Sede electrónica del Gobierno Vasco

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

259. zk., 2021eko abenduaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
6427

51/2021 DEKRETUA, abenduaren 28koa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak zehazten baitira, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak arautzen du osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioa. Deklarazio hori lehendakariak egin du, COVID-19aren pandemiak EAEn eragindako osasun-larrialdiko egoera deklaratzen duen abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez, aipatutako gaixotasunak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren aurrean, eta egoera horri aurre egiteko, horretarako egokitzat jotzen diren neurriak hartuz.

Deklarazio horren arabera, eta abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuaren bidez –47/2021 Dekretua, abenduaren 14koa, lehendakariarena, zeinaren bidez xedatzen baita establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku gehiagotara zabaltzea Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez ezarritako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna–, neurri hori ezarri zen, pandemiari aurre egiteko.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gaur egungo egoera pandemikoa, 2021eko abenduaren 26an, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak emandako datuen arabera, honako hau da: 14 eguneko epean intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 2.076,68 kasukoa da; birsorkuntza-tasa (Rt), 1,49koa; 381 pertsona daude ospitaleratuta plantan; 110 pertsona daude ZIUetan; eta 30 pertsona hil dira azken astean COVID birusaren ondorioz. Horregatik guztiagatik, gomendagarria da COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legean jasotako prebentzio-neurri berriak hartzea.

Lehendakariak ahalmena du neurri horiek hartzeko, lege horren 4. artikuluaren bigarren puntuan adierazitakoan oinarrituta. Honela dio hitzez hitz:

«Osasun-larrialdiko egoerak irauten duen bitartean, lehendakariak, hargatik eragotzi gabe, kasua bada, alarma-egoera deklaratzearen ondorioz agintari eskuordetu gisa dagozkion ahalmenak, bere gain hartuko ditu, halaber, lege honetan jasotzen diren larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, bai eta COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako jarduerak ere.»

Dekretu honek hartzen dituen neurriak barne-osasunari buruzko eskumen-esparruan sartzen dira, eta, esparru horretan, proiektatutako arauak hartzen dituen neurriek adierazten dute Euskal Autonomia Erkidegoak erabili duela antolamendu juridikoak bere eskumen-esparruan aitortzen dion eskumena, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan ezarritako esparruaren barruan egiten baita. Artikulu horren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa du kanpo-osasunaren eta osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen autonomikoa du barne-osasunaren arloko Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta betearazteko, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aurreikusten duen bezala.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluak dioenez, «Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea prebentzio-neurrien bidez, osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia bermatzea, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko, batez ere titulartasun publikoko baliabideen dotazioaren, mantenimenduaren eta antolamendu-hobekuntzaren bidez.

Honako hau da, gainera, arau-oinarria: Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.2 eta 54. artikuluak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3., 2., 12.2.a) eta 34. artikuluak.

Hain zuzen ere, aipatu beharra dago Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehenengo artikuluan aurreikusten dela administrazio publikoetako osasun agintari guztiek hartu ahal izango dituztela lege horretan aurreikusitako neurriak, beren eskumen-esparruan, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko.

Bigarren artikuluan, osasun-agintaritza eskudunak gaitzen dira osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartzeko, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela tarteko edo jarduera baten osasun-baldintzak direla tarteko.

Eta zehazki gaixotasun kutsakorren kasuan, hirugarren artikuluak xedatzen du, gaixotasun horiek kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango dituela, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku kutsakorren kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere.

Eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.2.a) artikuluak aurreikusten ditu osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren aginpideaz baliatzea dakarten esku-hartzeak, lehen aipatutako apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako baldintza beretan.

Azkenik, dekretu honen bidez ezarritako neurriak COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legean daude jasota, neurri orokor eta espezifiko gisa, 20. artikulutik 34.era bitartean.

Labiren Aholku Batzordeak 2021eko abenduaren 28an egindako bileraren ondoren, eta bilera horretan planteatutakoa kontuan hartuta, lehendakariak, ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak aitortzen dizkion ahalmenen arabera eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DU:

Artikulu bakarra.– Dekretu honen eranskinean zerrendatzen diren neurriak onartzea.

Dekretu honen eranskinean zerrendatzen diren prebentzio-neurri espezifikoak onartzen dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Herritarrei eskatzen zaie jarrai dezatela betetzen COVID-19aren pandemia dela-eta osasun publikoaren zaintza eta kontrolerako aplikatu beharreko araudian jasotako prebentzio- eta euste-neurriak, arau honetan eta bere eranskinean ezarritakoaren aurkakoak ez badira. Batez ere, Osasuneko sailburuaren 2021eko urriaren 6ko Aginduaren 5. puntuan, ekitaldien antolaketa eta jardueren garapenari buruz ezarritakoak. Agindu hori lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusitako neurriek 2022ko urtarrilaren 28ra arteko iraupena izango dute, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaie, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira neurriok.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko abenduaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

ERANSKINA
NEURRIAK

1.– 2022ko urtarrilaren 28ra arte, beranduenera 01:00ean itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoak ere. Beren jarduerarako arauz ezarritakoaren arabera lehenago itxi behar duten establezimenduak eta tokiak dagokien araudian ezarritako orduan itxiko dira.

Lurralde historikoak baino eremu txikiagoko garraio publikoei abiatzeko azken ordu hau ezarriko zaie: 02:00.

2.– Oro har, 2022ko urtarrilaren 28ra arte, % 60ko edukiera-muga ezartzen da mota guztietako establezimendu eta barrualdeko esparruetan.

3.– Gainera, ekitaldien esparruan, aldi bererako honako edukiera-muga hauek ezartzen dira:

– Gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 kanpoaldean.

– 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehieneko kopurua 800 pertsonakoa da barrualdean, eta 1.200 pertsonakoa kanpoaldean.

– 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko aforoa % 50ekoa izango da; horrek ezertan galarazi gabe estatu osorako ezarritako beste muga bat aplikatu behar izatea.

4.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.

Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei.

5.– Aldi bererako, hau zehazten da: barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da; eta dutxak banaka erabiliko dira, edo pertsonen artean bi metroko distantzia gorde beharko da.

6.– 2022ko urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza-establezimendu guztiak eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta -zerbitzu guztiak ezin izango dira 08:00ak baino lehen ireki jendearentzat.

Muga horretatik salbuetsita daude gasolindegiak, zerbitzuguneak eta farmaziak, bai eta hoteletako eta bestelako ostatuetako gosari-zerbitzua ere.

7.– Hau gomendatzen da: 2021eko abenduaren 31tik 2022ko urtarrilaren 1era bitartean eta 2022ko urtarrilaren 5etik 6ra bitartean, Gabonetako bazkariak eta afariak ospatzeko familia-topaketetan hamar pertsona baino gehiago ez biltzea, eta gehienez ere bi familia-unitate elkartzea.

Era berean, gomendatzen da horien osaera ez aldatzea egingo diren ospakizunetan, eta betiere arreta berezia izatea COVID-19 birusaren aurrean kalteberatasun-egoeran dauden pertsonekin.


Azterketa dokumentala

Euskadi, bien común