea, gehienez ere hartutako arriskuaren % 75eraino, edo % 80raino enpresen berrikuntza- edo hazkunde-eragiketak badira, edo estrategikotzat jotzen diren sektoreak badira, hala nola digitalizazioa, jasangarritasuna edo baldintza jakin batzuk betetzen dituzten kultura-sektoreak.

Oro har, Eusko Jaurlaritzak, erakunde guztiekin egindako akordioen arabera, emango dituen bermeak 80 milioi eurokoak izan daitezke 2024aren itxieran (iaz 61,5 milioi eurokoak izan ziren).

Elkargi SGRrekin egindako hitzarmen horiek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sareari egungo testuinguru ekonomikoan emandako laguntza. Ekitaldi honetan Administrazioak egindako beste laguntza-jarduera batzuk osatzen dira.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)