Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2013ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5617

AGINDUA, 2013ko abenduaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kongresuak eta zientzia-bilerak egiteko laguntzetarako deia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren iritziz, ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko ez ezik, baita Euskadiko zientzia arloaren ikuspegi orokorra izateko ere tresna egokiak dira Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak. Horregatik uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, horien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, Espainiako eta atzerriko ospe handiko ikertzaile eta irakasleen partaidetzaren bitartez.

Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2013ko martxoaren 7ko EHAA).

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, Horren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da diru-laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea, zientzia-ikerketaren eremuan kongresuak eta bilerak antolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere, 2014ko lehen seihilean zehar aurrera eramango diren jarduerak.

2. artikulua.– Laguntzen finantzazioa.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, guztira, 240.000 euro bideratuko dira.

Laguntza horiek finantzatzera zuzendutako diru-kopurua handitu ahal izango da deialdia ebatzi baino lehenago deialdi bietan, indarrean dagoen legerian aurreikusita dauden kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez. Aldatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak dira deialdi honen erakunde onuradunak, agenteon kategoria gorabehera, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera Teknologiarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena, parke teknologikoenak eta CEISenak izan ezik.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak, ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen –Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren– azken xedapenetatik seigarrenean arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek zerga-eginbeharrak beteta izan beharko dituzte, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko betebehar horiek, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diru-laguntzarekin honako gastu arrunt hauek ordaindu ahalko dira, osorik edo zati bat:

a) Antolatze- eta hedatze-lanak (webguneak sortzea eta laguntza-zerbitzuak barne), jardueraren osteko argitaratze-gastuak eta bileren arteko atsedenaldi kostuak.

b) Hizlarien bidaia-, ostatu- eta otordu-gastuak ez ezik, baita haien ordainsariak ere.

c) Ikertzaileentzako diru-laguntzak, deialdian aurreikusitako ekimenetara joan ahal izan daitezen.

2.– Honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu sozialak, hala nola parte-hartzaileen otorduak, ekintza ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak.

b) Jarduerari dagozkion gastuak, erakunde onuradunaren elementuak erabiltzeagatik.

c) Erakunde onuraduneko langile finkoen ordainsariak, bai estatutuz bai kontratuz lan-lotura dutenenak, eta ikertzaile bekadunen dotazioak.

d) Enpresa hornitzailea eta entitate onuraduna lotuta dauden kasuetako gastuak, Zientziarako Politika Zuzendaritzak, berariaz justifikatuta egonda, onartu eta baimentzen dituenak izan ezik. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluko 2 puntuan zehazten direnetako egoeraren bat emanez gero, eta oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakundeei edota enpresei eragiten diela.

e) Batez ere prestakuntza-izaera duten ikastaro eta jarduerak deialditik at geratzen dira, ondorengoak esate baterako: prestakuntzari buruzko jardunaldiak, irakasleak eta ikasleak gaitzeko tailer eta mintegiak, doktoretza-programei, masterrei edo gradu-ondoko ikastaroei lotutako bilerak eta ikerketa zientifikoaren esparruarekin zuzenean lotuta ez dauden etengabeko prestakuntza-jarduerak.

5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Bide telematikoa erabiliz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza elektronikoan eta helbide elektroniko honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net , eskuratuko den formularioaren bidez bete beharko dira eskaerak.

Eskaeraren sinadura elektronikorako txartela izan beharko du erakunde eskatzaileak edo, hori izan ezean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan (Barne, Justizia eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko agindua) eman beharko du legezko ordezkariak altan, lokarri honetan: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza ordezkarien erregistro/es egoitza/egoitza representantes.html.

Aplikaziora sartzeko bi modalitate daude: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTko pertsona fisikoaren ziurtagiria) edo erabiltzaile eta pasa-hitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek ematen diote Politika Zientifikoko Zuzendaritzari, deialdia kudeatzen duen organoari, identitate-datuak administrazio eskudunean, bitarteko elektronikoen edo erabil daitezkeen beste batzuen bidez, egiaztatzeko baimena.

2.– Eskaera termino guztietan beteta egon eta artikulu honen 5. atalean zehazten diren agiriak aplikazioan sartu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak 1. atalean adierazitakoaren arabera elektronikoki izenpetu beharko du eskaera; orduan, eta ez lehenago,

3.– Edonola ere, eskabideak honako deklarazioa izan beharko du: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunezko deklarazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek sartuko dira:

– Eskatzaileak xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik eskatu dituen edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan, eta, behar izanez gero, halakorik eskuratu duen ere bai.

– Diru-laguntzen esparruan hasitako inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan sartuta dagoen eskatzailea.

– Eskatzaileari diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik dagoen, edo horretarako legezko inolako debekurik jaso duen.

4.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

5.– Eskabideak egiteko eskatzen diren agiriak.

Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) Jardueraren memoria zientifikoa. Ondoko puntu hauek azalduko ditu:

– Ekimenaren garrantzia.

– Behin-behineko edo behin betiko egitaraua, egutegia eta hizlariak, eta jakitera ematen den orri elektronikoaren esteka.

– Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea nork osatzen duten, baldin eta osatzen badira.

b) Eskatutako zenbatekoaren justifikazioa: kontzeptua, unitateak, helburua, zenbatekoak, aurrekontuak. Proforma fakturak erantsi beharko zaizkio, ahal den heinean.

c) Entitate dei-egile edota antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila goragoko batzordearen akta: beren-beregi adierazi beharko da kongresua, zientzia-bilera, ikastaroa, mintegia edo nazioarteko ekitaldietako zientzia-hedapenerako jarduerak deitzeko eta antolatzeko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

7. artikulua.– Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 12. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

8. artikulua.– Ebaluazioa eta aukeratzea.

1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde hori Zientzia Politikarako zuzendariak (batzordeburua izango da), Unibertsitate zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute. Teknikaria Zientzia Politikarako zuzendariak izendatuko du eta Batzordeko idazkaria izango da. Ebaluazio Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.

2.– Irizpide hauek erabiliko dira, pisu berberaz, eskabideak ebaluatzeko:

a) Ekitaldiaren tipologia. Kongresuak 40 puntuz baloratuko dira. Gainerako bilerei, aldiz, 20 puntu emango zaizkie.

b) Ekitaldiaren eragin-eremua: nazioartekoa 20 puntu, Espainiakoa 10 puntu.

c) Txostengileen kopurua. 0,4 puntu pertsonako edota gonbidatutako hizlari bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.

d) Parte-hartzaile kopuruaren aurreikuspena. Puntu bat hogeitabost pertsonako, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.

e) Iturri pribatuetatik noraino finantzatzen den: bertaratzen direnen kuotak eta diru-laguntza pribatuak. Puntu bat emango da adierazitako iturrietatik datozen laguntzetako lauko portzentaje-puntuko multzoko. Gehienez ere, 20 puntu.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan aurreikusitako laguntza lehiaketa bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 8. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 2. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:

a) kongresuak: 20.000 euro edo 10.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da Espainiakoak edo nazioartekoak diren.

b) Zientzia-bilerak, ikastaroak eta mintegiak: 7.500 euro edo 4.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da Espainiakoak edo nazioartekoak diren.

c) Kafea hartzeko etenaldiak direla-eta eman beharreko gehienezko zenbatekoa ez da inoiz ere emandako guztizkoaren % 10etik gorakoa izango.

2.– Emandako laguntzak muga bat izango du, gainditu ezinekoa: diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren herena (agindu honen 4. artikuluan zehazten dira jarduerok).

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, agindu honen 15. artikuluan aipatzen diren dokumentuak dituelarik, laguntza jasotzeko beharrezkoak, berriro egiaztatuko du emandako diru-laguntzak ez duela gastuaren herena gainditzen.

3.– Ondorio hauetarako, kongresutzat joko dira zientzia-sozietateen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio-mota egongo diren: batetik, txostenak aurkeztekoak eta bestetik, ikertzaileek unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea egongo dira, bilera horien maila zientifikoa bermatzeko, eta deialdi publikoa egingo da, jendeak parte har dezan eta izena eman dezan.

4.– Ekimena nazioartekoa, naziokoa edo erkidegokoa izango da, erakunde dei-egilearen edo/eta antolatzailearen jardute-eremuaren arabera.

5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezartzen denez, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira kongresu, zientzia-bilera, ikastaro edo mintegi bera egiteko ematen den beste edozein laguntzarekin, funts publikokoa nahiz pribatukoa izan. Hala ere, baldin eta helburu bererako jasotako laguntzen zenbatekoa, guztira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako laguntza baino handiagoa bada, gutxitu egingo da soberan emandakoa.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak esleitu eta jakinaraziko du, bai eta laguntzen zenbatekoak zehaztu ere, ebazpen baten bidez eta batzorde ebaluatzaileak proposatuta. ebazpen hori sei hileko epean hartuko du, agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

2.– Aipatu ebazpena ondoko web-orrian argitara emanez egingo da jakinarazpena: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

Bide horretatik egiteaz aparte era honetan ere egingo da: www.Euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz, nahiz eta, epea zenbatzeari dagokionez, baliozko jakinarazpena honako hau izango den: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orriaren bidez egindakoa.

3.– Goragoko 2. paragrafoaren aurka egin gabe, egindako argitarapenei buruzko abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei Zientzia Politikako Zuzendaritzak, hain zuzen ere SMS edo posta elektronikoaren bitartez. Edonola ere, jakinarazpena praktikatzeari dagokionez, abisu horiek ez dute izango eraginik.

4.– Aurreko 1. paragrafoan ezarritako epean berariazko ebazpenik hartzen eta jakinarazten ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dituzte.

5.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, erakunde onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, guztien ezagutzarako.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza eman den xede horretarako propio erabiltzea.

c) Uko egiteak, atzerapenak eta beste edozein motatako gorabeherak jakinaraztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, hala behar izanez gero, baimendu ditzan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz– eskatzen dieten beste agiri eman beharko diete.

14. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

Lehen zatia, emandako laguntzaren % 75, aurretiaz ordainduko da kontuan 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean, baldin eta laguntzari ukorik egin ez bazaio.

Bigarren zatia 2015. urtean ordainduko da, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoaz; ordaintzeko, ordea, datorren artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta segimendua.

1.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu dela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek. Horretarako, ekintza bukatu eta sei hileren buruan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, Agindu honekin batera doan eranskinean:

a) Emandako laguntzaz egindako gastua ziurtatzea eta kontzeptuka banatzea 7. datu-orrian Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.

b) Ekonomia-balantze xehatua (sarrerak eta gastuak), 8. datu-orri normalizatuaren arabera. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.

c) Kongresua dela-eta egiten diren akten ale bi, edo bestela, agiri baliokideena. Behin-behinekoz, akten edo agiri baliokideen zirriborroak onartuko dira, argitaratzea pentsatzen denean.

2.– Erakunde onuradunean artxibatu beharko dira jatorrizko fakturak, gehienez bost urtez artxibatu ere, arestian adierazitako justifikazio-epea hasten denetik aurrera, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku egongo dira, egiaztapenik egin nahi badute edo.

3.– Norbere ibilgailuarekin egindako joan-etorriak justifikatzen badira, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira.

4.– Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.

Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada diru-laguntzaren zenbatekoa, hori murriztu egingo da.

16. artikulua.– Jarraipena.

Zientziarako Politika Zuzendaritzari dagokio ekimenaren jarraipena egitea, eta organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, jarraipena egiteko, laguntza eman den helbururako erabili dela ziurtatzeko, eta informazio osagarria eskuratzeko, Aginduan zehazten denaz gain, egoki baderitzo.

17. artikulua.– Ikuskatzea eta jarraipena egitea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikuskatze-eta jarraipen-lanak egin ahal izango ditu, Agindu honek xede duena betetzen dela ziurtatzeko.

18. artikulua.– Oinarriak ez betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta emandako laguntzea itzultzea, hala badagokio.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herriogasuntza nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartu zen (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA). Testu horren 53. artikuluan ezartzen denez, laguntza edo diru-laguntza ordain dadila eskatzerik ez da izango eta, behar izanez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira eta laguntza edo diru-laguntza eman zenetik sortutako legezko interesak ordaindu, baldin eta:

a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak deklaratuko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan, jasoko dira, eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko 213 zenbakidun EHAA). Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia- kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 17a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala