Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Jardunaldien irudia

Imagen Jornadas

LANAREN FITXA TEKNIKOA

TITULUA

Der Veder (The father), 1920.

Collage, 34 x 27,5 cm

GALERIA

Berlingo Berinson galeriak dauzka arte-lan hau esplotatzeko eskubideak, eta eskertu nahi diegu, izugarri eskertu ere, baimena eman izana jardunaldien irudi bezala erabiltzeko.

EGILEA

Hannah Höch (1889-1978)

Höch-ek “emakume berria” irudikatu nahi izan zuen, eta gizarte matxista eta misoginoa salatu. Mugimendu dadaistan parte hartu zuen emakume bakarra izan zen. Hantxe murgildu ondoren, 1937an, gobernu naziaren zentsura nozitu zen, eta debekua, eta, hori dela-eta, atzerrian erakutsi behar izan zituen bere lanak.

Gizartean emakumeak betetzen duen eginkizuna kritikatzen dute Hannah Höch-en lan askok. Gerren arteko garai hartan, emakumeak hasi berriak ziren lan?munduan sartzen, eta eskubide eta askatasun gehiago aitortzeko eskatu ahal izan zuten.

Dadaismoa pil-pilean zegoen Höch-ek mugimenduan parte hartu zuenean, non misoginia eta gizonen eginkizuna nagusitzen ziren, eta maiz askotan aurre egin behar izan zien gizonei. Testuinguru horretan, Höch-ek defendatu zituen ideiak adiskidetzaileak eta elkarrizketatzaileak dira, ikusmolde onbera eta sosegatua aurkezten baitute –baina ez akritikoa– bizi izan zuen garaiaz; miseria eta biolentzia handia zegoen, hein handi batean, emakumeen kontrako biolentzia.[1]

Hala, mugimendu feministak sortu ziren urteetan emakumeek emandako aurrerapausoek liluraturik, zenbait komunikabidek emakume berriaz zabaltzen zuten azaleko irudia kritikatu zuen, eta, halaber, gai androginoa islatzen duten lan batzuk sortu zituen, lesbiar maitasunari edo aitatasunari buruz. “Der Veder” aipatu azken gai horri buruzkoa da, hain zuzen.

“Aita”

“Aita” lanak figura androgino bat irudikatzen du, batere antzik ez duena beste dadaista alemaniar batzuek egindako munstro-irudi autoritarioekin.

Collage honetan ikusten ditugun emakumeak saltoka eta dantzan dabiltza, etxeko lanez erabat askatuta. “Aita” da haurra zaintzen duena: figura androgino bat, gizon-burua eta emakume-gorputza dituena. Baina zein da eskuin aldean ageri den boxeolaria, umeari eta aitari muturrekoak emanez? Esan nahi ote du aita oraindik ez dagoela prest seme-alaben ongizatea bermatzeko? Hannah Höch ezagututa, ez du ematen hori denik. Nahiz eta lana aspaldikoa izan, eta zenbait modutan interpretatu daitekeen, nire ustez, aitaren irudiak –erdi gizona eta erdi emakumea– etxeko lanen banaketa ekitatiboa esan nahi du (une hartan zerbait ia utopikoa zena), eta boxeolaria, berriz, gizarte patriarkalaren isla da, lana banatzeko konponbide hori boikotatzeko prest, gizonak beren etxeko obligazioak beren gain hartzea eragozteko ahaleginetan.[2] Boxeolariak amets berdintzaile bat irudikatzen du: genero-aginduak gainditzen dituzten harremanak izan ahal izatekoa, harreman askeak eta androginoak.

Zergatik aukeratu dugu lan hau jardunaldiak irudikatzeko?

Milanen aurkitu genuen, “Ama handia”[3] erakusketan, non elkarrizketa bat ezartzen baitzen XX. mendean amatasunaren eta aitatasunaren inguruan egindako adierazpen artistikoen eta gogoeten artean. Oso modu grafikoan laburtzen ditu jardunaldien helburuak: amatasunen eta aitatasunen arteko elkarrizketa, bizikidetza eta lanen banaketa justuagoa lortzea helburu duena, gizonen benetako aldaketatik abiatuta, lan erreproduktiboetan eta zainketa-lanetan gehiago jardun dezaten. Izan ere, azken urteetan aldaketak egon diren arren, oraindik ere emakumeek jarraitzen dute lan hori gehienak egiten.

Beste alde batetik, zalantzan jartzen ditu maskulinitatearen eredu nagusiak. Horretarako, gizon-aita androgino bat proposatzen du, seme-alaben hazibidean inplikatzen dena, erantzukizuna partekatuz, eta, horrenbestez, emakumeak ahalduntzen lagunduz.

Baina aldaketa hori ez dago kontraesanetatik salbu: berdintasunaren aurkako erresistentzia aktiboak daude, baita bortitzak ere, eta Hannah Höch-ek boxeolariaren irudiaz islatzen ditu erresistentzia horiek.

Beste alde batetik, 1920ko lan bat aukeratu dugu, eta arte feministaren aurrekari batena, berariaz aitortzeko feminismoak eta emakumeek bete duten eginkizun nagusia emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko borrokan.

[1] Juan Aliaga, sendatzailea.

[2] Marga Fernández-Villaverde, Arteko historiagilea.

[3] http://www.lagrandemadre.org/?lang=en

Azken aldaketako data: 2016/02/26