Hezkuntza Saila

 

 

 

 

 

HAUTAKETA PROZESUAREN GARAPENA

Atal honetan jorratzen dira hautaketa-prozesuaren alderik garrantzitsuenak, izangaiek kontuan hartu behar dituztenak.

Onartuen eta baztertuen pertsonen zerrendak

Hautaketa-prozesuan onartu diren eta bazter utzi diren pertsonen izenak jendaurrean jartzen dituzten zerrendak dira.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, gehienez hilabeteko epean, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak ebazpena emango du, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesteko. Adierazitako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan adieraziko da zerrendak non jarriko diren jendaurrean. Edonola ere, zerrenda horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan erakutsiko dira, bai eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean ere: http://www.irakasle.net.

Komeni da nork bere izena onartuen pertsonen zerrendan dagoela egiaztatzea.

Behin-behineko onartuen pertsonen zerrendarekin batera, behin-behineko baztertutakoen zerrenda eta beztertua geratzeko arrazoia ere argitaratuko dira.

Zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkez daiteke hamar egun balioduneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo prozesutik kanpo uztea ekarri duen akatsa konpondu. Horrez gain, euren datu pertsonaletan akatsen bat antzeman duten izangaiek epe bera izango dute akatsok zuzentzeko. Erreklamazioak Langileriaren Kudeaketa zuzendariari bidaliko zaizkio eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4. artikuluan aipatzen dituen bulegoetan aurkeztuko dira.

Interesdunak adierazitako epean konpontzen ez badu prozesutik kanpo uztea ekarri duen akatsa, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Aurkeztutako erreklamazioak aztertu ondoren, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan adieraziko da non jarriko den ikusgai onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda osoa eta ziurtatua. Edonola ere, zerrenda horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan erakutsiko dira, baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean ere: http://www.irakasle.net.


Egiazta ezazu onartuen behin betiko zerrendan agertzen zaren, zerrenda hori izango da-eta probak egiteko unean erabiliko dena.

Ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Onartuen pertsonen zerrendan agertzeak ez du esan nahi Agindu honen bidez deitzen den prozedurak eskatutako baldintzak beteta izatea aitortzen zaienik interesdunei.

Hautaketa-batzordeak eta Epaimahaiak

Hautaketa-batzordeek eta Epaimahaiek egingo dute izangaien aukeraketa.

Epaimahaiak

Epaimahaien osaera EHAAn erakutsiko da, onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratu ostean.

Espezialitate bakoitzean beharrezko ikusten den beste epaimahai izendatu ahal izango da. Epaimahai bakoitzean epaimahaiburu bana eta launa epaimahaikide. Denek izan beharko dute irakasleen kidegoetako jarduneko karrerako funtzionario edo hezkuntzako ikuskari. Izangaiek zein kidegotara iritsi nahi duten, kidego horren sailkapen-maila bera edo handiagoa duten kidegoetakoak izango dira epaimahaikideak, eta gehienak kidego horretakoak izango dira.

- Epaimahaiburua: Sail honek izendatuko duena
- Kide bat: ordezkaritzarik zabalena duten sindikatuek proposatuko dutena
- Hiru kide: aurrean aipatu diren funtzionarioen arten zozketaz hautatutako direnak.
- Kidegoan antzinatasunik txikiena duen kidea izango da idazkari.

Prozedura berari jarraiki, epaimahaikide titular bakoitzaren ordezkoa izendatuko da.

Epaimahaiei dagokie:

       a) Hautaketa-prozesuko aldien garapena, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

       b) Oposizio-aldiko probaren kalifikazioa.

       c) Hautaketa-batzordeei agindutako eginkizunak, halako batzorderik ez badago.

       Epaimahaiek euren lanetara aholkulari espezialistak sartzea proposa dezakete, baita laguntzarako funtzio teknikoak egiteko laguntzaileak ere. Haien lana espezialitate teknikoetan laguntza ematea baino ez da izango. Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko ditu.

Hautaketa-batzordeak

Aurkeztutako eskabide-kopurua dela-eta, epaimahai bat baino gehiago eratu beharko balitz espezialitate baterako edo batzuetarako, hautaketa-batzordeak eratuko dira dagozkion espezialitateetarako.

Hautaketa-batzordeei dagokie:

       a) Epaimahaien arteko koordinazioa.

       b) Epaimahaien jarduera-irizpideak zehaztea eta epaimahaien jarduera-irizpideak homogeneizatzea. Horretarako, epaimahaiek jarraitu beharko dituzten balioespen-irizpideak finkatu beharko dituzte, probak hasi baino lehen.

       c) Epaimahaiek oposizio-aldian emandako puntuak lehiaketa-aldiko puntuei batzea, izangaiak sailkatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzen dutenen izenak aldarrikatzea.

       d) Hautatuak izan diren eta hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrendak prestatzea, eta deialdia egin duen organoari zerrenda horiek helaraztea.

       Hautaketa-prozesuak iraun bitartean, arau hauek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantza guztiak hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte, eta aurreikusi ez diren egoeretan zer egin behar den erabakiko dute.

Oposizioa eta lehiaketa

Hautaketa-prozesuak bi aldi izango ditu: lehiaketa-aldia eta oposizio-aldia.

Lehiaketa

Lehiaketa-aldian parte hartzen dutenen aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honetako I. eta II. eranskinetan aurreikusten den bezala. Horretarako, baremoetan adierazten diren egiaztagiriak erantsiko dizkiete izangaiek eskabideei.

Izangaiek gehienez ere 10 puntu lortu ahal izango dituzte, lehiaketa aldian, merezimenduen balorazioarengatik.

Merezimenduen balorazioa egiteko, deialdiaren I. eta II. eranskinean ageri diren baremoei jarraiki, izangaiek baremo horietan seinalatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte; eskaerak aurkezteko epean adierazitako dokumentazioaren bidez egoki justifikatutako merezimenduak soilik baloratuko dira.

Izangaiak izango dira aurkeztutako dokumentazioaren berariazko arduradunak. Dokumentazioren bat manipulatuz gero edota faltsutzerik eginez gero, ezingo dute deialdi honetan parte hartu, eta, horrez gain, aurre egin beharko diote faltsutze horretatik eratorritako erantzukizunari.

Administrazioak edozein unetan beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioaren egiaztatzea eskatzeko eskubidea izango du.

Izangai bakoitzari dagokion puntuazioaren ezarpena, epaimahaiek delegatuta, hurrengoek egingo dute:

-         Batzorde Barematzaileak, dagokion espezialitatearekin lotutako kideak izango dira: presidente bat, Hezkuntzako ikuskatzailea izango dena; eta lau epaimahaikide, karrerako funtzionarioak izango direnak: Bigarren Hezkuntzako irakasleak, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak, edota hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleak, kasuaren arabera. Langileen Kudeaketarako zuzendariak izendatuko ditu: I. eranskineko II.5 eta III.1 ataletako merezimenduak eta II. eranskineko II, III.2.1., III.2.2. eta III.2.3. ataletakoak.

Batzorde horiek Hezkuntza Sailburuordetzari edota Lanbide Heziketako Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzen eta zerbitzuen aholkularitza baliatu ahal izango dute.

 -         Langileriaren Kudeaketarako Zuzendaritzaren Unitateek: Gainontzeko merezimenduak.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartu ondoren, Langileriaren Kudeaketarako zuzendariaren ebazpenaren bidez iragarriko da izangaiek lehiaketa-aldian lortutako puntuazioa; informazio hori Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian (http://www.irakasle.net) jakinaraziko da.

Horretarako interesa duten pertsonek, Langileriaren Kudeaketarako zuzendariari erreklamazio idatzi bat bidal diezaiokete; jakinarazpena egiten denetik bost laneguneko epea izango dute horretarako.

Behin erreklamazioak ebatzita, lehiaketa-aldian lortutako behin betiko puntuazioak jakinaraziko dira, Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariaren ebazpenaren bidez; ebazpen hori hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren web orrian (http://www.irakasle.net) iragarriko da.

Ebazpen horren aurka –prozedura ez da ebazpen horrekin amaitzen–, ez dago errekurtsoa jartzerik; interesa duten pertsonek deialdi honen 10. oinarrian aurreikusten den amaierako ebazpenaren aurkako gorako errekurtsoa jarri ahal izango dute.

Oposizioa

Aurreko probak:

1.- Gaztelaniaren ezagutza-maila egiaztatzeko proba

Oposizio-aldiko probak egin aurretik, nazionalitate espainiarrekoak ez diren izangaiek proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza, hizkuntza hori behar bezala ulertzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko gai direla egiaztatzeko. Proba hori baloratzeko epaimahaia izendatuko duen ebazpenean zehaztuko dira probaren tokia, data eta ordua.

Proba egitetik salbuetsita daude titulu hauetakoren bat dutenak: Atzerriko Hizkuntza gisa Espainieraren Goi Mailako Diploma (urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarria), Atzerritarrentzako Espainieraren Gaitasun Ziurtagiria (hizkuntza-eskola ofizialek emana) edo Filologia Hispanikoan edo Erromanikoan lizentziaduna izatearen titulua; betiere, dagokion egiaztagiria erantsi badiote eskabideari.

Proba hori egitetik salbuetsitzat joko dira, halaber, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiak, baldin eta jatorria kontuan hartuta, gaztelaniaz dakitela ondoriozta badaiteke, bai eta aurreko deialdietan proba hori gainditu dutela egiaztatzen dutenak ere.

Izangaiei egindako deialdian zehaztuko dute epaimahaiek gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko probaren edukia. Horretarako, aintzat hartuko da urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretua (azaroaren 8ko BOEa).

Epaimahaiburu batek eta lau kidek osatuko duten epaimahaiak baloratuko du atal honetan aipatzen den proba. Langileriaren Kudeaketa zuzendariak Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko jarduneko funtzionarioen artean izendatuko ditu epaimahaikideak, Gaztelania eta Literaturaren espezialitatean.

Proba “gai” ala “ez gai”rekin kalifikatuko da, eta “gai” kalifikazioa atera beharko da, oposizio-aldiko probak egin ahal izateko.

       Proba bukatu eta kalifikatu ondoren, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (http://www.irakasle.net) erakutsiko dira ateratako emaitzak. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Langileriaren Kudeaketa zuzendariari, hilabeteko epean, emaitzak erakutsi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Proba hau baztertzailea da, eta, hortaz, probara aurkeztu behar izan eta aurkeztu ezean edo “gai” kalifikazioarekin gainditu ezean, izangaia hautaketa-prozesutik kanpora geratuko da.

2.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak horretarako berariaz egingo diren proben bitartez egiaztatuko dira, aukeratzen den espezialitatearen arabera.

Hala ere, hizkuntza-eskakizun bakoitzari dagokionez, ez dituzte probak egin beharko martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak araututako 1. HE edo 2. HE dutela egiaztatzen duten izangaiek, ez eta hizkuntza-eskakizun horiekin homologaturik edo parekaturik dauden hizkuntza-egiaztagiririk dutela egiaztatzen duten izangaiek, aipatutako Dekretuko hirugarren xedapen gehigarrian (martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak emandako idazketan) eta Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakasle postuetarako hizkuntza-eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituen urriaren 6ko 263/1998 Dekretuan aurrez ezarritakoaren arabera.

Martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak 11. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, proba horien edukia, forma eta probak baloratzeko modua ezartzen dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduak eta Hezkuntza sailburuordearen 2007ko urriaren 25eko Ebazpenak, Hezkuntzako hizkuntza-eskakizuna 2008an egiaztatzeko probetarako deia egiten duenak.

Aurreko puntuan adierazitako araudiaren arabera izendatutako epaimahaiek baloratuko dute proba hori.

Edozein hizkuntza-eskakizunetan, kalifikazioa “gai” ala “ez gai” izango da, eta “gai” kalifikazioa lortu beharko da oposizio-aldiko probak egitera pasatzeko.

       Proba bukatu eta kalifikatu ondoren, ateratako emaitzak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (http://www.irakasle.net) jarriko dira ikusgai. Emaitzak argitara eman eta hiru laneguneko epean, interesdunek idatzizko erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, kalifikazioa berrikusteko. Horretarako, dagokion azterketako epaimahaiburuari egin beharko dio erreklamazioa, eta lurralde horretako hezkuntza-ordezkaritzan aurkeztu beharko du.

Proba baztertzailea da, eta, beraz, eskatutako hizkuntza-eskakizunik ez duten izangaiak —2.1.f) oinarriak aurreikusi duen erregimen iragankorraren arabera egiaztatzetik salbuetsita ez daudenak— probara aurkezten ez badira edo, aurkeztuz gero, “gai” kalifikazioa jasotzen ez badute, hautaketa-prozesutik kanpora geratuko dira.

Langileriaren Kudeaketarako zuzendariak epe bat irekiko du hautaketa-prozesuaren barruan, eta horren berri emango da Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (http://www.irakasle.net), 1. HE edo 2. HE hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten izangaiek egiaztagiria eman dezaten, dagoeneko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sail honen eskura dauden egiaztagiri hauek izan ezik:

       - Hezkuntzako 1. hizkuntza-eskakizuna

       - Hezkuntzako 2. hizkuntza-eskakizuna

       - EGA

       - Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen gaitasun-ziurtagiria.

Oposizio aldiko probak

Txanda librerako eta ezinduei erreserbaturiko txandarako oposizio aldia

Oposizio-aldiko probaren edukiak alderdi hauek hartuko ditu aintzat: izangaiak irakaskuntzan aritzeko behar dituen berariazko ezagutzak, izangaien gaitasun pedagogikoa eta irakasteko behar diren teknikak menderatzea.

6.2.1.2. Oposizio-aldiko proba

       Oposizio-aldiak proba bakarra izango du, eta kanporatzaileak izango ez diren bi zatitan egituratuta egongo da. Epaimahaiak probaren azken nota globala besterik ez du argitara emango.

       Proba eta proba horren bi zatiak ondoren adierazten denari lotuko zaizkio:

       A zatia: zatiaren helburua izango da izangaiak irakaskuntzan aritzeko behar diren ezagutzak dituela frogatzea. Zati horretan, epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik izangaiak gai bat aukeratu eta garatu behar du idatziz. Gai-kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:

       a) 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.

       b) 50 gai baino gehiago dituzten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da.

       Proba hori prestatzeko gai-zerrendak V. eranskinean zehaztuta daude.

       Izangaiek bi ordu izango dituzte zati hori egiteko.

Lehen zati honek zerotik hamar puntura arteko kalifikazioa izango du eta %40 izango da oposizio aldiaren azkeneko kalifikazioan izango duen pisua.

       B zatia: zatiaren helburua izango da izangaiaren gaitasun pedagogikoa eta irakaskuntzan aritzeko teknikak nola menderatzen dituen egiaztatzea. Proba horretan, izangaiak programazio didaktiko bat aurkeztu eta defendatu eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu beharko du. Trebetasun instrumental edo teknikoak barne hartzen dituzten espezialitateetan, bigarren zati honek ariketa praktikoa izango du barruan.

       B.1) Programazio didaktiko baten aurkezpena eta defentsa

       Programazio didaktikoa parte hartzen den espezialitateari lotutako arlo, irakasgai edo modulu baten curriculumari buruzkoa izango da (Euskal Autonomia Erkidegoan arlo, irakasgai edo modulu horri buruz indarrean dagoen curriculumari buruzkoa), eta helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak eta metodologia azaldu beharko ditu, bai eta hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko arreta ere.

       Irakasleak ikasturte bat garatuko du programazioan, espezialitatea emateko eskumena duen hezkuntza-maila edo –etapa bateko ikasturte bat.

       Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu nahi duten izangaien kasuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloetako etapari buruzko programazioa izan daiteke. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari buruzko programazioa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretuan (2007ko azaroaren 13ko EHAA) proposatutako curriculuma abiapuntu hartuta egin beharko da programazioa.

       Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko Psikologia eta Pedagogia espezialitatean, izangaiek aukera hauek izango dituzte: programazioa egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako institutu-tipo batean kokatutako orientazioko eta tutoretza-ekintzako plan bat garatzea edo hezkuntza-orientazioko edo orientazio psikopedagogikoko talde batean esku-hartze programa bat egitea. Kasu horietan, plana eta programa espezialitateko gai-zerrendarekin lotutako berariazko hamabost esku-hartze planetan antolatu beharko dira.

       Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko gizartearentzako zerbitzuak espezialitatean, izangaiek programazio hori egitea edo ikastetxe batean esku-hartze programa bat garatzea aukeratu ahal izango dute, eremu hauetako batean: gizarteratzea, gizarte- eta kultura-animazioa edo Haur Hezkuntza, edo hezkuntza-orientazioko talde bateko esku-hartze programa bat egitea. Kasu horietan, espezialitateko gai-zerrendarekin lotutako berariazko hamabost esku-hartze planetan antolatu beharko dira programak.

            Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartu nahi duten izangaien kasuan, 2007-2008 ikasturtean ezarritako oinarrizko mailako eta tarteko mailako hizkuntza-irakaskuntzei buruzkoa bada programazioa, abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuan jasota dagoen curriculuma edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (http://www.irakasle.net) maila horietarako argitaratuta dagoen curriculuma kontuan hartuta egingo da.

       Programazio didaktikoak DIN-A4 formatuko 50 folio izango ditu gehienera ere, alde bakarretik idatzita, espazio bikoitzean, eta “arial” motako letran idatzita, 12 puntuko tamainan. 15 unitate didaktiko izan beharko ditu gutxienez, eta zenbakituta egon beharko dute. Ez da eranskinik sartuko.

       Deialdiaren 7.1. oinarrian ezarrita dagoen moduan emango zaio programazio didaktikoa epaimahaiari, eta izangaiari programazioa defendatzeko deitzen zaionean defendatuko du epaimahaiaren aurrean.

       Izangaiak ez du berariazko denborarik edukiko programazio didaktikoa aurkeztu eta defendatu aurretik prestatzeko, eta ezingo du material osagarririk erabili horretarako. Izangaiak emandako programazio didaktikoaren kopia berdina bakarrik izango du.

     B.2) Unitate didaktiko bat prestatu, aurkeztu eta, behar izanez gero, defendatzea

       Unitate didaktiko bat prestatu eta epaimahaiaren aurrean ahoz azaltzea. Izangaiak aurkeztutako programazioari lotuta egongo da unitate didaktikoa. Izangaiak bere programaziotik ausaz aterako dituen hiru unitate didaktikoren artean aukeratuko du unitate didaktikoaren edukia.

       Unitate didaktiko hori prestatzerakoan, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira: lortu nahi diren ikaskuntza-helburuak, edukiak, gelan planteatuko diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak eta ebaluazio-prozedurak. Gainera, unitatea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari edo hizkuntza-eskola ofizialei buruzkoa denean, gaitasunen garapena (HEO) edo oinarrizko gaitasunen garapena (DBH) eta ikasleek gaitasun horietan eduki beharreko lorpen-maila zehaztu beharko da.

       Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoaren eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoaren berariazko lanbide-heziketako espezialitateetan, lan-unitateei buruzko unitate didaktikoa prestatu ahal izango da, horretarako lanbide bakoitzari dagozkion gaitasun-unitateekin lotutako amaierako gaitasunekin lotura eginda.

       Psikologia eta Pedagogia eta Gizartearentzako Zerbitzuak espezialitateetan, orientazioko eta tutoretza-ekintzako plan bat edo esku-hartze programa bat garatzea aukeratu dutenek B.2) ariketa planaren edo programaren barruko berariazko esku-hartze plan bati buruzkoa izango da.

       Unitate didaktikoa azaltzeko (publikoa izango da), izangaiak prestatzeko denbora izango du, eta egokitzat jotzen duen material osagarria (berak ekarri beharko du) erabili ahal izango du, bai eta gidoi bat ere (folio batekoa gehienez). Azalpena bukatzean, epaimahaiari emango dio erabilitako gidoia.

       Deialdiaren 6.2.1.4.2. oinarriko baldintzak betetzen dituztenek txosten bat eskatu ahal izango dute B.2) ariketaren ordez. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako izendatzen dituzten batzordeek egingo dute txostena.

       Txostena aukeratzeak ez du esan nahi probaren B.1) zatia egin beharko ez denik; hau da, ez zaionik programazio didaktikoa epaimahaiari eman beharko zehaztutako epean eta ez denik epaimahaiaren aurrean defendatu beharko, programazioa defendatzeko pertsona bakoitzari deitzen zaionean.

       B.1) eta B.2) zatiak gauzatzeko modua: izangaiak aldez aurretik aurkeztutako programazio didaktikoaren aurkezpena eta ahozko defentsa egingo du azalpenaren hasieran, hogeita hamar minutuan gehienez. Ondoren, unitate didaktikoa azalduko du, berrogeita bost minutuan gehienez, B.2) ariketaren ordez txostena aukeratzea onartu den kasuetan izan ezik. Bere azalpena bukatu ondoren, epaimahaiak galderak edo jarduerak egin ahal izango dizkio, azalpenaren edukiari buruz. Ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo eztabaidak. Guztira, pertsona bakoitzak ordubete eta hogeita hamar minutu izango ditu gehienez jarduera horiek guztiak egiteko.

       B.3) Ariketa praktikoa

       Behean adierazita dauden espezialitateetan, probaren B zatian ariketa praktiko bat dago, izangaiek lortu nahi duten espezialitateko prestakuntza zientifikoa dutela eta arloak, irakasgaiak edo moduluak irakasteko behar dituzten lan-teknikak menderatzen dituztela egiaztatzeko.

       Epaimahai bakoitzak erabakiko du nola ezarriko duen ariketaren eduki praktikoa, hurrengo paragrafoetan espezialitate bakoitzerako zehazten diren premisak kontuan hartuta.

       Ekitaldi kolektibora deituko dituzte epaimahaiek izangaiak, banakako probak egin aurretik, ariketa horiek egiteko.

       Izangai bakoitzak B.1) eta B.2) ariketetan egindako azalpenaren ondorengo eztabaidan, ariketa praktikoari buruzko galderak ere egin ahal izango dizkio epaimahaiak.

       B.3.1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa

       Gorputz-hezkuntza: ariketa praktikoaren bitartez, izangai bakoitzak alderdi hauekin guztiekin edo alderdi hauetakoren batekin lotutako ariketak diseinatzeko duen gaitasuna egiaztatu beharko da: erresistentzia, malgutasuna, abiadura, indarra eta erlaxazioa, bai eta ariketa horiek pertsonalki egiteko gaitasuna ere.

       Teknologia eta berariazko lanbide-heziketarekin lotutako espezialitateak: epaimahaiak hiru suposizio praktiko proposatuko ditu, eta izangaiak suposizio horietako bat ebatzi beharko du. Espezialitateko gai-zerrendarekin lotuta egongo dira suposizioak.

       B.3.2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa

       Espezialitate guztietan, ariketa praktikoak egingo dira, izangai bakoitzak aukeratu duen espezialitateari buruzko ezagutza praktikoetan duen gaitasuna egiaztatzeko. Espezialitateko gai-zerrendarekin lotuta egongo dira ariketak.

      B.3.3. Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa

       Hiru zati izango ditu ariketa praktikoak:

       1.- Alderantzizko itzulpena

       2.- Itzulpen zuzena

       3.- Testu garaikide baten azterketa (gehienez 25 lerro) hainbat mailatan (pragmatikoa, semantikoa, morfosintaktikoa eta fonologikoa), maila bakoitzak testuaren esanahi osoan duen garrantziaren arabera.

       % 40 balioko du alderantzizko itzulpenak, % 10 itzulpen zuzenak eta % 50 testu garaikidearen azterketak.

       Lau ordu iraungo du gehienera ere ariketak.

Hizkuntzen espezialitateen proba espezialitate bakoitzari dagokion hizkuntzan egingo da osorik.

Bigarren zati honek zerotik hamar puntura arteko kalifikazioa izango du eta %60 izango da oposizio aldiaren azkeneko kalifikazioan izango duen pisua.

B.1), B.2) eta, dagokion kasuan, B.3) ataletan deskribatutako probaren B zatiko ariketa bakoitza 0 puntutik 10era baloratuko da. Bigarren zati horretako ariketa bakoitzak izango duen garrantzia honela neurtuko da: B.1) eta B.2) ataletan aurreikusitako ariketak soilik egiten diren espezialitateetan, bi ariketek oposizio-aldiko kalifikazioaren %30eko balioa izango dute; zati horretan hiru ariketa egiten diren espezialitateetan, ariketa bakoitzak oposizio-aldiko kalifikazioaren %20ko balioa izango du.

Oposizio-probaren amaierako nota globala 0tik 10 puntura bitartekoa izango da. Lehiaketa-aldian sartzeko, izangaiek oposizio-aldian bost puntu edo gehiago lortu beharko dituzte.

Oposizio-aldiko eta lehiaketa-aldiko puntuazioen ponderazioa, puntuazio globala lortzeko, hau izango da: %60 oposizio-aldirako eta %40 lehiaketa-aldirako.

B.2) ariketaren ordez hezkuntza-administrazioaren txostena aukeratzea (deialdiaren 6.2.1.4. atala)

       6.2.1.4.1. B.2) ariketaren —hau da, unitate didaktiko baten prestaketa eta ahozko azalpenaren— ordez, txosten bat aukeratu ahal izango da. Txosten horretan kontuan hartuko dira unitate didaktiko bati buruz izangaiak dituen ezagutzak. Deialdiaren 5.6 oinarrian hautaketa-organoei ematen zaizkien funtzioen arabera epaitu, baloratu eta kalifikatuko du epaimahaiak txostena, eta puntu hauek egiaztatu beharko dira gutxienez: unitate didaktikoetan lortu nahi izan diren ikaskuntza-helburuak zehaztea, haien edukiak, gelan planteatzen diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak, ebaluatzeko prozedurak eta gaitasunen garapena. Gainera, unitatea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari edo hizkuntza-eskola ofizialei buruzkoa denean, gaitasunen garapena (HEO) edo oinarrizko gaitasunen garapena (DBH) eta ikasleek gaitasun horietan eduki beharreko lorpen-maila zehaztu beharko da.

       6.2.1.4.2. Bi baldintza hauek betetzen dituzten irakasleek egin ahal izango dute B.2. ariketaren ordez aipatutako txostena egiteko eskaera:

-         Irakasleen kidegoko bitarteko funtzionario gisa zerbitzu aktiboan dagoenak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

-         Irakasleen kidegoko bitarteko funtzionario gisa lanpostu berean gutxienez 6 hilabete etenik gabe eman dituela egiaztatzen duenak, 2007ko irailaren 7tik 2008ko martxoaren 7ra arte.

        Seme-alabek 3 urte bete arte seme-alabak zaintzeko aldi baterako lan-etetearen egoeran dauden pertsonek ere edukiko dute txostena eskatzeko aukera, betiere azken baldintza hau betetzen badute, emandako zerbitzuen aldia egoera honen babesean dagoena dela interpretatuta.

       Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera-idazkian horretarako dagoen laukian adierazi beharko dute izangaiek aukera hori, eta eskaera aurkeztu ondoren ezin izango dute aldatu.

       6.2.1.4.3. Halaber, hautaketa-prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpenean ere emango da argitara B.2) ariketaren ordez txostena egitea eskatu duten eta aukera hori onartu zaien parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda, bai eta baldintzak ez betetzeagatik eskaera atzera bota zaiena ere. Zerrenda horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren interneteko helbidean (http://www.irakasle.net) emango dira argitara.

       Izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute behin-behineko zerrenden aurka, hamar laneguneko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak Langileriaren Kudeaketarako zuzendariari bidaliko zaizkio, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aipatzen dituen bulegoetan aurkeztuko dira.

       Erreklamazioak berrikusi ondoren, Langileriaren Kudeaketarako zuzendariak ebazpena emango du, eta ebazpen horren bidez onartuko da B.2) ariketaren ordez txostena egitea eskatu duten eta eskaera onartu edo atzera bota zaien izangaien behin betiko zerrenda. Azken kasu horretan, nahitaez egin beharko dute probaren B.2) atala. Goian aipatutako tokietan argitaratuko da zerrenda.

       Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari ebazpen horren aurka, hilabeteko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

       Aukera hori kontuan hartzeko, 6.2.1.4.2. atalean adierazitako baldintzak mantendu beharko dira.

       6.2.1.4.4. B.2) ariketaren ordez txostena egiteko eskatzen dutenek unitate didaktiko bat aurkeztuko dute, indarrean dagoen curriculumaren eta lehiaketa-oposizioan parte hartzen duten espezialitatearen arabera programatua. Langileriaren Kudeaketa zuzendariari bidaliko zaio unitatea, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztuko dute, 7.1. oinarrian ezarritako epearen barruan.

       Unitate didaktikoarekin batera, puntu hauek adierazi beharko dituzte, aparteko idazki batean: orain ematen duten espezialitatea, zein espezialitatetan egiten duten oposizioa eta eskolak ematen dituzten ikastetxea eta maila.

       Aurkezten den unitate didaktikoak lotura edukiko du izangaiak aurkeztu beharko duen programazioarekin, deialdiaren B.1) atalean xedatutakoaren arabera. Unitate didaktiko horren plangintzan, puntu hauek zehaztuko dira gutxienez: lortu nahi diren ikaskuntza-helburuak, edukiak, gelan garatu beharreko irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak, ebaluatzeko prozedurak eta gaitasunen garapena. Gainera, unitatea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari edo hizkuntza-eskola ofizialei buruzkoa denean, gaitasunen garapena (HEO) edo oinarrizko gaitasunen garapena (DBH) zehaztu beharko da ere bai.

       Hizkuntzen espezialitateetan, unitate didaktikoa espezialitate bakoitzari dagokion hizkuntzan egingo da.

       Izangai hauek ere adierazitako epean aurkeztu beharko dute unitate didaktikoa:

       - Behin-behingoz hautaketa-prozesutik kanpo dauden eta B.2) ariketaren ordez txostena egitea eskatu zuten izangaiek, betiere ebazteko zain dagoen erreklamazioa aurkeztu badute kanpoan utzitakoen behin-behineko zerrendaren aurka.

       - B.2) ariketaren ordez txostena egitea eskatu duten eta eskaera behin-behingoz atzera bota zaien izangaiek, betiere ebazteko zain dagoen erreklamazioa aurkeztu baldin badute eskaera atzera bota zaien izangaien behin-behineko zerrendaren aurka.

       Eskatzen den unitate didaktikoa epean entregatu ezean edo osatu diren batzordeen edozein eskaerari kasurik egin ezean, ezin izango dute prozesuarekin jarraitu, eta, ondorioz, izangai horiei berehala utziko zaie lehiaketa-oposiziotik at.

       6.2.1.4.5. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta izangaiari berari lotuta ez dauden arrazoiengatik txostena ematerik ez baldin badago, izangaiak probaren B.2) ariketa egingo du.

       6.2.1.4.6. Espezialitate bakoitzean horretarako osatu diren batzordeek egingo dute txostena. Langileriaren Kudeaketarako zuzendariak izendatuko ditu batzorde horiek, eta bakoitza bost kidek osatuko dute: batzordeburu bat (hezkuntzako ikuskari bat) eta lau epaimahaikide (kidegoko eta dauden batzordearen espezialitateko karrerako funtzionarioak).

       Ordezkaritza handiena duten sindikatuek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, behatzaile gisa.

       Langileriaren Kudeaketa zuzendariaren ebazpenaren bidez osatuko dira aipatutako batzordeak, eta ebazpena Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (http://www.irakasle.net) argitaratuko da.

       Batzordekideak ohiko jardueretatik liberatuta egongo dira, eta emandako funtzioa besterik ez dute beteko. Halaber, dietak ordainduko zaizkie, joan-etorrien eta mantenuaren ondorioz sortzen diren gastuak finantzatzeko, bai eta zerbitzuarengatik dagozkien kalte-ordainak ere.

       Aurkeztutako unitate didaktikoak eta unitate didaktikoaz hitz egiteko deituko zaien izangaien elkarrizketaren emaitzak ikusita, batzordeak txostena emango du. Gainera, egokitzat jotzen den kasuetan, Hezkuntza Ikuskaritzak bisita bat egin ahal izango dio izangaiari ikastetxean, eta programatutako unitate didaktikoa gelan nola garatzen duen ikusiko du.

       Izangai bakoitzak unitate didaktiko bati buruz dituen ezagutzak baloratzeko asmoz, batzorde bakoitzak emango dituen banakako txostenek puntu hauek izango dituzte oinarri:

       1.-Ikaskuntzaren helburuak zehaztea.

       * Helburuak teknikoki ondo formulatuta daude, koherenteak dira eta curriculum ofizialaren helburu orokorrenak gauzatzen dituzte.

       * Behar den mailara eta ikasleen ezaugarrietara egokituta daude.

       2.- Edukiak.

       * Edukien hautaketa bat dator helburuen proposamenarekin.

       * Curriculum ofizialaren barruan daude eta egokiak dira proposatzen den mailarako.

       * Haien formulazioa askotarikoa da, eta irizpide epistemologikoei, testuinguruaren araberako irizpideei eta irizpide funtzionalei ematen diete erantzuna.

       3.- Irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak.

       * Jardueren programazioa lagungarri da helburuak lortzeko eta proposatutako edukiak garatzeko.

       * Motibagarriak, askotarikoak, zailtasunaren arabera mailakatuak eta ikasle gehienek egin ahal izateko modukoak dira.

       * Aurreikuspenen arabera, hainbat baliabide didaktiko erabiliko dira.

       4.- Ebaluatzeko prozedurak.

       * Bat datoz proposatutako helburu, eduki eta jarduerekin.

       * Askotarikoak eta malguak dira, ikasleen aniztasunera egokituta daude, eta berreskuratzeko mekanismoak aurreikusten dituzte.

       5.- Gaitasunen garapena (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari eta hizkuntza-eskola ofizialei buruzko unitate didaktikoetarako soilik).

       * Unitate didaktikoak gaitasunak (HEO) edo oinarrizko gaitasunak (DBH) garatzeko ematen duen laguntza.

       * Ikasleak eskuratu behar duen gaitasunen (HEO) edo oinarrizko gaitasunen (DBH) lorpen-maila.

       Aipatutako alderdi bakoitzaren balorazioa egingo da, eta hau adieraziko da: EZ edo BAI (eta, kasu horretan, oso ondo, ondo, nahiko edo ez nahiko).

       Batzordeak emandako txostenak gutun-azal itxietan bidaliko zaizkio Langileriaren Kudeaketarako Zuzendaritzari, eta Zuzendaritzak epaimahaiei helaraziko dizkie.

       6.2.1.4.7. Epaimahaiak 0tik 10era bitarteko kalifikazioarekin epaitu, baloratu eta kalifikatuko du txostena, eta probaren B.2) ariketari ematen zaion garrantzi bera emango dio, oposizio-aldiaren azken kalifikazioa kalkulatzeko.

       6.2.1.4.8. Beste autonomia-erkidego batzuetako hezkuntza-administrazioetan zerbitzuak ematen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak deitutako hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek edukiko dute txostena ematea nahi duten. Horren ardura jatorrizko Administrazioak hartuko du bere gain, baldin eta  hezkuntza-administrazio horrek txosten hori ematea aurreikusita badauka bere deialdian. Bestalde, Txostena onartzeko, irakasleek deialdi honetan ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte, eta hala adierazi behar dute eskabideak aurkezteko epean. Eskabidean adierazi beharko dute, halaber, zein autonomia-erkidegotan ematen dituzten zerbitzuak.

Ikasturte honetan zerbitzuak ematen dituzten hezkuntza-administrazioei txostena emateko eskatu beharko diete irakasle horiek.

       Era berean, aipatutako txostena Euskal Autonomia Erkidegoan txostena egiteko erabiltzen diren baldintza eta parametroen arabera egin beharko da, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari bidali beharko dio pertsonalaren arloan eskuduntzak dituen jatorrizko Administrazioaren organoak.

Goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko oposizio-aldia

       Proban, kontuan hartuko dira izangaiak irakasgaiari buruz dituen ezagutzak, bai eta dituen baliabide didaktiko eta pedagogikoak ere. Lortu nahi duen espezialitateko gai baten ahozko azalpena eman beharko du, epaimahaiak ausaz aukeratutako zortzi gaietako bat aukeratuta. Deialdi honetako V. eranskinean ageri den kidegoko eta espezialitateko gai-zerrendako gaiak izango dira. Gaiaren aurkezpen didaktiko batekin osatuko da azalpena, izangai bakoitzak libreki aukeratuko duen ziklo edo maila bateko gaiaren aurkezpen didaktikoarekin.

       Konkordantzia badago izangaiaren titulazio akademikoaren eta lortu nahi duen espezialitatearen artean, epaimahaiak ausaz aukeratutako bederatzi gairen artean aukeratuko du gaia izangaiak. Bigarren Irakaskuntzako Institutuetako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako Institutuetako unibertsitatez kanpoko sare publikoko irakasleak lanpostuen zerrenda berriaren arabera birbanatzeko prozesua arautzen duen urtarrilaren 18ko 7/2000 Dekretuaren III. eranskinean (urtarrilaren 21eko EHAA) jasota dagoen espezialitateen eta tituluen taularen arabera zehaztuko da konkordantzia.

       Izangai bakoitzak bi ordu izango ditu prestatzeko, eta egokitzat jotzen duen material osagarria erabili ahal izango du (berak ekarri beharko du), bai eta gidoi bat ere. Epaimahaiari emango dio gidoia azalpena bukatzean. Berrogeita bost minutu iraungo du gehienez azalpenak, eta, amaitu ostean, epaimahaiak galderak edo jarduerak egin ahal izango dizkio, azalpenaren edukiari lotuta. Eztabaidak hamabost minutu iraungo du gehienez.

       Gorputz-hezkuntzako, Teknologiako eta berariazko lanbide-heziketako espezialitateetan, txanda librerako eta urritasunen batengatik erreserbatutako txandarako B.3) ariketan deskribatutako ezaugarri berak izango dituen ariketa praktiko bat izango du probak.

       Hizkuntzen espezialitateen proba espezialitate bakoitzari dagokion hizkuntzan egingo da osorik.

Proba zero puntutik hamarrera baloratuko da, eta izangaiek, gutxienez, bost puntu lortu beharko dituzte gainditzeko. Proba gainditzeko, izangaien gaiari buruzko ezaguerak eta baliabide didaktiko eta pedagogikoak baloratuko dira.

Oposizio- eta lehiaketa-aldietako puntuazioen ponderazioa, puntuazio globala lortzeko, hau izango da: %55 oposizio-aldirako eta %45 lehiaketa-aldirako.

Talde bereko beste kidego batzuetara eta kidego horietako destino osagarrien mailetara sartzeko oposizio-aldia

       Zati hauek izango ditu probak:

       a)-Jatorrizko kidegoan duten espezialitate bera lortu nahi duten izangaiek 6.2.1.2. oinarriko B.1) atalean ezarritakoaren arabera izangaiak prestatuko duen programazio didaktiko baten azalpena egin beharko du ahoz, eta, ondoren, ahozko eztabaida egongo da. 7.1. oinarrian agertzen den datan eta tokian aurkeztu beharko du programazio didaktikoa.

       Prestaketari eta material osagarria erabiltzeari buruzko baldintzak 6.2.1.2. oinarrian adierazitako berak izango dira. Hala ere, probaren garapenari, aurkezpena egiteko denborari eta programazioaren ahozko defentsari dagokionez, berrogeita bost minutu iraun ahal izango du, eta, ondoren, epaimahaiak eztabaida ireki ahal izango du azalpenaren edukiari buruz. Hamabost minutu izango ditu gehienez epaimahaiak galderak eta jarduerak egiteko.

       b)-Espezialitate bateko titularrak izan eta beste espezialitate bat lortu nahi dutenek goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko 6.2.2. oinarrian xedatutakoaren arabera egingo da proba, izangai bakoitzak gai bat aukeratzeko modua izan ezik. Izan ere, epaimahaiak ausaz aukeratuko dituen bederatzi gairen artean aukeratu beharko du gaia. Deialdi honetako V. eranskinean agertzen den kidegoaren eta espezialitatearen gai-zerrendakoak izango dira gaiak.

       Bai kasu batean, bai bestean, hizkuntzen espezialitateen proba espezialitate bakoitzari dagokion hizkuntzan egingo da osorik.

Proba zero puntutik hamarrera baloratuko da, eta izangaiek, gutxienez, bost puntu lortu beharko dituzte gainditzeko. Proba gainditzeko, izangaien gaiari buruzko ezaguerak eta baliabide didaktiko eta pedagogikoak baloratuko dira.

Lanpostuen esleipena

Erreklamazioak ebatzi ondoren, hautaketa-organoek Langileriaren Kudeaketarako zuzendariari bidaliko diote aukeratutako eta gainditutako izangaien behin betiko zerrenda, eta horrek aditzera emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian (http://www.irakasle.net) argitara emango den ebazpenaren  bidez.

       Interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote ebazpen horren aurka, hilabeteko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hautatutako izangaiek hogei egun naturaleko epea izango dute ondorengo agiriak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkezteko, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

       Ezarritako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiririk aurkezten ez dutenek, edo agiri horien azterketatik bigarren oinarrian adierazitako baldintzetariko baten jabe ez direla ondorioztatzen bada, karrerako funtzionario izendatua izateko eskubide guztiak galduko dituzte, hasierako eskabidean faltsukeria egin izanagatik merezi dezaketen erantzukizunaren kaltetan izan gabe.

       Deialdiaren 12.3 oinarrian aurreikusitako zerbitzuak egiaztatuta, praktiketako funtzionario izendatuak izateko edota karrerako funtzionario izendatu arte jatorrizko kidegoan jarraitzeko aukeren artean hauta dezaketen izangaiek aukera hori idatziz egin beharko dute, Langileriaren Kudeaketarako zuzendariari bidalitako instantziaren bidez; horretarako hamar laneguneko epea izango dute, gainditutako eta onartutako pertsonen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Praktiketako funtzionarioak izendatzea.

       Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautatutako izangaiak, dagokien kidegora sartzeko edo iristeko behar diren baldintzak betez gero eta praktikak egiteko betebeharretatik salbuetsita ez badaude, edo salbuetsita izanik ere, praktikak egitea erabaki baldin badute. Izangai horiek esleituko zaizkien destinoetan egin beharko dituzte praktikak, eta destino horietara lotzen ez diren izangaien kasuetan, hautaketa-prozesuari uko egiten diotela ulertuko da.

       Praktika-alditik salbuetsita egoteak, praktikak egiteko luzapena lortzeak edota hautaketa-prozesutik eratorritako eskubideei uko egiteak ez du gainerako izangaiei  esleitutako lanpostuetan aldaketarik ekarriko, ez eta hautatutako pertsonen zerrendan ere.

       Goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko txandakoak, eta talde bereko beste kidego batzuetara eta kidego horietako destino osagarrien mailetara sartzeko txandakoak praktika-aldia egitetik salbuetsita egongo dira.

       Aukeratutako izangaietatik, karrerako funtzionario gisa ikasturte batean, gutxienez, zerbitzuak eman izana egiaztatzen dutenek edukiko dute, esleitutako destinoan hasiz, praktiketako funtzionario izendatuak izateko aukera. Aukera horretaz baliatzen diren izangaiek ez dute ebaluazioa egin behar izango, eta karrerako funtzionario izendatu arte egon beharko dute egoera horretan. Praktiketako funtzionario izendatzeko aukera erabiltzen ez dutenak beren jatorriko kidegoetan egongo dira, promozioko gainerako izangaiekin batera karrerako funtzionario izendatu arte.

       Praktiketako funtzionario izendatzen dituztenetik karrerako funtzionario izendatu bitartean, izangaiei egokituko zaien araubide juridiko eta administratiboa praktiketako funtzionarioena izango da, baldin eta irakaskuntzako lanpostu batean aritzen badira.

       Praktiketako aldirako lortutako destinoak behin-behinekoak izango dira. Praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangaiek eta, praktika-aldia egitetik salbuetsita izanik, jatorrizko euren kidegoetan jarraitu nahi izan duten izangaiek lanpostu-hornikuntzarako deituko diren hurrengo lehiaketetan parte hartu beharko dute, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeren batean bere behin betiko destinoa lortu arte.

       Destinoen esleitzea hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera egingo da.

Goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko txandan hautatutako pertsonek lehentasuna izango dute haiek lortzeko, txanda librekoen eta ezinduei erreserbaturiko txandakoen aurretik.

Talde bereko beste kidego batzuetara eta kidego horietako destino osagarrien mailetara sartzeko txandan hautatutako pertsonek lehentasuna izango dute haiek lortzeko, beste txandetakoen aurretik.

Praktika-aldia.

       Praktika-aldiaren xedea aukeratutako izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna egiaztatzea da. Praktika-aldiak irakaskuntza-jarduneko sei hilabete iraungo du, kasu bereziak izan ezik, orduan gutxienez hiru hilabete baino gehiago jarraian irautea eskatuko baita.

       Horren garapena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako ebazpenaren araupean izango da, betiere, Ikastetxeen Zuzendaritzak eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak emango dituzten proposamenak aintzat harturik.

       Aldi hori 2008-2009 ikasturtearekin batera hasiko da.

       Kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle adituek zainduko dute praktika-aldia. Batzorde horien osaera praktika-aldia arautuko duen ebazpenean xedatuko da.

       Praktika-aldian lanpostuan sartzeko eta trebatzeko ekitaldiak, kalifikazio-batzordeek programatutakoak, egin ahal izango dira. Horrez gain, batzordeek izangaiei amaierako txostena egiteko eskatu ahal izango diete, topatutako zailtasunak eta jasotako laguntzak balora ditzaten.

       Praktika-aldia amaitzean izangai guztiek “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa jasoko dute. Dagokion kalifikazio-batzordeak emango du aipatutako balorazioa, betiere adierazitako ebazpenaren irizpideei jarraiki. Edonola ere, balorazioa egitean irakasle-tutoreak, praktikak egiteko erabili den ikastetxeko zuzendariak eta programatutako trebakuntzako ekitaldien arduradunek egindako txostenak aintzat hartuko dira.

       “Ez gai” kontsideratzen diren izangaiak hurrengo promozioko izangai aukeratuekin batera sartu ahal izango dira lanera; praktika-aldia behin bakarrik errepikatuko da. Kasu horretan, sartu diren promozio horretan, euren espezialitatean aukeratutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko dute zerrendan.

       Hurrengo urtean deituko ez balitz kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozesurik, “ez gai”-tzat zer ikasturtetan jo dituzten, hurrengo ikasturtean egingo dute praktika-aldia.

       Lanean hasten ez direnek edo bigarrenez “Ez gai” kalifikazioa jasotzen dutenek karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Arrazoidun ebazpen baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera aldarrikatuko du.

Karrerako funtzionarioak izendatzea.

       Behin agiriak egiaztatuz gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak hauxe argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian: praktika-aldia gainditu duten izangaien eta praktikak egitetik salbuetsita zeuden izangaien karrerako funtzionarioen izendapena. Praktiketako funtzionario zer ikasturtetan izendatu dituzten, hurrengo ikasturtearen hasierako egunetik aurrerako indarra izango du izendapenak.

Goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko txandan hautatutako pertsonek, Euskal Hezkuntza Administrazioan eskatutako kidego eta espezialitateko behin betiko lanpostuak betetzen ari badira, postu horietan jarraitzea erabaki ahal izango dute, eta, beraz, ez diete eragingo deialdiaren 12.6 eta 12.7 oinarrietako aurreikuspenek.