Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

Emakume Nekazarien Estatutua

Hurrengo abenduaren 19an, asteazkena, Arkautiko Zalditegietan, XV. Berdintasunerako Gunearen esparruan Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Polititako sailburuordetzak, NEIKER-Tecnalia, ELIKA Fundazioa, HAZI Fundazioa eta EMAKUNDE-rekin batera antolatu du hurrengo Jardunaldia:

Jardunaldia: "Nola bultzatu emakumeen parte hartzea Nekazaritza Sektoreko erakundeetan?"


Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko informazio-foiletoa

Emakume Nekazarien Estatutua

2015eko urriaren 15ean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Emakume Nekazariaren Estatutua. Horrenbestez, Euskadi izan zen landa-inguruneko eta lehen sektoreko emakumeen lan-egoera arautzen zuen lehen Autonomia Erkidegoa. Arauaren helburu nagusia da, hain zuzen, emakume nekazarien lana ikusgarriagoa egitea eta emakumeek esplotazioen titulartasuna eskura dezaten sustatzea.

Emakume Nekazariaren Estatutua onartuta, lehenengo sektoreko emakumeari eman beharreko aitorpen profesionala ematen zaio, hori egiteke baitzegoen, eta dagozkion eskubide laboral, sozial eta fiskalak onartzen zaizkio, besteak beste.

8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa ikusi (EHAA 200 zk. 2015eko urriaren 21ekoa)

Nekazaritzaren sektorean emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdinak benetan izateko eta sektorearen eremu guztietan genero ikuspegia txertatzeko beharrezkoak diren neurriak jasotzen dituen Legea da Emakume Nekazarien Estatutua.

Nekazaritza ustiategietan emakumezkoen lana familia-laguntza deitutakoan sartu izan da. Jarduera horri  laguntza izena bera emateak  erakusten du ez dela merkataritza-lantzat hartzen, eta ez  dela hartzen ustiapenaren titularrarekin batera, eskubide berberekin, egindako elkarlantzat. Baina egoera hori desagertu egin behar da, Emakume Nekazarien Estatutuak esaten duen bezala: “emakumeek nekazaritzaren sektorean jasan duten bereizkeriari aurre egiteko garaia da, batik bat, profesionaltzat joak eta gizartean aintzat hartuak izateari dagokionez, bai eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egiaz gauzatzeari dagokionez ere”. 

Emakume nekazarien bizitzan Estatutua indarrean jartzeak zenbaterainoko eragina izango zuen jakiteko abiapuntu bat ezartzeko, 2016ko otsailean ondoko helburuak zituen txosten bat egin zen:

• Euskal emakume nekazarien gaur egungo errealitatearen ahalik eta irudirik zehatzena izatea.

•  Euskal nekazaritzan ari diren emakumezkoen benetako beharrak antzematea.

• Nekazaritza ustiategietan eta sektorearen inguruko esparru publikoan emakumeen ahalduntzea.

2016ko otsailean egindako Emakumeak Euskadiko Nekazaritza sektorean txostena ikusi.

2018ko urtarrilaren 23an, Jarraipen Batzordea osatu zen, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 29 artikuluak dioenari jarraikiz, Estatutuak dioenari jarraipena egiteko. Aipatutako Batzordeak hasiera-hasieratik lau ildo nagusitan egiten du lan, horretarako sortutako lan-taldeen bidez:

1. Ustiapen-erregistroa

2. Emakume nekazariak eta Estatutua ikusgai egitea

3. Prestakuntza

4. Talde juridikoa: araudia berriro aztertzea eta egokitzea

Orain arte ikusgai egiteko ekintzarik garrantzitsuenetako bat 2018ko urriaren 15ean egin zen Vitoria-Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Landa-eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, Emakume Nekazarien Estatutuaren inguruan egin zen ospakizuna.

Azken aldaketako data: