Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

GBPPE 2020: Euskadi gobernantza publikoaren arloko Europako eskualde berritzailetzat finkatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren estrategia

egilea: Josu Erkoreka Gervasio, 

Gobernantza azken urteotan nabarmen aberastuz joan den kontzeptu dinamikoa da. Gobernu Ona “gauza onak egiten” ahalegintzen da erabakiak hartu eta inplementatzeko prozesuetan, betiere balio publikoa sortzeko asmoz.

Politika publikoen diseinu eta ebaluazioaren arloko herritarren parte-hartzea, erakundeen zuzentasuna, gardentasuna eta baliabide publikoen erabilera efikaz eta eraginkorra bezalako esparru kualitatiboetan aurrera egitea erreferente berezia eta bereizgarria izan dira eta dira, garrantzi handi-handikoa alegia, euskal administrazioarentzat.

Halakotzat jo dira azken urteotan garatuz joan den Berrikuntza Publikoaren Planean, eta halakotzat joko dira PEGIP 2020 delakoan ere. Hilabeteak daramatzagu Plan honen inguruan lanean, inplementatzeko moduko dokumentu bat taxutzeko asmoz, baina aurretik, gizarte zibilarekin egiaztatu behar dugu, eta gizarteak egindako ekarpenei esker, behin-betiko dokumentu aberastua lortuko dugu, Eusko Jaurlaritzak onartu eta Eusko Legebiltzarrera igor dezan.

PEGIP 2020 etorkizuneko oinarriak finkatzen ahaleginduko da, Euskadi Gobernantza eta berrikuntza publikoaren arloko erreferentea izan dadin, eta bide honetan, emaitza onak lortzen ari garen esparruetan aurrera egiten jarraitu nahi dugu: zuzentasunean, gardentasunean (autonomia-erkidegoen azken urteotako sailkapeneko buru), parte-hartzean (Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriaren elaborazioa tarteko), kudeaketa publiko aurreratuan (Aurrerabide) eta, nola ez, teknologia berrietan, administrazio publikoa arindu eta herritarrei hurbiltzeko nahitaezko eta ezinbesteko tresna diren heinean, betiere gizarte digitalarentzako administrazio digitala lortzeko helburuari jarraiki.

PEGIP 2020aren bidez, Euskal Administrazio Publikoa eraldatzeko erronkari aurre egin nahi diogu, baina kudeaketa publikoaren efizientzia eta koherentziari, gardentasunari, kontuak emateari eta herritarren parte-hartzeari dagozkien irizpide berri eta zorrotzen arabera.

Hauxe da administrazioa modernizatu eta “Gobernantza Onerantz” aurrera egitea ahalbidetuko digun tresna. Plan hau, Eusko Jaurlaritzak kalitateko zerbitzu efizienteak, efikazak eta seguruak eskaini eta herritarren parte-hartzeari irekitako administrazio berritzailea eraikitzeko egin beharreko lanaren bizkarrezurra izango da.

Alabaina, plana ez da hutsetik abiatu behar. 2014-2016ko Berrikuntza Publikoaren Planaren eboluzioa besterik ez da. Bideo honetan laburbildu da BPParen ibilbidea:

 

PEGIP 2020 aurreko Planaren formulazio estrategiko berberaz baliatuko da Administrazio irekia, efikaza, efizientea eta berritzailea lortzeko, eta horretarako, 6 jarduera-esparru edo ardatz estrategiko zehaztu dira:

  • 1. Ardatza. Gardentasuna eta Parte-hartzea
  • 2. Ardatza. Plangintza estrategiko adimenduna
  • 3. Ardatza. Herritarrekiko harremanak
  • 4. Ardatza. Zuzentasuna
  • 5. Ardatza. Berrikuntza
  • 6. Ardatza. Kudeaketa aurreratua

Ondorengo bideoan, laburbilduta ikus daitezke, PEGIP 2020aren laguntzaz Gobernantza eta Berrikuntza Publikoaren arloan egin nahi dugun bidearen nondik norakoak:

Ondorioz, Plan honen bitartez, gardentasunaren, parte-hartzearen eta lankidetzaren balioak sustatu nahi ditugu, ezin bestela, eta horren kariaz, gainerako erakundeak, administrazio publikoak eta herritarrak bildu nahi ditugu elaborazio prozesuan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, kanal digital guztiak abiarazi ditu:

Atari tematikoa euskadi.eus webgunean: bertan eskura daiteke orain herritarren parte-hartze, lankidetza eta kontsultarako zabaldu den planaren dokumentua.
Eusko Jaurlaritzaren herritarrek parte hartzeko ataria, Irekia: prozesu bat zabaldu da, nahi dutenek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Prozesuari segida emango zaio plana inplementatzen denean, horren jarraipena eta etengabeko hobekuntza egin ahal izateko.
PEGIP 2020aren bloga: bertan, Planaren bilakaeraren jarraipena eta honi lotutako postei buruzko iruzkinak egin ahal izango dira.
Sare sozialetako kanal propioak: Facebook, Twitter eta YouTube-ko kontuen bitartez jarrai daiteke

Beraz, Gobernantza Ona da gure bidea, eta halaxe erakutsi nahi izan genuen Bilbon joan den ostiralean, urriak 27, Euskadiko Artxibo Historikoan antolatutako gobernantza publikoari buruzko “2020: Twenty-Twenty” izenburuko lan-saioan. Bertan, GBPPE 2020 gizartearen aurrean aurkezteaz gain, gobernantza publikoko gaietan nazioarteko erreferente bihurtu diren nazioarteko hiru erakunde nagusien ordezkarien parte-hartzea eta Planari egindako ekarpenak ezagutzeko aukera izan genuen: Eva Beuselinck, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundekoa (OCDE), Brittany Giroux, Open Government Partnership-ekoa (OGP) eta Cesar Nicandro Cruz-Rubio, Transparency International-ekoa.

Gobernantza onaren eta sektore publikoan berritzen jarraitzearen aldeko pausoak ematen jarraitu nahi dugu. Bide honetan gurekin bat egin nahi duzu?