Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2014ko apirilaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1546

AGINDUA, 2014ko martxoaren 26koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez arautzen baitira unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak.

Hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta solidarioa lortzeko 2020ko Europako Estrategia garatzeko eta Euskadiko ekonomiaren nazioartekotzeari bultzada emateko gehiago eta hobeto prestatuta dauden gazteak beharko dira gizarte iraunkor bat lortzeko, non independentzia ekonomikoa baliokidea izango den emakumeentzat eta gizonentzat, Europako Batzordeak bere dokumentuan, hots, 2010eko martxoaren 5ean onartu zen dokumentuan, biltzen denaren arabera. Ildo horretan, kalkulatzen da 2020. urterako EBko lanpostu guztien % 35erako goi-mailako prestakuntza beharko dela eta gaitasunak batez ere hezkuntza ez-formalaren bitartez eskuratuko direla, bereziki nazioarteko mugikortasuna, boluntariotza, laneko ingurune errealetan ikaskuntza praktikoa gauzatzea eta gazteriaren partaidetza aktiboa azpimarratuz.

Horregatik, ekonomia irekiaren eremuan sortzen diren etorkizuneko erronkei irtenbideak aurkitzeko eta Euskadiko gazteak lan-merkatuan sar daitezen haien gaitasunak, jakintza, prestakuntza eta mugikortasuna garatzeko, 2012an beka-programa bat atera zen Euskadiko gazteen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko, beren profil akademikoa eta profesionalari lotutako jarduerak eta proiektuak atzerriko enpresa eta erakundeetan egin ditzaten, aurretik 2012ko apirilaren 10eko Aginduaren bidez planifikatutako prestakuntza-plan praktiko bat egin ondoren. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko apirilaren 10eko Aginduaren bidez, unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak arautzen dira (EHAA, 2012ko apirilaren 13ko EHAA).

Dagoeneko ebatzitako deialdietan hartutako eskarmentuan oinarrituta, eta horien helburuak hobeto betetzeko, egokia da laguntza-eskabideak ebazteko sistema aldatu eta lehiaketa bidez ebaztea.

Horiek horrela izanik, beharrezko da programan sartu nahi diren aldaketak antolatuko dituen agindu arautzaile berri bat ematea.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren «Global Training» Beken programa garatzeko gai izanik, beka horien deialdiak gauzatuz programan parte hartu nahi duten erakundeei itzultzerik gabeko diru-laguntzak emateko araubidea arautzea, betiere agindu honetan ezarritako aurreikuspenei jarraituz. Beka horien xedea, bestalde, unibertsitate-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteen prestakuntza praktikoa atzerriko enpresetan eta erakundeetan gauzatzea da. Beken oinarriak eranskinean jasota daude.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan zehaztutako xedeetarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean ematekoak diren laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko izendatutako diru-kopurua edo hori eguneratzearen ondoriozkoa, betiere indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aldatzeko araubideari jarraikiz, eta, hala badagokio, nazioartekotzearen arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez emango da horren berri, betiere diru-laguntza emateko ebazpena eman aurretik.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Eranskinean deskribatzen diren «Global Training» bekak deitu eta honako baldintza hauek betetzen dituzten erakunde publikoek zein pribatuek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan bildutako laguntzak:

a) Legeen arabera eratuta eta dagokion erregistroan erregistratuta egotea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino gutxienez bi urte lehenagotik.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea pertsonak, batez ere gazteak, hainbat eremutan –horien artean enpresetan sartzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren gaitasunei lotutako prestakuntza dagoela– prestatzera bideratutako proiektuak eta jarduerak egiten; era berean, nazioarteko mugikortasun-programetan esperientzia izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan lantoki bat izatea.

d) Nazioarteko sareren bateko kide izatea, edo antzeko ezaugarriak dituzten eta Euskadiko gazteek praktikak egingo dituzten enpresak edo erakundeak lortzea bermatuko duten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak sinatu izana.

e) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egiaztatuko du ofizioz aipatutako betebeharrak betetzen direla.

f) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik ezarrita ez edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duen lege-debekuaren eraginpean ez egotea.

g) «Global Training» Beken programa garatzeko proiektu bat aurkeztea, agindu honen 7.2.e) eranskinean ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak eta gastuak eta laguntzen gehienezko zenbatekoak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko jardueratzat honako hauek hartzen dira: beken deialdia egitea, zabaltzea, bekadunak hautatzea eta horiei aldez aurreko prestakuntza ematea, eta beka kudeatu eta jarraitzea guztiz garatzen den arte.

Deialdia egiten den urteko hirugarren hiruhilekoan dagoeneko amaitua izan beharko da hautaketa-prozesua.

2.– Diruz laguntzeko moduko gastuak honako hauek dira:

a) Beka bakoitzari hasiera ematen dion prestakuntza espezifikoa emateko antolatutako ikastaroen ondoriozko gastuak. Aipatutako ikastaroek, Agindu honetako eranskinean ezartzen denaren arabera, 40 ordutik 60 ordura bitarteko iraupena izango dute, eta agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako deialdi-ebazpenetan zehaztuko den oinarrizko programa batera egokituko dira. Gastu horiek finantzatzeko laguntzek ezin izango dute 500 euro gainditu bekadun bakoitzeko.

b) Beka bakoitzaren zuzkidura betetzearen ondoriozko gastuak, zeinaren zenbatekoa agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako deialdi-ebazpenetan argitaratuko baita. Zuzkidura horren kontura ordainduko dira Gizarte Segurantzari kotizatutako zenbatekoak.

c) Bekadun bakoitzak gaixotasun- eta istripu-arriskuak, erantzukizun zibila eta bidaiako laguntza-gastuak estaliko dituen aseguru bat izan dezan, erakunde onuradunak sinatu beharko dituen aseguru-polizen ondoriozko gastuak, agindu honen eranskinean ezartzen denaren arabera. Gastu horiek finantzatzeko laguntzek ezin izango dute 400 euro gainditu bekadun bakoitzeko.

d) «Global Training» Beken programa abian jartzeak, horren kudeaketak, administrazioak, komunikazioak eta publizitateak erakunde onuradunei eragindako gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzek ezin izango dute 1.000 euro gainditu bekadun bakoitzeko.

5. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek helburu bererako emandako laguntzekin.

2.– Aurreko idatzi-zatian xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu laguntza hau emateko helburu-programaren kostu osoa, laguntza bakoitzaren zenbatekoak edo beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako diru-laguntzak edo laguntzak barne hartuta, eta diruz lagundutako jardun berberetarako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabide ere kontuan izanik. Zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da agindu honi jarraikiz emandako laguntza.

6. artikulua.– Prozedura-hasiera, urteroko deialdi publikoa.

Nazioartekotzearen arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularrak urtero emango duen ebazpen bidez egindako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzearekin hasiko da agindu honek arautzen dituen laguntzak emateko prozedura.

Ebazpen horretan zehaztuko dira ekitaldi horretako laguntzak emateko esleitu den guztizko zuzkiduraren zenbatekoa, emango den beka-kopurua eta horien gutxieneko iraupena, bekak lortzeko hautagaien prestakuntzarako oinarrizko programa, diruz lagundutako gastuen eguneratzea bekadun bakoitzeko, hala badagokio, eta eskabideak aurkezteko epeak eta tokiak.

Era berean, ebazpenaren eranskinean argitaratuko dira eskabidearen formatua eta balioztapen-irizpideak eta ponderazio-faktoreak aplikatzeko adierazleak.

7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetatik sortutako gainerako izapideak, bertara joanda edota bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren arabera.

Eskabidea Euskadi.net-en https://www.euskadi.net/ egoitza elektronikoaren bitartez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, laguntzetarako deialdia argitaratu ostean. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da aipatutako egoitza elektronikoan.

Espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak http://www.euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez ere gauzatu ahal izango dira.

Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen baimendutako sinadura elektronikoaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eta Administrazioak eska dezakeena aurkeztuko da eskabidearekin batera, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Sinadura digitala erabili nahi ez bada, eta aurreko aukeraren alternatiba gisa, http://www.industria.ejgv.euskadi.net web-helbidean informatikoki bete eta grabatu ondoren, inprimatu egin behar dira eskaerak, eta, erakunde eskatzailea ordezteko legezko gaitasuna duen pertsonak sinaturik, nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzara igorri. Horren ondoren, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren dagokion lurralde ordezkaritzan aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzak duen Herritarrei Arreta Eskaintzeko Zerbitzuan (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan, eta nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Kasu horretan, erakunde interesdunak lehentasunezkoa dela adierazi badu edo esanbidez bitarteko hori erabiltzea baimendu badu soilik egingo dira jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez.

2.– Eskabideekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, eskatzailea aitortutako ziurtagiri batekin identifikatzen denean izan ezik.

b) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren txartelaren fotokopia eta eraketa-eskritura, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.

c) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada.

d) Agindu honen 3.1.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzen duen dokumentazioa, garatutako proiektuak, deialdiak eta hitzarmenak aipatuz.

e) «Global Training» Beken programa garatzeko proiektua, zeinek honako hauek bildu beharko baititu:

I.– Deialdirako proposatzen dituen «Global Training» beken kopurua –gutxienez 40 eta gehienez 80–, agindu honen eranskinean aurreikusitako baldintzekin bat etorriz.

II.– Praktikak egingo dituzten enpresan edo erakundean sartu aurretik hautatutako gazteei emango zaien prestakuntza-plana. Prestakuntza-plan horretan ikastaroak bilduko dira nahitaez, zeinek 40 ordutik 60 ordura bitarteko iraupena izango baitute, eta agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako urteko deialdi-ebazpenetan zehaztuko den oinarrizko programara egokituko dira.

III.– Egin beharreko ekintzen kronograma, proiektua deialdiaren arabera garatuko dela bermatuko duena.

IV.– Aurrekontu osoa, aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak eta proiektuko ekintzen garapena jasoko duena.

V.– Proiektua garatzeko, erakunde eskatzaileak dituen giza baliabideak, baliabide materialak eta/edo esperientzia.

VI.– Proiektuaren garapenean inplikatuta dagoen erakundeko pertsonen Curriculum Vitae-a.

3.– Ez da beharrezko izango zenbait agiri aurkeztea, baldin eta, indarrean dauden agiriak izanda, dagoeneko deialdia egin duen sailaren esku badaude. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko du zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu duen, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatzi-zatian ezarritako baldintzei jarraikiz.

4.– Eskatzaileek beraiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Nazioartekotzearen arloan eskumena duen EAEko Administrazioko sailak dagokion babes-mailarekin tratatuko ditu datuak, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ondorio berberetarako aplika daitekeen gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Onartzea eta zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean nazioartekotzearen arloan eskumena duen zuzendaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat dagoela ikusten badu, enpresa eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango akatsa zuzen dezan; era berean, adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarota, zuzendu ez badu, ebazpena emango da eskatzaileak eskabidean atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua.– Diru-laguntza emateko prozedura.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira; horretarako lehiaketa bakoitzera aurkeztutako eskabideak alderatuko dira eta haien arteko lehentasun-ordena ezarriko da, 10. artikuluan xedatutako irizpideei jarraituz. Irizpide horien arabera, baldintza hauek betetzen dituztenei bakarrik emango zaie laguntza: deialdi-ebazpenean ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzeaz gain puntu gehien lortu dituenari eta puntuetan haren ondoren datozenei, betiere lehentasun-hurrenkerari jarraituz, deialdia finantzatzeko esleitutako zuzkidura agortu arte.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta Ponderazio-faktoreak.

Onuradun izateko baldintzak garaiz eta forman bete izana egiaztatzen duten enpresei eta erakundeei emango zaizkie laguntzak, betiere honako balorazio-irizpide hauen arabera:

1.– Proiektuen argitasuna. Proiektuak balioztatzeko, aintzat hartuko da eskainitako praktika bakoitzaren destinoak ondo identifikatzea. Beraz, haztapen onena izango du eskabidean honako hauen inguruko ahalik eta zehaztasun handiena emateak: destino geografikoa, nazioarteko enpresa edo erakundea, erreferentzia-postua eta bekadunaren profila (30 puntu).

2.– Bekaren aldia luzatzea, deialdia egiten duen erakundearen edo praktikak egiten direneko enpresaren kontura, betiere agindu honetan ezarritako gehienezko mugaraino (30 puntu).

3.– Zer titulazio sartzen diren. Proiektua irizpide honen arabera balioztatzeko, aurkeztutako eskaintzen zerrenda orokorra hartuko da aintzat. Puntuak eskaintza partikular bakoitzeko emango dira, betiere eskaintzen diren titulazio akademikoak aintzat hartuta, titulazioei begira ahalik eta irismen eta aniztasun gehien bermatzeko deialdian, oro har (20 puntu oro har).

4.– Eskainitako beka-kopurua. Proiektuen zerrenda orokorrean aintzat hartuko da eskainitako plaza-kopurua (15 puntu).

5.– Erakundeen arteko lankidetza, proiektua garatzeko faseetan bikaintasuna bermatuko duena (5 puntu).

11. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari dagokio aurkeztu eta onartutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Horretarako, ebaluazio-organo bat eratuko da, nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrak eta zuzendaritza horretako bi teknikarik osatua. Azken horietako batek idazkari-lana egingo du. Urteroko deialdi-ebazpenean, aipatu organoa osatuko duten pertsonen izenak argitaratuko dira.

2.– Lehiaketan sartzeko eskatutako betekizunen eta agindu honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera, ebaluazio-organoak –proiektuak aztertu eta kalifikatu ondoren– lehenetik azkenera doan zerrenda batean jarriko ditu aurkeztu eta onartutako eskabideak, lortutako puntuen arabera, bakoitzak eskaini duen praktika-kopurua adierazita.

3.– Erakunde onuradunen proposamena zerrendako hurrenkerari jarraituz egingo da, dagokion deialdia finantzatzeko esleitutako diru-zuzkidura agortu arte.

Azkeneko biren artean berdinketa badago, 2. irizpidean –beka-aldia deialdia egiten duen erakundearen kontura luzatzeari buruzkoa– puntu gehien lortzen duena gailenduko da.

Aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko, nazioartekotzearen arloan eskumena duen zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi bakoitzean aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura hori ebaztea nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrari dagokio, ebaluazio-organoak proposatu ostean.

2.– Hartzen den ebazpenak diru-laguntza emango du, edo, hala badagokio, ukatu. Lehenengo kasuan, gainera, honako hauek adieraziko ditu beka bakoitzeko: erakunde onuradunaren izena, «Global Training» beken proiekturako onartu den zenbatekoa, emandako diru-laguntza eta horren banaketa diruz laguntzeko gastuen kontzeptu bakoitzeko, proiektuen tipologia kontuan hartuta, eta zenbat beka finantzatzen diren. Proiektuen tipologia agindu honen 4.2 artikuluan dago jasota. Ukatzen diren diru-laguntzen kasuan, erakunde eskatzaileen izena eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Aipatu ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gorako errekurtsoa jarri dezakete interesdunek nazioartekotzearen alorrean eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularraren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

4.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, horren berri izan dezaten. Ebazpenak, bestalde, honako informazioa emango du: erakunde onuradunen zerrenda, onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa eta erakunde horiek zenbat beka kudeatuko dituzten.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik adierazten ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak onuradunei esleitu eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan xedatutako eginbeharrez gain, eta agindu honen eranskineko VII paragrafoan ezarritakoaren arabera, pertsona onuradunekiko beren gain hartzen dituzten eginbeharrez gain, laguntza hauek jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza ematearen Ebazpena jasotako egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, ulertuko da diru-laguntza onartu egin duela.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Agindu honen eranskinean adierazitako ezaugarrien arabera egitea «Global Training» Bekak lortzeko deialdia, eta ematen dituen beka guztiak kudeatzea, hautaketa-prozesutik hasi eta praktikak amaitu arte.

«Global Training» Beken berri emateko elementu guztietan, hau da, web-orrietan, prentsako edo aldizkarietako iragarkietan eta abarretan ez ezik, deialdia egiteko, bekadunak hautatzeko, diru-laguntza emateko eta jarraipena egiteko dokumentu guztietan ere «Global Training» beka-programa identifikatzeko logoa azalduko da derrigorrez, baita nazioartekotzearen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren logoa ere, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan ezarritakoaren arabera.

Horrez gain, aipatutako elementuen eta dokumentuen testuetan esanbidez adierazi beharko da, behar adina aldiz, beka horiek EAEko administrazioan nazioartekotzearen alorrean eskumena duen sailaren ekimena direla.

d) Ezarritako aldez aurreko prestakuntza-ikastaroak ematen direla ziurtatzea.

e) Atzerriko praktikak egingo direneko enpresekin eta erakundeekin lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatzea. Hitzarmen horietan, praktikak egiteko beharrezkoak diren baldintzak –materialak eta teknikoak– ezarriko dira.

Goi-mailako Lanbide Heziketako titulazioa duten gazteen kasuan, atzerrian ezarrita dauden euskal enpresekin formalizatu ahalko da lankidetza-hitzarmena.

f) Beka bakoitzari dagozkien aseguruak kudeatzea.

g) Emandako «Global Training» beka guztien jarraipena egitea, beka jaso duen pertsona bakoitzari eta praktikak gauzatuko direneko enpresei eta erakundeei dagozkien txostenak eskatuz.

h) Emandako «Global Training» beken kopurua eta beka horien ezaugarriak agiri bidez justifikatzea; horretarako, laburpen-txosten bat eman beharko da, eta beken garapena zehaztu beharko da bertan.

i) Bekadunak, programan dagoen bitartean, ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzea.

j) Erakunde onuradunak programa honetan parte hartzearen ondorioz hartutako konpromisoak betetzen direla justifikatzen duen dokumentazioa bidali beharko du nazioartekotzearen alorrean eskumena duen sailera.

k) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten funtzioak betez, eskatzen dien informazio oro ematea.

l) Laguntza emateko finkatutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira.

m) Bekari dagokion diru-zuzkidura ordaintzea bekadunei. Ordainketa hori hiru alditan gauzatuko da: lehena, % 50, praktikak hasi aurretik, beka eman ostean; bigarrena, % 40, praktiken iraupenaren erdia egiten den hilean, eta gainerako % 10a, berriz, praktika amaitzean eta eskatu zaizkien dokumentu guztiak aurkeztean ordainduko da.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta erakunde onuradunek laguntza justifikatzea.

1.– 14. artikuluan aipatzen den epea igaro ondoren ordainduko zaizkie agindu honen babesean emandako diru-laguntzak «Global Training» beken programaren erakunde onuradunei, uko adierazirik ez bada, honela:

a) Lehenengo zatian emandako zenbatekoaren % 50 ordainduko da emandako laguntza onartutakoan, honako gastu hauetarako: prestakuntza, aseguru-polizak, martxan jartzekoak, kudeaketa, administrazioa, komunikazioa eta publizitatea.

b) Bigarren zatian beka bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, bekadunen zerrenda aurkeztutakoan.

c) Hirugarren eta azken ordainketa beka guztiak amaitu eta justifikatu ostean egingo da eta kontzeptu guztien gainerako % 50ari dagokio. «Global Training» beken kudeaketak eragindako gastuak ordaintzea dela eta, azken ordainketa hori lehenago behar dutela egiaztatzen duten erakunde onuradunek eskatu egin beharko dute eta banku-abal bat aurkeztu beharko dute, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa betetzen dutela bermatzeko. Lege hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartu zen.

2.– Justifikazioak nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita eta, beranduenez, deialdiaren hurrengo ekitaldiko azaroaren 30a baino lehen.

3.– Justifikatzeko dokumentazio horretan, honako hauek azalduko dira, besteak beste: erakunde onuradunak bekadunei egindako banku-transferentzien kopia, bekadunak egindako zereginen eta jardueren txosten xehatua, prestakuntza-ikastaroak antolatzeak eragindako kostuaren egiaztagiriak, kontratatutako aseguruen egiaztagiria eta kudeaketari, administrazioari eta komunikazioari eta publizitateari dagokienez egindako gastuen egiaztagiriak.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak gezurrezkoak badira, dirua diru-laguntza ematea eragin zueneko helbururako ez den beste baterako erabili badu, nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzak ondorio horretarako irekitako espedientea bideratu ondoren, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua gehi dagozkion interes legalak bi hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzultzeko betebeharra izango du, bidezkoak diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Baliogabetu egiten da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko apirilaren 10eko Agindua, zeinen bidez arautzen baitira unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko Beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Auzien Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 26a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
«GLOBAL TRAINING» BEKAK PROGRAMAREN OINARRIAK

I.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzaren «Global Training» Bekak deituriko laguntza-programak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioz haraindiko mugikortasuna bultzatzeko jomuga du, gazte horiek beren ikasketa- eta lanbide-profilarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko herrialdeetako enpresetan eta erakundeetan, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin eta, horretarako, hain zuzen ere, antolatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean programa hori garatzeko gaituta dauden erakundeetarako dagozkion laguntza ekonomikoak, unibertsitateko tituluak eta goi-mailako lanbide-heziketako tituluak dituzten gazteek –erakunde horiek hautatuak eta prestatuak– atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egiteko aukera izan dezaten; eranskin hau gehigarri gisa biltzen duen Aginduak jasotzen du horien araubidea.

II.– «Global Training» Beken edukia.

1.– Programaren erakunde onuradunek –erakunde beka-emaileek– ematen dituzten beketan honako hauek sartuko dira:

a) Prestakuntza-ikastaro bat, derrigorrezkoa bekadun guztientzat, 40-60 orduko iraupena duena, eta dagokion laguntza-deialdiaren ebazpenaren bitartez zehaztuko den gutxieneko edukia izango duena; laguntza-programaren onuradun den erakunde beka-emaileak emango du ikastaro hori, eta praktikekin hasi baino lehen egin beharko da.

b) Gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 12 hilabeteko egonaldi praktikoa atzerriko enpresa edo erakunde laguntzaile batean; beka eman dela jakinarazi eta segidako bi hilabeteetan emango zaio hasiera egonaldi horri.

2.– Dagokion erakunde beka-emaileak beka emateko dokumentua ematen duenean hartuko da bekadunaren izaera, eta beka baliatzeko epea ere orduan hasiko da.

III.– «Global Training» beken onurak eta mugak.

1.– Programa honetako bekadunek honako onura hauek lortuko dituzte:

a) Doako prestakuntza-ikastaro bat, 40-60 orduko iraupena duena, praktikekin hasi baino lehenago egin beharrekoa eta erakunde beka-emaileak antolatu eta ordainduko duena; bekadunak derrigorrez hartu beharko du parte ikastaro horretan, bestela, emandako beka galduko du.

b) Diru-zuzkidura bat, helmugako herrialderako bidaia-gastuetarako, mantenu-gastuetarako, ostatu-gastuetarako eta Gizarte Segurantzako kotizazioagatiko gastuetarako, eta baita bisa eta txertoei dagozkienetarako ere, beharrezkoak badira; Eusko Jaurlaritzak urtero argitaratzen duen programaren deialdi-ebazpenean finkatuko da zuzkidura ekonomiko horren zenbatekoa.

c) Hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila, istripu-arriskuak eta horren osagarri den bidaia-asistentzia estaltzeko asegurua. Beka gauzatzean asegurudunak hirugarrenei sortutako kalteen ondorio ekonomikoak estaliko ditu erantzukizun zibila estaltzeko aseguruak.

Istripu-polizak heriotza, ezintasun iraunkor absolutua, ezintasun iraunkor osoa eta partziala –baremoaren arabera– estaliko ditu, eta bidaia-asistentziako polizak, berriz, helmugako herrialdean dagoen bitartean asegurudunak izandako istripuak eta gaixotasunak estaliko ditu.

Aipatu poliza horien eremu geografikoa mundu osoa izango da.

2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du kontratu- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunaren eta erakunde beka-emailearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo praktikak egingo diren enpresaren edo erakundearen artean.

IV.– «Global Training» bekak lortzeko baldintzak.

1.– «Global Training» bekak lortu nahi dituzten pertsonek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a) Graduko titulu bat izatea, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolakuntza xedatzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan ezarritako araubideari jarraituz, edo diplomaturako, lizentziaturako edo goi-mailako lanbide-heziketako titulu bat edukitzea; titulu horiek atzerrian lortu badira, homologatuta egon beharko dute eskabidea egiteko epea amaitzean.

b) Beken deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1ean 30 urte beteta ez edukitzea.

c) Beken deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan urtebete baino gehiagoko administrazio-egoitza izatea.

d) 6 hilabete baino gehiagoko praktikak atzerrian egiteko aukera eman dion beste bekarik lortu ez izana.

e) Ingeles-maila bikaina edukitzea, erreferentzia C1 maila izanik unibertsitate ikasketa ofizialetako gradu-tituluentzako eta B2 Lanbide Heziketako goi-mailarako. Horretarako, proba bat –ahozkoa eta idatzia– egingo da beka lortu nahi duen pertsonaren jakintza zehazteko, betiere maila hori egiaztatzen duen titulu homologaturik ez badu.

f) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik ezarrita ez edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duen lege-debekuaren eraginpean ez egotea.

2.– Aurreko atalean jasotako baldintzen egiaztapena dagokion erakunde beka-emailearen aurrean egingo da, honela:

a) Eskatutako titulua duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta, eta hala badagokio, dagokion homologazioa, instantzia eskudunak emana.

b) Jaioteguna egiaztatzen duen dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori frogatzeko moduan egiaztatzen duen beste edozein).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako erroldatze-ziurtagiria, dagokion udalak emana.

d) Eskatutako hizkuntza-maila egiaztatzen duen titulua, 4 urte baino gutxiagoko antzinatasuna duena, edo, halakorik ez bada, maila hori egiaztatzeko egindako proban –ahozkoan eta idatzian– lortutako emaitzak.

e) Eskatzailea aurreko 1. atalaren d) eta g) letretan aurreikusitako kasuetan ez dagoela adierazten duen erantzukizun-aitorpena.

3.– Hautagaia praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzen dela egiaztatzeari dagokionez, Hautaketa Epaimahaiarekin elkarrizketa bat egin beharko da egokitzapen-maila balioesteko.

V.– «Global Training» beken hautagaiak aukeratzeko prozesua.

1.– Beken hautagai bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahalko du. Eginbehar hori betetzen dela bermatzeko, nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzak ahalmena izango du erakunde laguntzaile guztietan aurkeztutako eskabide guztiak egiaztatzeko. Baldin eta lehiakideren batek eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

2.– Beka ematen duen erakunde bakoitzak egingo hautaketa, ondoren deskribatzen den prozesuaren oinarriaren arabera:

a) Dagokion beka-programaren deialdi publikoa; bertan, emango diren beka-kopurua, beka bakoitzaren profila eta destinoa jasoko da, eta eskabideak formalizatzeko eta aurreko IV. atalaren 2. puntuan aipatzen diren egiaztagiriak aurkezteko gutxieneko hilabeteko epea ezarriko da, egiten den lehenengo iragarkitik aurrera zenbatzen hasita.

b) Egiaztatuko da eskatutako dokumentazioa osatuta dagoela, eta horrela izan ezean, gutxieneko hamar eguneko epean dokumentazioa osatzeko eskatuko zaie interesdunei.

c) Curriculum Vitae-a aztertuko da, eta titulazioa, prestakuntza osagarria eta esperientziak edo praktikak balioetsiko dira, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren irizpide orokorren arabera.

d) Ingeleseko proba, edo dagokion C1 edo B2 tituluaren egiaztapena. 4 urte baino gutxiagoko antzinatasuna izan behar dute egiaztapenok.

e) Elkarrizketa Hautaketa Epaimahaiarekin; hautagaiaren profila praktikak egingo diren atzerriko enpresak edo erakundeak eskatzen duen profilera egokitzen ote den balioetsiko du.

I) Hautaketa-epaimahai bakoitza beken deialdia egiten duen erakundeko bi kidek eta nazioartekotzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzako ordezkari batek osatuko du.

II) Idazkaria beketarako deialdia egin duen erakundeko pertsona bat izango da; hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hautaketa-prozesua amaitutakoan, deialdia egin duen erakundeak bekak emateko dagokion dokumentua emango du. Dokumentu horretan, praktikak egingo diren helmugako herrialdea eta enpresa edo erakundea, praktiken iraupena, bekaren zuzkidura, egin beharreko zereginak eta praktikaren egonaldia behar bezala gauzatzeko garrantzitsutzat hartzen den gai oro ezarriko dira. Egonaldia, bestalde, beka eman dela jakinarazi eta hurrengo bi hilabeteko epean hasiko da.

4.– Beka emateko agiria hautatutako pertsonei jakinaraziko zaie. Deialdia egiten duen erakundeak prozesuan parte hartu duten guztien zerrenda argitaratuko du, eta, bertan, hautatuak izan diren ala ez adieraziko du.

VI.– «Global Training» beken onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte «Global Training» programaren beken onuradunek:

a) Emandako beka onartzea. Horren ildotik, beka emateko jakinarazpen-egunetik zenbatzen hasita egutegiko 15 eguneko epean eskatzaileak bekari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, beka behin betiko onartzen duela ulertuko da.

b) Helmugako herrialdean praktikak egiten hasi aurretik emango den prestakuntza-ikastarora joatea.

c) Praktikak egingo dituen enpresak edo erakundeak agindutako zereginak gauzatzea, betiere aldez aurretik itundutako lanerako planaren esparruan.

d) Beka ematen duen erakundeak praktiken garapenari buruz eskatzen dizkion txostenak egitea eta bidaltzea sei hilean behin.

e) Helmugako herrialdera iristean, kontsulatuan edo enbaxadan erregistratzea, bekak irauten duen bitartean bekadunak bere bizilekua finka dezan.

f) Egindako lanari buruz beka ematen duen erakundeak ezartzen dituen ebaluazioetan parte hartzea; beken programa finantzatzen duen Jaurlaritzaren sailak ere parte har dezake ebaluazio horietan.

g) Bekari uko egiten bazaio, sobera jasotako zenbatekoak itzultzea, eranskin honetako VIII. atalean aurreikusitako kalkuluaren parametroa aplikatzearen ondorioz ateratzen denaren arabera.

VII.– Bekak ematen dituzten erakundeek bekadunekiko dituzten betebeharrak.

«Global Training» beka-programan parte hartzen duten erakunde beka-emaileak arduratuko dira III. ataleko 1. puntuan azaltzen diren onurak erabat betetzeaz eta, horri jarraikiz, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Bekadunari prestakuntza ematea praktika egitera joan aurretik.

b) Atzerriko praktikak garatuko diren enpresekin edo erakundeekin lankidetza-hitzarmen espezifikoak formalizatzea. Hitzarmen horietan, bekadunak praktika garatzeko beharrezkoak diren baldintzak –materialak eta teknikoak– ezarriko dira, esate baterako, praktika egingo den lekua, praktikaren iraupena, adostutako lanerako plana eta funtsezkotzat hartzen den gai oro.

c) Aseguru-poliza bat kontratatzea, gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila ere estaliko dizkiona bekadunari.

d) Bekaren diru-zuzkidura ordaintzea honako ordainketa-erregimen honen arabera:

1) Lehenengo ordainketa –emandako bekaren diru-zuzkiduraren % 50– praktikaren egonaldia hasi aurretik.

2) Bigarren ordainketa (bekaren diru-zuzkiduraren % 40) praktikaren egonaldiaren iraupenaren erdia betetzen den hilean.

3) Hirugarren eta azken ordainketa (geratzen den zenbatekoa) bekadunak eta beka jaso duen erakundeak edo enpresak aurkezten dituzten txostenak –azken balantzeari buruzkoak– jaso ondoren.

VIII.– Uko egiteak.

1.– «Global Training» bekari uko eginez gero, ordaintzeko geratzen diren ordainketak ez dira egingo, eta litekeena da uko egin arte jasotako ordainketen zenbatekoren bat itzuli behar izatea.

2.– Itzuli behar den zenbatekoa kalkulatzeko, bekaren xede izan den praktikaren egonaldirako aurreikusitako iraupen-epearen eta praktika hori estaltzeko esleitutako diru-zuzkiduraren artean dagoen erlazio proportzionala zehaztuko da, eta jasotako zenbatekoa emandako egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, jasotako gehiegizkoa itzuli egin beharko zaio beka eman duen erakundeari.


Azterketa dokumentala