- Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila izango da operazioaren buru, eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren lurzoru publikoaren gainean eraikiko da. Hiri-berrikuntzako elementuak izango ditu, eta hiriko Udalarekin adostutako nazioarteko epaimahai aditu batek aukeratuko du.
- Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok aurreikusi duenez, Easokoaz gain, Txominen bigarren fasean egingo diren babes ofizialeko etxebizitzen beste operazio handiaz arduratu ahal izango da Eusko Jaurlaritza.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualaren lizitazioa iragarri du, Easoko bizitegi-esparru berriaren sorrera bultzatzeko. Proiektu horrek babes sozialeko 400 etxebizitza aurreikusten ditu gutxienez —erregimen diferentetan— eta 500, gehienez, etxebizitza lurzoru publikoan —batez ere Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren jabetzakoa—.Eusko Jaurlaritza buru izango duen operazioak hiri-berrikuntzako elementuak barne hartuko ditu, eta nazioarteko aditu-epaimahai batek ebaluatuko du, Donostiako Udalarekin adostuta.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok ekimen honen garrantzia azpimarratu du: "Easoko bizitegi-esparru berria urrats erabakigarria da Donostiako etxebizitza publikoaren eskaintza handitzeko gure ahaleginean. Proiektu horrek, hiriari eragiten dion etxebizitza-merkatuaren tentsioari erantzuteaz gain, arkitektura berritzaile eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten du. Udalarekin batera lan egin dugu diseinuak eta egikaritzeak hiri-estandar altuenak betetzen dituztela bermatzeko".
Erakundeen arteko lankidetza-prozesua
Easoko operazioa, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren eta, Topoaren trenbidearen eta Easoko geltoki zaharraren lurperatzeari esker, libre geratzen ari diren lurretan egikarituko da. Operazio hori, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko erakundeen arteko lankidetzaren parte gisa, Denis Itxaso sailburuak eta Susana García Chueca sailburuak —Mugikortasun Jasangarriaren Saileko titularrak— gidatzen dute. Obra berriko etxebizitzen sustapen hori hirian dauden beste ekimen batzuei gehitzen zaie, etxebizitza-eskaintza handitzeko helburuarekin, hala nola gazteentzako zuzkidura-bizitokiak eraikitzea Morlansen eta Loiolako Erriberetan.
"Lankidetza-esparru berri honetan —Donostiako etxebizitza publikoen eraikuntzari erritmo biziagoa eta anbizio handiagoa eman nahi dio—, Morlanseko eta Loiolako Erriberako lursailak Eusko Jaurlaritzaren alde laga berri direla aipatu behar da, gazteentzako zuzkidura-bizitokiak eraiki ahal izateko". Gainera, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aurreratu duenez, "azken asteetan areagotzen ari diren bilera instituzional eta teknikoetan, jarreren hurbiltze garrantzitsua ematen ari da".
Lankidetza-esparru horretan, Eusko Jaurlaritzak Martuteneko Txomin auzoaren bigarren fasearen garapenarekin ere laguntzea aurreikusten du; horregatik, elkarrizketak hasi ditu Espainiako Gobernuarekin, orain Martuteneko espetxe zaharra hartzen duen partzela ahalik eta lasterren eskuratzen saiatzeko.
Berrikuntza- eta kalitate-lehiaketa
Easoko HAPOren aldaketa arkitektura-soluzio berritzaileak bilatzen dituen proiektuen nazioarteko lehiaketa baten bidez egingo da, Bizigarritasunari buruzko 80/2022 Dekretuaren esparruan. Horri esker, kalitate handiko diseinuak sustatzeko arauzko murrizketa batzuk gainditu ahal izango dira. Lehiaketa horretan epaimahai independente bat egongo da, ospe handiko pertsonez osatua, besteak beste, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko (AGET) ordezkariz, eta nazioartean izen handia duten arkitektoz.
"Bikaintasuna bermatu nahi dugu proiektu honen urrats bakoitzean. Epaimahaiaren osaerak eta eskatutako irizpideek berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alde egin dugun apustua erakusten dute", adierazi du Itxasok. Epaimahaiaz gain, azken faseetan herritarrek parte hartzea aurreikusten du lehiaketak, ekarpenak jasotzeko eta azken diseinuak komunitatearen babesa izango duela bermatzeko.
Halaber, lehiaketak finalistentzako sari ekonomikoak aurreikusten ditu, 111.320 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Lehen sariak 60.500 euro jasoko ditu, eta beste lau sari 18.150 eta 7.260 euro artekoak izango dira. Gainera, ohorezko aipamenak eman ahal izango dira, diru-hornidurarik gabe. Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiak uste badu proposamenek ez dituztela betetzen lortu nahi diren helburuak.
Aurreikusitako egutegia eta herritarren parte-hartzea
Lizitazio-prozesua abenduaren 13an hasi zen, eta proposamenak 2025eko otsailaren 28rako entregatzea aurreikusi da. Epaimahaiak 2025eko maiatzean epaia eman ondoren, hiru proiektu finalistak Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI) erakutsiko dira eta 2025eko udan parte-hartze publikoko prozesu batean sartuko dira. Herritarrek iradokitako hobekuntzak azken proiektuan txertatuko dira, 2025eko azaroan negoziatutako lehiaketa abiarazi aurretik.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza babestuen parkea handitzeko konpromisoa berretsi du operazio honekin. “Operazio honen bidez, ingurune jasangarri batean etxebizitza eskuragarri eta kalitatezkoaren alde egiten dugun apustua erakusten da. Herritarren bizileku-premiei soluzio zehatz eta handinahiekin erantzuteko lanean jarraituko dugu, batez ere etxebizitza-eskaria oso handia den udalerrietan, alokairuko etxebizitzen eskaintza urria den bitartean”, esanez amaitu du Denis Itxasok.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)