Idioma

Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta

Txosten honetan Kulturaren Euskal Behatokiak bideratu duen Euskal Herriko parte-hartze kulturalaren Inkestaren emaitzak 2024 azaltzen dira. Kulturari dagokionez EAEko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko biztanleek dituzten ohiturak eta praktikak aztertzen ditu.

Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta

Biztanleen parte-hartze kulturalaren argazki xehatua emango duten adierazleak eskuratzea izan da ikerketaren helburu nagusia. Euskal Herrian bizi diren 15 urtetik gorako 7.200 laguneko lagin adierazgarri bati aplikatu zaio inkesta. Administrazio-eremuaren (EAE, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ipar Euskal Herria), udalerriaren tamainaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren arabera haztatu da inkesta; horrek aukera ematen du, biztanleria-taldeen arabera, parte-hartze kulturalaren gizarte-banaketa ezagutzeko.

Bi aurrekari ditu txostenak, orain dela bost urteko Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta 2019 eta Euskal Herriko kultura-ohitura, praktika eta kontsumoen inkesta 2007-2008, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako lehenengo estatistika-operazioa. Biztanleriaren kultura-praktika nagusien azken hamabost urteetako bilakaeraren irakurketa alderatua egiteko aukera dago, beraz.

Sei atal ditu txosten honek. Lehenengoan, erabilitako laginari buruzko zehaztapenak ematen dira. Bigarren atalean jasotzen dira: biztanleriak parte-hartze kulturalaren inguruan dituen jarrerei, ematen dion garrantziari, kulturari buruz duen informazioari eta kultura-praktikak egitera bultzatzen duten motibazioei buruzko adierazleak.

Hirugarrenean, antolatutako kultura-praktiken inguruko xehetasunak jasotzen dira: eszenikoak eta musikalak, ikus-entzunezkoak, irakurketari dagozkionak eta museoekin eta ondarearekin lotutakoak.

Laugarren atalak kultura-praktika ez profesionalak edo amateur mailakoak deskribatzen ditu, kultura-ezagutzak eta baliabideak eskuratzeari eta alor horretako prestakuntzari dagozkion azalpenak ematen ditu eta kultura-elkarteetako parte-hartzea ere aztertzen du.