Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2019ko otsailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1001

AGINDUA, 2019ko otsailaren 18koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Ertzaintzako lanpostuen zerrenda aldatzen baita.

Herrizaingo sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda onartu zen, eta, horren ostean, zenbait aldiz aldatu da, lanpostuak egitura-aldaketetara egokitzeko.

Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko (2015-03-20ko EHAA, 54. zk.) eta 2015eko azaroaren 6ko (2015-11-16ko EHAA, 218. zk.) aginduen bidez, Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda aldatu zen, eta, aldaketoi esker, Ertzaintzaren egitura sendotu zen, Ortzimuga – 2016 plan estrategikoan adierazitako gidalerroekin bat.

Ondoren, 2017ko martxoaren 30eko Aginduak (2017-04-07ko EHAA, 69. zk.), 2017ko abenduaren 26ko Aginduak (2018-01-03ko EHAA, 2. zk.), 2018ko martxoaren 7ko Aginduak (2018-03-15eko EHAA, 53. zk.) eta 2018ko urriaren 11ko Aginduak (2018-10-19ko EHAA, 202. zk.) aldaketa batzuk sartu dituzte, lanpostuen egitura sortu diren eskarietara berregokitzeko.

Agindu honek zenbait aldaketa sartzen ditu Ertzaintzako lanpostuen egituran, eta, aldaketa horiei esker, hobeto kudeatu ahal izango dira giza baliabideak eta baliabide materialak. Zehatzago azalduta:

– AKZ Nagusian, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzuko (LAZLZ) lanpostuak, jarduera-protokolo eta -prozeduretan homogeneotasun handiagoa lortzeko, bai eta aginte-egitura oso bat ere, langile-zuzkidura txikiagoarekin, Bilbon kokatzen dira; ondorioz, aldi baterako egoera bat sortu beharko da, Gipuzkoako eta Arabako zerbitzuak mantentzeko, Bilboko lanpostuak betetzen diren arte.

– Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateak (gaur egun, Oiartzun eta Bergarako destinoetan ditu egoitzak) Bergarako destinoa Zumarragara aldatzen du, 2019ko lehen seihilekoan martxan jarriko den bide-azpiegitura berri bat egitearen ondorioz. Hori dela-eta, aldi baterako egoera bat sortu beharko da, zerbitzuak mantendu ahal izateko, aipatutako bide-azpiegitura amaitu arte.

– 20711 kodeko lanpostua (APP) Idazkaritza Nagusiko Unitatera igarotzen da, bere 5 zuzkidurekin. Izan ere, horiek Polizia Koordinatzeko Talde berriaren barruan sartzen dira. Talde horren ardura izango da polizia-informazioa trukatzea, bai Ertzaintzako unitate desberdinen artean bai horien eta beste polizia batzuen artean.

– Nabarmen aldatzen dira Zaintza eta Erreskate Unitateko lanpostuetara sartzeko titulazio-betekizunak –hiru ataletan berregituratzen dira, aeronautika, mendia eta ura–. Horrela, betekizun bikoitza (espezialitatea edo titulazioa) ahalbidetuko da aeronautika atalerako lanpostuetan, horiek bete ahal izateko.

– 2019an hutsik dauden lanpostuak betetzeko aurreikuspena dela-eta, Ertzaintzako unitateak birdimentsionatuko dira, erakundearen beharren bilakaerara egokitzeko. Gainera, edozein polizia-erakundetan denborarekin gertatzen diren disfuntzioak zuzentzeko beharrezkoak diren beste aldaketa puntual batzuk ere egingo dira.

Horiek horrela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ertzaintzaren Kontseiluak txostena eman dute, eta, Euskal Herriko Poliziaren Legearen 103. artikuluan jasotako arloei buruzko Ertzaintzako negoziazio-mahaian negoziatu eta gero, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– I. eranskinean zerrendatutako lanpostuak edo, hala badagokio, zuzkidurak kentzen dira.

2. artikulua.– II. eranskinean zerrendatutako lanpostuak edo, hala badagokio, zuzkidurak sortzen dira.

3. artikulua.– III. eranskinean aipatzen diren Ertzaintzako lanpostuen zerrendako aldaketak onartzen dira.

4. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data esleitzen zaie IV. eranskinean zerrendatutako zuzkidurei.

5. artikulua.– V. eranskinean, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda osoa dago, orain arte egindako aldaketa guztiak barnean izanik.

6. artikulua.– AKZ Nagusiko unitateko lanpostuen zuzkidurak –aldatu egingo direnak– betetzen dituztenek, agindu honen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lurraldeko AKZko lanpostuen zuzkiduretan, gaur egungo destinoak betetzen jarraituko dute, lanpostuak betetzeko egingo den lehenengo deialdia ebatzi arte, agindu honek ondorioak izango dituen datatik aurrera.

7. artikulua.– Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko lanpostuen lekualdatzea –gaur egun egoitza Bergarako udalerrian dutenak, eta, agindu honen 3. artikuluaren bidez onartutako aldaketen arabera, egoitza Zumarragan izatera igaroko direnak– gauzatuko da Zumarragan egiten ari diren berregokitze-lanak amaitzen direnean.

8. artikulua.– Zaintza eta Erreskate Unitateko lanpostuetan behin betiko atxikipenean daudenek, agindu honek ondorioak izango dituen egunean lanpostu horiek betetzeko titulazioa exijitzen bada edo lanpostu horietarako lehen eskatzen zen titulazioa aldatzen bada, behin betiko atxikipenean jarraitu ahal izango dute lanpostuak betetzen, baldin eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren aurrean egiaztatzen badute eskatutako titulazioa badutela. Titulazioa egiaztatzeko hamar urteko epea izango dute agindu honek ondorioak izango dituen egunetik aurrera.

Esandako epean eta aipaturiko Zuzendaritzaren aurrean titulazioa ez egiaztatzeak funtzionarioa enkaitzea edo lanpostutik kentzea ekarri ahal izango du, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onesten duen 1998ko abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Hori eginez gero, ezin izango da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren berariazko ebazpena eman arte edo ustezko ezespena gertatu arte, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik hilabete igaro baita.

Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian edo, interesdunaren bizilekuaren arabera, hari dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian. Horretarako epea bi hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 18a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANíA BELTRáN DE HEREDIA ARRONIZ.

I. ERANSKINA
KENDUTAKO LANPOSTUAK EDO ZUZKIDURAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
SORTUTAKO LANPOSTUAK EDO ZUZKIDURAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ALDAKETAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAREN DERRIGORTASUN-DATA ESLEITUTAKO ZUZKIDURAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ERTZAINTZAKO LANPOSTU-ZERRENDA OSOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala