Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2019ko otsailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
991

19/2019 DEKRETUA, otsailaren 12koa, Durangoko Asociación Prosordos Gregorio Ybarra Elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikoko aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Durangoko Asociación Prosordos Gregorio Ybarra elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako egiten duen lanagatik.

Asociación Prosordos Gregorio Ybarra elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen 1966ko azaroaren 9an (erregistro-zenbakia: AS.R.P.B.00163).

Estatutuetako 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Asociación Prosordos Gregorio Ybarra elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta haren ekintza ongintzazkoa eta soziala, doktrina katolikoan inspiratua; elkartearen xedea da entzuteko desgaitasuna eta hizkuntza-, ahots- eta hizketa-nahasmendua duten pertsonei arreta ematea, haien garapen pertsonala eta gizarteratzea errazteko prebentziozko eta laguntza-neurriak hartzea ahalbidetuko duen diagnostiko mediko, psikopedagogiko eta logopediko goiztiarra eginda.

Xede horiek lortzeko, honako jarduera hauek burutuko dira: pazienteei, familiei, profesionalei eta gaiarekin lotura duten pertsonei informazioa eta orientazioa ematea; estimulazio goiztiarra sustatzea; tratamendu medikoa, psikopedagogikoa eta logopedikoa ematea; hezkuntza espezializatua ematea, ahozko hizkuntza eta zeinu-hizkuntza irakatsiz; komunikazio-hesiak kentzea eta sentsibilizazioa sustatzea, honako baliabide hauek erabiliz: zeinu-hizkuntzako prestakuntza-programak, hezkuntza berezia, psikopedagogia eta logopedia, eta material didaktiko espezializatua.

Bete dira honako arau hauetan ezarritako eskakizunak: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuan, eta Onura Publikoko Elkarteei eta haien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion espedientea instruitu da eta elkartea onura publikokoa dela aitortzen da, Gobernu Kontseiluak hartutako dekretuaren bidez.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, emandako dokumentazioa ikusita, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 12an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Durangoko Asociación Prosordos Gregorio Ybarra Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS.R.P.B.00163 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, uste baita bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala