Euskadiko KSIen kasuan, orain arte egindako azterketa ekonomikoek aniztasun argia utzi dute agerian horiek osatzen dituzten sektoreen joeren eta errendimenduaren artean (Retegi et al., 2023). Aldakortasun horrek bakoitzarentzat azterketa espezifikoak egitearen beharra azpimarratzen du, haien ezaugarri, erronka eta aukera partikularrak hobeto ulertzeko. Analisi horiek ezinbestekoak dira garapen jasangarria sustatuko duten eta eskualdeko eragin kultural, sozial eta ekonomikoa indartuko duten estrategia eta politika eraginkorragoak diseinatzeko.
Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzarekin batera, Euskadiko KSiak osatzen dituzten hiru sektoreren azterketa sakona egiten duen txosten hau aurkezten du. Horien hautaketa ez da arbitrarioa izan, txostenaren metodologia atalean zehaztutako irizpide sorta bati erantzun dio. Irizpide horien artean daude errendimendu bereziki nabarmena izan duten sektoreen identifikazioa, positiboa edo negatiboa izan, baita ikerketa gehiago merezi duten ezaugarri bereziak dituztenak ere. Horrela, txostenak Liburu eta Prentsa, Musika eta Ikus-entzunezko eta Multimedia sektoreen ikuspegi orokorra eta zehatza eskaini nahi du.
Dokumentu osoan zehar, sektore horietako bakoitzaren errealitate ekonomikoa aztertzen da, empresa kopuruaren eta enpleguaren bilakaera kontuan hartuta, baita azken urteotan haien garapenean eragina izan duten faktoreak ere. Horrez gain, aurrean dituzten joera eta erronka nagusiak aztertzen dira, besteak beste, eraldaketa digitalaren eragina, negozio ereduen bilakaera eta tokiko testuingurutik sortzen diren aukera eta erronka espezifikoak.
