Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila

Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 Programaren Jarraipen Batzordeak erabaki ditu eragiketak hautatzeko irizpideak, 400 milioi euroko inbertsioak ahalbidetuko dituztenak

Argitalpen-data: 


      _QF_1806.jpeg

EGEF 2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko Programaren Jarraipen Batzordeak aho batez onartu ditu, gaur Gesaltza Añanan (Araban) egindako hirugarren bileran, “Eragiketak hautatzeko irizpideak eta prozedurak” (EHIP) dokumentua eta Ebaluazio Plan Espezifikoaren aldaketa.

EHIPa onartzeak aukera emango du programatutako eragiketen hautaketa formalean aurrera egiteko. Eragiketek hautagarritasun-irizpideak bete beharko dituzte, eta bermatu egingo dute irizpide ez-diskriminatzaileak, inklusiboak eta gardenak aplikatzen direla eta printzipio horizontalak errespetatzen direla. Ildo beretik, dokumentu horrek lehentasun-irizpideak erabiltzea erraztuko du, jardueren kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko eta programaren estrategiara eta helburu espezifikoetara egokitzen direla ziurtatzeko.

Halaber, Batzordean analizatu dira Euskadiren ibilbide ekonomikoa eta Kohesio Politikak azken urteotan izan duen inpaktua, 2021-2027 aldirako Programa abian jartzean eta egikaritzean izandako aurrerapenak, eta Programan sartuta dauden eta EAEko EGEFa kudeatzeko ardura duten bitarteko 4 erakundeek (Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek) batera finantzatutako jardueren komunikazio- eta agerikotasun-ekintzak.

Bilera honen buru izan dira Iñaki Barredo Ardanza jauna, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea, eta Fernanda Cosmen Del Riego, Ogasun Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiko EGEFeko Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusiko kontseilari teknikoa. Europako Batzordeko DG Regio-ko ordezkariek eta Batzordeko gainerako kideek ere parte hartu dute.

Programari esker, 400 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ahal izango dira Euskadin, Europar Batasunak % 40an finantzatuta. Programari esleitutako EGEF laguntzako 165 M € horiek 1. eta 2. helburu politikoetan (HPetan) kontzentratu dira.

Laguntzaren ia erdia HP1 ‘Europa lehiakorrago eta adimendunago bat’ helburuan programatu da, Euskadiko eraldaketa teknologiko-digitalari aurre egiteko xedearekin, Euskadi 2030 RIS 3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren ildotik (Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana). Horrela, gauzatzen ari diren ekintzak bideratuta daude enpresa-sektorean I+G+b proiektuak sustatzera eta Administrazio Publikoaren digitalizazioa bultzatzera.

EGEF laguntzaren gainerakoa HP2 ‘Europa berdeago bat’ helburuan programatu da, Euskadiren eraldaketa energetiko-klimatikoari aurre egiteko, Basque Green Deal ekimenaren eta Europako Itun Berdearen ildotik. Horregatik, inplementatzen ari diren jarduketen helburuak hauek dira: eraikin publikoetan energia-efizientzia hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea; uholdeen aurka babestea eta suteak prebenitzea; ur-hornidura hobetzea; biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta leheneratzea; eta hiri-garraioko sistema inklusiboagoak, jasangarriagoak eta efizienteagoak bultzatzea.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)