Sede electrónica del Gobierno Vasco

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2013ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5614

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 24koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena. Honen bidez, argitara ematen da Etorgai programaren 2014ko ekitaldiko deialdia, betiere industria ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko laguntza-programa (Etorgai programa) arautzen duen Aginduan ezarritako esparruaren barruan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduaren bidez, Etorgai programa arautu zen, EAEn industria-ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak egiteko laguntzei buruzkoa. Agindu hori aldatu egin zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko abenduaren 4ko Aginduaren bidez.

Aipatutako aginduaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2014ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 13. artikuluan ezarritako ahalmenaren indarrez, hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea 2014ko ekitaldirako. Industria ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak EAEn egiteko laguntza-programa arautu zen agindu horren bidez (Etorgai programa). Agindu hori aldatu egin zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko abenduaren 4ko Aginduaren bidez. Proiektuak 2014, 2015 eta 2015eko ekitaldietan egitekoak izan daitezke.

2.– Programa hori finantzatzeko, 29.000.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2014ko ekitaldirako eta arlo horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kontura. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) ekarpenak egin ditzake programa hau finantzatzeko.

Deialdi honi lotuta emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, ez eta, indarrean dagoen legeriari jarraituz kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, prozedura ebatzi aurretik kopuru hori handitzearen ondorioz sortutako diru-kopurutik gorakoa ere. Zenbateko hori handituz gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) ekarpenak egin ditzake programa hau finantzatzeko.

2. artikulua.– Baldintzak.

Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, egiaztatu beharko da Etorgai programa arautzen duen Aginduaren 4. eta 6. artikuluetan proiektu eta onuradunei buruz ezarritako baldintzak betetzen direla.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatean aurkeztu beharko dira (Urkixo Zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, Bilbao), zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz; horretaz gainera, web-gune honetan ere aurkez daitezke: https://www.spri.es/idi/idi

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko otsailaren 28an bukatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen da. Bada, agindu horretako 5.3 artikuluan zehaztutako ondorioetarako, prozedura ebazteko eta deialdiko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak ebazteko, bete egingo da Europako Batzordeak esparru komunitarioan I+G+B-rako eta 2014-2020 aldirako ezarritako laguntza-araubidea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 24a.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,

ESTIBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, bien común