Osasun Saila

Euskadiko ama-esnearen bankua eta edoskitze naturala sustatzeko batzordea sortu da

2019.eko abuztuak 02

Edoskitze Naturalaren Mundu Astea denean, abuztuaren 1etik 17ra bitartean, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak batzordea eratu dute, Euskadiko ama-esnearen bankuaren (EAEB) jarduera sustatzeko eta, oro har, edoskitze naturala bultzatzeko.

Ekintza berri horren bidez, urriaren 16ko 146/2018 Dekretuaren errekerimenduari erantzuten zaio; haren ondorioz, EAEB sortu zen. 14. artikuluan dekretua bera betetzen dela bermatzeko batzordea sortzea ezartzen du.

Diziplina anitzeko organoa da, kontsulta-izaeraduna; Mikel Sánchez Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria da bertako buru. Batzorde horren helburu nagusia da EAEBren funtzionamendu egokia egiaztatzea eta Euskadin edoskitze naturala sustatzea.

Hala ere, haurren osasuna babesteko edoskitze naturala bultzatzea ekintza-ildo berezia da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren 2013-2020rako Euskadiko Osasun Planean jaso dena.

Era berean, Osakidetzak eta Osasun Sailak etengabe dihardute lanean, pazientearen segurtasuna hobetzeko. Hori horrela, EAEBri emandako esnea erabiltzen duten jaioberrien segurtasuna are gehiago blindatzeko sistema informatiko berriaren ezarpenean dihardute lanean. Sistema horrek zehatz-mehatz erregistratzen du haurtxo bakoitzak hartutako esnearen trazabilitatea, prozesua % 100ean segurua izateko.

2019ko lehen hiruhilekoan bakarrik Euskadiko ama-esnearen bankuak 77 emaile izan ditu; 218 litro esne eman dituzte. Guztira, 1.255 biberoi prestatu dira; horrela, une oro erantzun ahal izan zaie neonatologiako unitateen beharrei. 

Nekane Murga Osasun sailburuak berriro ere nabarmendu du esnea emateak nolako garrantzia duen, haurrei ahalik eta elikadura onena bermatzeko: “Emandako ama-esnea aukerarik onena da, osasunaren ikuspuntutik, ama-esnea hartzeko aukerarik ez duten jaioberrientzat. Frogatuta dago elikagai horrek, besteak beste, enterokolitis nekrosatzailea prebenitzen duela; gaixotasun horrek jaioberrien heriotza eragin dezake. Hori dela eta, Euskadiko ama-esnearen bankuaren egitekoa jendaurrean aintzatetsi nahi dut, Eusko Jaurlaritzaren eta gizarte osoaren izenean”.

Mikel Sánchez EAEBren jarduera sustatzeko batzordeko presidenteak gogorarazi du edozein emakume osasuntsuk eman dezakeela esnea, baldin eta hiru aste eta sei hilabete bitartean lehenago ama izan bada eta bere haurrari bularra arazorik gabe ematen ari bazaio.

Argibide gehiagorako helbide elektronikoa: bancolecheeuskadi@osakidetza.eus edo dagokigun pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari kontsultatu.    

           

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 2a