Hezkuntza Saila

 

 

 

 

 

 

 

 

 

HAUTAKETA-PROZESUAN ONARTUA IZATEA

 

Onartua izateko betebeharrekoak

Onartua izateko eskabideak

INFORMAZIO OROKORRA

 

 

 

 

HAUTAKETA-PROZESUAN ONARTUA IZATEA

Atal honetan azaltzen da zer baldintza bete behar den deitutako prozeduretako baten bidez irakaskuntzako funtzio publikora sartzeko. Eskabideak aurkezteko unean kontuan hartzeko informazio erabilgarria ere aurkituko duzu.

Prozesuan sartu ahal izateko bete behar direnak

Izangaiek ondokoak bete behar dituzte, hautaketa-prozesuan onartuko badituzte:

1) Betebehar orokorrak

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako bateko nazionala izatea, edo langileen zirkulazio libreari buruzko Europako Parlamentuko 2004/38/EE Zuzentaraua eta zuzentarau hori Espainiako lege-ordenamendura sartzeko ematen den araua aplika dakiokeen estaturen bateko nazionala izatea.

        Horrez gain, parte hartu ahal izango dute espainiar herritarren ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako bateko nazionalen eta Europar Batasunak sinatutako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio librea aplika dakiekeen estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, baldin eta dagokion itunean hala ezarrita badago eta espainiar Estatuak berretsita badu, edozein nazionalitatetakoak izan arren, baldin eta ezkontideak legez bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izan arren, gurasoen ardurapean bizi badira.

 b) Adina: Hemezortzi urte izatea eta erretiroa hartzeko oro har zehaztutako adinera oraindik ez iristea.

c) Gaixotasunik ez izatea, ezta aukeratzen diren kidego eta espezialitatearen funtzioetan aritzearekin bateraezina den muga fisiko edo psikikorik ere.

d) Zigor-espedientearen bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez izana, ezta funtzio publikoetan aritzeko ezgaituta egotea ere.

 Halaber, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek haien estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapen edo zigor penalik ez dutela egiaztatu beharko dute.

e) Zer kidegotara sartu nahi den, kidego horretako karrerako funtzionarioa edo praktiketakoa ez izatea, edo izendapenaren zain ez egotea.

f)  Hizkuntza-gaitasuna:
- Lortu nahi den lanpostuari ezarri zaion 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.
- Hizkuntza-eskakizunekin homologaturiko hizkuntza-egiaztagiriren bat edukitzea
 

2) Berariazko betebeharrak

2.1. Esandako betebehar orokorrez gain, izangaiek ondoko berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

       2.1.1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoak

       a) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea edo irakaskuntzarako dagokion mailako titulua edo beste titulu baliokideren bat izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea (III. eranskinean jasota daude titulu horiek), otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean ezarritakoaren arabera.

       b) Maiatzaren 3ko 2/2006 Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea.

       Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak onartutako Araudiko xedapen iragankorraren arabera, baldintza horretatik libre geratuko dira titulu hauetakoren bat dutenak: irakasleak, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-diplomatura dutenak, lehen irakaskuntzako irakasleak, pedagogian eta psikopedagogian lizentziadunak eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa duten lizentziatura edo titulu baliokidea dutenak. Horrez gain, ezingo zaie baldintza hori eskatu Teknologia, Psikologia eta Pedagogia espezialitateetara sartu nahi duten izangaiei, ez eta Lanbide Heziketako irakaskuntzetara sartu nahi dutenei ere.

       Xedapen horretan bertan ezarritakoaren arabera, baldintza honetan aipatzen den prestakuntzaren baliokideak dira maiatzaren 3ko 2/2006 Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa indarrean sartzean urriaren 3ko 1/1990 Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren babesean unibertsitateek antolatutako ikastaroen bidez lortutako Espezializazio Didaktikoko Profesionalak titulua eta Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria, bai eta Irakasgaitasun Ziurtagiria ere. Titulu horien baliokidetzat hartzen da, halaber, bi ikasturte osotan edo 12 hilabetetan (tartean etenak egon arren) irakaskuntza-esperientzia eduki dela egiaztatzea, behar bezala baimendutako irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoetan edo pribatuetan.

       2.1.2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoak

       Unibertsitateko diplomadunaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulua izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea edo irakaskuntzarako dagokion mailako titulua edo beste titulu baliokideren bat izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea (IV. eranskinean jasota daude titulu horiek).

       Oro har eskatutako titulurik eduki ez arren, deialdia egiten duen hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxe publikoetan gutxienez bi urteko irakaskuntza-esperientzia egiaztatzen dutenak ere onartu ahal izango dira, dagokion lanbide-familiako lanbide-heziketaren espezialitate bateko teknikari espezialistaren edo goi-mailako teknikariaren titulua badute.

       2.1.3. Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoak

       Doktorearen, lizentziadunaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea edo irakaskuntzarako dagokion mailako titulua edo beste titulu baliokideren bat izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduak izatea.

 

Titulazio horiek atzerrian lortu izanez gero, homologatuta egon beharko dute, urtarrilaren 16ko 86/1987 eta otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuen eta azaroaren 3ko ECI 3686/2004 Aginduaren arabera, edo, bestela, dagokion kidegoko irakasle-lanbidean jarduteko aitortuta egon beharko dute, 89/48/EEE Zuzentarauak eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretuak zehaztutakoaren babesean, aplikatu ahal diren heinean.

2.2. Urritasuna dutenentzat erreserbatutako txandan parte hartzeko berariazko baldintzak

       Prozedura horretan parte hartu ahal izango dute lortu nahi duten kidegoan sartzeko baldintza orokorrak eta berariazko baldintzak bete eta, horrez gain, Foru Aldundietako Gizarte Ongizate Saileko, Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioko edo, hala egokituz gero, gai horretan eskuduntzak dituzten gainerako autonomia-erkidegokoetako organo eskudunek gutxienez % 33ko urritasun fisikoa aitortu diotenek, urritasuna irakaskuntzan aritzearekin bateraezina ez bada.

       Erreserba horretarako aukera parte hartzeko eskaeran egin beharko da, eta berariaz adieraziko da horretarako eskatutako baldintza betetzen dela. Lanpostua lortutakoan, eskumena duten organoen ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da adierazitako baldintza hori betetzen dela.

       Ezinduei erreserbaturikoen txandan lehiatzen diren izangaiek ezin izango dute espezialitate bererako lehiatu beste prozesuren baten bitartez, eta ezin izango dute prozeduraz aldatu gerora.

2.3. Goragoko talde bateko kidegoetara sartzeko prozesuan parte hartzeko berariazko baldintzak

       Prozesu honetan parte hartu ahal izango dute B taldean sailkatuta dauden irakasle funtzionarioek, deialdian ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, baldintza hauek egiaztatzen badituzte:

       a) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdi honetako oinarrietan agertzen diren tituluetako bat duela.

       b) Jatorrizko kidegoan gutxienez zortzi urte izan dela karrerako funtzionario.

       c) Lortu nahi duen lanpostuari dagokion 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna duela.

       Sarbide-prozedura hau aukeratzen dutenek ezingo dute beste prozedura batetik parte hartu espezialitate bererako, eta ezingo dute prozedura aldatu gerora.

2.4. Talde bereko beste kidego batzuetara eta kidego horietako destino osagarrien mailetara sartzeko prozeduretan parte hartzeko berariazko baldintzak

       Prozedura horretan parte hartu ahal izango dute A taldeko irakasle funtzionarioek, deialdian ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, baldintza hauek egiaztatzen badituzte:

       a) Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko deialdi honetako oinarrietan agertzen diren tituluetako bat duela.

       b) Lortu nahi duen lanpostuari dagokion 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna duela.

       Sarbide-prozedura hau aukeratzen dutenek ezingo dute beste prozedura batetik parte hartu espezialitate bererako, eta ezingo dute prozedura aldatu gerora.

Oinarri honetan aipatutako baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea amaitzean, eta karrerako funtzionarioaren kargua hartzeko egunera arte bete beharko dira, gainera, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko baldintzarena izan ezik, deialdi honetako 6.1.2. oinarrian aipatzen den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probaren emaitzak argitaratu aurretik eduki eta egiaztatu behar baitira hizkuntza-eskakizunak.


Onartua izateko eskabideak

Hautaketa-prozesuan onartua izateko eskabidea egin aurretik, deialdia bera arretaz irakurtzea komeni da, batez ere eskabideak aurkezteko epeei buruzko atalak, eskabideak betetzeko jarraibideei buruzko atalak, etab.

Eskabide-inprimakiak jasotzea

Hautespen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, eskabide-eredu bat bete beharko dute; hain zuzen ere, interneteko helbide hauetan agertzen dena: http://www.irakasle.net edo http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Ondorengo bi bideetako bat erabil dezakete horretarako:

1. Eskabide-eredua zuzenean bete aipatu internet-helbidean.


2.
Eredu hori lurralde historiko bakoitzaren hurrengo tokietan bete:

       - Alava: Delegación Territorial sita en San Prudencio, 18 – Vitoria-Gasteiz

       - Bizkaia: Maria Diaz de Haro kalea, 3 – Bilbo    

       - Gipuzkoa: Plaza Lasala, 2-1º piso – Donostia-San Sebastián

Hauxe gomendatzen dizugu: eskabidea betetzen hasi aurretik, arretaz irakur ditzazula eskabidea behar bezala betetzeko argibideak, adierazitako internet-helbidean ageri direnak.

Goian aipatutako tokietan eskuratu ahal den eskabide ereduak bere erreferentzia-zenbaki propio eta bereizia izango du, identifikatzeko. Eskabidea, halaber, jatorrizko alea izango da, eta ez fotokopia, eta bertan jasoko dira, nahitaez, izangaiak nahi duen kidegoa, espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta txanda.

Elbarritasuna edo ezintasuna duten hautagaiek laukitxo egokian adieraziko dute hori, bai eta eskatzen duten egokitzapena azalduko ere.

Tasak ordaintzea

Izangaiek zenbateko hauek ordaindu beharko dituzte, izena emateko tasa gisa, deialdi honetan parte hartu ahal izateko:

       .16,30 € Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoak.

       .19,55 € Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoak eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoak.

Tasak eskaerak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira, eta bi bideotako bat aukeratu ahal izango da horretarako:

a) Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz:

1. Caja Laboral-Euskadiko Kutxa
2. BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa)
3. Caja Vital Kutxa
4. Gipuzkoa Donostia Kutxa,
5. BBVA
6. Santander Central Hispano
7. Banco Guipuzcoano.
8. La Caixa.
9. Bankoa.

b) ON-LINE ordaintzea: banku elektronikoaren sistemaren bitartez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideen arabera, betiere interesduna modalitate horretako bezero baldin bada adierazitako banku-erakundeetatik edozeinetan. Ordainketa-mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Azterketa egiteko eskubideak ez ordaintzeak edo epez kanpo ordaintzeak izangaia prozesutik kanpo uztea ekarriko du.

Agiriak aurkeztea

Eskabideak eta bestelako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izango da, deialdi-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta honako tokietako batean aurkeztu beharko da:

       - Alava: Delegación Territorial sita en San Prudencio, 18 – Vitoria-Gasteiz

       - Bizkaia: Maria Diaz de Haro kalea, 3 – Bilbo    

       - Gipuzkoa: Plaza Lasala, 2-1º piso – Donostia-San Sebastián

- Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko, 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein eratan, xedapen horretan ezarritako baldintzen arabera.

Eskaera internet bidez betetzen bada, hartuaren adierazpena eskuratuko da (erakunde laguntzailearentzako alea). Esleitutako erreferentzia-zenbakia izango du, eta deialdiaren 3.2. oinarrian aurreikusitako moduetan tasa ordaintzeko datu zehatzak edukiko ditu. Bide batez eskuratuko da eskabidearen ordezkagiria (administrazioarentzako alea), eta eskabideak aurkezteko epean deialdiaren 3.4.1. oinarriko a) eta b) puntuetan aipatutako edozein tokitan aurkez daitezkeen merezimenduei eta gainerako dokumentazioari erantsiko zaie.

Atzerrian egindako eskabideak tokian tokiko Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdiaren oinarriko 3.5 puntuan adierazitako epean aurkeztu ere, eta erakunde horiek eskumena duen administraziora igorriko dituzte. Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeko deialdiko 3.2 puntuak xedatutakoari jarraituko zaio.

Agiriak

Ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, eskabidearekin batera:

       a) Kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla adierazten duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

       Atzerrian lortutako tituluen kasuan, dagokion homologazioa edo irakasle-kidegoan jarduteko behar den onespenaren kredentziala erantsi beharko da, 89/48/EEE Zuzentaraua eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretua aplikatuz.

       Dokumentu hori aurkezten ez badu, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

       b) Deialdiaren 2.2.1.1. b) oinarrian aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa baduela ziurtatzen duen egiaztagiriaren edo tituluaren fotokopia konpultsatua, kidegoan sartzeko eskatutakoaren berdina ez bada.

       Oinarriak aipatutako prestakuntzaren baliokidetzat hartzen duen aurreko irakaskuntza-esperientziaren egiaztapena,deialdiaren I. eranskineko I. atalean agertzen diren agiriak aurkeztuta.

       c) Goragoko talde bateko kidegoetara eta talde bereko beste kidego batzuetara eta kidego horietako destino osagarrien mailetara sartu nahi dutenek kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla adierazten duen ziurtagiria eman beharko dute.

      d) Urritasuna duten izangaiek urritasun-maila zehazteko organo tekniko eskumendunak emandako medikuaren irizpen teknikoa aurkeztu beharko dute, fede emanez egiaztatzen dituena aitortutako urritasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak, hautaketa-organoak balioetsi ahal izan dezan eskatutako egokitzapenak bidezkoak diren ala ez.

       e) Espainiar nazionalitaterik ez duten izangaiek deialdiaren 6.1.1.1. oinarrian adierazitakoaren arabera gaztelaniaren ezagutza-proba egitetik salbuetsita geratu nahi badute oinarri horretan aipatutako tituluren bat dutelako, tituluen fotokopia konpultsatua edo tituluak emateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

       Halaber, aurreko deialdietan proba gainditu dutela-eta salbuetsita geratu nahi duten izangaiek proba gainditua dutela egiaztatuko duen agiria aurkeztu beharko dute.

Bi kasuetan, dokumentu horiek aurkeztu ezean, interesdunak ezingo dira salbuetsi, eta, hortaz, proba egin beharko dute, deialdiaren 6.1.1. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Proba hori egitetik salbuetsitzat joko dira, halaber, espainolaz besteko nazionalitatea duten izangaiak, baldin eta, jatorria kontuan hartuta, gaztelaniaz dakitela ondoriozta badaiteke.

f) Zerbitzuak beste autonomia-erkidego batzuetako hezkuntza-administrazioetan ematen dituztenek administrazio horiek emandako zerbitzu-orriak aurkeztu beharko dutuzte, B.2) ariketa ordeztea nahi badute. Zerbitzu-orri horretan adierazi egin beharko da zein kidego eta espezialitatetan izendatu ziren izangaiok eta, halaber, adierazi egin beharko da zein egun zehatzetan eman diren zerbitzuok.

g) Deialdi honi lotutako I. eta II. eranskineko baremoak aipatzen dituen merezimenduak baloratzeko, izangaiek merezimendu horiek egiaztatzeko agiriak (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak) aurkeztuko dituzte. Horrenbestez, eskabideak aurkezteko epean eta deialdi honek zehaztutako agirien bidez egokiro egiaztatzen diren merezimenduak baino ez dira aintzat hartuko.

       Alegatutako tituluaren espediente akademikoa baloratu ahal izateko, titulua atzerrian eskuratu duten izangaiek lehenengo paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dute titulua, baina eskabideak aurkezteko epea agortu ondoren, beste hogei egun natural izango dituzte titulua eman zuen herrialdeko hezkuntza-administrazioak karrera osoan lortutako kalifikazioen batez bestekoaren egiaztapena eman dezan. Horrez gain, Espainiako kalifikazioekin baliokideak zehazteko, atzerriko sistema akademiko horretan lor daitezkeen kalifikazio gorenak zein diren ere adierazi beharko du.

      Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania ez den atzerriko hizkuntzaren batean emandako dokumentazio guztiak. Titulazio akademikoei eta emandako zerbitzuen orriei dagokienez, zinpeko interprete batek egin beharko du itzulpena; gainerako dokumentazioaren itzulpenak, berriz, zinpeko interpreteak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

       Autonomia-erkidegoetako beste hizkuntzetan idatzitako dokumentuak ere (euskaraz idatzitako dokumentuak izan ezik) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera zinpeko interpreteak itzulita aurkeztu beharko dira.