Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Label kalitate-zigiluko antxoa iritsi da Euskadiko arrandegietara

Antxoa_con_Eusko_Label.jpg

2022-04-04

Kanpaina hasi zenetik, eta Euskadiko flotak bi aste eman ondoren arrantzatzera joan gabe, 830 tona antxoa deskargatu dituzte.

Apirilaren 7tik, osteguna, aurrera, Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk kanpaina bat abiaraziko dute arrandegi eta hedabideetan, Eusko Label antxoaren kontsumoa sustatzeko.

Euskadiko itsasbazterreko flotak antxoaren kanpainarekin jarraitzen du. Euskadiko arrantzaleak dagoeneko ari dira lehen antxoak deskargatzen Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, bi aste eman ondoren amarratuta. Izan ere, kofradiek erabaki zuten ez ateratzea arrantzatzera, erregaien kostu handiaren eta garraioaren grebaren ondorioz, ezin baitzuten bermatu harrapatutakoa portuetan banatuko zenik.

Denboraldi honetan, kontsumitzaileek Eusko Label antxoak topatuko dituzte berriro arrandegietan; kalitate-ziurtagiri hori aurreko denboraldian jarri zen abian, eta Euskadiko flotako ontziek gure kostan arrantzatutako antxoaren freskotasuna, tamaina eta zaporea bermatzen ditu.

Eusko Label antxoa sustatzeko kanpaina

Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk abian jarri dute publizitate-kanpaina bat, gizarteari Eusko Label zigilua duen antxoaren balioaren berri emateko eta haren kontsumoa sustatzeko.

Kanpaina Euskadiko arrandegietan identifikatu ahalko da, eta Eusko Label antxoaren kalitate-ezaugarriak jasotzen ditu. Horrez gain, gogorarazten du orain dela bere garaia, eta une onena dela Kantauri itsasoko jaki horrez gozatzeko.

Sustapenaren bidez arrantza-aldia arrakastatsua izan dadila bilatzen da, eta gure arrantzaleek harrapatutako arrainaren kontsumoa lehenetsiko duen gizarte eredu baten alde egin nahi da.

Arrandegietako material grafikoaz gain, kanpaina prentsa digitaleko, irratiko eta sare sozialetako iragarkietan ere partekatuko da.

Nola identifika daiteke Eusko Label antxoa?

Eusko Label kalitate-zigiluarekin identifikatutako antxoa freskotasun, zapore eta ezohiko samurtasunagatik bereizten da. Zilar-kolorea eta itxura distiratsua du, eta haragia sendoa da. Eusko Label zigilua lortzen dute soilik Euskadiko portuetan enkantean emandako arrainek, baldin eta ezarritako gutxieneko tamaina gainditzen badute eta eskatutako kalitate-baldintzak betetzen badituzte.

Eusko Label antxoa Euskadiko flotako ontzi baimendunek arrantzatzen dute, eta arrantza-arte tradizionalak erabiltzen dituzte. Antxoa arrantzatzeko aldia martxoan hasten da, eta azarora arte luzatzen da. Soilik freskotasun bikaineko sailkapenak onartzen dira.

Eusko Label antxoak etiketa zenbakidun batekin bereizten dira, kutxak identifikatzeko. Datu hauek izaten ditu: eguna eta salmenta-portua.

HAZI da kontrol- eta ziurtagiri-sistemak ezartzeaz arduratzen den erakundea, eta antxoa arrantzatzeko prozesu osoan zehar (bilketa, kontserbazioa, biltegiratzea, garraioa, etiketatzea eta merkaturatzea) bermatzen du produktua Eusko Label markarekin identifikatuko dela, eta araudian eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

2021eko antxoa-denboraldiko datuak

Aurreko urteko kanpainan zehar, Euskadiko flotak 8.112 tona antxoa inguru deskargatu zituen guztira: 2.790 tona Euskadiko kofradietan (2020an baino % 44 gehiago) eta 5.323 tona Euskaditik kanpo (2020an baino % 18 gehiago).

Zifra horrek % 26ko hobekuntza dakar Euskadiko flotaren bilketan, eta % 62koa 2020ko salmentei begira. Guztira, 12,6 milioi euro bildu ziren 2021ean. Antxoaren kiloko batez besteko prezioa 1,55 eurokoa da.