Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2013ko abenduaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5535

AGINDUA, 2013ko abenduaren 13koa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko gradu eta masterreko unibertsitate-titulu ofizialen borondatezko akreditazioa berritzeko epea ezartzen duena.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak, 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoek erabakiko dute, bai Unibertsitatearen ekimenez –Gizarte Kontseiluak proposatuta–, bai erkidegoaren beraren ekimenez, –Unibertsitatearen Gobernu Kontseilu horren adostasunarekin–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak txostena eman ondoren. Lege Organiko horren 35.2 artikuluan adierazten denez, autonomia-erkidegoek eta Unibertsitate Kontseiluak baimendu beharko dituzte unibertsitateen ikasketa-planak, betiere Gobernuak ikasketa ofizialak emateko jarraibideekin eta baldintzekin bat badatoz.

Unibertsitateko ikasketa ofizialak nola ezarri hiru errege-dekretu hauek arautzen dute: Unibertsitateko ikasketa ofizialak ezartzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatzen duena); urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua; eta uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretua.

Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan tituluak inskribatzeak berekin ekarriko du titulu horien hasierako akreditazioa, betiere urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak arautu egiten du Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatutako tituluen akreditazioaren segimendua nola egin eta nola berritu, eta ezarri egiten du, halaber, unibertsitateak akreditazioa berritzeko dagokion eskaera egin behar duela, autonomia-erkidegoek ezarritako prozedura eta epeak betez, betiere.

Horri jarraituz, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen urriaren 16ko 205/2012 Dekretua onartu zen.

Uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuak, orobat, seigarren xedapen iragankor bat sartzen du urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan, eta xedapen horren bidez, unibertsitate-titulazio ofizialak akreditatzeko berritze-sistema ezartzeari dagozkion arloak arautzen dira. Alde batetik, akreditazioa berritzeko epea bi urtez luzatuko da, eta, beste aldetik, autonomia-erkidegoei bi hilabeteko epea ematen zaie, nahi duten unibertsitateek beren tituluen akreditazioaren berritzea eska dezaten, baldin eta titulu horien epea 2012-2013 edo 2013-2014 ikasturtean bukatzen bada.

Horregatik guztiagatik, eta urriaren 16ko 205/2012 Dekretuaren 3.2 artikuluan emandako eskumenari jarraituz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Bi hilabeteko epea ezartzea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eskatu ahal izango diote beren tituluen akreditazioa berritzeko, baldin eta titulu horien epea 2012-2013 edo 2013-2014 ikasturtean bukatzen bada.

Bigarrena.– Prozedura urriaren 16ko 205/2012 Dekretuaren 3. artikuluaren 2., 3., 4., 5., 6. eta 7. puntuetan egongo da araututa.

Hirugarrena.– Prozedura honek izaera ofiziala izango du eta arauetan aurreikusitako ondorioak sortuko ditu, hau da, akreditazio-txostena positiboa bada, titulazioa ofizialki akreditatuta geratuko da; bestela, titulazioaren borondatezko berrikuntza ez da akreditatuta geratuko.

Laugarrena.– Ebaluazio-prozesua egiteko, honako bi agiri hauek hartuko dira oinarritzat: batetik, «Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialen borondatezko akreditazioa berritzeko ebaluazioa» esparru-dokumentua; eta bestetik, «Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko borondatez berritzea» izeneko autoebaluazio-gida, Unibasq-ena.

Bosgarrena.– Titulazio bakoitzari dagokion eskabidea eta derrigorrezko dokumentazioa (euskarri elektronikoan) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Unibertsitate Zuzendaritzara bidali beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 zehazturiko edozein erregistrotan aurkeztu ahal izango dira, bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluak aipatzen dituen bulegoetan ere.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 13a.

Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea,

ITZIAR ALCORTA IDIAQUEZ.


Azterketa dokumentala