Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoa (PEGIP 2020)

Ezagutu PEGIP 2020

Euskal Administrazio Publikoa hobetzeko, eta etengabe, gizartearen egoera aldakorretara egokitzeko beharrerako, epe luzeko ikuspegia behar da. Denboran irauten duen ahaleginaren bidez baino ezin dira lortu eta finkatu emaitza esanguratsuak eremu horretan.

PEGIP 2020 administrazioa “Gobernantza Ona”ren irizpide berri eta zorrotzen arabera modernizatzeko aukera emango digun tresna da. Berariaz erantzuten dio XI. Legegintzaldiko Gobernu Programaren 62. konpromisoari; horren bidez, Euskadi Europako eskualde berritzaile gisa finkatu nahi da, baita gobernantza publikoaren arloan ere. Plan hori Eusko Jaurlaritzak administrazio berritzailea eta herritarren parte-hartzera zabalik dagoena eta zerbitzu onak, eraginkorrak, efizienteak eta seguruak eskaintzen dituena eraikitzeko lanaren bizkarrezurra izango da.

Administrazioa, gainera, herritar erantzunkideen eta euskal gizartearen ongizatearen alde harro lan egiten duten zerbitzu publikoko profesionalen arteko harreman-espazio gisa ulertu behar da.

PEGIP2020PEGIP 2020 Dokumentua (PDF, 4 MB)

PEGIP 2020 Nabigatzeko bertsioa

PEGIP 2020 administrazioa "Gobernantza Ona"-ren irizpide berri eta zorrotzen arabera modernitzatzeko aukera emango digun tresna da.

Zer da Gobernantza Publikoa

Gobernantza hitzak, oro har, erabakiak hartzeko eta horiek abiarazteko edo ez abiarazteko ezartzen diren prozesuei egiten die erreferentzia. Horrela, enpresa, erakunde, udalerri, eskola, unibertsitate eta abarretako gobernantzari buruz hitz egin dezakegu.

Gobernantza onaz hitz egiten da erabakiak hartzeko eta ezartzeko prozesuak efikazak direnean, hots, eragindako eragileen artean demokratikoki egiten direnean, bilatzen duten helburuaren arabera baliabide orekatuak kontsumitzen dituztenean, behar duten informazioarekin hartzen direnean...

Herrialde bateko gobernantzari buruz ari garenean, gobernuak dira tartean dauden eragileetako bat, baina ez bakarra. Gobernantzaren eragile dira, halaber, herritar antolatuak eta antolatu gabeak, ekonomia- eta gizarte-eragileak, presio-taldeak...

Erabakiak hartzean eta horien ezarpenean “gauza onak egiteko” –hau da, “balio publikoa sortzeko”– honako printzipio hauetaz baliatzen dena jotzen da gobernu ontzat:

  • Zintzotasunak erakunde publikoen azpiegitura etikoa hobetzen du
  • Herritarren parte-hartzeak aberastu egiten du demokrazia ordezkatzailea, eta ezinbestekoa da kudeaketa publikoan.
  • Gardentasunak beharrezko informazio publikoa argi eta erabilgarri jartzea dakar.
  • Legezkotasun-printzipioa, arauen aplikazio inpartziala ezartzen duena.
  • Etika kargu publikoaren jokabidean eta enplegatu publikoen lanean, zerbitzu publikora bideratuta egon behar duena; horrek konpromiso pertsonalak eta instituzionalak dakartza, erakundearen helburuak lortzeko, bai eta herritarrekiko konpromisoak ere. Arau batzuek Gobernu Onari oso modu murriztailean egiten diote erreferentzia, eta bakarrik egiten diete erreferentzia ustelkeriaren kontrol-neurriei, eta hori, hain zuzen ere, kontrakoaren bereizgarri da, “gobernu txarraren” bereizgarri.
  • Erantzukizuna, zeinak interes-talde guztiei arrazoizko denbora-esparru batean kasu egitea baitakar.
  • Ekitateak, kide guztiak erkidegoaren zati direla bermatzen du eta beren ongizatea hobetzeko edo mantentzeko aukerak ematen dizkie.
  • Kudeaketaren eraginkortasuna eta efizientzia, alegia, erabilitako prozedurek beharrezko emaitza eta inpaktuak dakartzatela, horretarako eskuragarri dauden baliabideak ahalik eta ondoen erabiliz.

Zortzi printzipio horiek dira Gobernu Onaren oinarriak, zeinaren xedea balio publikoa sortzea baita. Balio publikoa sortzen da:

  • Eraginkortasunez erantzutean gizarte-behar edo -eskakizunei, gurari politiko horiek legezkotasun demokratikoaren prozesu batean oinarrituta agertzean.
  • Gizarte aldaketak sustatuz, gizarte osoaren nahiz sortutako balio publikoaren bidezko jasotzaile gisa onartutako gizarte talde batzuen izaera aldatzeko, eta jabetze kolektiboaren dimentsioa badago, hori baita ondasun publikoen izaeraren bereizgarria.

Baina Gobernu Onak administrazio ona behar du, “helburu dituen gauza onak ondo egiteko”. “Gauzak hobeto egiteko” aukera ematen duten tresnek zerikusia dute honako hauek sartzearekin, besteak beste:

  • Politika eta zerbitzu publikoen etengabeko plangintza- eta ebaluazio-mekanismoak.
  • Etengabe hobetzen laguntzen duten eta erabiltzaile edo onuradunekin konpromisoa duten zerbitzu-eskaintza ezartzen duten kudeaketa aurreratuko sistemak.
  • Informazioko eta herritarrekiko elkarrekintzako aurrez aurreko plataformak eta birtualak, proposamenak eta iradokizunak, erkaketa eta entzute aktiboa egiteko aukera ematen dutenak.
  • Berrikuspen-tresnak, arauen kalitatea, administrazio-prozedurak... hobetzeko, sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko.
  • Langileen eta erabiltzaileen lan-antolaketako eta inplikazioko eredu malguak.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, prozesuak automatizatzeko eta informazio publikoa biltzeko eta egoki erabiltzeko.

Gainera, azken sasoian, 2009ko urtarrilaren 21etik aurrera, AEBko Barack Obama presidenteak Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Memoranduma aldarrikatu zuenetik aurrera, beste kontzeptu bat egin da ezagun: Gobernu Irekia. Kontzeptu horrek, funtsean, Gobernu Onaren 3 oinarriri egiten die erreferentzia:

  • Gardentasuna: gobernu gardenak administrazioak herritarren aurrean kontuak ematea sustatzen eta bultzatzen du, eta egiten ari denari eta jardun-planei buruzko informazioa ematen du. Horrek aukera ematen du hura kontrolatzeko eta ekonomia- eta gizarte-balioa sortzeko, administrazioak libreki eskainitako datu publikoen bidez.
  • Lankidetza: elkarlaneko gobernu batek herritarrak eta gainerako eragileak administrazioaren lanean inplikatzen eta konprometitzen ditu.
  • Parte-hartzea: gobernu parte-hartzaileak herritarrek politika publikoen eraketan aktiboki parte hartzeko eskubidea hobetzen du eta administrazioa animatzen du herritarren ezagutzatik eta esperientziatik onura ateratzera.

Planari buruzko aurkezpen bideoak:

Jarrai gaitzazu