Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2023ko urtarrilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
260

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 26koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuaren deialdia egitekoa.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2022ko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez onartu zen enplegu publikoa finkatzeko salbuespenezko eskaintza, Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeari dagokiona.

Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapenetan ezarritakoaren arabera, Ebazpen honen bidez Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lanpostu batzuetan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuaren deialdia egiten da; halaber, prozesu horren oinarri espezifikoak onartzen dira.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 12. artikuluan eta Lege horren II. tituluko IV. kapituluan xedatutakoarekin bat, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera nahiz 2/2004 Legeak esleitutako ahalak kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuaren deialdia egitea, merezimenduak baloratzeko lehiaketa publiko bidez, honako lanpostu hauetan:

(Ikus .PDF)

Laburdurak. Dotaz.: lanpostua eta dotazioa / Azpital.: taldea eta azpitaldea / LMO: lanpostu-mailako osagarriaren maila / BO: Berariazko osagarria / HE: hizkuntza-eskakizuna / Derri. Data: Hizkuntza-mailaren derrigortasun-data.

Bigarren artikulua.– Ebazpen honen eranskin gisa doazen oinarriak onartzea.

Hirugarren artikulua.– Eskabidea aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 16an hasi eta 2023ko otsailaren 17ko 14:00etan amaituko da.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkez dezakete administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 26a.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria,

MARGARITA URÍA ETXEBARRIA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK
DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOAN ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUA, MEREZIMENDUEN BALORAZIOKO LEHIAKETA PUBLIKOAREN BIDEZ

Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa-sistemaren bidez gauzatuko da, bi lege hauetan jasotako aurreikuspenen babesean: alde batetik, administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan; eta, bestetik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2022ko maiatzaren 30eko Ebazpenean, zeinaren bitartez enplegu publikoa finkatzeko salbuespenezko eskaintza onartu baitzen, Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeari dagokionez. Lehiaketa horretan bitarteko funtzionario gisa emandako zerbitzuak baloratuko dira, gehieneko puntuazioaren % 60rekin.

Prozesu horretan, txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, sarbide orokorrekoa.

1.– Parte hartzeko bete beharreko baldintzak.

1.1.– Hautagaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta itun horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

b) Gaitasun funtzionala izatea, sartu nahi den kidegoko edo eskalako zereginak betetzeko.

c) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina beteta ez izatea.

d) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikotako edo autonomia-erkidegotako organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita ez egotea; ezta, ebazpen judizial baten ondorioz, enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia izatea ere, bereizi edo desgaitu duten funtzionario-kidegoan edo eskalan sartzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezingo da desgaituta edo egoera baliokidean egon, eta ezingo du ezarrita izan diziplina-zehapenik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

e) Zuzenbide-ikasketen arloko titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

Ondorio horietarako, maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren III. eranskinean –«Ikasketa-eremuen titulazioak eta lanbide arautuak (RUCT tituluak)»– «042101 – Zuzenbidea» apartatuan jasotzen diren titulazio berberak hartuko dira kontuan.

Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

f) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

1.2.– Oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren betekizunak eta eskatutako lanpostu bakoitzerako eskatzen den hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, deialdiaren ebazpenaren lehenengo artikuluan adierazten denaren arabera, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunean bete beharko dira. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete beharko dira baldintza horiek.

1.3.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak 43.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, derrigorrez 4. hizkuntza eskakizuna duten lanpostuak direnean, hautagaien artean ez badago 4. hizkuntza eskakizuna egiaztatu duen inor, 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duten hautagaiekin bete ahal izango dira.

2.– Eskabideak aurkeztea eta onartzea.

2.1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak Datuak Babesteko Euskal Bulegoari zuzenduko zaizkio eta deialdiaren ebazpenean ezarritako epearen barruan aurkeztu beharko dira, II. eranskineko eskabide-eredua erabilita. Eskabideekin batera lanpostuan aritu ahal izateko betekizunak betetzen direla eta alegatzen diren merezimenduak egiaztatzen dituzten egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

2.2.– Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren erregistroan aurkeztu beharko dira, Bulegoaren egoitzan bertan (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71, 3. solairua, 01008, Vitoria-Gasteiz).

Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako eran ere aurkeztu ahalko dira.

Posta bulegoetan aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian aurkeztuko dira, posta bulegoko funtzionarioak data eta zigilua jarri ahal izateko, eta eskabideak aurkezteko epearen barruan ziurtatu ahal izateko. Eta hori izango da eskabideak posta bulegoan aurkeztu ziren egunean aurkeztu zirela egiaztatzeko modu bakarra.

2.3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, ez da onartuko aldaketarik egitea eskabideetan. Edozelan ere, lehiakideek lekualdatze lehiaketan parte hartzeari dagokionez atzera egiteko aukera izango dute, behin-behineko esleipenen gaineko erreklamazioak egiteko epearen barruan.

2.4.– Lanerako baldintzak betez gero, iragarritako lanpostu hutsetatik nahi diren guztiak eska daitezke, lehentasunak zehaztuta betiere. Oker izendatu diren lanpostuak eskatu gabekotzat joko dira.

3.– Merezimenduak baloratzea.

Gehienez 100 puntu lor daitezke (alde batera utzita euskara jakiteagatik merezimendu gisa emango den balorazioa), baremo honen arabera lortutako puntuak batuz:

3.1.– Lanbide-merezimenduak.

Gehienez 60 punturekin baloratuko da honako merezimendu hauen batura:

3.1.1.– Esperientzia espezifikoa.

Esperientzia espezifikoa osatzen dute Datuak Babesteko Euskal Bulegoan «letratu instruktore-ikuskatzaile» lanpostuetan bitarteko funtzionarioaren izendapenarekin emandako zerbitzuek.

Esperientzia hori gehienez 45 punturekin baloratuko da, lan egindako hilabete bakoitzeko 0,375 punturekin.

Zenbaketa egiteko, azken 10 urteetan lan egindako aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

3.1.2.– Esperientzia orokorra.

Esperientzia espezifikotik bereizita eta osagarri gisa, esperientzia orokorra baloratuko da.

Esperientzia orokortzat hartzen dira A1 Azpitaldeko Kidego edo Eskaletako edo kategoria juridikoko lanpostuetan emandako zerbitzuak, edozein administrazio publikotan emandakoak –Datuak Babesteko Euskal Bulegoa barne– eta organismo autonomoetan edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan emandakoak, zerbitzuok funtzionario-harremanetakoak nahiz lan-kontratuko harremanetakoak izan.

Esperientzia hori gehienez 15 punturekin baloratuko da, lan egindako hilabete bakoitzeko 0,125 punturekin.

Zenbaketa egiteko, azken 10 urteetan lan egindako aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

3.2.– Merezimendu akademikoak.

Gehienez 40 punturekin baloratuko da honako merezimendu hauen batura:

3.2.1.– Titulazioak.

7,5 puntu emango dira ikasketa-eremu hauetako titulu bakoitzeko (gradua eta lizentzia, gehienez 15 puntu izan arte:

– 031201 Politika eta kudeaketa publikoa.

– 041303 Kudeaketa eta administrazio publikoa.

Titulu bakarra baloratuko da ikasketa-eremu bakoitzeko.

Ondorio horietarako, maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren III. eranskinean –«Ikasketa-eremuen titulazioak eta lanbide arautuak (RUCT tituluak)»– jasotzen diren titulazioak hartuko dira kontuan.

3.2.2.– Datuen babesarekin zerikusia duen irakaskuntza-jarduera.

Gehienez 10 punturekin baloratuko dira honako jarduera hauek, baldin eta datuen babesarekin zerikusia badute:

– Ikastaroak prestatzea: gehienez 5 puntu lehenengoz emateko prestatutako ikastaro bakoitzeko, eman beharreko ordu bakoitzeko 0,1 puntu.

– Ikastaroak ematea: gehienez 5 puntu, emandako ordu bakoitzeko 0,05 puntu.

– Txostenak, komunikazioak edo partaidetza kualifikatua: gehienez 3 puntu, txosten edo komunikazio bakoitzeko 0,2 puntu.

– Ikerketa-proiektuetan parte hartzea: gehienez 3 puntu, epaimahaiaren irizpideen mendean.

3.2.3.– Jasotako sakontze ikastaroak.

Gehienez 5 punturekin baloratuko dira jasotako sakontze ikastaroak, 4 ordu baino gehiagoko iraupena izan badute, honako balorazio honekin:

– IVAPek, DBEBk edo AEPDk emandako datuen babesari buruzko ikastaroak, gehienez 3 punturekin, ordu bakoitzeko 0,05 puntu.

– Datuen babesarekin zerikusia duten beste ikastaro batzuk, gehienez 2 puntu, ordu bakoitzeko 0,02 puntu.

– IVAPek emandako beste ikastaro batzuk, gehienez 2 puntu, ordu bakoitzeko 0,02 puntu.

3.2.4.– Informatika-ezagutza.

Informatika-ezagutzak gehienez 5 punturekin baloratuko dira, 2 puntu ziurtagiri hauetako bakoitzeko:

– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.

– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.

– Internet oinarrizkoa.

– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizkoa.

– Microsoft Outlook XP/2003/2010.

– Microsoft PowerPoint 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra.

– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.

– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.

– Microsoft Access 2000/XP/2003 aurreratua.

– Internet aurreratua.

Oinarri orokorretan adierazi bezala, moduluak gainditu izana IT Txartelaren egiaztatze-sistemaren bidez egiaztatu behar da. Modulu beraren bertsio bat baino gehiago egiaztatzen bada, bakarra baloratuko da.

Halaber, maila aurreratua dutela egiaztatzen dutenei egiaztatutzat emango zaie oinarrizko maila.

3.2.5.– Hizkuntzen ezagutza.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailetako ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira. Gehienez 5 puntu lortu ahal izango dira, baremo honen arabera:

– C1 maila edo handiagoa: 2,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

– B2 maila: 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.– B1 maila: 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

3.2.6.– Euskararen ezagutza.

Euskara jakitea soilik baloratuko da hori betekizun gisa eskatzen ez duten lanpostuetan, derrigortasun-data igarota ez izateagatik. Baremo honen arabera baloratuko da euskara jakitea:

– 1. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.

– 2. hizkuntza-eskakizuna: 9 puntu.

– 3. hizkuntza-eskakizuna: 13 puntu.

– 4. hizkuntza-eskakizuna: 18 puntu.

4.– Merezimenduak egiaztatzea.

4.1.– Lanbide-merezimenduak.

Administrazio publikoan egindako lanak egiaztatzeko, lan egindako administrazioetako pertsonaleko, giza baliabideetako edo antzeko zuzendaritzek, administrazio publikoan egindako lanei eta lan horietako bakoitzaren eginkizun nagusiei buruz, egindako egiaztagiria erabiliko da. Horretarako, III. eranskineko eredua edo bertan aipatzen diren alderdiak jasotzen dituen bestelako edozein agiri erabili ahal izango da.

4.2.– Titulazio akademikoak.

Tituluaren kopia konpultsatu bidez egiaztatuko dira.

4.3.– Datuen babesarekin zerikusia duen irakaskuntza-jarduera.

– Ikastaroak ematea eta ikerketako proiektuetan parte hartzea organo edo erakunde antolatzaileek edo deitzaileek emandako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira.

– Komunikazioak eta txostenak organo edo erakunde antolatzaileek edo deialdi-egileek emandako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira. Balorazio Batzordearen iritziz nahikoa den beste egiaztatze-sistema bat erabili ahal izango da azken egiaztatze honen ordez.

– Ikerketa-proiektuetan parte hartu izana ikerketa proiektu horien ardura duten organo edo erakundearen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

4.4.– Prestakuntza edo sakontze ikastaroak gainditzea.

Ikastaroak antolatu dituen organoaren edo erakundearen kopia konpultsatu edo ziurtagiri bidez egiaztatuko dira.

4.5.– Euskara.

Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta beste organismo ofizialek emandako hizkuntza eskakizunaren egiaztagiria edo baliokidea aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

4.6.– Hizkuntzak.

Frantsesa, ingelesa eta/edo alemanaren ezagutza Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria edo baliokidea aurkeztuz egiaztatuko da.

4.7.– Dokumentazio osagarria.

Balorazio Batzordeak bidezkotzat jotzen diren argibideak edo agiri gehigarriak eska diezazkieke interesdunei, jatorrizko administrazioei edo zerbitzuak bete dituzten administrazioei, alegatutako merezimenduen benetakotasuna egiaztatzeko.

Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailea modu arrazoituan aurka agertzen bada, eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak arrazoiok aintzat hartzen baditu.

Modu arrazoituan aurka agertuz gero, nahitaez aurkeztu beharko dira kontsultaren xede diren dokumentuak.

5.– Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzordea betekizunak egiaztatzeaz, merezimenduak baloratzeaz, deialdia egin duen organoari puntuaziorik onenak lortu dituzten hautagaien esleipena proposatzeaz eta oinarri hauek betetzen direla bermatzeaz arduratuko da.

5.1.– Osaera.

5.1.1.– Hauek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:

– Batzordeburua: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria.

– Idazkaria: A taldeko eta A1 azpitaldeko karrerako funtzionario bat, hitzarekin eta botoarekin jardungo duena.

– 2 batzordekide, A taldeko eta A1 azpitaldeko karrerako funtzionarioak.

– Batzordekide 1, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileen ordezkari gisa.

5.1.2.– Balorazio Batzordeak adituak izendatzeko eska dezake, aholkulari modura, hitzarekin baina botorik gabe jardun dezaten.

5.1.3.– Prozesua azkartzeko, Balorazio Batzordeko kideak –titularrak zein ordezkoak– deialdia argitaratu ondoren eta euren jardunarekin hasi baino lehen izendatuko dira.

5.2.– Jarduna.

5.2.1.– Balorazio Batzordeak askatasun osoz, zuhurtzia teknikoz eta objektibotasunez jardungo du, eta bere proposamenak lotesleak izango dira Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarentzat.

5.2.2.– Batzordeak zuhurtzia teknikoz jardun behar badu ere, bere proposamenenek arrazoiak jaso beharko dituzte, halaxe xedatzen baita arauetan eta oinarri hauetan.

5.2.3.– Batzordeen jarduna honako hauetan ezarritakoak arautuko du: oinarri hauek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak, eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.

5.2.4.– Balorazio Batzordeak zalantzak ebazteko eta lehiaketa ahalik ondoen burutu dadin erabakiak hartzeko ahalmena du, betiere oinarri hauetan aurreikusi gabekoak badira.

5.2.5.– Balorazio Batzordeko kideak diruz konpentsatu behar badira, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua bigarrenez aldatzen duen abenduaren 19ko 267/2000 Dekretuarekin bat etorriz jardun beharko da beti.

Epaimahaikideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo honetako indarreko araudiarekin bat etorriz.

Dagozkion kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, Balorazio Batzordeari aholkularitza ematen dioten edo zaintzan edo laguntza materialean laguntzen dioten pertsonek.

6.– Lehiaketa nola burutuko den.

6.1.– Datuak eta betekizunak bete diren egiaztatzea, eta onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda egin eta argitaratzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko administrazio-zerbitzuek Balorazio Batzordeko buruaren esku utziko dituzte aurkeztutako eskabideak eta horiei buruzko agiriak. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Batzordearen eginkizunak erraztuko ditu, aurkeztutako eskakizunak eta agiriak bete direla egiaztatuz.

Balorazio Batzordeak eskakizunak bete direla egiaztatuko du hala behar izanez gero, onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda prestatu eta horiek DBEBren iragarki-oholean eta bere web-orrian (www.avpd.es) argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 10 egun baliodun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko.

6.2.– Erreklamazioak aztertu eta onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu eta argitaratzea.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Balorazio Batzordeak horiek ebatzi, onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda prestatu, eta horiek DBEBren iragarki-oholean eta bere web-orrian (www.avpd.es) argitaratzea xedatuko du.

6.3.– Merezimenduak baloratzea eta behin-behineko emaitzak eta parte-hartzaileen zerrenda argitaratzea.

Onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda prestatu eta gero, Balorazio Batzordeak merezimenduen balorazioa egingo du, parte hartu dutenen zerrenda prestatuko du eta zerrenda hori DBEBren iragarki-oholean eta web-orrian (www.avpd.es) argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

Epe horretan lehiaketa guztian parte hartzeari uko egiteko aukera emango zaie parte-hartzaileei.

6.4.– Erreklamazioak aztertzea eta behin betiko emaitzak prestatu eta argitaratzea.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Balorazio Batzordeak horiek ebatzi, onartutako eta baztertutako hautagaien eta merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda prestatu, eta horiek DBEBren iragarki-oholean eta bere web-orrian (www.avpd.es) argitaratzea xedatuko du.

Halaber, Balorazio Batzordeak esleipenen behin betiko proposamena egingo du eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari igorriko dio.

6.5.– Berdinketa ebazteko irizpideak.

Lehentasun-klausula aplikatzea. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua betetze aldera, ez da aplikatuko artikulu horretan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, emakumeak ez baitaude gutxiegi ordezkatuta Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Eskala Juridikoan, eta ez zaie lehentasunik emango.

Esleipenaren behin betiko proposamena ematean kontuan hartuko dira deialdiko lanpostuak, balorazioaren emaitza eta lehiakideek adierazi duten lehentasun-hurrenkera. Lehiaketan, oro har, puntu-berdinketarik balego, kontuan hartuko dira honako irizpide hauek:

– Lanbide-merezimendu espezifikoetan lortutako puntuazioa.

– Lanbide-merezimendu orokorretan lortutako puntuazioa.

– Merezimendu akademikoetan lortutako puntuazioa.

Berdinketa apurtzeko beste irizpiderik beharko balitz, Balorazio Batzordeak ezarriko luke, indarreko araudiarekin bat.

6.6.– Lehiaketaren behin betiko ebazpena argitaratzea.

Esleipenerako behin betiko proposamena jaso eta gero, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak proposamena onartzeko ebazpena eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu aurkez diezaiokete Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkez dezakete administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

6.7.– Destinoak esleitzea, lanpostua uztea eta lanpostuaz jabetzea.

6.7.1.– Esleipendunak lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko dira eta, ondorioz, horren aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko dute, non eta, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez beste destino bat lortu ez duten, izan gertatzezko baliaezintasunagatik, izan jarduneko zerbitzuaz besteko egoerara igarotzeagatik, edo behar beste justifikatutako eta organo deitzaileak antzemandako bestelako arrazoiengatik.

6.7.2.– Antolaketa-arrazoiak direla-eta, langile esleipendunen kargua uzteko eta berriaz jabetzeko data zehatza esleipenaren ebazpenean zehaztuko da. Jarduneko zerbitzu aktiboan berriz sartzeko kasuan izan ezik, karguaz jabetzeko eguna kargua uzteko egunaren biharamuna izango da.

6.7.3.– Lehiaketa honetan, lanpostua gordetzea dakarten egoeretatik parte hartu eta destinoa lortu duen langileak administrazio-egoera horretan jarraituko duela ulertuko da, non eta, aurreko paragrafoan adierazi bost egun balioduneko epean, berriro laneratzea eskatzen ez duen.

6.7.4.– Baimenak, lizentziak, oporrak amaitu edo bestelako egoera batean dagoen funtzionarioa berriro lanera itzuli arte atzeratuko da lanpostuaz jabetzea; izan ere, jarduneko zerbitzuan egon arren, ezingo baititu bere zerbitzuak modu eraginkorrean bete. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta, egoera horiek bertan behera uztea erabaki dezake.

6.7.5.– Esleitutako destinoa borondatezkotzat joko da, eta ez du kalte-ordainak kobratzeko ezelango eskubiderik sortuko.

6.7.6.– Lehiaketa honen bidez lanpostua eskuratzen duen funtzionarioak ezin izango du hurrengo bi urteetan antolatzen diren lehiaketetan parte hartu. Epemugara iritsi aurretik, funtzionarioak lortutako lanpostuarekiko adskripzioa galduko balu lanpostua mugiarazi edo ezabatzeagatik, epe hori ez litzateke aplikatuko.

7.– Datu pertsonalak babestea lehiaketaren kudeaketan.

7.1.– Datu pertsonalak honako tratamendu-jardueran sartuko dira: «Giza baliabideen eta nominen kudeaketa». Horretarako, xedapen hauek beteko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

Parte hartzeko eskabide-ereduetan, eskatzaileentzat gai horri buruzko argibideak jasoko dituen klausula bat jasoko da.

7.2.– Datuak Babesteko Euskal Bulegoko administrazio-langileek, Balorazio Batzordeko kideek eta, hala badagokio, Bulegorako lanean diharduten langile espezializatuek, lehiaketaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.

7.3.– Balorazio Batzordeak aginduta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren iragarki-oholean eta web-orrian (www.avpd.es) argitaratuko dira honako hauek: onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda, onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda, merezimenduen balorazioko behin betiko zerrenda eta esleipenen behin-behineko zerrenda. Horietan guztietan, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira: publikotasun-printzipioa betetzeko beharrezkoak direnak besterik ez. Datuok bere horretan utzi beharko dira harik eta esleipen-prozesua amaitzen den arte eta erreklamazioak edo errekurtsoak gauzatzeko beharrezkoa den aparteko denbora guztian.

Zerrenda horiek klausula bat edukiko dute, ohartarazteko zerrendotan datu pertsonalak ageri direla, datuak babesteko gaur egungo legedia betetzen dutela eta datuon helburu bakarra dela lehiaketaren fase zehatz horri publikotasuna ematea eta, hala egokitzen denean, parte-hartzaileei jakinaraztea. Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute, adierazteko datuok ez direla edonork hartu edo erabiltzeko, eta ezin izango direla erreproduzitu –ez osorik ez zatika–, transmititu, edo edonolako errekuperazio-sistema erabilita erregistratu, ukitutako hautagaiek berek horretarako baimenik eman gabe.

7.4.– Deitutako lanpostuen behin betiko esleipena onartzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak emandako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira, publikotasun-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala