Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

8. zk., 2017ko urtarrilaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
139

27/2016 FORU DEKRETUA, 2016ko abenduaren 20koa, Itsaso Ezkio-Itsaso udalerritik banandu eta udalerri independente gisa eratzea onartzekoa.

Ezkio-Itsasoko Udaleko Osoko Bilkurak, 1995eko martxoaren 22an egindako presako bilera berezian, aho batez erabaki zuen Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusiei zera eskatzea: onartzear zeuden Gipuzkoako Udal Barrutiak Erregulatzeko Foru Arauan aintzat hartzeko, Ezkio-Itsaso bezala, 30 urte inguru lehenago herritarren iritzia kontuan izan gabe elkartu zituzten udalerrien egoera; eta, ondorioz, udalerri horiek berriro banatu nahi izanez gero, aurrez zituzten ezaugarri historikoak berreskuratuz, aurrez indarrean zegoen legedia aplikatzeko aukera aurreikusteko, foru arauak berak ezartzen zuen biztanle kopuruaren baldintza (eskubidezko 2.500 biztanle baino gehiago izatea) bete beharrik gabe.

Ezkio-Itsasoko Udalaren eskaera horri erantzun nahian, azken orduko erdibideko zuzenketa bat egin zitzaion Batzar Nagusietan zegoen testuari; hain zuzen, bigarren xedapen iragankorra erantsi zitzaion gero 1995eko martxoaren 24ko 4/1995 Foru Araua izango zenari.

4/1995 Foru Arauaren bigarren xedapen iragankorra ia-ia bere horretan jaso zuen oinordetzan gaur egun indarrean dagoen 2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak, Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzekoak. Hain justu, modu honetan: «Herritarren iritzia kontuan izan gabe hirurogeiko hamarkadan elkartu ziren udalerriek berriro banatu nahi badute, eta elkartu baino lehen zituzten ezaugarri historikoak berreskuratu, aurreko araudia erabiliko da.»

Hogeita bat urte geroago, bere ekimenez sartutako xedapen iragankor hori baliatu du Ezkio-Itsasoko Udalak, itsasoarrek beraiek hala eskatu ostean. Horrenbestez, 2016ko martxoaren 16ko bileran, «Itsaso herri-eremua Ezkio-Itsaso udalerritik bereizteko eta udalerri berria izateko» behin betiko erabakia hartu zuen udal Osoko Bilkurak; eta erabaki horren inguruan osatu espedientea aurkeztu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari 2016ko apirilaren 4an, Aldundiak zegokion ebazpena eman zezan.

Itsasoko lurralde eremuko auzotarrek sustatu dute espedientea: aplikatu beharreko araudiak aitortzen dien ekimena erabiliz 2015eko urtarrilaren 12an udalean aurkeztutako eskaeraren bidez. Eskaera hori banandu nahi duen lurralde eremuan erroldatutako 102 pertsonek sinatuta azaltzen da, guztiak ere azken hautesle erroldan daudenak: hau da, Itsason erroldatutako guztietatik (158 pertsona) % 64,5ak; eta bertako hautesleetatik (134 pertsona) % 76ak. 2014ko abenduaren 27ko data daraman eskaera horretan bertan adierazten zuten ezen espediente horretan beren ordezkaritza xede horrekin sortutako batzorde sustatzailearen esku uzten zutela (Itsaso Bherria udalerria berreskuratzeko elkartearen esku, alegia), eta horrek aurkeztuko zituela araudi aplikagarriak galdatutako agiriak.

Ezkio-Itsasoko Udaleko Osoko Bilkurak, 2015eko otsailaren 23ko ohiko bileran, aho batez (udalkideen legezko gehiengo osoaren aldeko botoekin) erabaki zuen aipatu elkartea batzorde sustatzaile moduan onartzea legez aurreikusitako ondorioetarako; eta 2015eko uztailaren 29an egindako ez ohiko bileran, berriz, aho batez eta gehiengo berdinaz erabaki zuen Itsaso herri-eremua Ezkio-Itsaso udalerritik bereizteko eta udalerri berria izateko espedientea hastea eta batzorde sustatzaileak 2015eko uztailaren 27an aurkeztutako dokumentazioa jendaurrean jartzea 30 egun baliodunez.

Espedientea jendaurrean jarri zen: udaletxeko iragarki taulan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (2015eko irailaren 14an –175. zk.–) eta Berria (2015eko irailaren 11n) zein Diario Vasco (2015eko irailaren 11n) egunkarietan argitaratutako iragarkiaren bidez. Dokumentazioa eskuragarri egon zen udaletxean nahiz udal webgunean. Jendaurrean jarrita egon zen 2015eko urriaren 20ra arte; eta izapide horretan 2 alegazio aurkeztu ziren.

Udal Osoko Bilkurak, 2016ko martxoaren 16an egindako ez ohiko bileran, onartu zituen behin betiko Itsaso herri-eremua Ezkio-Itsaso udalerritik bereizteko eta udalerri berria izateko auzotarren ekimena eta osatutako espedientea; baita espediente horri atxikitzen zaion estipulazioen dokumentua ere, eragindako alderdi guztiek (Ezkio-Itsasoko Udalak, batzorde sustatzaileak, Ezkioko Herri Batzarrak eta udal langileek) sinatutakoa. Dokumentu horretan jasotzen da, halaber, jendaurreko informazio izapidean aurkeztutako alegazioei emandako erantzuna.

Ordura arteko udal espedientea Foru Aldundian aurkeztu eta gero, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatuaren 2016ko abuztuaren 29ko 869/2016 Foru Aginduaren bidez, Ezkio-Itsaso udalerritik banantzeari buruz Itsasoko auzotarren iritzia jakiteko kontsulta deia egin zen; eta deialdi hori abuztuaren 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (166. zk.).

Deialdi horri jarraikiz, auzotarren iritzi bilketa 2016ko irailaren 18an egin zen; eta emaitza hauek izan zituen: boto eskubidea zuten 140 auzotarretatik (emakumezkoak: 62; gizonezkoak: 78), 119k (emakumezkoak: 53; gizonezkoak: 66) eman zuten botoa (% 85). Horietatik, 88 auzotar Itsaso berriro udalerri izatearen alde agertu ziren (boto eskubidea zutenen % 63 inguru; eta eskubide hori erabili zutenen % 74 inguru); eta 26 auzotar, aitzitik, kontra. Halaber, 4 boto zuri eta bat baliogabea egon ziren.

2016ko irailaren 22an jaso ziren Gipuzkoako Foru Aldundian kontsultaren emaitzei buruzko ziurtagiria eta kontsultari berari buruzko gainerako dokumentazioa. Agiri horiekin osatu zuen udalak 2016ko apirilaren 4an aurkeztutako udal espedientea.

Espediente honi Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko 2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua aplikatu behar zaio; zehazki, bere bigarren xedapen iragankorra: auzotarren esku hartze edo parte hartzerik gabe, beste sistema politiko baten garaikoak diren prozesuen ostean, bateginarazi zituzten udalerriei bategin aurreko ezaugarri historikoak (udalerri gisa zuten nortasuna) berreskuratzeko eskubidea aitortzen diena, horretarako 2/2003 Foru Arauaren aurreko legeria aplikatuz; hau da, foru arauak ezarritako gutxieneko biztanle kopuruaren baldintza (2.500 biztanle baino gehiago) bete behar izan gabe. Kasu honetan xedapen iragankor hori aplikatzeko egoera ematen da: 1964an (1964ko azaroaren 26ko 3943/1964 Dekretuz: 1964-12-15eko BOE, 300. zk.), hau da, frankismo garaian, onartu baitzen Ezkio eta Itsasoren bategitea, bi udalek (demokratikoki hautatu ez zirenek) aho batez hala eskatu ostean.

Hortaz, 2/2003 Foru Arauaren ikuspegitik ez da eragozpen, banantzearen ostean, Itsasok 158 biztanle eta Ezkiok 454 biztanle izatea (2015-01-01eko udal erroldako datuen arabera), foru arau horren aurreko legeriak ezarritako baldintza formal eta materialak betetzen badira beti ere, hain zuzen, ondorengo hauek eskatutakoak: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 13. artikuluak (2003. urteko idazketan); Toki Araubidearen alorrean indarrean dauden legezko xedapenen testu bateginaren 3., 6., 8., 9. eta 10. artikuluek; eta Toki Entitateen Biztanleriari eta Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamenduaren 2., 3., 6. eta 8-16 artikuluek.

2003. urtean indarrean zen estatuko araudiak ere ez zuen gutxieneko biztanle kopuru bat eskatzen udalerri berriak sortzeko; eta egungoak (2013-12-31tik indarrean dagoenak) 5.000 biztanletik gorako guneak izatea eskatzen duen arren (7/1985 Legearen 13.2 artikulua), baldintza hori ez da gure lurralde historikoan aplikatzen, hala xedatzen baitu Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun neurriak Gipuzkoako Lurralde Historikoan aplikatzeko foru berezitasunari buruzko 2013ko azaroaren 17ko 13/2014 Foru Arauak 1.5 artikuluan, xedatu ere Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak (10.1 eta 37.3 artikuluetan) eta Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere Lurralde Historikoetako foru erakundeen arteko harremanak arautzeko 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak –7.a.3 artikuluan– foru eskumen osoa aitortzen dutelako lurralde eremuko udal mugapeen inguruan eta eskumen hori baliatuz emandakoa delako 2/2003 Foru Araua.

Beraz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, Itsaso Ezkio-Itsasotik banandu eta udalerri independente gisa eratzeko, ondorengo baldintza material hauek bete behar dira: lurraldez bereizitako biztanle gunea izan behar da, eta ez da egon behar jatorrizko udalerriko beste biztanle gune batekin elkartzeko kale edo hirigunerik; interes publikoko arrazoi iraunkorrak egon behar dira; eta banantzearen ondorioz sortutako udalerriek (Ezkiok eta Itsasok) udal eskumenak betetzeko nahikoa baliabide eduki behar dituzte, aurretik eskaintzen ziren zerbitzuen kalitatea gutxitu edo murriztu gabe.

Behar bezala egiaztatu da espedientean baldintza material horiek nahiz baldintza formalak bete direla.

Horri dagokionez, banantzea oinarritzen duen interes publikoak aparteko aipamena merezi du, ahalbidetzen baitu 2/2003 Foru Arauak berak udalerriaren bideragarritasunari lotzen dion biztanleriaren baldintza betetzetik salbuestea.

Kasu honetan, interes publikoko arrazoi iraunkortzat jo behar da 2/2003 Foru Arauaren bigarren xedapen iragankorrean bertan deskribatzen den egoera: herritarren borondatea eta iritzia bost axola zitzaizkion sistema politikoaren garaian bateginarazi aurreko errealitatea berreskuratu nahi da, udalerri independentea izatearen kontzientziari bizirik eutsi zaiolako, espediente hau hastea ekarri zuen auzotarren ekimenak, ukitutako subjektu guztiek (udalak, Foru Aldundiak, batzorde sustatzaileak eta Ezkioko Herri Batzarrak) prozesu guztian zehar izan duten inplikazio aktiboak edo kontsultan izandako parte hartze handiak eta emaitzak erakusten dutenez.

Behin eta berriz aipatutako bigarren xedapen iragankorrak berak aitortzen du ezen badela interes publiko iraunkor bat: berrezartzekoa, formalki edo ofizialki desagerrarazi arren, herritarren kontzientzian bizirik iraun duen errealitatea. Interes publiko hori bera aldarrikatuta banandu ziren Gaztelu Leaburu-Gaztelu udalerritik (1994ko urriaren 18ko 11/1994 Foru Araua) eta Altzaga Itsasondotik (1990eko urtarrilaren 11ko 1/1990 Foru Araua); eta berreskuratu ziren Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain udalerriak, Hiruerrieta izenarekin bat eginda egon ostean (1987ko abenduaren 31ko 20/1987 Foru Araua).

Banantzearen ondorengo bi udalerriak bideragarriak izango direla eta beren eskumenak betetzeko behar hainbeste baliabide izango dituztela bermatuta, Itsaso berriro udalerri izateak demokraziaren aurkako erabaki bat zuzentzea suposatzen du, herritarren gehiengoaren borondatea errespetatuz.

Horiek horrela, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordearekin bat etorriz, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Itsaso banantzea eta udalerri independente gisa eratzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ezkio-Itsaso udalerriko Itsaso herrigunea banandu eta udalerri independente gisa eratzea onartzen da; eta, horrenbestez, itzuli egiten zaio aipatu herriguneari historikoki izan duen udalerri izaera hori.

Bigarrena.– Izena eta herriburua.

1.– Udalerri berriak Itsaso izango du izena, hau da, historikoki udalerri gisa izan duena; eta herriburua «Itsaso herrigunea» deitu erdigunean edukiko du.

2.– Banantzearen ondorioz, Itsaso banantzen zaion udalerria Ezkio deituko da hemendik aurrera; eta herriburuari Santa Lutzi-Anduagan eutsiko dio.

Hirugarrena.– Udal mugartea eta lurralde mugak.

1.– Banantzearen ondorengo Itsaso eta Ezkio udalerriek 1964an bategin aurretik zituzten lurralde mugak berreskuratzen dituzte, hain justu, bien artean adostu eta Institutu Geografiko eta Katastralak 1941eko abuztuaren 28an egindako mugaketa aktan jasotakoak; aldaketa bakar batekin: Itsaso eta Ezkioren arteko mugan, Zozabarro errekaren alboan, kokatzen den azpiestazio elektrikoa zabaltzeko egin behar izandako obren ondorioz errekaren lekualdatzeak eragindakoa.

2.– Itsasoko udalerriak 8,856 km2 inguruko azalera dauka; eta Azpeitia, Beasain, Ormaiztegi, Gabiria eta Ezkio udalerriekin egiten du muga.

3.– Itsaso udalerriaren lurralde mugaketa jasotzen duen planoa foru dekretu honen I. eranskinean dator.

4.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Itsaso eta Ezkioko udalek dagozkien jarduketak burutuko dituzte bi udalerrien artean beharrezkoak diren mugarriak jartzeko, Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko 2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak 17. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz, burutu ere.

Laugarrena.– Ondarea.

1.– Foru dekretu honen II. eranskinean jasotako ondasun higiezinak izango ditu Itsasok, kargarik gabe eskualdatuko zaizkionak, Ezkio-Itsaso udalerriaren lekuan subrogatuz horien jabe moduan.

2.– Bere ondasunen katalogoa eta inbentarioa egin behar ditu Itsasoko Udalak, baita ondasun horien kalifikazio juridikoa ere.

3.– Halaber, Ezkioko Udalak bere katalogoa eta inbentarioa egoera berrira egokitu beharko ditu.

4.– Hurrengo zortzigarren atalean aurreikusitako Arbitraje Batzordeak ebatziko ditu ondarearen banaketa dela eta sor litezkeen auziak.

Bosgarrena.– Hirigintzako plangintza orokorra.

1.– Udalerri berriaren hirigintzako plangintza orokorra onartu eta indarrean jartzen den arte, egun indarrean dauden Ezkio-Itsaso udalerriko Plangintzako Arau Subsidiarioetan jasotako zehaztapenak, bere lurralde eremuari eragiten diotenak, aplikatuko zaizkio Itsasori.

2.– Itsasoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak dagozkien jarduketak burutuko dituzte, bakoitzak bere eskumenen eremuan, Itsaso udalerriaren hiri-antolamenduko plan orokorra egin eta onartzeko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak xedatutakoari jarraikiz, egin eta onartu ere.

3.– Halaber, Ezkio eta Itsasoren lurralde eremuei eragiten dieten hirigintza antolatzeko tresnak eta lurraldearen antolamendurako tresnak, indarrean nahiz tramitazioan daudenak, banantzeak dakarren errealitate berriari egokitu behar zaizkio; eta, horretarako, bi udalerrietako udalek zein Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, bakoitzak bere eskumenak erabiliz, dagozkien jarduerak burutuko dituzte.

Seigarrena.– Estipulazio juridiko eta ekonomikoen agiria.

1.– Ontzat ematen da banantzeari buruzko udal espedientean sartu den estipulazio juridiko eta ekonomikoen agiria: Ezkio-Itsasoko Udalak onartutakoa, espediente horrekin batera, 2016ko martxoaren 16ko udal osoko bilkuran; eta data horretan bertan eragindako alderdi guztiek sinatutakoa.

2.– Horrenbestez, aurreko paragrafoan aipatu agiriaren eduki zati bat jasotzen duen foru dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, agiri horretan jasotako gainerako estipulazio juridiko eta ekonomikoak ere aplikatuko dira, banantzearen ondorioz udalerri batean zein bestean sortutako egoera berria arautzeko, besteak beste, udal zerbitzuen prestazioari, udal bateko zein besteko langileei eta bien arteko lankidetza eta elkarrekiko laguntzari dagokienez.

Zazpigarrena.– Batzorde Kudeatzailea.

1.– Hurrengo udal hauteskundeak egin eta udal korporazio berria osatu arte, batzorde kudeatzaile batek zuzendu eta kudeatuko du Itsaso udalerria. Batzorde kudeatzaile hori Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatuko du; eta horretarako kontuan izango ditu Itsasok hartzen duen lurralde eremuko hauteskunde mahaian 2015eko udal hauteskundeetan izandako emaitzak.

2.– Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak 179.1 artikuluan finkatzen duen eskalaren arabera, Itsaso udalerriko Batzorde Kudeatzaileak 5 kide izango ditu; eta batzordeburua kideek beraiek hautatuko dute, beraien arteko bat, alkatea aukeratzeko prozedurari jarraikiz.

Zortzigarrena.– Arbitraje Batzordea.

1.– Foru dekretu hau eta seigarren atalean aipatu estipulazio juridiko eta ekonomikoen agiria interpretatzeko eta etorkizunean banantzeak eragin ditzakeen auzi gatazkatsuak ebazteko Arbitraje Batzordea eratuko da, ondorengo kide hauekin:

● Batzordeburua: Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatua; edo hark eskuordetutako Gipuzkoako Foru Aldundiko foru diputatu edo zuzendari nagusia.

● Kideak: Itsasoko Batzorde Kudeatzaileko hiru kide; eta Ezkio Udaleko beste hiru. Alderdi bakoitzetik bat, gutxienez, seigarren atalean onartzen den agiriko bederatzigarren estipulazioan aurreikusten den Jarraipen Batzordeko kidea izango da.

● Idazkaria: Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko funtzionarioa.

2.– Arbitraje Batzordeak esleitzen zaizkion egitekoak beteko ditu harik eta banantzea burutu arte, hau da: ondarea eta dokumentazio administratiboa (historikoa zein egungoa) benetan zatitu arte eta, oro har, foru dekretu hau erabat gauzatu arte.

3.– Arbitraje Batzordean emakumeen eta gizonen parte hartze edo presentzia orekatua bermatzen saiatu behar da.

Bederatzigarrena.– Udal Finantzaketarako Foru Fondoa.

Foru dekretu hau onartzeak ez dio eragingo 1994ko abenduaren 23ko 15/1994 Foru Arauan aurreikusitako Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren zuzkidurari, nahiz eta fondoaren zenbateko osoa lurralde historikoko udalerrien artean banatzerakoan Itsaso udalerri berriari eta banantzearen ondorengo Ezkio udalerriari dagozkien kuota finkoak kontuan hartu behar diren.

Hamargarrena.– Argitaratzea eta inskribatzea.

1.– Foru dekretu hau argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean; eta ondorioak izango ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik.

2.– Halaber, Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroan inskribatuko da; eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko administrazioei bidaliko zaie, dagozkien ondorioetarako.

Foru dekretu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Bere aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete interesatuek, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilbon duen Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako, bi hilabeteko epea dute, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hala ere, horren aurretik, partikularrek aukera dute berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kontseiluari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.

Donostia, 2016ko abenduaren 20a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko Foru diputatua,

IMANOL LASA ZEBERIO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala