Osasun Saila

173.429 pertsonak hartu dute gripearen aurkako txertoa kanpainaren lehen hiru asteetan

2018.eko azaroak 14

Osasun Sailak eta Osakidetzak arrisku-taldeetan dauden pertsonek txertoa jartzea zer garrantzitsua den nabarmendu dute: 65 urtetik gorakoek, gaixo kronikoek eta haurdun dauden emakumeek.

Astelehenetik, kalean milaka informazio-liburuxka ari dira banatzen; horietan, oinarrizko neurri higienikoak jaso dira, birusa kutsatzea prebenitzeko.

 

Guztira, 173.429 pertsonak hartu dute, dagoeneko, gripearen aurkako txertoa, gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren lehen hiru asteetan, 14.500 inguruk egunean.

Hala ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak arrisku-taldeetan dauden pertsonek txertoa jartzea zer garrantzitsua den nabarmendu dute, alegia, 65 urtetik gorakoek, gaixo kronikoek eta haurdun dauden emakumeek. Datorren abenduaren 5era arte, dagozkien osasun-zentroetan hartu ahalko dute txertoa. Gripea, urtero errepikatzen den osasun publikoko arazoetako bat izateaz gainera, ondorio larriak ekar dakizkieke ahulenak direnei. Pasa den denboraldian, gripea izan zuten eta ospitaleratuta egon behar izan zuten pertsonen 446 kasu larri erregistratu ziren. Horietatik, 140 ZIUn geratu behar izan ziren eta, horietatik, % 84k arrisku-faktoreak zituen edo 64 urte baino gehiago zituen. Azkenik, 96 pertsona hil ziren, eta hildako pertsonen % 35ek ez zeukan txertoa jarrita, nahiz eta gripearen aurkako txertaketa-kanpainan jaso diren arrisku-taldeetan egon.

Jon Darpón sailburuak gogorarazi du txertoa hartzea “erantzukizun-ekintza” bat dela, eta gripeari aurre egiteko prebentzio indibidualeko eta komunitarioko neurri nagusia. Gainera gogorarazi du gripearen txertoa segurua eta eraginkorra dela. Halaber esan du konposizioa, urtero, Osasunaren Mundu Erakundeak iparraldeko hemisferiorako aurreikusitako anduietara egokitzen dela.

Aurtengo txertaketa-kanpainarako, 400.000 txerto eskuratu dira; kopuru hori handitu egin daiteke, beharrezkoa bada. Txertoak doan ematen dira, eta lehenengoz biosegurtasuneko orratza dute, txertoak ematen dituzten langileak babesteko.

Txertaketa-kanpaina abenduaren 5era arte izango da. Arrisku-taldeetan dauden pertsonek beren ohiko osasun-zentrora joan besterik ez dute, beren osasun-txartelarekin; hala ere, komeni da aurretik telefonoz deitzea, txertoa jartzeko ordutegien berri izateko, malguak izaten badira ere.

Norbanakoaren osasuna babesteaz gainera, kanpainaren bidez osasun kolektiboa ere babestu nahi da; horretarako, pasa den astelehenetik, liburuxkak ari dira kalean banatzen, eta, horietan, gripetik babesteko neurri higienikoak jaso dira eta horiek pertsona guztientzat interesekoak dira, esaterako: behin bakarrik erabiltzeko paperezko mukizapiak erabiltzea, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea eta eskuak urarekin eta xaboiarekin sarri garbitzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 14a