Gaur goizean inauguratu da EuskalHiria Kongresuaren XXIII. edizioa, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Ekitaldian Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua eta Maider Etxebarria Arabako hiriburuko alkatea izan dira, eta Big Dataren erabilerak lurralde-plangintzan duen garrantzia azpimarratu dute. Kongresu hau ONU-Hábitat erakundearekin batera antolatu da, eta bertako, nazioko eta nazioarteko adituak bilduko ditu bi egun hauetan
Inaugurazioan, Denis Itxaso sailburuak azpimarratu du datu-bolumen handiak erabiltzeak lurralde erresilienteagoak, iraunkorragoak eta bizi-kalitatea hobetzera bideratuak diseinatzeko aukera ematen duela. Bere hitzetan, “datuen kudeaketa plangintzan txertatzea funtsezkoa da hiri- eta landa-espazioaren antolaketa ezegoki baten ondorio negatiboak saihesteko". Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, berriz, Gasteizek iraunkortasunaren arloan duen konpromisoa berretsi du.
Lehen eguneko hitzaldiak aurkezpen teknikoen eta datuek hiri-plangintzan duten potentzial eraldatzaileari buruzko eztabaiden inguruan egituratu dira. Lehen ponentzian, Datua lurraldearen eta hirien plangintzan: aukerak eta erronkak izenekoan, Pilar Kaltzadak aditu ezberdinekin osatutako mahai-ingurua gidatu du, eta, bertan, Salvador Ruedak, Hiri eta Lurralde Ekologia Fundazioko zuzendariak, Hiri Ekologiako bere metodoa aurkeztu du, hain zuzen, espazio publikoen diseinuan kohesioa hobetzeko helburuarekin mugikortasunari eta hiri-zerbitzuei buruzko datuak biltzen dituen tresna.
Livia Schaeffer Nonosek, ONU-Habbitateko teknologian eta berrikuntzan adituak, Big Data izan du hizpide, eta hirigintza erresilienteko proiektuetan eta baliabideen optimizazioan “oso erabilgarria” dela aldarrikatu du. Space Syntaxeko Anna Rosek azaldu duenez, Space Syntax metodologia funtsezko tresna digital bihurtu da espazio-konfigurazioak aztertzeko, ibilgailuen mendekotasuna murrizteko edota hiri-proiektuetan irisgarritasuna hobetzeko. ABTEMASeko Manuel Borobiok paradigma-aldaketa bat planteatu du datuen gobernantza-eredu bat helburu. Bere esanetan, “informazio geografikoko sistemak denbora errealean plataforma interaktiboetara eta monitoretzara eboluzionatzea ahalbidetuko du”, eta, bere parte hartzean, Galiziako Lurralde Adimenduneko Plataformaren proiektuan duen aplikazioa nabarmendu du.
Bigarren saioan (Plangintzan aplikatutako datuak (I): bizi-kalitatea eta gizarte-zerbitzuak) Aitor Vallejok, Única360ko aholkulari seniorrak, eta Marta Rofinek, Healthy Citieseko zuzendariak, . lurralde antolaketaren eta osasun publikoaren harremana aztertu dute. Rofinek hiri-plangintza osasungarrirako tresna aurkeztu du, eta aditzera eman duenez, “tresnak aukera ematen du hiri-proiektuek osasun-adierazleetan duten eragina neurtzeko eta osasun-gastuetan aurrezten dena kuantifikatzeko”.
Bestalde, Esther Higueras Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko hirigintza-irakasleak, auzo kalteberetako gune publikoek osasunean duten eraginari buruz egindako azterlana aurkeztu du, hiri-diseinuak sedentarismoa eta kutsadura murrizten nola lagun dezakeen erakusten duten adibide praktikoekin. Olatz Grijalba UPV/EHUko CAVIAR taldeko ikertzaileak amaitu du saioa, udal-eremuko politikak diagnostikatzeko eta planifikatzeko garatutako hiri-neurketarako tresnei buruzko azalpenarekin; tresna hau garatzeko datu geo-sozialetan eta informazio geografikoko sistemetan oinarritu dira.
EuskalHiria jardunaldiak bihar jarraituko du. Lehen jardunaldian bezala, parte-hartze zabala espero da lurraldearen bizi-kalitatea eta gizarte zerbitzuak hobetzeko datuen aplikazioa nola kudeatu hizpide izango duten hitzaldietan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)