Osasun Saila

Eusko Jaurlaritzak 3,7 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu osasuneko ikerketa eta garapen proiektuetarako laguntzetara (Gobernu Bilera 2018-05-15)

logoconsejo.jpg

2018.eko maiatzak 15

Ikerketa traslazionala sustatu nahi da, alegia, emaitzak eta ezagutza aplikatzea praktika klinikoari, pazientearen onerako

Deialdiak hainbat izaeratako taldeen arteko lankidetza sustatzen du, osasuneko garapen teknologikoa bultzatzeko eta, aldian behin, aberastasuna sortzen ere laguntzeko

Eusko Jaurlaritzak, Jon Darpón Osasun sailburuaren aginduz, osasuneko ikerketa- eta garapen-proiektuen laguntzetarako 2018ko deialdia onetsi du; 3.785.000 euroko aurrekontua du. Deialdia 2020rako Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategian kokatzen da, eta bat dator 2020rako Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza Planaren ardatz estrategikoekin eta espezializazio adimenduneko RIS 3 Euskadi estrategiarekin.

Agindu honetan araututako jarduketen helburu nagusiak xede bikoitza du: pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren eginkizuna hobetzen laguntzea eta, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko duten produktu, zerbitzu eta prozesu berrien bitartez garapen sozioekonomikoari laguntzea.

Helburu horiek betetzeko, deialdia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea eratzen duten eragileei dago zabalik, eta lankidetzan oinarritutako ikuspegia duten eta osasunean, gizartean eta ekonomian eragina duen ezagutza sortzera eta integratzera bideratzen diren proiektuak egitea sustatzen du.

Aurten, deialdiak hiru laguntza-ildo ditu:

  1. Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzea, osasun-sistemaren ikerketa-gaitasuna bultzatzeko, ikerketa-talde berriak sortzea barne.
  1. Osasun-ikerketa sustatzea, estrategikoa, Euskadik osasun-eremuan dituen gaitasun zientifiko-teknologiko guztiak aprobetxatzeko, bai eta garapen teknologikoa, produktu berriena, prozesuena eta zerbitzuena bultzatzeko ere.
  1. Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS3 estrategiaren helburuekin bat datozenak. Ildo hau berria da, eta biozientzia-osasunaren RIS3 estrategiaren lehentasunezko arloetan lankidetza sendotzeko sartu da.

Eusko Jaurlaritzak ikerketarekin duen konpromisoari eusten dio, tinko, eta, horrela, % 45etik gora igo du 2017. urteko deialdiaren hasierako zuzkidura. Deialdi horren bidez, I+G jarduerako 48 proiektu finantzatu ziren eta, horietatik, 30 ikerketa-zentroekin, osasun-zentroekin, unibertsitate-zentroekin eta erakunde teknologikoekin lankidetzan garatzen dira, guztira 20 erakunde izanik. Eta 6 proiekturen bidez laguntza eman zitzaien ikertzaileei, ikertzaile nagusi gisa beren lehen proiektuko buru izateko eta, horrela, belaunaldien arteko txandakatzea sustatzeko.

Diruz lagundutako proiektuek hainbat alderdiri heldu zieten, besteak beste: patologia nagusien gaineko ikerketa (minbizia, iktusa, Alzheimerra, BGBK, obesitatea, osasun mentala etab.), bai eta gaixotasun arraroena ere (esaterako, “kristalezko hezurrak”); osasun-zerbitzuetako ikerketa, osasunaren sustapenari, gizarte-desberdintasunei, adikzioei buruzko ikerketa; diagnostikorako garapen teknologikoa, telemedikuntza, gailu medikoen fabrikazioa, Deep learning-a edo operazio kirurgikoak hobetzeko errealitate areagotua; eta medikuntza-ikuspegi pertsonalizatua edo etengabeko ikaskuntza-sistemen garapenari buruzko ikuspegiak (Learning Health systems).

Hori guztia, Osasun Planean eta biozientzia-osasunaren RIS3 estrategian jasotako lehentasunei erantzuteko; hala, genero-ikuspegia ere sartu da eta horren adierazle da, besteak beste, aurrekontuaren % 55 emakumeak lider zituzten proiektuetara (ikertzaile nagusia) bideratu zela.